219. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Musika Eskolako saxofoi espezialitateko irakasleen zerrenda hautaproben bitartez osatzeko,
aldi baterako lan-kontratuko lanpostuetan aritzeko,
Iruñeko Udalaren Joaquín Maya musika eskola berezian
sortzen diren beharrei erantzun beharrez

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2016ko urriaren 28an; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.

Hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia egiten da, Musika Eskolako saxofoi espezialitateko irakasle lanpostuetan aritzeko, Iruñeko Udalaren Joaquín Maya musika eskola berezian sortzen diren aldi baterako beharrei erantzun beharrez.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Musikako titulua izatea, erdi mailakoa edo profesionala, saxofoi espezialitatekoa, edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Titulua atzerrian lortuz gero, homologaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) atalean eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute izangaiek eskabidea aurkezterakoan.

2.3. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta kontratazioak diraueino.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratu ahalko baita Iruñeko Udalaren Herritarrendako Harrera Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere ezertan galarazi gabe kontratatuak izateko deitzen zaienean jatorrizko dokumentuak edo fotokopia konpultsatuak edo legeekin bat kautotuak aurkezteko beharra:

–Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasuna eta nazionalitatea eta, hala bada, deialdiko 2.1.a) arauan nazionalitateaz eta ahaidetasunaz eskatzen diren betebeharrak frogatzen dituen agiriaren fotokopia.

–Musikako titulua izatea, erdi mailakoa edo profesionala, saxofoi espezialitatekoa.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenek ezin izanen dute deialdian parte hartu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein desgaitasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

Laugarrena.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hura Iruñeko Udalaren web-orrian (www.pamplona.es) eta iragarki oholean argitaratuko da, Herriko Etxean. Bertan adieraziko dira izen-abizenak eta NAN zenbakiak.

Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du (izen-abizenak eta NANa jasoko ditu eta, baztertutako izangaien kasuan, baztertzearen arrazoia ere) eta Iruñeko Udalaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratzeko aginduko du, deialdi honetan aipatutako lehenengo hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda (izen-abizenak eta NANa jasoko ditu), eta Iruñeko Udalaren web-orrian eta iragarki oholean argitaratuko da, hautapen proba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat ez dutela betetzen ohartuz gero, interesdunek deialdietan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

Bosgarrena.–Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Maitena Ollo Muruzabal, Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: María Arratibel Aramburo, Joaquín Maya Musika Eskola Bereziko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Saxofoi irakasle bat.

–Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

–Mahaikide idazkaria: Nuria Abadía Lacosta, Joaquín Maya Musika Eskolako idazkaria.

5.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 2ko 40/2015 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Tokiko Ekonomia Jasangarriaren Alorreko Giza Baliabideen Zuzendaritzari emanen diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi hauen oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

6.1. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:

a) Proba praktikoa. Ikasle bati eman beharreko 10 minutuko saioa izanen da, Musika Eskolan irakasten den edozein mailatakoa. Epaimahaiak proba bukatutzat ematen ahalko du bidezko iruditzen zaionean.

Probak, gehienez ere, 35 puntuko kalifikazioa izanen du, eta bazterturik geldituko dira 18 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, ikaslearekiko harremana, obraren edo ikaslearen zailtasunak bideratzeko baliabideak eta estrategiak egokitu eta sortzeko gaitasuna, musikako adibideen erabilera, eta baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera musikako helburua erdieste aldera, baita izangaiari egokiak iruditzen zaizkion beste batzuk ere.

Epaimahaiak egoki juzgatzen dituen argibide guztiak eskatzen ahalko ditu.

b) Interpretazio proba: obra bat edo gehiago izaten ahal dira, edo haien mugimenduak; 10 minutu inguru iraunen du. Epaimahaiak proba bukatutzat ematen ahalko du bidezko iruditzen zaionean.

Jotzen den errepertorioak akonpainamendurik behar badu, balio negatiboa izan dezake errepertoristarik edo beste akonpainamendurik ez eramateak.

Epaimahaiari partituraren bi kopia emanen zaizkio.

Proba horretan gehienez ere 15 puntu emanen dira. Gutxienez 8 puntu lortzen ez dituzten izangaiak bazterturik geldituko dira.

Alderdi hauek baloratuko dira: testuaren zehaztasuna, erritmoaren sentimendua, agogikoak, soinu planoak, soinuaren kalitatea, pasarte eta ehundura bakoitzari dagokion soinu oreka, koloreak, dinamikak, fraseatua, komunikazioa, adierazkortasuna, sentiberatasuna, soinu irudimena, barne entzumena, entzuteko sentiberatasuna, musika tresnaren kontrola, kontrol psikologikoa, egituraren kontzientzia musikala, interpretazioaren estiloa, memoria, sinkronizazioa, elkar ulertze artistikoa etab.

6.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala, AIZa edo pasaportea aldean dutela azalduko dira. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.3. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Zazpigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda, izangai-zerrenda eta deia.

7.1. Probaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta web-orrian proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako guztirako puntuazioaren hurrenkeran (izen-abizenak, NANa eta puntuazioa jasoko ditu), eta Giza Baliabideen Alorreko zuzendariari igorriko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, hark onespena eman diezaion.

Puntu berdinketa izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna; berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da.

Izangaien behin betiko zerrenda onartu aurretik, desgaitasuna dutela frogatu dutenei osasun azterketa eginen zaie, deitzen zaien hurrenkeran, lanpostu horretarako egokiak diren zehazteko.

7.2. Behin jasota hautapen-prozesuaren espediente osoa, izangai-zerrenda onetsiko da, Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen bidez, izangaiei deituko zaien hurrenkeran (izena, abizenak, NANa eta lortutako puntuazioa agertuko dira), eta jendaurrean paratuko da Udalaren iragarki-oholean eta www.pamplona.es web-orrian.

7.3. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluan eta hurrengoetan, deialdi honen oinarrietan, Iruñeko Udaleko langileak administrazio araubidean kontratatzea arautzen duen erabakian (Gobernu Batzarrak 2015eko abenduaren 21ean onetsia) eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari jarraituz.

Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa; horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten izangaiek frogatu beharko dute egoera hori, organo eskudunak luzatutako jatorrizko agiriaren bidez edo, indarrean den legediari jarraituz, behar bezala konpultsatutako edo kautotutako kopiaren bidez.

Halaber, izangaiek, kontratatuak izateko deia jasotzen dutenean, aurkeztu beharko dute Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko egiaztagiria, frogatzeko epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2016ko urriaren 28an.–Giza Baliabideen zuzendaria, Iñigo Anaut Peña.

I. ERANSKINA

Eskabidea, Musika Eskolako saxofoi espezialitateko irakaslearen lanpostuan aldi baterako aritzeko deialdian parte hartzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1612289