213. ALDIZKARIA - 2016ko azaroaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

AZKOIEN

Deialdia, udaltzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Azkoiengo Udaleko Gobernu Batzarrak 2016ko irailaren 21ean erabakita onetsi zen Azkoiengo Udalaren zerbitzuko udaltzain lanpostu 1 (kopurua handitu ahalko da) oposizio bidez betetzeko deialdia.

Hautapen prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

Argitara ematen da behar diren ondorioak izan ditzan.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Azkoiengo Udalean aritzeko udaltzain lanpostu bat oposizio bidez betetzea, plantilla organikoan udaltzain gisa identifikatua dagoena.

1.2. Deialdiaren xede diren lanpostuen kopurua hautapen-prozesuan handitu ahalko da, betiere izangaia deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza-ikastaroan sartu baino lehen. Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

1.3. Izendatzen den izangaiak polizien eginkizunak beteko ditu, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta erretiroko adina ez gainditzea.

c) Batxiler-titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren titulua edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren IV. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A2 edo A eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen aitorpenaren bidez adieraziko da.

Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.f) eta 3.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza-ikastarorako (deialdiko 7.4 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da, eta, bigarrenari dagokionez, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Azkoiengo Udaleko Erregistro Orokorrean (Plaza Principal zk.g.) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdiaren V. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Azkoiengo Udalaren Erregistro Orokorrean eskura daiteke.

Eskabidearen eredua (ez dokumentazio erantsia) behar bezala beteta aurkeztu beharko da, eta betiere bi ale.

4.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzten gainerako agiriak:

Bat.–Osasun ziurtagiri ofiziala, III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

Bi.–Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia.

Hiru.–Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpenean hautaprobak hasiko diren hilabetea eta urtea adierazi beharko dira gutxienez, betiere kontuan harturik deialdiaren argitalpenaren eta hautaproben hasieraren artean bi hilabete iragan behar direla gutxienez.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira Azkoiengo Udalaren ediktuen oholean.

6.–Epaimahaia.

6.1. Osaera.

Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: Juan Carlos Catillo Ezpeleta, Azkoiengo alkatea.

–Ordezkoa: Carlos Javier Calvo Pascual, Azkoiengo Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: Javier Moreno Gallego, Nafarroako Segurtasun Eskolako Prestakuntza Fisikoko arduraduna.

–Ordezkoa: Sergio Sáenz, Azkoiengo kiroldegiko kudeatzailea.

–Mahaikidea: Marcos García Martínez, Azkoiengo Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Luis Fernando Pérez Pérez, Azkoiengo Udaltzaingoko kaboa.

–Mahaikidea: Egoi Beperet Redín, Burlatako Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Enrique Ayerra Ayerdi, Burlatako Udaltzaingoko inspektore-ordea.

–Mahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Nafarroako Gobernuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Angel Labiano Mangado, Nafarroako Gobernuko Segurtasun Bulegoko burua.

–Mahaikidea: ordezkari bat, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatua.

–Ordezkoa: ordezkari bat, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatua.

–Idazkaria: Iranzu Munárriz González, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: María Jesús Hernández Luri, Azagrako Udaleko zidazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezko legezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa.

Oposizioan, lehenengo fasean, proba batzuk egin beharko dira, baztertzaileak izanen direnak, honako hauen inguruan: ezagutzak, egoera fisikoa, psikoteknikoa eta osasunari dagokiona; eta, bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditu beharko da.

7.2. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapen proba bakoitza egin ondotik, epaimahaiak kalifikazioak jarriko ditu jendaurrean eta bost eguneko epea emanen du izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Horiek ebatzitakoan, behin betiko zerrendak argitaratuko ditu.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

a) Lehenbizikoa: lehenengo proban deialdiaren III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba honetako ariketak.

b) Bigarrena: proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (100 puntu, gehienez ere). Bazterturik geldituko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horrenbestez, debeku dira Kiroletako Kontseilu Gorenak 2007ko abenduaren 28an eman Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2008ko 5. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ean, argitaratua) eta, bestalde, indarra duten Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debeku diren metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatuaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

c) Hirugarrena: proba psikoteknikoa. Proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako (50 puntu, gehienez ere).

Hautapenaldiko a), b) eta c) atal horietako proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udalaren ediktuen oholean izangaien zerrenda, dagokien kalifikazioarekin batera, gainditu dutenak eta baztertuak izan direnak adieraziz.

d) Laugarrena: Proba medikoak: Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak onartuko dituzte, deialdi honetako 3. ataleko d) letran ezarritako moduan.

Proba hori Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak eginen du edo, hala behar bada, behar bezalako kreditazioa duen kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

7.3. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

7.3.1. Epaimahaiak emaitzak baloratu ondotik, oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda onetsiko du, betiere lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Azkoiengo Udaleko ediktuen oholean jendaurrean jarri eta handik hamabost egun naturalean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 3. oinarriko f) eta g) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Azkoiengo Udalaren Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aitzinaldeko eta gibelaldeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Azkoiengo Udalak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo horiek deuseztu direla frogatzen duen agiria eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizuneko aitorpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntza-ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki oholean.

7.3.2. Prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, egin badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen dituena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia-laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak Udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaio, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

7.4. Plaza kopurua handitzea.

Azkoiengo Udalak deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitu ahalko du, deialdia onetsi ondoren plantilla organikoko aldaketen ondorioz sortzen diren premiengatik eta betiere aurrekontuan diru aski bada, hurrengo oinarrian aurreikusitako oinarrizko ikastaroa egin aurretik.

Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 20eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15-3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Lanpostuen kopurua handitzen bada, kopurua handitzen duen ebazpena Azkoiengo Udaleko iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, ukitutako izangaiei jakinaraziko zaie.

8.–Proben eta prestakuntza ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehenengo probak 100 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Probak test motako ariketa bat izanen du II. eranskineko gaiei buruzkoa; bertan, hiru erantzun eskainiko dira baina bat bakarra izanen da zuzena.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak heren bateko balorazio negatiboa izanen du. Bazterturik geldituko dira lehen ariketa honetan 50 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

8.2. Gorputz-gaitasunaren probetako ariketetan, emaitzaren arabera, “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira izangaiak.

8.3. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura kalifikatuko da.

8.4. Osasun azterketetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

8.6. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira.

9.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko organo eskudunak oposizioa gainditzen duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal du edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Azkoienen, 2016ko irailaren 21ean.–Alkatea, sinadura ulertezina.

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda

1. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

2. 8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

3. 15/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Nafarroako Poliziari buruzkoa. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta ondotik egindako aldaketak.

4. 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

5. Azkoiengo Udalaren ordenantzak.

6. Tokiko ituna, Azkoienen laneko, norbanakoaren eta familiako bizitzak uztartzeko.

7. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa. II. eta III. tituluak.

8. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. VII. titulua. Polizia arreta eta babes eraginkorra.

9. Azkoiengo ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri ingurunea, nekazaritza herrilurrak, geografia, hidrologia eta hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneak; Azkoiengo tradizioak eta usadio-ohiturak.

10. Azkoiengo Udala; funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.

III. ERANSKINA

Proba fisikoari dagozkion ariketak

1. Bankuko press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonezkoentzat eta 22 kg emakumezkoentzat (emakumezkoak).

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 22 kiloko pisua goratu behar du 60 segundutan ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Gizonezkoak, 35 jasoaldi baino gutxiago, ez gai.

Emakumezkoak, 33 jasoaldi baino gutxiago, ez gai.

2. Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba. (50 metro estilo librean).

Deskribapena: 25 metroko igerileku batean estilo librean igeri egitea, joan eta etorri.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 50 segundo gizonezkoentzat eta 52 segundo emakumezkoentzat.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoa ukitu edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Gizonezkoak, 50” baino gehiago, ez gai.

Emakumezkoak, 52” baino gehiago, ez gai.

3. Zalutasun proba. (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

L1612054_0.pdf

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzak bi saio izanen ditu ibilbide bakoitzean, saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako gehienez aurreikusitako denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean, eta gai edo ez gai kalifikatuko dira (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

Gizonezkoak, 25,8” baino gehiago, ez gai.

Emakumezkoak, 27,8” baino gehiago, ez gai.

4. Erresistentzia proba. (Cooperren testa).

Abiatzeko jarrera: zutik, irteera marraren gibelean.

Gauzatzeko modua: lasterka, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.

–Gizonezkoak, 2.340 metro baino gutxiago (bederatzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.340 metro edo gehiago (bederatzi aldiz zirkuitua), gai.

–Emakumezkoak, 2.080 metro baino gutxiago (zortzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.080 metro edo gehiago (zortzi aldiz zirkuitua), gai.

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Kakari eutsi ezina.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Perlesia periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste alterazio motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Alterazio psikiatrikoak.

–Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako alterazio psikotikoak.

–Gogo-aldartearen alterazioak (alterazio bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi larria, alterazio distimikoak).

–Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernuari eutsi ezina.

–Giltzurruneko polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bertzelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

V. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1612054