210. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

427/2016 EBAZPENA, urriaren 13koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko, hezkuntza komunitateko sektore guztien parte hartzea bermatzeko asmoz.

Kontuan harturik Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa (LOMCEk egindako aldaketaren ondoren), Hizkuntza Eskola Ofizialetako gobernu organoak arautzen dituen irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretua eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala sortu zuen azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretua, ebazpen honen xedea da ikastetxe horietako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea, baita dagokien eranskina ere. Hona hemen:

I.–Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola Kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia bukatu delako.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.–Hautapen prozesua prestatzea.

1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako Eskola Kontseiluak hautatu eta haien zati bat berritzeko deialdia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOMCEk egindako aldaketaren ondorioz) eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako gobernu organoak arautzen dituen irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuan horri buruz ezarritakoari lotuko zaio.

2. Eskoletako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hautesle-errolda eginen dute. Hauek dira errolda horretan jaso beharreko datuak: boto eskubidea dutenen izena, deiturak eta NANa edo dokumentu baliokidea.

3. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean, ikasleen sektorearen errolda Hizkuntza Eskola Ofizialek berezkoak dituzten irakaskuntzetan, urrutiko irakaskuntzaren modalitatean (That’s English programa), matrikulaturik dauden ikasleekin eginen da.

4. Halaber, zuzendaritzek Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III.–Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, jendaurreko ekitaldian eratuko da 2016ko azaroaren 2tik aurrera.

2. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

–Bi irakasle.

–Bi ikasle.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Batzordeko kide guztiak, zuzendaria izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle-errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

3. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

4. Hauteskunde Batzordeak mahaien eraketa sustatu behar du, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatu.

5. Hauteskunde Batzordearen eskumenak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 24. eta 25. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak dira.

6. Artikulu horietan xedatutakoaz gain, Hauteskunde Batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde mahaiak.

1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira, irailaren 2ko 959/1998 Errege Dekretuaren 28., 32. eta 36. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hauteskunde mahaiek bozketa arautu, bozkatzearen zuzentasuna begiratu eta botoak kontatuko dituzte.

2. Irakasleen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.

3. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu ariko dena, eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak. Ikaslerik zaharrena idazkari gisa arituko da.

4. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu arituko dena, ikastetxeko idazkaria eta, langileen artetik, eskolan antzinatasun handiena duena izanen dira. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko, baina kontuan hartuko da ikasleen sektorean hautesle eta hautagai izateko eskubidea Hizkuntza Eskola Ofizial bakoitzean ofizialki matrikulatutako ikasleek bakarrik daukatela.

2. Eskola Kontseiluaren osaketa, hizkuntza eskola bakoitzak duen ikasle kopuruaren araberakoa, irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 19., 20. eta 21. artikuluetan ezarrita dago.

3. Lehenbizikoz hautatu ondoren, Eskola Kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdi bat eta gero bestea, nahiz eta horrek ez duen galarazten tarte horretan hutsik gelditzen diren postuak betetzeko aukera.

4. Erdi bakoitzeko ordezkarien kopurua, sektore bakoitzean, ebazpen honen eranskinean ageri da.

5. Hautagaitza Hauteskunde Batzordeari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko da, hautagaiak sinatua, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia atxikita.

6. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea paratuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar dela gutxienez.

Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko bi egun baliodunean hartuko du erreklamazioaren gaineko erabakia, eta hartzen dituen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etengo.

7. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.–Hauteskunde prozesua.

1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2016ko azaroaren 21etik abenduaren 14ra bitarte eginen dira, biak barne.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte hartzea errazteko moduan ezarriko dira.

2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Ikasleen sektorean hautagai zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Irakasleen sektoreko ordezkariak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 26., 27., 28., 29. eta 30. artikuluetan xedatzen denari jarraikiz hautatuko dira.

Zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, irakasleen ordezkariak hautatzeko prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratzeko. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira. Irakasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Zenbaki hori zatikizkoa baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Aurreneko bozketan behar adina irakasle hautatzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da kopuru horretara iristeko.

4. Ikasleen sektoreko ordezkariak irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 31., 32., 33. eta 34. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Ikasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Zenbaki hori zatikizkoa baldin bada, beste izen bat gehituko zaio. Bozketa egiteko, Hauteskunde Batzordearen jarraibideen arabera jokatuko da.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektoreko ordezkaria irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 35., 36. eta 37. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko da. Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde mahaia eratuko da. Bozketa boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen da. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa.

VII.–Postu hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren postu hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere postu hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Postu hutsak esleitzeko orduan, boto gehien duen hautagaiak agintaldi luzeena hartuko du, eta haren agintaldia amaituko da ordezten duenaren agintaldiak amaitu beharko zuen egun berean.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten eskolek postu hutsak esleitzeko deskribatu den prozesua erabiliko dute berritu beharrekoa ez den erdiko hutsuneak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko postu hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko postu hutsen kopurua adinakoa bada, Hauteskunde Batzordeak zehaztuko du erdiko bati edo besteari esleitzeko prozedura.

VIII.–Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (mamizkoak eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, Hauteskunde Batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.

IX.–Kide izendatuak.

1. Irailaren 2ko 959/1988 Errege Dekretuaren 19. artikuluak dioenaren arabera, ikastetxea kokatuta dagoen udalerriko zinegotzi edo ordezkari bat ere izanen da Eskola Kontseiluan.

2. Hauteskunde Batzordeak ikastetxea kokatuta dagoen udalerriko udalari eskatuko dio Eskola Kontseiluko kide izateko zinegotzi edo ordezkari bat izenda dezala.

3. Udaleko zinegotzi edo ordezkaria Eskola Kontseiluaren bi erdietako baterako hauteskundeak egitean, hau da, bi urtetik behin, berrituko da, edo lehenago, udalak berak erabakitzen badu.

X.–Eskola Kontseilua eratzea.

1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko zazpi egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu gabe izan –sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik–.

XI.–Prozesuaren bermea.

Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, eskoletako zuzendariek eta Hauteskunde Batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta dagokion eranskina Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta dagokion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2016ko urriaren 13an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

ERANSKINA

Eskola Kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea Hizkuntza Eskola Ofizialetan (2016-2017) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1611629