219. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

379/2016 FORU AGINDUA, urriaren 25ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuan aritzeko beka bat emateko deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren 81.c) artikuluak Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuaren eginkizun hau aipatzen du, besteak beste: Nafarroako toki entitateen udal planta eta antolaketa administratiboa aztertzea eta analizatzea, haien hobekuntza sustatu eta bultzatzeko.

Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuak proposatu du Geografiako unibertsitate-graduatuentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, muga administratiboak digitalizatzeko lanekin zerikusia duten ezagutza teoriko eta praktikoak lor ditzaten. Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren Plan Estrategikoan aurreikusten dira lan horiek. Bekaldia 2016ko abenduaren 1ean hasi eta 2017ko azaroaren 30ean amaituko da. Iraupen bereko luzapenak egiten ahalko dira, gehienez hiru urte egin arte.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, graduatuei Nafarroako geografiaren arloko ezagutza espezializatuak eta esperientzia praktikoa emateko beharraz oharturik, beka honetarako deialdia egin du, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuan aritzeko.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua aplikatuko zaizkio.

Horiek horrela, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Geografiako graduko unibertsitate tituludunentzako beka bat emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea, muga administratiboak digitalizatzeko lanekin zerikusia duten ezagutza teoriko eta praktikoak lor ditzaten. Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren Plan Estrategikoan aurreikusten dira lan horiek. Bekaldia 2016ko abenduaren 1ean hasi eta 2017ko azaroaren 30ean amaituko da. Iraupen bereko luzapenak egiten ahalko dira, gehienez hiru urte egin arte.

2. Gehienez 935,24 euroko gastua baimentzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren 2016ko gastu aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000 70110 4809 411100 kontu-sailaren kargura, eta 10.287,64 euroko gehieneko gastua baimentzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren 2017ko gastu aurrekontuan helburu horretarako gaituko den kontu-sailaren kargura. 2016ko eta 2017ko ekitaldietan gorde beharreko gehieneko zenbatekoan hilero 35,24 euro sartuta daude, enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota ordaintzeko.

Nolanahi ere, laguntza emanen da baldin eta horretarako egokia eta aski den kreditua badago bekaren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko urriaren 25ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

ERANSKINA

Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuan aritzeko beka baten deialdiaren oinarria arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da graduatuentzako prestakuntza beka bat sortzea, Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuan aritzekoa, muga administratiboak digitalizatzeko lanetan parte hartzeko. Lan horiek Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren Plan Estrategikoan aurreikusita daude.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2016ko abenduaren 1etik 2017ko azaroaren 30era bitarte. Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuak eskatuz gero, beka luza daiteke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Bekaren zuzkidura 11.222,88 eurokoa izanen da urte bakoitzerako. Zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sarturik daude. Beka ordaintzeko, 900 euro gordin emanen dira hilabetero, edo horren zati proportzionala, hala badagokio, eta hilabetea bukaturik ordainduko da. Zenbateko horretatik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Orobat, Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuak, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du (35,24 euro).

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Bekadunari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, diru-laguntza publikotzat baizik.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Geografiako graduko titulua izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun naturalean aurkeztuko dira.

2. Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ekoan, eta 2015eko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 29koan) edo web orri honetan: http://www.gobiernoabierto.navarra.es/es/transparencia/oficinas-registro.Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea du haien esku, Tuterako Foruen Plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina hartarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea.

b) Curriculum vitae-a, egindako ikasketak, egindako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak adierazten dituena.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Seigarren oinarriko 2.II. eta III. puntuetan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

e) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatuak.

f) Jaiotze agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

4. Epe barrenean aurkeztutako eskabidean behar diren datu guztiak jasotzen ez badira, edo eskatutako agiriak erasten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpen bat emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute Batzordea:

Batzordeburua: Toki Antolamendurako eta Toki Entitateei Laguntzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekide: Toki Administrazioaren Antolamenduaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Toki Aholkularitzarako Bulegoko burua.

Idazkaria: José Antonio Marcén Zunzarren, geografoa.

Ordezkoa: Toki Azpiegituren eta Obren Azterketa, Plangintza eta Aholkularitzarako Ataleko burua.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

–Ikasketa espedientea, gehienez ere 5 puntu.

II.–Beken jardueren esparruari lotutako arloetako prestakuntza eta ezagutza espezifikoak: gehienez ere 10 puntu.

III.–Hizkuntzak: gehienez ere 2 puntu euskaraz jakiteagatik (toponimia identifikatu eta landa-elkarrizketak egin behar direlako) eta gehienez ere puntu bat ingelesez eta frantsesez jakiteagatik.

IV.–Buruz buruko elkarrizketa: gehienez ere 4 puntu. Kalifikazio altuena duten 5 pertsonei eginen zaie elkarrizketa. Baloratzeko, motibazioa, ekimena, ideien argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun sozial batzuk hartuko dira kontuan.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean (González Tablas kalea, 9; Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, bai eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar den bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Laguntza emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusita, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak beka nori eman ebatziko du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatu eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu ez bada, eskaerak administrazioaren isiltasunaz ukatutzat joko dira.

3. Beka onuradunari esleitu zaiola eta, kasua bada, gainerako eskaerak ukatu direla administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren iragarki oholean argitaratuko da (González Tablas kalea, 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarena izanen da, eta berak bakarrik izanen du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, eta ezinbesteko kasuetan edo behar bezala justifikatutako besteren batean izan ezik, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka horiek ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuetan ageri direnei ematea, ezertan ukitu gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Jarduerak hasten diren unean onuradunak ezin du bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribaturik jaso.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita haiek gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak eginen ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Hamalaugarrena.–Lan edo administrazio harremanik eza.

Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Prestakuntzako bekadunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak, kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Beken onuradunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo beraientzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hamaseigarrena.–Legeria aplikagarria.

Foru agindu honetan ezartzen ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamazazpigarrena.–Emandako laguntzaren publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orrian honako datu hauek argitaratuko dira: emandako beka, deialdiaren eta programaren aipamena, aurrekontuko zein kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-zenbatekoa eta helburua.

Iragarkiaren kodea: F1612477