219. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1261/2016 EBAZPENA, urriaren 26koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, espektru autistaren nahasmenduak dituzten adingabeek 2016. urtean tratamendua jasotzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

2016ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Autismoa duten haurrendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311103 kontu-saila dago.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratu ahal izateko.

Aipatu 11/2005 Foru Legearekin bat, espektru autistaren nahasmendua duten adingabeek 2016. urtean jasotako tratamendurako diru-laguntzak ematea du xede ebazpen honen bidez onesten den deialdiak.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Espektru autistaren nahasmendua duten adingabeek 2016. urtean jasotako tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek eranskin gisa gehitzen dira.

2. Gehienez ere 80.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Autismoa duten haurrendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 kontu-sailetik.

3. Ebazpen hau eta eranskina Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Iruñean, 2016ko urriaren 26an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Espektru autistaren nahasmendua duten adingabeek 2016. urtean jasotako tratamendurako diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Diru-laguntzaren xedea.

Espektru autistaren nahasmendua duten adingabeei 2016. urtean tratamendua emateko egindako gastua osorik edo hein batean ordaintzeko erabiliko dira diru-laguntzak. .

Tratamendu horrek homologatua beharko du izan, haren eraginkortasuna frogaturik egonen da eta ez dio espektru autistaren nahasmendua duen pertsonaren duintasunari aurka eginen.

Tratamendu hori eman dutenek profesional tituludunak izan beharko dute, hain zuzen ere psikologia, magisteritza, pedagogia, fisioterapia, logopedia, terapia okupazional, erizaintza edo gizarte laneko tituludunak edo tratamendu hori emateko prestakuntza jaso dutenak.

Tratamendu hori emanen da horretarako baimena duten zentroetan.

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

a) 18 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.

b) Espektru autistaren diagnostikoa izatea edo hura egiaztatzeko edo baztertzeko diagnostikatze prozesuan egotea, betiere gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomak baditu.

c) Ohiko bizilekua Nafarroan izatea.

d) Tratamendua komenigarria dela horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako batean ere ez egotea.

3. oinarria.–Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Eskatzaileek (adingabearen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak) agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Haurra, diru-laguntzaren xede den tratamenduaren aurreko bi urtean, Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala. Haurrak bi urte ez baditu, modu berean frogatu beharko da Nafarroan bizi dela jaio zenetik. Asilo-eskatzaileak baldintza hau betetzetik salbuetsita daude.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa jasoko duena.

c) Onetsitako profesional baten txostena, tratamendua komenigarria dela eta haren xedeak adierazten dituena.

d) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa biltzen dituena. Tratamendua agindu eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egin ahalko da.

e) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera, beharrekoa denean.

f) Egindako gastuaren justifikazioa jatorrizko faktura adostuen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Adingabearen izena.

–Tratamendua eman duen entitatea edo pertsona.

–Jasotako tratamendua.

–Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

g) 5.2 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreaz baliatu daitezkeen pertsonek gizarteratze-errenta onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo erantzulea genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzeko agiri bat, Nafarroako Berdintasunaren Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoak luzatua.

h) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko ditu eskatzaileak.

Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari Zerga Ogasunean bildu dezan eskatzaileak bere zerga betebeharrak betetzen ote dituen jakiteko informazioa.

i) Balizko beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

4.1. Tratamenduaren kostuaren zenbatekoa ordaintzen duen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdian ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armadaren etorbidea, 2, 31002 Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe. Eskaerari deialdiaren 3. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela.

4.5. Diru-laguntzaren eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdia arautzen duten oinarriak onartzea.

5. oinarria.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak, hau da, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak, proposatutakoari jarraikiz, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta. Batzorde hori osatuko dute Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendariak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Adimen Osasuneko zuzendariak izendatutako pertsona batek eta Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendariak izendatutako bi pertsonek.

5.2. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten diru-laguntzak jasotzeko betebeharrak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu zenbatekoak:

–Gehieneko tarifak ezarri dira tratamendu moten arabera, zenbateko hauekin:

  • Psikologia ordua: 40 euro.
  • Fisioterapia ordua: 25 euro.
  • Logopedia ordua: 27 euro.
  • Psikomotrizitate ordua: 25 euro.
  • Terapia okupazionaleko ordua: 20 euro.
  • Taldeko terapia ordua: 14 euro.
  • Estimulazio ordua: 25 euro.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

–Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gaindituko balu, dirua hainbanatu eginen da, eskatzaile bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren arabera.

–Diru-laguntzaren banaketa orekatuagoa izan dadin, egindako gastuaren hainbanaketa finkatu baino lehen, 1,5eko zuzenketa-faktorea aplikatuko da adingabearen familia-unitateak 2015. urtean gizarteratze-errentaren bat jaso baldin badu, edo eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izan baldin bada.

–Diru-laguntzak ezin izanen du behin ere gainditu onuradunaren aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzaturiko tratamenduaren kostu osoa.

6. oinarria.–Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena espresuki ematera.

7. oinarria.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.

8. oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Eskatzaileek erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster jakinarazi beharko da, eta, betiere, 2017ko abenduaren 31 baino lehen.

Halaber, eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako beharkizunak bete beharko dituzte.

9. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren eta ordainketaren ebazpena eman ondoan.

10. oinarria.–Itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan zehazten diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.

11. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzen dituzten pertsonak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

12. oinarria.–Datuen babesa.

Eskatzaileek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

13. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

14. oinarria.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1612499