219. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MORENTIN

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Morentingo Udalak, 2016ko irailaren 5ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Morentingo udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan.

Erabaki hau 2016ko 179. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 15ean, baita Udaleko iragarki oholean ere, hogeita hamar egun naturaleko epean egoki juzgatzen ziren alegazioak aurkez zitezen.

Epe hori iraganik, inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, behin betiko onetsirik gelditu da aipatu ordenantzan egin aldaketa, honen ondotik ematen baita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

Morentinen, 2016ko azaroaren 2an.–Alkatea, M.ª Pilar Barbarin López.

ALDATUTAKO ARAUDIA

a) Errauts-kutxategiei dagokienez, artikulu hauek erantsi dira:

“23. artikulua. Errauts-kutxategia da hilotz erraustuen errautsak dauzkaten errausketa-kutxak paratzeko tokia.

Hilotzen errautsak kutxetan sartu beharko dira, kanpoaldean zenduaren izena ageri dela.

24. artikulua. Errauts-kutxategi guztiak dohainik erabiliko dira. Udalak adieraziko du zer ordenatan okupatuko diren.

25. artikulua. Gehienez ere 25 urtean okupatuko dira; Udalak epe hori laburtzen ahalko du komenigarri zaion heinean, aipatu epea iragan balio lehen errauts-kutxategi guztiak okupaturik badaude.

26. artikulua. Erabili ahalko da hilerrian dagoen errauts-kutxategiaren tapakia, edo familiak nahi baldin badu, beste bat jartzen ahalko du. Neurriak errauts-kutxategiaren markoarekin bat etorri behar du.

Errauts-kutxategiaren gainean zenduaren familiak identifikazio plaka bat paratu beharko du.

Idazkunaz gain, lorez egindako apaingarria paratzen ahalko da horretarako prestatutako tokian, baina ez da errauts-kutxategiko tapakiaren neurriak baino handiagoa izaten ahal.

27. artikulua. Errauts-kutxa kutxategian paratzeko beharrezkoa izanen da zendua Arellanon egon izana gutienez ere urtebetez eta modu jarraituan erroldaturik egon izana.

Errauts-kutxategia erabiltzeko eskaerarekin batean, interesdunak agiri hauek ekarri beharko ditu:

–Eskatzailearen NANaren fotokopia.

–Zenduaren Erregistro Zibileko inskripzioaren ziurtagiria.

–Errausketa legez baimendutako erraustegi batean egin izanaren frogagiria.

Iragarkiaren kodea: L1612364