210. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

428/2016 EBAZPENA, urriaren 13koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko eta zuzendaria izendatzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du, ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluetako kideak eta zuzendaria berritzeko jarraibideak ematen dituen ebazpen hau onets dadin.

Alderdi horiek Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikulutik 59.era bitartekoetan araututa daude.

Bestalde, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluak agintzen du titularrak ikastetxeko Eskola Kontseilua eratu beharko duela, eta zuzendaria izendatu. Era berean, foru dekretu horren 26. artikuluak zehazten du Eskola Kontseilua eratuko dela hauteskunde prozesuaren publikotasuna eta objektibotasuna eta eskola komunitateko kideen boto pertsonal, zuzen, berdin eta sekretua bermatuko duen prozedura bati jarraikiz.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aplikatuz, bidezkoa da ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko arauak onestea, bai eta agintaldia orain bukatzen duten ikastetxe horietako zuzendariak berritzeko prozedurarako arauak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko eta, hala behar izanez gero, zuzendaria izendatzeko jarraibideak onestea. Hona hemen:

I.–Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola Kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia bukatu delako.

–Zuzendaria berritu behar badute, haren agintaldia bukatu delako.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.–Hautapen prozesua prestatzea.

1. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hautesle-errolda eginen dute. Hauek dira errolda horretan jaso beharreko datuak: boto eskubidea dutenen izena, deiturak eta NANa edo dokumentu baliokidea. Hori dela eta, kontuan izan behar da gurasoen ordezkaria hautatzeko eta hautatua izateko eskubidea ikastetxeko ikasleen aitak eta amak daukatela, edo, hala badagokio, legezko ordezkariek.

Halaber, Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III.–Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, jendaurreko ekitaldian eratuko da azaroaren 2tik aurrera. Hauteskunde Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

–Irakasle bat.

–Ikasle baten aita, ama edo legezko ordezkari bat.

–Ikasle bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik aurrera.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.

–Ikastetxeko titularra edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Batzordeko kide guztiak, ikastetxeko zuzendaria eta titularra izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle-errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

2. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

3. Hauteskunde Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza komunitateko sektore guztien hautesle-erroldak onetsi eta argitara ematea, zuzendariak prestatu ondoren.

b) Ikastetxeko hauteskunde egutegia zehaztea.

c) Hauteskunde prozesua antolatzea.

d) Hautagai zerrendak aurkezteko epea ezartzea.

e) Hautagai zerrendak onetsi eta aldarrikatzea. Hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar da gutxienez.

f) Boto-paperen ereduak onestea, egokia iruditzen bazaio.

g) Hauteskunde mahaien eraketa sustatzea, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatzea.

h) Hautesle taldeek boto eskubidea zein ordutan erabil dezaketen zehaztea.

i) Hauteskunde mahaien erabakien aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

j) Hautetsien aldarrikapena egitea eta aktak Hezkuntza Departamentura igortzea.

4. Aurreko puntuan xedatutakoaz gain, Hauteskunde Batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde mahaiak.

1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako, gurasoendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira.

Hauteskunde mahaiak, bozketa saioan lehendakari gisa aritzeaz gainera, bozketaren zuzentasuna begiratu eta botoak kontatuko ditu.

2. Irakasleen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.

3. Gurasoen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak. Haietatik gazteenak idazkari lanak eginen ditu.

4. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan arituko dena, eta zozketaz aukeratutako bi ikasle (DBHko 1. mailatik aurrera) izanen dira. Ikasle zaharrenak idazkari lanak eginen ditu.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak zuzendaria, mahaiburu lanetan arituko dena, eta, langile horien artetik, ikastetxean antzinatasun handiena daukana eta antzinatasun txikiena daukana izanen dira. Azken horrek idazkari lanak eginen ditu. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko. Hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren ordezkariak sektore horretako kideek hautatu beharko dituzte. Bi sektoretakoa den kideren bat izanez gero, bietarako hautagai izaten ahalko da, baina bietarako hautatzen badute bakar baten ordezkaritza hartu beharko du.

2. Ikastetxe itunduetan, Eskola Kontseiluak honako kide hauek izanen ditu:

–Zuzendaria.

–Ikastetxeko titularraren hiru ordezkari.

–Irakasleen lau ordezkari.

–Ikasleen gurasoen hiru ordezkari, bai eta legez eratuta dagoen eta ordezkaritza handiena duen guraso elkarteko ordezkari bat ere.

–Ikasleen bi ordezkari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ikasmailatik aurrerakoak.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Ikastetxeko Eskola Kontseilua eratuta, horrek pertsona bat izendatuko du gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasun benetakoa eta eraginkorra bultzatzeko hezkuntza neurriak susta ditzan.

3. 300 ikasle baino gehiago izan eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetan edo ikasleen %25 gutxienez Lanbide Heziketako ikasketetan ari diren ikastetxeetan, ikastetxearen jarduketa eremuan ordezkaritza handiena duten enpresaburuen erakundeak proposaturiko ordezkari bat sartzen ahalko da Eskola Kontseiluan, hitza duela baina botorik ez.

4. Hezkuntza Bereziko berariazko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko unitateak dauzkatenetan hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat ere izanen da Eskola Kontseiluko kide.

5. Ikastetxe itundu sortu berriak direnetan eta Eskola Kontseilua lehenbiziko aldiz eratu behar dutenetan, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, Eskola Kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi, eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, ebazpen honen hurrengo puntuan xedatutakoaren arabera.

6. Eskola Kontseiluaren zati bat berritzearen ondorioetarako, kide hautetsien bi erdietako bakoitza (horietan ez dira sartzen ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkaria edo horren ordezkoa eta ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundearen ordezkaria) honela eratuko da, ebazpen honen eranskinean azaltzen den moduan:

a) Lehenbiziko erdia:

–Ikastetxeko titularraren bi ordezkari.

–Irakasleen bi ordezkari.

–Gurasoen ordezkari bat.

–Ikasleen ordezkari bat, halakorik baldin bada.

–Hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat, halakorik bada.

b) Bigarren erdia:

–Ikastetxeko titularraren ordezkari bat.

–Irakasleen bi ordezkari.

–Gurasoen bi ordezkari.

–Ikasleen ordezkari bat, halakorik baldin bada.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

7. Lehenbiziko erdia eta bigarren erdia txandaka berrituko dira bi urtetik behin, ebazpen honen aurreko atalean erdi horietako bakoitzarentzat finkatutako osaketaren arabera.

8. Hautagaitza Hauteskunde Batzordeari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko da, hautagaiak sinatua, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia atxikita.

9. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea zehaztuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar dela gutxienez.

Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko bi egun baliodunean hartuko du erreklamazioaren gaineko erabakia, eta hartzen dituen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etengo.

10. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.–Hauteskunde prozesua.

1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2016ko azaroaren 21etik abenduaren 14ra bitarte eginen dira, biak barne.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira.

2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagai zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira. Hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde mahaian behar den frogagiria aurkeztu gabe.

4. Gurasoek eta irakasleek hiru izen jarriko dituzte gehienez beren boto-paperean bete beharreko postuak lau badira, bi izen hiru badira eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean.

Ikasleek, administrazioko eta zerbitzuetako langileek eta hezkuntza-arreta osagarriko langileek izen bakarra jarriko dute beren boto-paperean.

5. Ikasleen gurasoek posta bidez eman dezakete botoa. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, ikastetxeko Hauteskunde Batzordera igorriko baita, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia eta bigarren gutun-azala sartuko dira. Bigarrenaren barnean boto-papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal frankeatu bat igortzen ahalko dute, edo gutun-azal bikoitza Hauteskunde Batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian sartu. Hautesleek behar den dokumentazioa eskatuko diote Hauteskunde Batzordeari eskubide hori erabili ahal izateko. Hauteskunde Batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta ordu hori iritsi baino lehentxeago hauteskunde mahaiari emanen dizkio. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko.

6. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria hautatzeko bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria Eskola Kontseiluko lehen erdiko parte izanen da, eta bere kargua utziko du hautatutako erdi horri dagokion epea bukatutakoan.

VII.–Postu hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren postu hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere postu hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Postu hutsak esleitzeko orduan, agintaldi luzeena duen kide ordeztuaren postu hutsa esleituko zaio boto gehien bildu dituen hautagaiari.

Hautatzen diren ordezkarien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoaren agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiko postu hutsak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko postu hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko postu hutsen kopurua adinakoa bada, Hauteskunde Batzordeak zehaztuko du erdiko bati edo besteari esleitzeko prozedura.

VIII.–Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (mamizkoak eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, Hauteskunde Batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.

IX.–Kide izendatuak.

1. Hauteskunde Batzordeak Eskola Kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezala eskatuko dio ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso elkarteari, bai eta ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundeari ere, halakorik dagoenean.

2. Guraso elkarteak aukeratzen duen ordezkariak ikasleen gurasoen hautesle-erroldan agertu beharko du. Haren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, Eskola Kontseiluko erdietako bat berritzen den bakoitzean hura ere berrituko da, eta ikasleen guraso hautetsiek kargua uzteko ezarri diren kasu berberetan utzi beharko du berak ere kargua, eta, horretaz gainera, baita izendatzen duen guraso elkarteak erabakitzen duenean ere.

3. Ordezkaritza handiena duen guraso elkartea izanen da hautesle-erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztu beharreko ziurtagirian adierazten denaren arabera. Hauteskunde batzordeak edozein unetan eska dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko.

4. Ikasleen guraso elkarteak izendaturiko ordezkariak kargualdia amaitu baino lehen uzten badu kargua, elkarteak beste ordezkari bat izendatu beharko du, aurrekoaren kargualdia amaitzeko falta den denbora horretan aritu dadin. Bi hilabeteko epean izendapenik egiten ez bada, gurasoen sektoreko ordezkoen zerrendan postua lortu ez zutenen artean boto gehien eskuratu zuen hautagaiak hartuko du postu hori, Eskola Kontseiluaren zati baten berritzea egin arte.

5. Ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundeak izendatzen duen ordezkariaren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, Eskola Kontseiluko erdietako bat berritzean hura ere berrituko da. Ordezkari horrek kargua utzi beharko du izendatzen duen enpresaburuen erakundeak edo ikastetxeko titularrak horixe erabakitzen badu.

X.–Eskola Kontseilua eratzea.

1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko zazpi egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu gabe izan –sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik–.

XI.–Zuzendariaren izendapena.

1. Eskola Kontseilua eratu ondoren eta, betiere, 2017ko otsailaren 3a baino lehen, zuzendaria izendatuko da, kargualdia bukaturik, berritu beharra duten ikastetxeetan.

2. Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 59. artikuluan ezarritako arauei jarraikiz izendatuko da zuzendaria, eta hiru urteko kargualdia izanen du.

3. Zuzendaria izendatzeko erabakia Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, izendapena egin eta 10 egun naturaleko epean. Erabaki horretan zuzendari berriaren izen-deiturak agertuko dira.

XII.–Prozesua bateratzea.

Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoa kontuan harturik, maila edo etapa bat baino gehiago duten ikastetxe itunduetan Eskola Kontseilu bakarra eratzen ahalko da; horrelako kasuetan zuzendari eta irakasle klaustro bakarra izanen dute ikastetxe osorako.

XIII.–Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxe itunduetako titularrak, zuzendariak eta Hauteskunde Batzordeak hautapen prozedura antolatzeaz arduratuko dira, hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartu ahal izateko bide egokienak emanez.

2. Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta Hauteskunde Batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

3. Ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak eratu eta zuzendariak izendatu ondoren, gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta dagokion eranskina Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta dagokion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2016ko urriaren 13an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Eskola Kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea ikastetxe itunduetan (2016-2017) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1611628