219. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1260/2016 EBAZPENA, urriaren 26koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, garun-perlesia edo antzeko prozesuak dituzten hamasei urtetik beherakoek 2016. urtean Petö metodoaren tratamendua hartzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena.

2016ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Garun-perlesia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrendako laguntzak” izeneko 511004 51120 4809 311102 kontu-saila dago.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xede den egoeran daudenek eskuratu ahal izateko.

Aipatu 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da garun-perlesiaren edo antzeko nahasmendu neurologikoen diagnostikoa duten haurrek 2016. urtean Petö metodoaren tratamendua hartzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Garun-perlesiaren edo antzeko nahasmendu neurologikoen diagnostikoa duten 16 urtetik beherakoei, 2016. urtean, Petö metodoaren bidez egiten zaien tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek eranskin gisa gehitzen dira.

2. Gehienez ere 116.635 euroko gastua baimentzea, 2016ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Garun-perlesia izanik Petö metodoaren tratamendua hartzen duten haurrendako laguntzak” izeneko 511004511204809311102 kontu-sailetik.

3. Ebazpen hau eta eranskina Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegoari eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko urriaren 26an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

Garun-perlesiaren edo antzeko nahasmendu neurologikoen diagnostikoa duten 16 urtetik beherakoek 2016. urtean
Petö metodoaren tratamendua hartzeko diru-laguntzen
deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Diru-laguntzen xedea.

Diru-laguntza hauek erabiliko dira garun-perlesia edo antzeko nahasmendu neurologikoak dituzten adingabeei Petö metodoaren errehabilitazio-tratamendua aplikatzeagatik 2016. urtean eragindako gastua osorik edo hein batean estaltzeko, izan ere, laguntza hauen erabilera publikoaren helburua da adingabe horien tratamendu beharrari sostengu ematea.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak:

Deialdi honetan araututako diru-laguntzen onuradun izanen dira 2016. urtean Petö metodoaren bidezko tratamendua hartzen duten pertsonak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

–16 urtetik beherakoa izatea tratamendua jasotzean.

–Garun-perlesia edo antzeko prozesu neurologikoa izatea, mediku batek diagnostikatua.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea.

–Tratamenduaren beharra Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo zentro itundu bateko fakultatibo espezialista batek agindu izana.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekurik urratu ez izatea.

3.–Betebeharren frogagiriak:

Eskatzaileek (adingabearen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak) agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Haurra, diru-laguntzaren xede den tratamenduaren aurreko bi urtean, Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala. Haurrak bi urte ez baditu, modu berean frogatu beharko da Nafarroan bizi dela jaio zenetik. Asilo-eskatzaileak baldintza hau betetzetik salbuetsita daude.

b) Medikuaren txostena, irizpen klinikoa jasoko duena eta tratamendua komenigarria dela adieraziko duena. Antzeko nahasmendu neurologiko bat edukiz gero, txostenean zehatz-mehatz adierazi beharko da antzekotasun hori egiaztatzen duen sintomatologia.

c) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskaera.

d) Petö metodoaren bidez egindako errehabilitazio-tratamenduaren deskripzioa, eta ebaluazio zehaztua haurraren eboluzioan lortutako emaitzei buruz.

e) Egindako gastuaren justifikazioa jatorrizko faktura adostuen bitartez (kopia autentikoak lortzeko eskubidea izanen da), gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Haurraren izena.

–Tratamendua ematen duen entitatea.

–Harturiko tratamendua, aldiak zehaztuz.

–Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

f) 5.2 oinarrian adierazitako zuzenketa-faktoreaz baliatu daitezkeen pertsonek gizarteratze-errenta onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo erantzulea genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzeko agiri bat, Nafarroako Berdintasunaren Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko Bulegoak luzatua.

g) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko ditu eskatzaileak.

Eskaera aurkeztearekin baimena ematen zaio Osasun Departamentuari Zerga Ogasunean bildu dezan eskatzaileak bere zerga betebeharrak betetzen ote dituen jakiteko informazioa.

h) Balizko beste laguntza batzuei buruzko aitorpena, 8. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Ez da beharrezkoa izanen a), b) eta c) letretan aipatutako agiriak aurkeztea aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta hango datuetan aldaketarik izan ez bada, salbu eta adingabeak antzeko nahasmendu neurologiko bat baldin badu eta txosten medikoan ez bada zehatz-mehatz azaltzen sintomatologia. Izan ere, kasu horretan, beste txosten kliniko bat erantsi beharko da.

4.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia:

4.1. Tratamenduaren kostuaren zenbatekoa ordaintzen duen aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdian ezartzen diren laguntzak.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.3. Diru-laguntzen eskaerak, ahal dela, Osasun Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira, Osasuneko zuzendari nagusiari eskabidea zuzenduta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe. Eskabidearekin batera, deialdiaren 3. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira.

4.4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun naturaleko epean zuzen ditzala, eta adieraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

4.5. Diru-laguntzaren eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdia arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak:

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira diru-laguntzak, instrukzio organoak, hau da, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak, proposatutakoari jarraikiz, aurretik ebaluazio batzorde batek eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta. Batzorde hori Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuari atxikitako hiru pertsonak osatuko dute, zerbitzu horretako zuzendariak izendaturik.

5.2. Ebaluazio Batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten diru-laguntzak jasotzeko betebeharrak, eta eskaeren balorazioa eginen du diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, irizpide hauei jarraikiz:

–Diru-laguntza, gutxienez, onuradun bakoitzari oinarrizko tratamenduaren ziklo bat finantzatzeko adinakoa izanen da, hau da, 1.360 eurokoa, salbu eta aurrekontuetan dagoen dirua gainditzen baldin bada, kasu horretan eskatzaile guztien artean hainbanatuko baita.

–Oinarrizko zikloa deskontatu ondoren, laguntzak onuradunaren familiak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzatutako tratamenduaren kostuaren araberakoak izanen dira, eskatzaile guztien artean hainbanatuz.

–Diru-laguntzaren banaketa orekatuagoa izan dadin, eskatzaile bakoitzarentzako oinarrizko zikloa ezarri ondoren, eta egindako gastuaren hainbanaketa finkatu baino lehen, 1,5eko zuzenketa-faktorea aplikatuko da adingabearen familia-unitateak 2015. urtean gizarteratze-errentaren bat jaso baldin badu, edo eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izan baldin bada.

–Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onuradunaren familiak, tutoreak edo legezko ordezkariak finantzatutako tratamenduaren guztirako kostua baino handiagoa, xede horretarako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik izanez gero.

6.–Ebazpena.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, ebatziko du diru-laguntzak ematearen edo ukatzearen gainean.

6.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

7.–Bateragarritasuna:

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.

8.–Onuradunen betebeharrak:

Onuradunek erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute, xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute. Aitorpen hori kasuan kasuko laguntza eman dela jakin bezain laster egin beharko da, eta, betiere, 2017ko abenduaren 31 baino lehen.

Halaber, onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako beharkizunak bete beharko dituzte.

9.–Diru-laguntza ordaintzea:

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren ebazpenarekin batera.

10.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan zehazten diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste diru-laguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela jakinarazten ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta, berandutze-interesa ere bai, diru-laguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa, hain zuzen.

11.–Arau-hausteak eta zehapenak:

Deialdian aurreikusitako diru-laguntzaren onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloan ezarritako erantzukizunaren eta administrazio arau-hausteei buruzko zehapen araubidearen menpe egonen dira.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

12.–Datuak babestea:

Onuradunek diru-laguntza kobratzeko aurkezturiko datuak edo administrazioaren esku daudenak deialdi honi buruzko espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Foru Legearekin bat.

13.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

14.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1612460