210. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

181/2016 FORU AGINDUA, urriaren 11koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Barne Araubideko Brigadaren eginkizunak ezartzen dituena.

Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duen irailaren 21eko 72/2016 Foru Dekretuaren bidez Foruzaingoaren egitura organikoaren berrantolaketa egin da, haren eragimena eta eraginkortasuna hobetzeko asmoz. Foru dekretu horrekin batera, bost foru agindu onetsi dira, Nafarroako Foruzaingoa osatzen duten arloak banan-banan garatzeko.

Egitura berriaren berrikuntza nabarmenetako bat lehengo Barne Araubideko Dibisioari dagokio, izan ere, brigada izatera pasatzen da eta Ikuskapen Orokorraren Arloaren menpe egoteari uzten dio, organikoki Foruzaingoko buruaren menpe izatera igarotzeko.

Irailaren 21eko 72/2016 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduan Barne Araubideko Brigadari buruzko artikulu bat jaso bazen ere (zehazki, esleitzen zaizkion ikerketa lanetan izanen duen menpekotasun funtzionala finkatu zen), beharrezkoa da brigada horren eginkizun zehatzak finkatzea. Izan ere, eginkizun horiek Foruzaingoko Ikuskapen Orokorraren Arloa garatzen zuen foru aginduan agertzen ziren, baina, orain, ezin dira testu horren barrenan agertu, brigadaren menpekotasun organikoa aldatu baita, aurreko paragrafoan esan bezala.

Horregatik, arlo honetan indarra duen legediak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Barne Araubideko Brigada.

1. Barne Araubideko Brigada unitate zentrala da, eta Nafarroako Foruzaingoko buruari atxikita dago zuzenean, Nafarroako Foruzaingoaren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duen irailaren 21eko 72/2016 Foru Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe.

2. Barne Araubideko Brigadari eginkizun hauek dagozkio:

a) Foruzaingoko kideen jarduketari buruz eta, orobat, Nafarroako Segurtasun Eskolan ari diren izangaien jarduketari buruz agintari eskudunek finkatzen dituzten isilpeko informazioen eta ikerketen instrukzioa egitea.

b) Zerbitzua hobetzearren zehazten diren polizia zerbitzuen auditoria eta ebaluazioa.

c) Foruzaingoko kideei eta haien ahaideei arreta eta laguntza pertsonala ematea, ohiz kanpoko egoeretan edo ezbehar larrietan.

d) Foruzaingoan etika profesionala lortzeko prebentzio ekintzak sustatu eta garatzea, gizarteak arlo horretan espero duenarekin bat.

e) Foruzaingoarekiko harremanetan herritarrek dituzten esker on, aholku eta erreklamazioen inguruko guztia kudeatzea.

f) Foruzaingoaren armei buruzko kontu guztien kontrol eta kudeaketa administratiboa, baita armen azterketak egitea ere, Prestakuntza Taldearekin koordinaturik.

g) Lanbideko sinestamenduen kontrol eta kudeaketa administratiboa.

h) Foruzaingoak Zerbitzuen Gutunaren bidez bere gain hartutako konpromisoak betetzen ote diren begiratzea.

i) Agintari eskudunek agintzen dizkioten diziplina espedienteak tramitatzea.

j) Agintzen zaion izaera bereko beste edozein.

2. artikulua. Lanpostuen atxikipena.

Barne Araubideko Brigadari atxikitako lanpostuak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak urriaren 11n emandako 170/2016 Foru Aginduaren eranskinean brigada horri atxiki zaizkionak dira (foru agindu horren bidez Nafarroako Foruzaingoko Ikuskapen Orokorraren Arloaren egitura organikoa garatu da).

Azken xedapen bakarra.–Foru dekretu honek 2016ko azaroaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko urriaren 19an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1611876