223. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

94/2016 FORU DEKRETUA, urriaren 26koa, Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea ezartzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuak, gizartetik baztertuta daudenentzako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituenak, gizarteratze eta laneratze zentroak aurreikusi zituen; alegia, gizartetik baztertuta daudenak prestakuntza eta laneko prozesu pertsonalizatu eta lagunduen bidez gizartean eta lanean txertatzea helburu dutenak.

Hamabost urte hauetan, Gizarteratze eta Laneratze Zentroak tresna baliotsuak izan dira enplegurako zailtasun bereziak zituen jende asko lanaren merkatuan sar zedin lortzeko, prestakuntza eta benetako lana eman baitie gizarte ohiturak eta lanekoak eskuratzeko.

Estatuak, abenduaren 13ko 44/2007 Legearen bidez, lege esparru komun bat ezarri zuen gizarteratze eta laneratze enpresentzat, tipologia berezi baten gisa izaera sozialeko enpresen barrenean, gizartetik baztertuta edo horren arriskuan dagoen jendea gizartean eta lanean txertatzera bideraturik, gero enpresa arruntetan edo autoenpleguko proiektuetan sartzeko.

Horregatik, Gizarteratze eta Laneratze Zentroen erregulazio berriak lege esparru komun horretara egokitu gogo du, aipatu zentroak Gizarteratze eta Laneratze Enpresa bihurtzeko eta haien ezaugarriak egun dugun errealitate sozial eta ekonomikora egokitzeko.

Foru dekretu honek, lehen bi kapituluetan, Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kontzeptua eta beharkizunak arautzen ditu, bai eta haien entitate sustatzaileek izan behar dituzten ezaugarriak ere, esparru komunarekin bat. Haiek kalifikatu eta erregistratzeko prozedura ere ezartzen du, bai eta deskalifikatzeko prozedura ere, Gizarteratze eta Laneratze Enpresek kalifikazioa lortzera eraman zuten beharkizunak betetzeari uzten diotenean edo jardueratik kanpo urtebetetik gora daramatenean.

Hirugarren kapituluan Gizarteratze eta Laneratze Enpresentzako laguntzak arautzen dira, eta gutxieneko beharkizunak ezartzen, haien oinarri arautzaileek kasuan-kasuan xedatzen dutenaren arabera osatu beharko direnak.

Orobat, aipamen berezia merezi du haien araubide iragankorrak, aukera eman gogo baitie egungo gizarteratze eta laneratze zentroei gizarteratze eta laneratze enpresa bihurtzeko; betiere, jakina, foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak betez gero.

Hori horrela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2016ko urriaren 26ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresak kalifikatu eta erregistratzeko araubidea erregulatzea du xede foru dekretu honek, bai eta haientzako laguntzen araubide orokorra ere.

2. Beren lantokia edo lantokiak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean finkatu dituzten gizarteratze eta laneratze enpresentzat da aplikazio eremua eta, laguntzen araubideari dagokionez, helbide fiskala Nafarroan dutenentzat.

2. artikulua. Zer den Gizarteratze eta Laneratze Enpresa.

Legez eratuta egonik, foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak beterik eta arau honetan xedatutakoari jarraituz kalifikazio hori eskuratzen duten merkataritza-sozietateak edo sozietate kooperatiboak hartuko dira Gizarteratze eta Laneratze Enpresatzat, baldin eta ondasunak ekoizten edo zerbitzuak ematen dituen jarduera ekonomikoren bat burutzen badute merkatuaren edozein sektoretan, eta haien helburu soziala gizartetik baztertuta dagoen jendea gizartean eta lanean txertatzea eta prestatzea bada enplegu arrunterako iraganbide gisa.

3. artikulua. Gizarteratze eta laneratze enpresek bete beharreko beharkizunak.

Gizarteratze eta laneratze enpresek, 2. artikuluan xedatutakoa betetzeaz gain, beharkizun hauek beharko dituzte bete:

a) Hurrengo artikuluan aipatzen diren entitate sustatzaileetako batek edo gehiagok bultzatuak izan. Parte-hartze hori, gutxienez ere, kapital sozialaren %51koa izanen da merkataritza-sozietateak badira, edo indarra duen legeriak parte-hartze horretarako gehieneko muga gisa ezartzen duenarena, sozietate kooperatiboak edo lan-sozietateak badira.

b) Haien forma juridikoari dagokion erregistroan eta foru dekretu honen bidez sortzen den Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroan inskribatuta egotea.

c) Kalifikazioa lortzen dutenetik, langileen %30eko portzentajea, gutxienez ere, izatea gizarteratze eta laneratze prozesuan, jardueraren lehen hiru urteetan, eta plantilla osoaren %50, gutxienez ere, laugarren urtetik aurrera; haien kopurua ez da inoiz bi baino txikiagoa izanen.

d) Haien helburu sozial ez diren jarduerak ez egitea.

e) Ekitaldi bakoitzean prest dauden edo lortu diren emaitza edo soberakinen %80, gutxienez ere, aplikatzea produkzio eta gizarteratze eta laneratze egiturak hobetzeko edo handitzeko. Enpresaren urteko kontuak edo kontabilitate liburu ofizialak aztertuta egiaztatuko da beharkizun hori betetzen ote den.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, urtero, gizarteratze eta laneratze enpresaren jarduerari buruzko memoria aurkeztea, honako hauek jasoko dituena: egindako jarduerak, plantillaren osaera, egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, gizarteratzen eta laneratzen betetako zereginei buruzko informazioa eta zer txertatze maila izan den lan merkatu arruntean, eta hurrengo urterako aurreikuspenak eta aurrekontua.

g) Urtean sinatu diren gizarteratze eta laneratze akordioak urtero aurkeztea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, bai eta txosten bat ere, alta emandako langileak gizarteratu eta laneratzeko kontratuei loturiko akordioen gauzatze mailari buruz.

h) Gizarteratze eta laneratze prozesuen parte bat bezala, gizartetik baztertuta edo horren arriskuan direnei prozesu integratu eta pertsonalizatuak eskaintzea, hau da, ordaindutako lan jardueraren bat, lanbide prestakuntza egokia eta esku-hartzea edo lagun egitea, gero lanean txerta daitezen merkatu arruntean, betebehar hau betetzeko beharrezkoak diren baliabide guztien jabe izanik. Ondorio horietarako, haietako bakoitzarekin gizarteratze eta laneratze akordioa sinatuko da, foru dekretu honen 18. artikuluan aurreikusitako moduan.

i) Haien kalifikazioan eragina duten estatutu aldaketen berri ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, zein bere erregistroan inskribatuta dagoela.

4. artikulua. Entitate sustatzaileak.

Haien helburu soziala gizartetik baztertuta edo horren arriskuan daudenak gizartean edo gizartean eta lanean txertatzea duten irabazi-asmorik gabeko entitateak bakarrik izaten ahalko dira gizarteratze eta laneratze enpresen sustatzaile, zuzenbide publikokoak barne, eta aurreko artikuluko a) letran jasotako moduan hartu beharko dute parte merkataritza-sozietatean edo sozietate kooperatiboan.

5. artikulua. Langileek bete beharreko beharkizunak.

1. 3. artikuluan aurreikusitako portzentajea bete dadin, gizarteratze eta laneratze enpresetako langileek gizartetik baztertuta egon beharko dute, eta langabe gisa inskribatuta. Gizartetik baztertuta daudela frogatzeko, zentroak irizpena eskatu beharko dio gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari.

2. Langabe gisa inskribatutzat jotzen dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren agentzietan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egon eta lanik gabe daudenak inskribatuta dauden aldietan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren lan bizitzari buruzko txostenaren arabera.

II. KAPITULUA

Kalifikazioa eta Erregistroa

6. artikulua. Kalifikazioa.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari dagokio gizarteratze eta laneratze enpresaren kalifikazioa emateko eskumena Nafarroako Foru Komunitatean, foru dekretu honetan aurreikusitako prozedura tramitatu ondoren.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kalifikazio hori emateko, gizarteratze eta laneratze enpresek foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte, eta lantokia Nafarroan izan beharko dute.

3. 3. artikuluko c), e), f) eta g) letretako kalifikazio beharkizunak egiaztatze aldera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak gizarteratze eta laneratze enpresaren behin-behineko kalifikazioa emanen du, baldin eta kalifikaziorako beharrezkoak diren gainerako beharkizunak betetzen badira.

Enpresak, behin-behineko kalifikazioaren hurrengo urtean, foru dekretu honen 3. artikuluko c), e), f) eta g) letretako beharkizunak betetzen dituela frogatzen duenean ziurtatuko du Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroak gizarteratze eta laneratze enpresaren behin betiko kalifikazioa.

7. artikulua. Kalifikazio prozeduraren hasiera.

1. Entitate interesdunak eskatuta abiatuko da gizarteratze eta laneratze enpresaren kalifikazioa lortzeko prozedura; eskaera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onetsitako eredu ofizialean formalizatuko da, eta administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian aurreikusitako edozein bidetatik aurkeztuko.

2. Kalifikazio eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen izen soziala, identifikazio fiskalaren zenbakia eta bere nortasun juridikoari dagokion erregistroko inskripzio datuak.

b) Eraketaren eskritura eta sozietatearen estatutuak.

c) Entitate sustatzaile(ar)en estatutuak.

d) Ordezkaritzaren egiaztagiriak.

e) Enpresak egindako jarduerari buruzko memoria, egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, haren bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta finantzarioa frogatzeko.

f) Berariazko memoria, egindako gizarteratze eta laneratze lanei buruz eta lan merkatu arrunteko txertatze mailari buruz, bai eta kalifikazioa eskatu eta hurrengo urterako aurreikuspenak ere, enpresak gizarteratze eta laneratze ibilbideen ondoriozko konpromisoak betetzeko beharrezko baliabideak dituela frogatzearren.

g) Plantilla osoko izenen zerrenda, gizarteratze eta laneratze prozesuetan dauden langileak zehaztuta.

h) Eskatzailearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, helburu sozialetik kanpoko bestelako jarduera ekonomikoak egiten ez direla dioena.

3. Aurkezten den dokumentazioa osatugabea bada edo zuzentzeko moduko akatsak baditu, eskaera eginen zaio interesdunari 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan; ohartaraziko zaio hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian xedatutakoarekin bat, horretarako ebazpena eman ondoren.

8. artikulua. Kalifikazio prozeduraren antolamendua.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik aukera berdintasunaren arloan eskumena duen zerbitzua izanen da kalifikazio prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna.

9. artikulua. Kalifikazioaren ebazpena.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari dagokio kalifikazio prozedura ebaztea.

2. 3. artikuluko a), b), d) eta h) letretako kalifikazio beharkizunak betetzen direla egiaztaturik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak emanen du gizarteratze eta laneratze enpresaren behin-behineko kalifikazioa.

3. Enpresak, behin-behineko kalifikazioaren hurrengo urtean, foru dekretu honen 3. artikuluko c), e), f) eta g) letretako beharkizunak betetzen dituela frogatzen duenean, behin betiko bihurtuko da behin-behineko kalifikazioa.

4. Ebazpenak gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko dira, hura tramitatzeko eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori iraganik prozeduraren ebazpena jakinarazi gabe, kalifikazio eskaera baietsitzat ematen ahalko da.

10. artikulua. Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroa.

1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Nafarroako Erregistroa sortzen da, publikoa eta doanekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikia, xede izanik gizarteratze eta laneratze enpresa gisa kalifikatu diren sozietate edo entitateak inskribatzea.

2. Inskribatuta dagoen gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzaren datu hauek jasoko dira erregistroan:

a) Esleitzen zaion erregistro zenbakia.

b) Gizarteratze eta laneratze enpresaren izena, haren forma juridikoa eta identifikazio fiskala adierazita.

c) Entitate sustatzailea(k).

d) Helburu soziala.

e) Jarduera ekonomikoaren sektorea eta Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko kodea.

f) Sozietatearen helbidea.

g) Nafarroan d(it)uen lantoki(ar)en helbidea.

h) Kapital soziala, bazkide bakoitzaren partaidetza adierazita.

i) Behin-behineko eta behin betiko kalifikazioen gaineko ebazpenen datak.

j) Gizarteratze eta laneratze prozesuan diren langileen kopurua eta Nafarroan finkatuta dauden lantokietako plantillaren guztirakoa.

11. artikulua. Erregistroan inskribatzea eta inskripzioaren ondorioak.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresari behin-behineko kalifikazioa ematen dion ebazpenak ofiziozko inskripzioa ekarriko du Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroan.

2. Jasotzen diren datuen publikotasuna ekarriko du erregistroko inskripzioak, ez besterik.

12. artikulua. Erregistroan sartzeko eskubidea eta datu pertsonalen babesa.

1. Herritarrak Gizarteratze eta Laneratze Zentroen Erregistroko datuetan sartzen ahalko dira, administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian xedatutakoari jarraituz.

2. Erregistro horretako informazioak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitakoa bete beharko du, bai eta arloan indarra duten gainerako arauetan jasotakoa ere.

13. artikulua. Kalifikazioaren eta inskripzioaren ondoriozko betebeharrak.

1. Erregistroan Gizarteratze eta Laneratze Enpresa gisa kalifikatuta eta inskribatuta dauden enpresek uneoro bete beharko dituzte foru dekretu honen 2. eta 3. artikuluetan ezarritako beharkizunak; bestela, haiek deskalifikatzeko prozedura hasiko da.

2. Orobat, enpresa urtebete jarraian jarduerarik gabe dagoela egiaztatuz gero, deskalifikazio prozedura abiatuko da.

14. artikulua. Deskalifikazio prozeduraren hasiera.

1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresa bat deskalifikatzeko prozedura ofizioz eginen da norberaren ekimenaz, goiko agindu baten medioz, beste organo batzuek arrazoien gainean eskatuta edo salaketa jarrita, edo enpresa interesdunak berak eskatuta.

Prozedura hasten duen ebazpenak hura hasteko arrazoi diren egitateen zerrenda laburtua jasoko du.

2. Prozedura ofizioz abiatzen denean, hasteko ebazpenaren berri emanen zaio enpresa interesdunari, 15 eguneko epean alegazioak, dokumentuak eta bidezkoak iruditzen zaizkion gainerako frogak aurkez ditzan.

15. artikulua. Deskalifikazio prozeduraren antolamendua.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko aukera berdintasunaren arloko eskumena duen zerbitzua izanen da deskalifikazio prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna.

2. Instrukzioaren barrenean eskatu beharko zaio txostena Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari.

16. artikulua. Deskalifikazioaren ebazpena.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari dagokio deskalifikazio prozedura ebaztea.

2. Ofizioz hasitako prozeduretan, ebazpena 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, prozedura hasten duen ebazpenaren datatik aurrera. Epe hori prozeduraren ebazpena jakinarazi gabe iraganez gero, iraungi eginen da.

Enpresa interesdunak eskatuta hasitako prozeduren kasuan, ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, hura tramitatzeko eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori iraganik prozeduraren ebazpena jakinarazi gabe, deskalifikazio eskaera baietsitzat jotzen ahalko da.

3. Ematen den ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio goragoko agintariari, administrazio prozedura erkidea erregulatzen duen araudian xedatutakoari jarraituz.

4. Administzazio bidea irmo delarik, deskalifikazioak ofizioz ekarriko du erregistroko baja, eta ez da nahitaez sozietatea edo entitatea desegin beharko.

III. KAPITULUA

Laguntzen araubidea

17. artikulua. Laguntzak lortzeko beharkizunak.

Behin-behineko kalifikaziotik gutxienez ere bi urte funtzionamenduan daramaten gizarteratze eta laneratze enpresa kalifikatu eta inskribatuak kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen araubidean sartzen ahalko dira; betiere, laguntza mota bakoitzerako adierazitako berariazko beharkizunak betetzen badituzte.

18. artikulua. Gizarteratze eta laneratze akordioa.

1. Enpresa behartua egonen da langileari kontratuaren xederako egokiak diren prestakuntza eta benetako lana ematera, bai eta esku hartzera, lagun egitera eta beharrezko bitarteko eta baliabideak jartzera ere, gauza izan dadin beharrezko gizarte ohiturak eta lanekoak bereganatzeko, gero lan munduan sartzeko.

Ondorio horietarako, gizartean eta lanean txertatzeko akordio bat prestatu beharko du 5. artikuluan adierazitako langile bakoitzeko; hartan, esku hartzeko eta lagun egiteko beharrezko neurriak zehaztu beharko dira, gero lan munduan sar dadin, kontrataziotik hilabeteko epean. Esku-hartze eta gizarteratze eta laneratze arloko laguntzako teknikariek sinatu beharko dute akordio hori; bertan, urtero eta langilearen kontratazio aldia bukatutakoan lortu beharreko helburuak, ebaluatzeko modukoak, zehaztu beharko dira.

2. Kontratatzen den langilea behartua egonen da benetako lana egitera, prestakuntza hartzera eta gizarteratzera eta laneratzera zuzendutako ibilbideak garatzen parte hartzera; horretarako, gizarteratze eta laneratze akordioa sinatu beharko du.

19. artikulua. Laguntzako teknikarien kontratazioa zentroetan.

1. Enpresak behartuta daude hurrengo artikuluan adierazitako laguntzako teknikarien gutxieneko kopurua izatera, eta haietako batek gutxienez esku-hartze neurriak eta gizarteratzen eta laneratzen lagun egitekoak garatzen ari beharko du. Kopuru hori zehazteko, enpresaren aurreko urteko batez besteko plantilla hartuko da kontuan.

2. Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera kontratatzen diren laguntzako teknikari berriek lanpostu bakoitzeko lanak egiteko beharrezko jarrera eta gaitasunen jabe izan beharko dute. Horretarako, esku hartzen eta gizarteratzen eta laneratzen laguntzen duten teknikariek, gutxienez ere, erdi mailako unibertsitateko titulua izan beharko dute, hezkuntza, pedagogia, psikosoziologia, terapia eta gizarteratze eta laneratze eremuarekin zerikusia duena, edo urtebeteko esperientzia arlo sozial horietan.

Gainerako teknikariek, gutxienez ere, erdi edo goi mailako lanbide heziketaren titulua izan beharko dute, edo gutxienez urtebeteko esperientzia frogatu, lagun egiteko eskatzen zaizkien jardueretan.

20. artikulua. Beharrezko teknikariak eta eginkizunak.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzak gutxienez ere izan beharreko lanaldi osoko teknikari kopurua, edo horren parekoa lanaldi partzialean, bat bakarra izanen da esku-hartze eta gizarteratze eta laneratze zereginetan aritzeko eta, 14 langiletik gorako enpresen kasuan, bi teknikari; horietako bat lagun egiteko lanetan ari daiteke. Gehienez ere 3 teknikari izanen dira.

2. Esku-hartzeko eta gizarteratze eta laneratzeko teknikariek eginkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Langilearekin adostuta, eta lagun egiteko teknikariarekin, oinarrizko laguntzako edo laguntza espezializatuko gizarte zerbitzuekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera, beharrezkoa denean, foru dekretu honen 5. artikuluan adierazitako kontratudun bakoitza gizarteratzeko eta laneratzeko akordioa prestatzea.

b) Lan orientazioko zereginak betetzea.

c) Prospekzio lanak egitea enpresetan, zentroko langileak lanean txertatzeko.

d) Zentroko langileen eta haiek kontratatzen ahal dituzten enpresen arteko lan bitartekaritza.

e) Gizarteratze eta laneratze akordioa betetzen ote den jarraipena egitea eta berriro formulatzea, adierazitako helburuak beteko ez balira.

f) Haien jarduerak gizarte zerbitzuekin, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta lagun egiteko teknikariekin, zein den kasua, koordinatzea.

3. Lagun egiteko teknikariek eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Enpresan egiten diren prestakuntza ekintzetan lagun egitea teknika eta lanbide arloko gaitasunetan.

b) Laneko ohiturak eskuratzen lagun egitea.

c) Haien jarduerak esku-hartzeko eta gizarteratze eta laneratzeko teknikariekin koordinatzea.

21. artikulua. Gizarteratze eta laneratze arloko betebeharrak.

1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresek txertatze prozesuetan dituzten langileen %10, gutxienez ere, enpresa arruntean sartzea lortu beharko dute urtean; bestela, txertatze lan horretan lan egin dela frogatu beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Bi urte segidan lanean txertatzen ez bada edo aipatutakoa frogatzen ez bada, ez betetze horren hurrengo urte naturalean diru-laguntzak lortzeko beharkizunak bete ez direla ulertuko da.

2. Lanean txertatzea, aurreko puntuan aurreikusitakoa, lortzen ez den kasuetarako, txertatze lanaren nahiko froga izanen da, urteko memoriarekin batera, honako hau aurkeztea:

a) Gizarteratze eta laneratze enpresako txertatze prozesuetan diren langileen %50ek, gutxienez ere, sinatutako gizarteratze eta laneratze akordioak, horietako bakoitzaren exekuzioari buruzko txostenarekin batera.

b) Enpresetan gutxienez ere 3 prospekzio urtean egin izana frogatzea.

22. artikulua. Gizartean eta lanean txertatzeko laguntzak.

1. Gizarteratze eta laneratze enpresak hurrengo laguntzen onuradun izaten ahal dira, horretarako behar adinako kreditua bada aurrekontuan:

a) Soldaten araberako diru-laguntza.

b) Gizarte Segurantzako enpresa kuoten araberako diru-laguntza.

c) Laguntza teknikorako diru-laguntzak.

d) Inbertsioen araberako diru-laguntzak.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez ezarriko dira aipatu diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak, zeinek hurrengo artikuluetan ezarritako gutxienekoa errespetatu beharko duten.

23. artikulua. Diru-laguntza soldatengatik.

1. Gizarteratze eta Laneratze Enpresetako langileentzako soldatengatiko diru-laguntzak portzentaje hauek aplikatuko dira:

a) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %75eko diru-laguntza, egindako lanaldiaren proportzioan, 5.1. artikuluan aurreikusitako langileentzat.

b) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50eko diru-laguntza, langileak egindako lanaldiaren proportzioan, laugarren egunetik hamabosgarren egunera bitarte, biak barne, gaixotasun arruntaren edo lanekoa ez den istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatik baja ematen denetik aurrera.

2. Diru-laguntza eskuratu ahal izateko, soldatetarako laguntza lortzen dutenen lan-kontratuak 6 hilabetekoa, gutxienez ere, izan beharko du eta, lanaldiak, %50ekoa, gutxienez ere. Gehienez ere, hiru urtez emanen da diru-laguntza kontratudun bakoitzeko, zein den ere hura kontratatzen duen gizarteratze eta laneratze enpresa.

24. artikulua. Diru-laguntza, Gizarte Segurantzako enpresa kuotengatik.

1. Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren %100eko diru-laguntza emanen da, lan istripuena eta lanbide gaixotasunarena barne, eta lanbide arteko gutxieneko soldatari dagozkion baterako diru-bilketaren kuotena, kontratuaren indarraldian, lanaldiaren proportzioan.

2. Diru-laguntza eskuratu ahal izateko, Gizarte Segurantzako enpresa kuoten soldatetarako laguntza lortzen dutenen lan-kontratuak 6 hilabetekoa, gutxienez ere, izan beharko du eta, lanaldiak, %50ekoa, gutxienez ere. Gehienez ere, hiru urtez emanen da diru-laguntza kontratudun bakoitzeko, zein den ere hura kontratatzen duen gizarteratze eta laneratze enpresa.

25. artikulua. Laguntza teknikorako diru-laguntza.

1. Diru-laguntza 18.000 eurokoa izanen da, gutxienez ere, lanaldi osoko teknikari bakoitzeko, edo horren parekoa, lan egiten den lanaldiaren proportzioan, soldata eta gizarte segurtasun gisa.

2. Diru-laguntza ematen ahalko zaie gizarteratze eta laneratze enpresei teknikariak kontratatzeagatik, hurrengo taulari jarraituz:

GIZARTERATZE ETA LANERATZE ENPRESAN DAUDEN LANGILEEN KOPURUA

GIZARTERATZE ENPRESAK GUTXIENEZ ERE IZAN BEHAR DITUEN TEKNIKARIEN KOPURUA, LANALDI OSOAN

DIRU-LAGUNTZA IZAN DEZAKETEN LANALDI OSOKO TEKNIKARIEN KOPURUA, GEHIENEZ ERE

LANALDI OSOKOEI URTEAN DAGOKIEN DIRU-LAGUNTZA, GUTXIENEZ ERE

8 langile arte

Teknikari bat

Teknikari bat

18.000 euro

9 - 14 langile

Teknikari bat

2 teknikari

36.000 euro

14 langiletik gora

2 teknikari

3 teknikari

54.000 euro

26. artikulua. Inbertsioetarako diru-laguntza.

Inbertsioetarako diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta ezartzen diren balorazio irizpideek alderdi hauek, gutxienez ere, izan beharko dituzte kontuan: sortzen diren lanpostuak, inbertsioaren bideragarritsuna eta lehendik, kontzeptu berengatik, jasotako diru-laguntzak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Laguntzen erregulazioa.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean, gehienez ere, onetsiko dira hartan aurreikusitako laguntzak arautzen dituzten oinarriak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Gizarteratze eta laneratze enpresetatik datozen langileei eta haiek kontratatzen dituzten enpresei laguntzeko neurriak.

Autonomo gisa jartzeko, toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko entitateek langabeak kontratatzeko, ekonomia sozialeko enpresak sortzeko eta bazkideak hartzeko diru-laguntzetarako deialdiek bereziki jokatuko dute gizarteratze eta laneratze enpresetatik datozen langileen alde.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren gaikuntza.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak gizarteratze eta laneratze enpresak kalifikatu eta deskalifikatzeko eskaeraren eredu ofizialak onetsiko ditu.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.–Dagoeneko existitzen diren gizarteratze eta laneratze zentroak.

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuaren IV. kapituluaren arabera kalifikatuak dituen gizarteratze eta laneratze zentroak, 2015. urtean jardun badute, ofizioz eta behin-behinekoz kalifikatuko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gizarteratze eta laneratze enpresa gisa, eta Gizarteratze eta Laneratze Enpresen Erregistroan inskribatuko.

2. Kalifikazio horrek urtebeterako balioko du merkataritza-sozietateak edo sozietate kooperatiboak badira, edo bi urterako, irabazi-asmorik gabeko fundazio edo sozietateak badira; denbora horretan, gizarteratze eta laneratze enpresen behin betiko kalifikazioa lortzeko, abenduaren 13ko 44/2007 Legean (gizarteratze eta laneratze enpresen erregulazioa), eta foru dekretu honetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkio.

3. 17. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, zentro horiek gizarteratze eta laneratze enpresa gisa bi urte kalifikatuta eta inskribatuta eramateko beharkizuna betetzen dutela ulertuko da.

4. Ez da 2. atalean aurreikusitako bitarteko aldian jasotako laguntzarik itzuli beharko, gizarteratze eta laneratze zentro onuradunak behin betiko kalifikazioa lortzen ez badu.

Bigarren xedapen iragankorra.–Laguntzen araubide iragankorra.

Foru dekretu honetan aurreikusitako oinarri arautzaile berriak onetsi arte jarraituko du indarrean Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 11ko 573/2013 Ebazpenak, gizarteratze eta laneratze zentroetarako diru-laguntzetarako deialdia onetsi zuenak.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Gizarteratze eta laneratze zentroetako teknikariak.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik, lehen xedapen iragankorreko 1. atalean aipatu gizarteratze eta laneratze zentroek kontratatuak dituzten teknikariek foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak betetzen dituztela ulertuko da; betiere, langile horiek bi urteko esperientzia dutela frogatu beharko dute lagun egiteko edo esku hartzeko edo gizarteratze eta laneratzeko eginkizunetan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzen diren xedapenak.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Eskubide Sozialen arloan eskumena duen departamentuko titularrari, foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko urriaren 26an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1612199