214. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

403E/2016 EBAZPENA, urriaren 20koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, “2017-2019 Industriako Doktoregoak” laguntzen deialdia onesten duena ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresa eta erakundeek doktoregaiak kontrata ditzaten.

“2017-2019 Industriako Doktoregoak” deialdiaren bidez diru-laguntzak emanen dira ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresa eta erakundeek doktoregaiak kontrata ditzaten, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan ikerketa proiektu bat egiteko.

Honela urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2016ko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, urte anitzeko gastu konpromisoak hartzeko baimena eman zen deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko. Halaber, Nafarroako Gobernuak, 2016ko apirilaren 20ko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazioaren bitartez tramitatzea baimendu zuen. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan agertzen da ebaluazio prozedura hori.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “2017-2019 Industriako Doktoregoak” laguntzen deialdia onestea ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresa eta erakundeek doktoregaiak kontrata ditzaten.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, betiere krediturik bada:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82110-4701-467302:

Ikertzaileak eta teknologoak kontratatzeko laguntzak

2017

550.000,00

820005-82110-4701-467302:

Ikertzaileak eta teknologoak kontratatzeko laguntzak

2018

550.000,00

820005-82110-4701-467302:

Ikertzaileak eta teknologoak kontratatzeko laguntzak

2019

550.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2016ko urriaren 20an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea

Diru-laguntza hauen xedea da prestakuntza aldian (doktorego bat ikasten) ari diren ikertzaileen laneratzea erraztea, eta ikertzaile horiek kontratatzen dituzten ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresa eta erakundeen lehiakortasuna hobetzea.

Horretarako, doktoregai baten kontratazioa lagunduko da diruz, ikerketa proiektu bat egiteko, bere doktorego tesian kokatua, unibertsitate batekin elkarlanean, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.

Doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak eta ikerketarako beste entitate batzuetara joateko mugikortasun gastuak (ostatu, mantenu eta lokomozio gastuak) ere lagunduko dira diruz.

2. oinarria.–Entitate onuradunak

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresak (pribatuak ala publikoak), unibertsitateak salbu, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta diru-laguntzaren xedeko kontratuaren lanpostua lantoki horretan garatzea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83) idatz-zatian ezarrita dago ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako erakundearen definizioa; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

3. ETEek kontratazio bakar baterako eskatzen ahal dute laguntza. Gainerako entitateek bi kontrataziotarako eskatzen ahal dute laguntza, betiere argi bereizitako bi ikerketa proiektu egiteko.

4. Laguntzen eskaera telematikoarekin batera, erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztuko da, baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak eta laguntzaren intentsitatea

Entitate onuradun batek doktoregai bat kontratatzen badu, jarraian definitzen diren kontzeptuek jaso dezakete diru-laguntza, dagokion laguntza intentsitatearekin:

1. Doktoregaiaren kontratazioa.

1.1. Kontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Kontratua lanaldi osokoa izan behar da, eta gutxienez hiru urtekoa.

b) Urteko soldata gordina 25.000 eurokoa izanen da gutxienez.

c) Alderdiek ezin dute lan harremanik izan deialdia argitaratu baino lehen.

d) Ezin dira norberaren konturako langileak kontratatu.

e) Kontratatuak ezin du partaidetzarik izan entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzioen edo sozietatearen bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, horren ondorioz entitatearen benetako kontrola (zuzena edo zeharkakoa) izateko ahalmena badu.

f) Kontratatuak ez du doktore titulurik izanen, ez Espainiako unibertsitateetan ez atzerrikoetan.

g) Kontratatuak ezin du doktoratu aurreko laguntzarik (12 hilabetetik gorako kontratu izaerakorik) jaso eskaera aurkeztu baino lehen.

1.2. Kontratuaren kostu osoaren portzentaje bat izanen da laguntza, hau da, urteko soldata gordinari Gizarte Segurantzaren enpresa kuota gehituta ateratzen denaren portzentaje bat, ondoko taulan ezartzen den laguntza intentsitatearekin.

Aurrekoa gorabehera, sektore pribatuko ikerketa zientifiko-teknikoan dagoen genero-arraila leuntzeko, %5eko laguntza gehigarria emanen da kontratatzen den doktoregaia emakumea bada.

ONURADUNAK

INTENTSITATEA
(%)

GEHIENEKO
LAGUNTZA
URTEAN

LAGUNTZA
GEHIGARRIA
IZANIK (+%5)

GEHIENEKO LAGUNTZA URTEAN, LAGUNTZA GEHIGARRIA IZANIK

Enpresa handiak*

55

22.000 euro

60

24.000 euro

Gainerako entitateak

75

27.000 euro

80

29.000 euro

(*) Enpresen tamaina kalkulatzeko, Mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioari jarraituko zaio.

2. Doktorego irakaskuntzetan matrikulatzeko gastuak.

2.1. Irakaskuntza horrek baldintza hauek bete beharko ditu:

Doktorego irakaskuntzen iraupena 3 urtekoa izanen da gehienez, denboraldi osokoa, doktoregaia programan onartzen dutenetik doktorego tesia aurkezten duen arte, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat.

Halaber, hiru urteko epe hori agortuta tesia gordailuan uzteko eskaera aurkeztu ez bada, unibertsitateak baimena ematen ahalko du epea urtebetez luzatzeko, eta, salbuespenez, beste urte batez luzatzen ahalko da, aipatutako errege dekretuarekin bat.

2.2. Gehienez 400 euro emanen dira urtean matrikularen gastuak finantzatzeko, matrikulazioa Espainiako unibertsitate publiko edo pribatu batean bada.

Diruz laguntzen ahal den gastuak ez ditu gaindituko unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoak, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen maiatzaren 9ko 381/2016 Ebazpenean (2016ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 24koa) edo hurrengo urteetan onetsiko diren ebazpenetan ezarriak. Ebazpen horrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan, titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik eta gainerako eskubideengatik, 2016-2017 ikasturtean ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzen ditu.

3. Mugikortasun gastuak.

3.1. Entitate kontratatzailean eta doktoregaiak matrikula egina duen unibertsitatean ez, beste ikerketa entitate batzuetan egindako egonaldien gastuak finantzatuko ditu laguntzak.

Mugikortasun gastuetan ostatu, mantenu eta lokomozio gastuak sartzen dira, xehetasun hauekin:

a) Ostatua eta mantenua: Ikerkuntzako, Garapeneko eta Berrikuntzako Estatuko Idazkaritzak 2015eko abenduaren 22an emandako Ebazpenean ezarritako mugak aplikatuko dira. Ebazpen horren bidez, Talentua eta Enplegagarritasuna Sustatzeko Estatuko Programako Estatuko Laneratze Azpiprogramaren eta Estatuko Prestakuntza Azpiprogramaren zenbait jarduketatarako laguntzen 2015eko deialdia onetsi zen, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren eta Berrikuntzaren Estatuko 2013-2016 Planaren barruan.

b) Lokomozioa: aurreko letran aipatutako Ebazpenean ezarritako mugak aplikatuko dira, salbu joan-etorria ibilgailu partikularrean egiten bada, kasu horretan 0,30 euro/km pagatuko baita.

3.2. Kontzeptu horrengatik gehienez ere 3.000 euro pagatuko da urtean.

4. oinarria.–Laguntzen iraupena eta haien gehieneko zenbatekoa

1. Laguntzak hiru urtez emanen dira gehienez.

Epeak kontatzeko, lehen urteko hasiera eguna kontratuaren hasiera eguna izanen da. Kontratuak 2017ko urtarrilaren 1ean hasiko dira, edo geroago.

2. Kontratazio bakoitzagatik, hiru urteetarako, gehienez emanen diren zenbatekoak:

ONURADUNAK

KONTRATUA

MATRIKULA

MUGIKORTASUNA

GUZTIRA

Enpresa handiak

66.000 euro

1.200 euro

9.000 euro

76.200 euro

72.000 euro*

82.200 euro*

Gainerako entitateak

81.000 euro

1.200 euro

9.000 euro

91.200 euro

87.000 euro*

97.200 euro*

(*) Aurreko oinarrian ezarritako laguntza gehigarriaren intentsitatea (%5 emakumezkoak kontratatzeagatik) kontratuari aplikatzearen ondoriozko zenbatekoak.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabideak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntzen fitxaren bidez. Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH).

Eskaera bulego batean aurkezten bada, entitateari eskatuko zaio zuzentzeko, aurkezpen elektronikoa eginez. Ondorio horietarako, zuzenketaren eguna izanen da eskaeraren aurkezpen eguna, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztuko da. Laguntzen fitxan eskura dauden ereduetara egokituko da, eta artxibo bereizietan aurkeztuko, behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin:

a) Eskaera telematikoa, 2. eta 15. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizuneko aitorpen batekin.

b) Doktoregaiak parte hartuko duen ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa, eta doktorego tesiaren proiektua, 6. oinarriko balorazio irizpideak aplikatzeko.

Horrez gain, frogatu beharko da doktorego tesiaren ikerketa jarduerak entitate onuradunak garatzen duen ikerketa ildo batekoak direla. Betiere proposatutako jarduerak berriak badira edo ikerketa edo ikerketa-ildo bat hobetzen, handitzen edo gauzatzen badute, eta bere I+G jarduera arrunten parte ez badira.

c) Entitate onuradunaren eta doktoregoa ematen duen unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmena. Atal hauek izanen ditu, gutxienez: lan kontratuaren baldintzak, lan denboraren banaketa, jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubideak, finantzazioaren baldintzak eta jarraipen mekanismoak, alderdiek beharrezkotzat jotzen dituzten beste batzuk galarazi gabe.

d) Tesiaren konpromisoa, kontratatu nahi den doktoregaiak eta tesiaren zuzendariak sinatua.

e) Kontratatu nahi den doktoregaiaren curriculum vitaea. Laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen eredua erabili beharko da CVa osatzeko.

f) Eskatzailea ETE bat bada, azken 3 ekitaldietan itxitako kontuak erantsi beharko dizkio eskabideari; orobat, langileen kopurua, bai eskatzailearena, bai hari elkartutako eta lotutako enpresena, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Hala egin ezean, enpresa handiei dagozkien mugak (gehieneko laguntzak) aplikatuko dira.

4. ETEek kontratazio bakar baterako eskatzen ahal dute laguntza. Gainerako entitateek bi kontrataziotarako eskatzen ahal dute laguntza, betiere argi bereizitako bi ikerketa proiektu egiteko. Eskaera bakoitza pertsona bakar baten kontratazioari dagokio.

5. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Balorazio irizpideak

1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da. Eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatuko eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atala da laguntzen organo kudeatzailea, eta aurkeztutako eskaerak baloratuko ditu, egiaztatzeko kontratatutakoen ikerketa proiektuek irizpide hauek betetzen dituztela:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

a) Proiektuaren irismen teknologikoa

30

20

b) Proiektuaren berritasun maila

30

20

c) Proiektuaren eragina entitate onuradunean

30

20

d) Nafarroako sektore estrategikoetan sailkatuta egotea

10

0

GUZTIRA

100

60

a) Proiektuaren irismen teknologikoa.

Ondorio horietarako, proposatutako helburuak lortzeko arrisku teknologikoa, zailtasun teknikoa, konpondu beharreko arazoa eta merkatu aukera baloratuko dira.

b) Proiektuak berritasun esanguratsua izan behar du entitate onuradunerako.

Ondorio horietarako, doktoregaiak egin beharreko ikerketa jardueren berritasun eta hobekuntza maila baloratuko da, entitate onuradunak garatzen dituen ikerketa ildoei lotuta.

c) Proiektuak eragin positiboa izan behar du entitate onuradunean.

Ondorio horietarako, garatu beharreko ikerketaren garrantzia baloratuko da, entitate onuradunak epe luzera dituen ezagutza eta esperientzia premiei dagokienez.

d) Proiektuak Nafarroako sektore estrategiko hauetako batean sailkatuta egon behar du:

1.–Energia berriztagarriak, barne izanik energia biltegiratzea, isuririk gabeko ibilgailuak eta energiaren eraginkortasuna.

2.–Nekazaritzako elikagaiak.

3.–Biomedikuntza, barne izanik medikuntza aurreratu pertsonalizatua edo doitasunezkoa eta medikuntzako ekipamendua.

4.–Fabrikazio aurreratua, barne izanik robotika, gauzen Internet (IoT) eta sentsorizazioa.

5.–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), aurrekoen zeharkako sektore gisa.

3. Diru-laguntzaren xedeko kontratazioak izanen dira 2. ataleko taulan adierazitako puntuazioa gainditzen duten ikerketa proiektuak garatzeko egiten direnak.

7. oinarria.–Laguntzak ematea

1. Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak eskabideak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek diru-laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena entitate onuradunei, betiere 2016ko abenduaren 31n beranduenez, modu telematikoan, helbide elektroniko gaitura.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Kontratua eta doktorego irakaskuntzetako matrikula aurkeztea

1. Onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez, hilabeteko epean gehienez ere, laguntza jakinarazten denetik aurrera:

a) Doktoregaiarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

b) 2016-2017 ikasturtean doktorego programa batean matrikula formulatu izana edo, salbuespenez, onartua egotea frogatzen duen agiria. Doktorego programaren unitate onuradunak luzatu beharko du agiria edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko arduradunak.

2. Betebehar hau bete ezik, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa frogatzeko epea eta modua

1. Laguntzen onuradunek, aurreko oinarriko agiriak aurkezteaz gain, diruz lagundutako jarduerak frogatu beharko dituzte ondoko taulan adierazten diren epeetan. Horretarako, oinarri honetako 2. ataleko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2017

2018

2019

2020

-

2018-02-28a baino lehen: 2017ko “frogagiriak”

2019-02-28a baino lehen: 20187ko “frogagiriak”

2020-02-28a baino lehen: 2019ko “frogagiriak”

2017-10-31 baino lehen: 2017ko
“aurrerapen txostena”

2018-10-31 baino lehen: 2018ko
“aurrerapen txostena”

2019-10-31 baino lehen: 2019ko
“aurrerapen txostena”

-

2. Agiri hauek aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez, hango ereduei jarraikiz:

2.1. “Aurrerapen txostena”: jardueren txosten teknikoa, I+G proiektuaren urte horretako bilakaera islatzen duena, gehi erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunak urte horretan eginiko gastuari buruz.

2.2. Urte bakoitzean eginiko jarduketen “frogagiriak”:

a) Jarduketa memoria zientifiko-teknikoa, dagokion aldian doktoregaiak egindako jardueren deskribapena eta doktorego programaren prestakuntza jarduerak biltzen dituena, eta, hala bada, laguntzak irauten duen gainerako aldirako lan plana, doktorego tesiaren egoera, bilakaera eta lorpena berariaz aipatuz.

b) Egindako jardueren kostua frogatzeko memoria ekonomikoa, honakoak bilduko dituena:

1.–Nominen eta horien ordainagirien kopia eta Gizarte Segurantzako kotizazioa ordaindu izana frogatzen duten agiriak.

2.–Tasa akademikoak ordaindu izana frogatzen duten agirien kopia.

3.–Mugikortasun gastuak:

–Egonaldiaren ikerketa zentroak luzatutako agiria, egonaldiaren datak adierazita.

–Lokomozio gastuak: erabilitako garraiobideen txartelak eta haien ordainagiriak, edo kilometrajeari buruzko aitorpena.

c) Unibertsitateko doktorego programaren batzorde akademikoak tesiaren bilakaerari buruz emandako aldeko txostena.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa

1. Konturako ordainketen bidez eginen da 2017, 2018 eta 2019ko aurrekontu ekitaldien kargura emandako diru-laguntzaren urte bakoitzeko ordainketa, 9. oinarriko 2.1 atalean aipatutako aurrerapen txostenak aurkeztu ondoren.

2. Gero, 9. oinarriko 2.2 ataleko frogagiriak aztertu ondoren, Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalak dagokion urteko diru-laguntza ordaintzeko ebazpen proposamena igorriko dio Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuko zuzendariari. Proposamenari proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboko txosten bat erantsiko zaio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak betetzen dituztela.

Frogagiri horiek berrikusi ondoren egiaztatzen bada konturako ordainketen zenbatekoa frogatutako laguntzarena baino altuagoa dela, gehiegi ordaindutakoa itzultzeko eskatuko da.

3. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, ebazpen honen 9. oinarriko 1. eta 2. ataletan adierazten den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

4. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, betiere onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela diru-laguntzaren helburuak betetzeko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legean aurreikusitako bermeekin.

11. oinarria.–Kontratua etetea eta iraungitzea

1. Deialdi honen babesean egindako kontratuak eteten ahalko dira arrazoi hauengatik: aldi baterako ezintasuna gutxienez ondoz ondoko 2 hilabetez, amatasuna edo aitatasuna, arriskua haurdunaldian, arriskua bederatzi hilabetetik beheitiko haur baten edoskitze naturaleko aldian, eta adopzioa edo harrera kontratazioaldian.

Kasu horietan, entitate onuradunek eskatzen ahalko dute etenaldiari dagokion laguntza eteteko eta hura gauzatzeko epea luzatzeko. Laguntzak ematen dituen organoak baimena eman beharko du, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen txostenak eskatzen ahalko ditu. Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

Laguntza etetea eta luzatzea baimentzen denean, etenaldian onuradunak kontratazioaren ondorioz dituen gastuek (soldata eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota) ezin dute diru-laguntza jaso. Etenaldiaren urtea luzatuko da etenaldiak irauten duen denboraz, jarduketa honetan jasotako ondorioetarako.

2. Kontratua iraungitzen bada, onuradunak doktoregaiak kontsumitu ez duen denborari dagokion zatia itzuliko beharko du, gehi dagozkion berandutze-interesak.

15 egun naturaleko epean, gehienez ere, kontratu hori iraungitzen denetik aurrera, onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari, eta horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek telematikoki, laguntzen fitxaren bidez, aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Informatzeko betebehar hori betetzen ez badu onuradunak, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako jarduketa frogatzea, 8. eta 9. oinarrietan adierazten den moduan.

c) Kontratatuak egin beharreko I+G jardueren garapen egokiaz arduratzea.

d) Kontratatuak egindako jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea Teknologiaren eta Ezagutzaren Transferentziaren Atalari.

e) Doktorego tesia defendatzeko egunaren berri ematea aipatu atalari, 20 egun balioduneko epean defentsa egiten denetik hasita, eta tesiaren ale bat bidaltzea.

f) Ikerketa proiektuaren emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 13. oinarrian aipatzen den moduan.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak honako hauek izanen dira:

a) Laguntzaren xedeen erabateko eta ageriko ez-betetzea, jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bitartez zehaztua, jasotako diru-laguntza osorik itzultzeko eta ordaindu gabe dauden diru kopuruetarako eskubidea galtzeko arrazoia izanen da.

b) Helburu partzialak edo jardueretako batzuk ez betetzeak haietarako den diru-laguntza zatia itzuli beharra ekarriko du, eta ordaintzeko dauden diru kopuruak kobratzeko eskubidearen galera.

Horri dagokionez, 2018ko jarduketa memoria zientifiko-teknikoaren balorazioa kontrakoa bada, kontura ordaindutako urte bateko diru-laguntza (2018ri dagokiona) itzuli beharko da. Gauza bera gertatutako da 2019. urteko diru-laguntzarekin, urte horretako jarduketa memoria zientifiko-teknikoaren balorazioa kontrakoa bada.

Aurrekoa gorabehera, goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoen (edo zati baten) itzulera ez eskatzea.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

13. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea

1. Entitate onuradunek eta kontratatuek, diruz lagundutako kontratazioaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi behar dute. Halaber, doktorego tesian finantzazio hori aipatuko da, bai agirian berean bai tesia defenditzeko ekitaldian.

2. Doktoregaiaren partaidetza izan duten ikerketa jardueraren ondoriozko hedapen materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira.

Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

14. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke DEHa. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da. Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetu beharko dute eskatzaileek.

2. Onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

15. oinarria.–’’De minimis” laguntzak

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskaeraren inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

16. oinarria.–Bateragarritasunen araubidea

1. Finantzatutako kontratuak bateraezinak izanen dira beste edozein lan kontratu indardunekin, bai eta edozein soldata jasotzearekin ere, baldin eta kaltea ekartzen badu laguntzaren ikerketa eta prestakuntza xederako, edo ordutegi berean garatzen bada. Orobat, bateraezinak izanen dira antzeko xedea duten beste laguntza batzuk jasotzearekin.

2. Doktorego irakaskuntzetako matrikularako laguntzak eta kontratatuaren mugikortasunerako laguntzak bateragarriak izanen dira entitate publiko edo pribatuen beste edozein deialditan xede bererako jasotakoekin, betiere laguntza guztien arteko baturak kontzeptu bakoitzean egindako gastua gainditzen ez badu.

Ondorio horietarako, eskatzaileek aipatu kontzeptuengatik eskuratutako beste diru-laguntzak aitortuko dituzte laguntzak eskatzean.

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea

Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

18. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1612076