2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
Alesbesko Fernando Calahorra Musika Patronatua
Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, aldi baterako kontratazioak egiteko irakasle postuetan sortzen diren beharrei erantzute aldera, honako espezialitate hauetan: gitarra, klarinetea, biolina, tronpeta, pianoa, saxofoia, txirula, tronboia, bandurria, kantua, gaita, musika hizkuntza, akordeoia, perkusioa eta plektroa
OINARRIAK
1.–Baldintza orokorrak.
Hautaproben bidez eta merezimenduen lehiaketaren bidez izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia egiten da, Musika Eskolako irakasle lanpostuetan aritzeko, espezialitate hauetan: gitarra, klarinetea, biolina, tronpeta, pianoa, saxofoia, txirula, tronboia, bandurria, kantua, gaita, musika hizkuntza, akordeoia, perkusioa eta plektroa. Deialdiaren helburua da Alesbesko Fernando Calahorra Musika Eskolan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutea.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Musikako erdi mailako titulua, izangaiak aurkezten diren espezialitatekoa, izatea edo hura lortzeko baldintzetan egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Alesbesko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusitako bitartekoetako bat baliatuz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin lotuta aurreikusi ere).
Eskabideak I. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira, eta horietan adierazi beharko da hautatu den espezialitatea zein den.
Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako tituluaren eta nortasun agiriaren fotokopiak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, bai eta lehiaketaldirako alegatutako merezimenduen frogagiriak ere.
3.2. Minusbalioa duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbalioa dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer ezintasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
4.–Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.
Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Patronatuko lehendakariak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Udalaren webgunean jarriko jendaurrean.
Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Patronatuko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren webgunean argitaratzeko aginduko, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Alesbesko Udalaren webgunean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.
6.–Epaimahaia.
6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:
–Epaimahaiko burua: Fernando Arana Mañas, Musika Eskolako Patronatuko lehendakaria.
–Epaimahaikidea: Ramiro Mediavila, Alesbesko Musika Eskolako Patronatuko irakaslea eta zuzendaria.
–Epaimahaikidea: M. Aranzazu Zunzarren Ricarte, Musika Eskolako irakaslea.
–Epaimahaikidea: Inmaculada Calahorra Fernández, Musika Eskolako irakaslea.
–Mahaikide idazkaria: Francesca Ferrer Gea, Alesbesko Udaleko idazkaria.
6.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Udaletxean hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.
7.1. Kontrataziorako hautaprobak oposizio-lehiaketa bidez eginen dira. %70eko balorazioa emanen zaio hautaprobari eta %30koa lehiaketaldiari. Horretarako, beharrezko ponderazioa eginen da. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak. Lehiaketaldiari dagokion puntuazioa hautaprobak egin baino 48 ordu lehenago emanen da jakitera.
Merezimenduen baremoa:
a) Prestakuntza akademikoa. Gehienez: 3 puntu.
–Musikako Goi Mailako irakaslearen titulua edukitzeagatik: 3 puntu.
(Goi mailako tituluek beheragokoak hartzen dituzte, balorazioaren ondorioetarako).
b) Irakaskuntzako lanbide esperientzia: 12 puntu.
–Bere espezialitateko eskolak ematen egindako ikasturte eta ikasmaila bakoitzeko: 2 puntu.
Musika irakaskuntzen zentroek banatzen dituzten ziurtagirien bidez frogatuko da.
c) Irakaskuntzaz kanpoko lanbide esperientzia. Gehienez: 10 puntu.
–Egile gisa estreinaturiko musika konposizioak edo lege gordailua duten grabazioak: obra bakoitzeko 0,50 puntu. Gehienez: 5 puntu.
Konposizioaren autoretza egiaztatzen duen agiri bat eta konposizioaren edo grabazioaren kopia bat aurkeztuz frogatuko da.
–Musika kontzertuak, bakarlari gisa edo talde orokorreko kide gisa arituta: kontzertu bakoitzeko 0,50 puntu. Gehienez: 5 puntu.
Orkestrako edo bandako zuzendariak emandako ziurtagiri baten bidez frogatuko da. Orkestra edo banda horiek legez eraturik egonen dira.
c) Prestakuntza ikastaroak: Gehienez: 5 puntu.
–20 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,10 puntu.
–21 ortutik 50 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,20 puntu.
–51 ortutik 100 ordura bitarteko ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.
–101 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 1,00 puntu.
Kasuan kasuko erakundeek banatutako kasuan kasuko diplomak edo bertaratze-ziurtagiriak aurkeztuz frogatuko da prestakuntza ikastaroak gainditu direla. Ez dira baloratuko orduen iraupena frogatzen ez duten ikastaroak. Azken bost urteetan egindako ikastaroak baino ez dira baloratuko.
7.2. Oposizioaldia:
–Lehenbiziko proba: dagokion gaiaren programazio didaktikoa aurkeztea eta azaltzea (gehienez ere 20 minutuan).
–Bigarren proba: 10 minutuko saioa izanen da, Musika Eskolan matrikula egina duen ikasle bati eman beharrekoa, zein den ere haren maila. Alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, ikaslearekiko harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, musikako adibideen erabilera, eta baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera betiere musikako helburua erdieste aldera, baita izangaiari egokiak iruditzen zaizkion beste batzuk ere. Epaimahaiak egoki juzgatzen dituen argibideak oro eskatzen ahalko ditu.
7.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
7.4. Hautaprobetan, minusbalioa izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.
7.5. Proba gainditzeko, hautaprobetan ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu behar dute izangaiek.
8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.
8.1. Proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren webgunean proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako guztirako puntuazioaren hurrenkeran, eta Fernando Calahorra Musika Eskolako Patronatuaren lehendakariari igorriko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, hark onespena eman diezaion.
Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.
8.2. Gainditu duten izangaiei Alesbesko Musika Eskolan gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
8.3. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 4. ataleko zazpigarren xedapen gehigarria,
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duen apirilaren 10eko 13/2015 Foru Legeak emandako idazketaren arabera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeari dagokionez.
Oro bat, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua izanen da aplikatzekoa.
8.4. Eratzen den zerrendak hiru urteko indarraldia izanen du gehienez, onesten denetik hasita.
8.5. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan. Lanpostuak B mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu.
8.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuko beharrek hori eskatzen dutenean.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA
Eskabidea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1612014