2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARDATZ ITZAGAONDOA
Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena
Ardatz Itzagaondoko Kontzeju irekiak, 2016ko ekainaren 3an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza (2016ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 9an).
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Ardatzen (Itzagaondoa), 2016ko irailaren 30ean.–Kontzejuko burua, Alberto Zalba Bidegain.
ARDAZKO KONTZEJUAREN (ITZAGAONDOA) HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ardazko Kontzejuaren mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.
2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Foru Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea eta Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretuaren bidez onetsia.
Administrazioa eta xedapen egintzak
5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen diren baldintzetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du eta, horren aitzinetik, Kontzejuak arrazoiak eman beharko ditu.
Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzei.
8. artikulua. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien inguruko erabakia.
10. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
12. artikulua. Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, ezarri den gisara. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.
Herri-ondasunen aprobetxamendua. Xedapen orokorrak
13. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
–Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua.
–Herrilarreen aprobetxamendua.
–Etxerako egurraren aprobetxamendua.
14. artikulua. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.
–Kontzejuko erroldan izen emanda egotea, bizilagun gisa, gutienez ere hiru urteko antzinatasunarekin.
–Herrilurraren titularra den entitatean urtean bederatzi hilabetez gutienez jarraian bizitzea.
–Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.
15. artikulua. Inor egiazki bederatzi hilabetez bertan bizi dela erabakitzeko, Kontzejuak baldintza hauek hartuko ditu kontuan: etxebizitza modu iraunkorrean zabalik edukitzea eta Kontzejuarekin lotura zuzen eta taigabea izatea.
16. artikulua. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
–Lehentasuna duten aprobetxamendua.
–Esleipen zuzeneko aprobetxamendua.
– Kontzejuak zuzenean ustiatzea, edo enkante publikoaren bidezko esleipena, murriztua edo irekia.
17. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki ustiatu beharko dituzte herrilurretako aprobetxamenduak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.
Laborantzako lurren aprobetxamenduetan, lurrak zuzen eta pertsonalki lantzen ez direla ulertuko da, Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 168. artikuluan ezarritako baldintzak titularrek betetzen ez dituztenean.
18. artikulua. Zeinahi pentsio jasotzea bateraezina da aprobetxamenduen ustiapen zuzenarekin. Beraz, pentsioduna ezin da izan laborantzako lurren esleipen-hartzaile, lehentasuna duten esleipen-hartzaileentzat ezarritako kasuetakoren bat ez badu betetzen.
Herrilurrak aprobetxatzen ari dela, onuradun bat aurreko egoeran badago, Kontzejuak baja eman diezaioke ofizioz errenta hartzaile gisa ukoa aurkezten ez badu.
19. artikulua. Kontzejuak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, aprobetxamendua zuzenean egiten dela ziurtatzeko.
20. artikulua. Herrilurren aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. Errentaren zenbatekoa goratuko da urtez urte nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen KPIarekin. Laborantzako lurren errentamentuaren ordainketa urtean behin eginen da, urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen. Larreak errentan hartzeko, ordainketak maiatzaren eta urriaren 30a baino lehen eginen dira urtero.
21. artikulua. Herrilurren aprobetxamenduak sortzen dituen edo etorkizunean sor ditzakeen eskubide guztiak, bai laborantza lurretan bai larreetan, doan itzuliko zaizkio Kontzejuari, esleipena bukatu ondoren.
Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak
22. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek ordenantzaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutieneko soldataren %30 baino tikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.
Familia unitatean gorputzez edo adimenez desgaitasuna duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
Errenta mailak zehazteko irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: errentaren gaineko aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak edo kapital zergagarriak edukitzea eta orobat Kontzejuak erabakitzen duen bertze edozein.
23. artikulua. Aprobetxamendu modu honetarako, ereduko loteak sekaineko 50 erregu izanen ditu. Aitzineko 14. artikuluan ezarria betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:
–Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.
–4tik 6 kide bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.
–7tik 9 kide bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea.
–9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea.
24. artikulua. Modalitate honetako onuradunek ordaindu beharreko kanona esleitutako lur motaren prezioaren %30a izanen da. Zenbateko hori urtez urte handituko da nekazaritzako prezioen KPIarekin.
25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertze arrazoiren bat dela eta zuzenean lantzen ahal ez diren herrilurrak, bai esleipenaren unean bai erabili bitartean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 151. artikuluari eta harekin bat heldu direnei jarraikiz esleituko dira.
Herritarrendako zuzeneko esleipena
26. artikulua. Lehentasuna duen taldearen beharrak asetakoan, gelditzen diren laborantzako lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira ordenantzaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.
27. artikulua. Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrendako esleipen zuzeneko loteen azalera, lehentasuna dutenendako esleipena egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.
28. artikulua. Onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute: 1. mailako lurrak, katastroko sailkapenaren arabera: 23,00 euro erreguko; 2. mailakoak, 20,00 euro; 3. mailakoak, 18,00 euro; 4. mailakoak, 16,00 euro, eta 5. mailakoak, 14,00 euro.
29. artikulua. Kontzejuak beretzat gordeko du herri bakoitzeko herrilur guztien %5, izan daitezkeen esleipen-hartzaileendako. Hala ere, azalera hori eslei daiteke gordetako %5 izatearen ebazpen baldintza azpian.
30. artikulua. Horretarako lurrik baldin bada, Kontzejuak lurzatiak eman ditzake baratzetako. Gehienez ere erregu erdia izanen dute eta 30 euroko kanona ordaindu beharko da. Eskatzaileek ez dute lurrik izan behar.
Enkante publikoa edo zuzeneko ustiapena
31. artikulua. Zuzeneko esleipena eginik oraino lurrik gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatu ditzake edo lurrak enkante bidez esleitu, hasierako prezioa hartuta 28. artikuluan ezarritako prezioak aplikatzearen ondorioz lortzen dena.
Esleitzeko prozedura
32. artikulua. Behar den ediktua Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuko iragarki oholean argitaratzearekin hasiko da esleipen prozedura. Beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek hamabortz egun izanen dituzte behar den eskabidea egiteko.
33. artikulua. Eskabideak aitzineko artikuluan ezarritako epearen barrenean aurkeztuko dira Kontzejuan, eta haiekin batera, honako hauei buruzko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da:
–Herriko bizilagun izatea, hiru urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutienez, bederatzi hilabete herrian bizitzea.
–Zerga betebeharrak eguneratuak izatea.
–Famili unitatea osatzen duten kideak.
–Zenbat lur dituen jabetzan.
–Zenbat lur errentan edo bertzelako laborantza motetan.
–Abelburu kopurua eta horien espeziea.
–Eskatzailearen azken errenta aitorpenaren fotokopia.
34. artikulua. Kontzejuak, eskabideak ikusirik, modu bakoitzera onartutakoen zerrenda eginen du eta bertze hamar eguneko epea irekiko, alegazioetarako. Epe hori inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Aldiz, alegaziorik bada, Kontzejuak hamar eguneko epea izanen du horiek ebazteko, behin betiko zerrenda onesteko eta Kontzejuko iragarki oholean jendaurrean paratzeko.
Behin betiko esleipenaren erabakia banan-banan jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari.
Larreen aprobetxamendua
35. artikulua. Herrilarreen aprobetxamenduak, finka partikularrekin, heiekin, askekin eta horretarako egindako belaiekin batean, ustiapen unitate bakar eta banaezina osatzen du, eta esleipen-hartzaileak bazkaleku horri jasanarazten ahal zaizkion kostu guztiak bere gain hartu beharko ditu.
36. artikulua. Larreak modu hauetariko baten bidez esleituko dira: herritarrendako zuzeneko esleipena; usadioa eta enkante publikoa. Aprobetxamenduak esleitzeko epea zortzi urtekoa da, esleipenaren datatik hasita.
37. artikulua. Ardi aziendak modulutako harturik, abelburu bakoitzeko ordaindu beharreko saria, ondorio guztietarako, 4,17 euro/urtea izanen da. Gainerako espeziei dagokienez, parekotasun hauek ezarriko dira:
Ahuntz -1: 1,2 ardi
Behi -1: 10 ardi
Behor -1: 12 ardi
38. artikulua. Bazkatokiaren prezioa eta azienda karga 2.500 eurokoa da ardi-aziendako 600 bururengatik.
Errentamenduen ordainketa ordenantzaren 21. artikuluaren arabera eginen da.
39. artikulua. Aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo bertze batzuei lagatzeko, ezta bertze inoren aziendarik sartzeko, Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
40. artikulua. Bazkatokiak baditu heia eta aska; beraz, bere prezioa 37. artikuluan ezarritakoa izanen da, gutienez ere %100 garestituta. Heiek eta askak unitate banaezina osatuko dute bazkatokiarekin batera, eta esleipen-hartzaileak bien kostuak onartu beharko ditu.
Errentamenduaren denboran Kontzejuaren kontura bazkalekuetan egiten diren hobekuntzek prezioa hein honetan goitituko dute:
–Heiak: %100.
–Larreak: %50.
–Aska: %20.
41. artikulua. Esleipen-hartzailearen kontura izanen dira higiezinetako mantenimendu eta zainketa gastu guztiak, zerrakurak, askak eta ur hartuneak barne direla. Garbitu, gutxienez, urtean behin garbitu beharko dira higiezinak eta zerbitzuak.
Orobat, eskortek dituzten zerbitzuen kostua bere gain hartuko du.
42. artikulua. Jabego partikular nahiz herrilurretakoetara sartzeko, aziendek diren sarbideak erabiliko dituzte beti.
43. artikulua. Finkaren titularraren baimenik gabe ez dira sartzen ahalko ereindako lurretan, baratzetan, luzerna soroetan eta gisakoetan. Ezin dira sartu, orobat, uzta bilduta duten soroetara lastoa biltzeko lanak bukatu arte, non jabeak ez dion adierazten abeltzainari ez duela lastorik bilduko.
Jabeak landu gabe edukiko ditu soroak lastoa bildu denetik zazpi egun iragan arte. Abuztuaren 20tik aurrera, ez da muga hau nahitaez errespetatu behar.
Erauntsi handi baten ondotik ere ez dira laborantzetan sartzen ahal, harik eta 48 ordu iragan arte.
44. artikulua. Bazkatokiak esleitzeko segitu beharreko prozedura ordenantzaren 31.etik 34.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa da. Aldaketa bakarra, eskaeran honako hauek sartzea: aziendaren osasunaren ziurtagiria; Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ziurtagiria, abelburu kopurua adierazten duena eta eskatutako bazkalekuak.
Etxerako egurraren aprobetxamendua
45. artikulua. Kontzejuaren mugapeko hermendien ustiapena Nafarroako Gobernuak ematen dituen jarraibideen arabera eginen da beti, indarra daukan Antolamendu Planari jarraikiz.
46. artikulua. Usadioari jarraikiz, Kontzejuko herritarrei oihan aprobetxamendu bakarra emanen zaie, alegia, etxerako egurra.
47. artikulua. Aprobetxamendu hori nahi duten herritarrek behar den eskabidea egin beharko diote Kontzejuari, urte bakoitzeko irailaren 30a baino lehen.
48. artikulua. Kontzejuak, aurkeztutako eskabideak ikusirik, Nafarroako Gobernuaren aitzinean tramitatuko ditu, onets ditzan.
49. artikulua. Eskabideen prezioa 10 euro izanen da, eta horiek Kontzejuko diruzaintzan ordaindu beharko dira, ustiapena egin baino lehenago.
Zehapenak
50. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoak betetzen ez badira, ondoko zehapen hauek ezarriko dira:
–Erabiltzen den aprobetxamenduaren galera.
–Legez kanpo jasotakoaren halako bortzen isuna.
–200 eta 2.000 euroren isuna, egindako kaltea ezin bada zenbatetsi.
51. artikulua. Arau-hauste baten berri duenean, Kontzejuak zehapen espedientea hasiko du. Ustezko arau-hausleari entzutea emanen dio, behar diren alegazioak aurkez ditzan bere defentsan. Kasuan biltzen diren inguruabarrak kontuan harturik, Kontzejuak zehapen espedientea ebatziko du eta behar diren zehapenak jarriko ditu, gertatutakoen larritasuna kontuan harturik.
AZKEN XEDAPENA
52. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraituko zaio ordenantza honek indarra hartzeko.
Iragarkiaren kodea: L1611339