219. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5E/2016 EBAZPENA, urriaren 17koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da, Artaxoako udal mugapean, aireko 13,2 kV-eko linea elektrikoa eta transformazio zentroa (Arga-Ega adarreko hargunerako) egiteko proiekturako eta Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko lanetako 3. uhaterako. Sustatzailea Canal de Navarra SA da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak helburu du hornidura elektrikoa ematea Nafarroako Ubideko zenbait instalaziori, beharrezkoa baitute jardunerako eta kontrolerako. Zehazki, 17 metro luze den aireko linea elektriko berri bat eginen da, Artaxoa-Tafalla lineako 00.46 euskarritik abiatuko dena. Handik, airetik lur azpira igarota euskarri batean, lurpeko linea elektriko bat eginen da Ubideko zerbitzu bidetik (730 metro luze), Arga-Ega adarreko harguneraino.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egin txostenean jakinarazten da ezen, Nafarroako Gobernuak 1999ko ekainaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zela, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko irailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, berriz, Nafarroako Ubidearen 1. fasea eta haren eremu ureztagarria handitzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa). Bestalde, zehazten da ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 118. artikuluarekin bat, jarduerak eta erabilerak udalez gaindiko proiektu edo plan sektorial baten xedekoak badira, ez dela beharrezkoa izanen lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskudun den departamentuaren baimena eskuratzea, non ez duen berariaz eskatzen sektoreko araudiak edo lurraldearen antolamendurako baliabideak berak.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txosten egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren indarrez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Artaxoako udal mugapean, aireko 13,2 kV-eko linea elektrikoa eta transformazio zentroa (Arga-Ega adarreko hargunerako) egiteko proiekturako eta Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzeko lanetako 3. uhaterako. Sustatzailea Canal de Navarra SA da.

2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:

–Deribazioko euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko, linea nagusiko eroaleak eta linea deribatua lotzeko zubiak guztiz isolatuko dira.

–Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Halaber, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing connection animal cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Artaxoako Udalari, Basozaintzari (Tafallako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko urriaren 17an.–Udalen Hirigintza Planeamendurako Ataleko burua (Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 767/2016 Ebazpenaren bidez ondoriozko eskuordetza), Rafael Araujo Guardamino.

Iragarkiaren kodea: F1611675