210. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

438/2016 EBAZPENA, urriaren 18koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta zati bat berritzeko, hezkuntza komunitateko sektore guztien parte hartzea bermatzeko asmoz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa eta Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako gobernu organoak arautzen dituen martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretua kontuan harturik, ebazpen honen xedea da ikastetxe horietako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea, bai eta horien eranskina ere. Hona hemen:

I.–Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetan aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola Kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia bukatu delako.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.–Hautapen prozesua prestatzea.

1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako Eskola Kontseiluak hautatu eta haien zati bat berritzeko deialdia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako gobernu organoak arautzen dituen martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuan horri buruz ezarritakoari lotuko zaio.

2. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hautesle-errolda eginen dute. Hauek dira errolda horretan jaso beharreko datuak: boto eskubidea dutenen izena, deiturak eta NANa edo dokumentu baliokidea.

3. Halaber, zuzendaritzek Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III.–Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, jendaurreko ekitaldian eratuko da azaroaren 2tik aurrera. Hauteskunde Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

–Irakasle bat.

–12 urtetik gorako ikasle bat.

–Aita, ama edo legezko ordezkari bat.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2. Batzordeko kide guztiak, zuzendaria izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle-errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

3. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

4. Hauteskunde Batzordeak mahaien eraketa sustatu behar du, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatu.

5. Hauteskunde Batzordearen eskumenak otsailaren 10eko 94/1993 Foru Dekretuaren 26. eta 27. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak dira.

6. Artikulu horietan xedatutakoaz gain, Hauteskunde Batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde mahaiak.

1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako, gurasoendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira, martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 30., 35., 36., 40., 41., 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hauteskunde mahaiek bozketa arautu, bozketaren zuzentasuna begiratu eta botoak kontatuko dituzte.

2. Irakasleen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.

3. Gurasoen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak. Haietatik gazteenak idazkari lanak eginen ditu. Hauteskunde Batzordeek ordezko kideak ere izendatuko dituzte (horiek ere zozketa bidez aukeratuak).

4. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Ikasle zaharrenak idazkari lana eginen du.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, ikastetxeko idazkaria eta, langileen artetik, ikastetxean antzinatasun handiena duena izanen dira. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko beren sektorean.

2. Eskola Kontseilua osatzeko modua martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan ezarrita dago.

3. Lehenbizikoz hautatu ondoren, Eskola Kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdi bat eta gero bestea, nahiz eta horrek ez duen galarazten tarte horretan hutsik gelditzen diren postuak betetzeko aukera.

4. Erdi bakoitzeko ordezkarien kopurua, sektore bakoitzean, ebazpen honen eranskinean ageri da.

5. Hautagaitza Hauteskunde Batzordeari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko da, hautagaiak sinatua, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia atxikita.

6. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea zehaztuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar dela gutxienez.

Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko bi egun baliodunean hartuko du erreklamazioaren gaineko erabakia, eta hartzen dituen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etengo.

7. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.–Hauteskunde prozesua.

1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2016ko azaroaren 21etik abenduaren 14ra bitarte eginen dira, biak barne.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira.

2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagai zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Irakasleen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 28., 29., 30., 31. eta 32. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, irakasleen ordezkariak hautatzeko prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratzeko. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira. Irakasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Zenbaki hori zatikizkoa baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Aurreneko bozketan behar adina irakasle hautatzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da kopuru horretara iristeko.

4. Gurasoen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 33., 34., 35., 36., 37., 38. eta 39. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Hautesle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Zenbaki hori zatikizkoa baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde mahaiari dagokion frogagiria aurkeztu gabe.

Ikasleen gurasoek botoa posta bidez eman dezakete. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, Hauteskunde Batzordera igorriko baita, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia eta bigarren gutun-azala sartuko dira. Bigarrenaren barnean boto-papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal frankeatu bat igortzen ahalko dute, edo gutun-azal bikoitza Hauteskunde Batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian sartu. Hautesleek behar den dokumentazioa eskatuko diote Hauteskunde Batzordeari eskubide hori erabili ahal izateko. Hauteskunde Batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta ordu hori iritsi baino lehentxeago hauteskunde mahaiari emanen dizkio. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko.

5. Ikasleen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 40., 41., 42. eta 43. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Ikasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Zenbaki hori zatikizkoa baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Bozketa egiteko, Hauteskunde Batzordearen jarraibideen arabera jokatuko da.

6. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorearen ordezkaria martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 44., 45. eta 46. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko da.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa.

VII.–Postu hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren postu hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere postu hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Postu hutsak esleitzeko orduan, agintaldi luzeena duen kidearen postu hutsa esleituko zaio boto gehien biltzen duen hautagaiari. Hortaz, ordeztutako kidearen agintaldia zein egunetan bukatuko litzatekeen, egun horretantxe bukatuko zaio kide berriari.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiko postu hutsak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko postu hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko postu hutsen kopurua adinakoa bada, Hauteskunde Batzordeak zehaztuko du erdiko bati edo besteari esleitzeko prozedura.

VIII.–Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (mamizkoak eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, Hauteskunde Batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.

IX.–Kide izendatuak.

1. Martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 20. artikuluak dioenaren arabera, ikastetxea kokatuta dagoen udalerriko zinegotzi edo ordezkari bat ere izanen da Eskola Kontseiluan. Eskola Kontseiluko kide izanen da, orobat, legez eratuta dagoen eta ordezkaritza zabalena duen guraso elkarteko aita edo ama ordezkari bat.

2. Hauteskunde Batzordeak ikastetxea kokatuta dagoen udalerriko udalari eskatuko dio Eskola Kontseiluko kide izateko zinegotzi edo ordezkari bat izenda dezala.

3. Halaber, ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso elkarteari eskatuko zaio Eskola Kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezala. Ondorio horietarako, ordezkaritza handiena duen guraso elkartea izanen da hautesle-erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztu beharreko ziurtagirian adierazten denaren arabera. Hauteskunde Batzordeak edozein unetan eska dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko.

Elkarte horren izendapen proposamenik ez bada edo ikastetxean horrelako elkarterik ez bada, postu huts hori beteko du gurasoen sektoreko ordezkoen zerrendan lehenbizi dagoen hautagai ez-hautetsiak, eskola kontseiluaren zati bat berriz berritu arte.

4. Arte Eskolen kasuan, gutxienez ere bi lanbide arloko heziketa zikloak irakasten baldin badira, Hauteskunde Batzordeak eskolaren jardunaren esparruan ordezkaritza zabalena duen enpresaburuen elkarteari eskatuko dio ordezkari bat izendatzeko. Eskola Kontseiluan hitza izanen du bai baina botorik ez.

5. Ikasleen gurasoen ordezkaria, guraso elkarteak izendatutakoa, udaleko zinegotzia edo ordezkaria eta, horrelakorik bada, enpresaburuen elkarteak proposatzen duen ordezkaria, Eskola Kontseiluaren bi erdietako baterako hauteskundeak egitean, hau da, bi urtetik behin berrituko dira, edo, lehenago, haiek izendatu zituen organoak erabakitzen duenean.

6. Guraso elkarteak bi urterako izendatuko du bere ordezkaria, baina horrek bere kargua epe hori igaro baino lehen uzten badu, guraso elkarteak beste ordezkari bat proposatuko du gelditzen den aldirako. Proposamen hori bi hilabeteko epean egin ezean, postu hutsa gurasoen sektoreko zerrendan lehenbizi dagoen ordezkoak beteko du, Eskola Kontseiluaren zati bat berriz berritu arte.

X.–Eskola Kontseilua eratzea.

1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko zazpi egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu gabe izan –sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik–.

XI.–Prozesuaren bermea.

Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, eskoletako zuzendariek eta Hauteskunde Batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta dagokion eranskina Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta dagokion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2016ko urriaren 18an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Eskola Kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetan (2016/2017) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1611692