21. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

7/2016 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozeduraren jarraibideak, egutegia eta eskabide eredua onesten dituena, 2016-2017 ikasturterako.

8/2015 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak onesten ditu, eta haren 3. oinarriaren 3. idatz-zatian ezartzen den moduan, eskolatze arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak, urtero, ebazpen batean finkatuko ditu ikasturte bakoitzeko prozesua zehazten duten data eta jarraibideak.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozedurarako jarraibideak, egutegia eta eskabide eredua onestea, 2016-2017 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egin ditzaten; ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan jaso dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Elkarbizitzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Plangintzaren Zerbitzura eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

I. ERANSKINA

HAUR HEZKUNTZAKO BIGARREN ZIKLORAKO ETA LEHEN HEZKUNTZARAKO JARRAIBIDEAK

IKASPOSTUA ESKATZEA

1.–Ikastetxeek eskabide orriaren fotokopia zigilatua emanen diote eskatzaileari, eskabidea zein egunetan sartu den adierazita duela.

2.–Aurreinskripzioa egiteko eskabidearekin batera, erroldatze ziurtagiria edo bolantea aurkeztu behar da. Bertan, gutxienez ere, ikaslearen izena eta aitaren eta/edo amaren edo legezko tutorearen izena agertuko dira eta helbide horretan bizi behar dira dagokion puntuazioa lortzeko.

3.–Ikastetxeek EDUCA bidez sartuko dituzte eskabide guztiak aurreinskripzioa egiteko epean, puntu guztiak betez.

4.–Nahitaez igorri eta jakinarazi behar da matrikularako aurreikuspena horretarako ezarritako epean, EDUCA programako “Ikastetxearen eskaintza (VII. eranskina)” atalaren bidez.

ESKABIDEAK AURKEZTEA ETA BANATZE ETA DIBORTZIO EGOERAK

Eskabidea baliozkotzat eta eraginkortzat joko da ondoko kasuetako bat gertatzen denean:

* Bi gurasoek sinatu dute.

* Gurasoetako batek bakarrik sinatu du, baina Zin eginez aitortzen dut gurasoak/tutoreak ados gaudela eskabide honekin laukitxoa markatu du.

* Gurasoetako batek bakarrik sinatu du, baina Aitortzen dut gurasoak/tutoreak banatze, dibortzio edo desadostasun egoeran gaudela eta ebazpen judiziala edo indarreko agiria ematen dut, non ondorioztatzen den soilik niri dagokidala erabakitzea semea/alaba zein ikastetxetan eskolatu laukitxoa markatu du, aipatutako agiriak eman ditu eta agiri horietatik erabakia soilik berari dagokiola ondorioztatzen da. Agiri horietatik ez bada ondorioztatzen erabakia soilik berari dagokiola, eskabidea tramitatuko da banatze, dibortzio edo desadostasun egoeretan ikastetxeek nola jardun behar duten arautzen duten jarraibideetan eskolatzeari buruzko zatian (1. atala) ezarritako irizpideen arabera ulertu badaiteke bi gurasoek onartzen dutela, eta egoera hori emandako agiriekin egiaztatu bada.

* Beste edozein kasutan, eskatzaileari eskabidea osatzeko eskatu beharko zaio, ematen zaion epean ez badu egiten eskabidea baliogabetuko dela ohartaraziz.

POSTA KODEA

1.–Eskatzailearen helbidearen posta kodea eta eskatzen den ikastetxearena kode bera izan beharko dira, irizpide osagarri horren bidez eskatzaileari 0,5 puntu eman ahal izateko. Errolda ziurtagirian edo bolantean, helbide hori ohiko helbide gisa agertu beharko da, gutxienez ere, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen.

2.–Ikastetxean ikasleak bi egoitza desberdinetan, bata bestearen ondoren, eskolatuz gero, bi posta kodeak hartuko dira kontuan.

JAIEGUNAK

1.–Ebazpen honen II. eranskinean adierazitako datak aginduzkoak dira. “Bukaera egunen bat” jaieguna bada ikastetxe batean, jai ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar duen publizitatea emanen zaio.

IRIZPIDE OSAGARRIAK

1.–8/2015 Foru Aginduak 2. oinarriko 7. idatz-zatian ezartzen duen gisan, ikastetxe bakoitzeko organo eskudunak gehienez ere puntu bat ematen ahalko du beste irizpide osagarri batzuengatik.

2.–Ikastetxeek EDUCA bidez igorri beharko dituzte irizpide osagarri hauek Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, behin baino ez eta 2016ko otsailaren 8ko 14:00ak baino lehenago, hark gainbegira ditzan.

3.–Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak ikastetxeei jakinaraziko die, EDUCA bidez, proposatu dituzten irizpide osagarriak onartu edo baztertu egiten dituen.

IKASLEAK ONARTZEKO BAREMOA

1.–Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2.–Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

3.–2014. urteko lanbidearteko gutxieneko soldata urtean 9.034,20 eurokoa da. Errenta aitorpena aurkeztuz gero, baliozkotze mekanikoaren kodea daraman ale bat izan beharko du. Per capita errenta kalkulatzeko kontuan izanen dira ondoan, dagokion atalean, adierazten diren jarraibideak. Behin per capita errenta kalkulatu denean, balio hori idatziko da EDUCA aplikazioan dagokion laukitxoan.

4.–EDUCAk horietako bakoitzari esleituko dizkion errenta tarteak eta puntuazioa ondokoak dira:

* Per capita errenta lanbidearteko gutxieneko soldataren erdia (4.517,10 euro) edo txikiagoa bada: 1,5 puntu.

* Per capita errenta, lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa, eta lanbidearteko gutxieneko soldataren hiru laurden (6.775,65 euro) edo txikiagoa bada: 1,0 puntu.

* Per capita errenta, lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurden baino handiagoa, eta lanbidearteko gutxieneko soldata (9.034,20 euro) edo txikiagoa bada: 0,5 puntu.

* Per capita errenta lanbidearteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada: 0 puntu.

5.–Urritasun maila, %33koa edo handiagoa, dokumentu hauetako baten bidez frogatuko da:

a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena, ziurtagiria edo txartela. (Gaur egun, Nafarroan, Eskubide Sozialetako Departamentua da organo eskuduna).

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (INSS) ebazpena, ezintasun iraunkor osoagatik, erabateko ezintasun iraunkorragatik edo baliaezintasun handiagatik pentsioduna dela adierazten duena.

c) Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren edo Defentsa Ministerioaren ebazpena, zerbitzurako ezintasun iraunkorragatik edo desgaitasunagatik erretiro pentsioa aitortzen duena.

6.–Legez familia ugariko kide dela egiaztatzeko, horretarako ezarritako titulu ofiziala aurkeztuko da.

7.–Eskaerak hartzeko epea bukaturik, ez da baremoan eragin dezakeen dokumentazio gehiago onartuko.

8.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak EDUCAtik ateratako eredua erabiliz emanen dira aditzera, eta ikastetxeko toki ageri batean erakutsiko dira.

9.–Zerrendak argitaratu aurretik, ikastetxeek onarpena EDUCAren bidez jakinarazi beharko dute.

PER CAPITA ERRENTAREN KALKULUA, IKASLEAK ONARTZEKO BAREMORAKO

1.–Ondorio hauetarako, familia unitatearen errentatzat joko d(ir)a likidazio oinarri guztizkoa(k) (Nafarroan, errenta aitorpeneko 525 laukitxoa).

2.–Ondorio hauetarako, familia unitatetzat joko dira familia bateko kideak, errenta aitorpeneko lehenengo orrian daudenak (aitorpenaren egilea, ezkontidea eta PFEZaren gaineko foru araudian ezarrita dauden terminoetan murrizketarako eskubidea duten pertsonak).

3.–Ondorio hauetarako, familia unitatearen per capita errenta kalkulatuko da likidazio oinarri guztizkoa (atal honetako 1. puntua) zati familia unitateko kide kopurua eginez (atal honetako 2. puntua).

GIZARTE ETA KULTURA EGOERA AHULEAN DAUDEN IKASLEENTZAKO ERRESERBA

1.–Erreserbatutako ikaspostu horiek eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa da herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena aurkeztea.

BESTE ERRESERBA BATZUK

1.–Ikasleak atzerriko hizkuntza bat ikasteko mugi daitezela errazteko, ikastetxeek hori dela eta ikastetxera joaten ez diren ikasleak beren ikaspostuetan matrikulatuta mantenduko dituzte, gehienez ere, ikasturte batez. Epe hori bukatuta ikaslea ez bada ikastetxera itzultzen, zegokion ikaspostua galduko du.

2.–Behin matrikulatu ondoren, aurreko puntuan aipatzen den kasuan dagoen ikasleak ikastetxeari egoera hori jakinarazi beharko dio, baita joanen den ikastetxearen izena, herria eta herrialdea ere.

JENDAURREKO ZOZKETA

1.–Jendaurreko zozketa egin behar duten ikastetxeek hura zein egun, ordu eta tokitan eginen den garaiz adieraziko diote Eskolatze Bulegoari. Zozketa gutxienez ere ikastetxeko zuzendariaren/titularraren aurrean eginen da, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua bertan dela.

2.–Jendaurreko zozketa egiteko prozedura:

a) Zozketan parte hartuko dutenekin zerrenda bat prestatuko da eta haietako bakoitzari zenbaki bat emanen zaio, batetik (1) hasi eta N arte (N parte-hartzaile kopurua da). Zerrenda zenbakidun hori zozketa hasi aurretik jarriko da jendaurrean.

b) Gutun-azal edo poltsa zabal eta opaku batean sartuko dira paper edo bola zenbakituak, hasi batetik (1) eta N arte (zozketatu beharreko eskabide kopuruak aginduko du).

c) Jarraian, bakoitzean paper edo bola bat aterako da.

d) Ateratako paperaren edo bolaren zenbakiak esanen du zerrendako zein pertsonak lortu duen ikaspostu hutsa.

e) Urte berean jaiotako anai-arreben eskaeren kasuan, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 4ko 8/2015 Foru Aginduaren 2. oinarriko 10. idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

f) Ikaspostu huts guztiak esleitu ondoren, prozedura berarekin segituko da itxaron zerrenda prestatzeko, zozketako parte-hartzaileen zerrenda agortu arte.

g) Zerrenda hau erabiliko da esleitutako ikaspostuei uko egiten bazaie.

h) Aurreko prozedura osoaren akta idatzi, eta hartan erregistratuko da zozketaren emaitza.

i) Zozketa bukatuta, haren emaitzaren arabera eratuko da onartu direnen zerrenda.

BEHIN-BEHINEKO ZERRENDARI EGINDAKO ERREKLAMAZIOAK

1.–Zer ikastetxetan egin den aurreinskripzioa, hango zuzendariari/titularrari zuzenduko zaizkio behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako epeko azken eguneko 14:00ak baino lehen.

AGIRIAK

1.–Ikasle berriek ikastetxe batean matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai epe arruntean eta berezian, bai ikasturtea hasita sartzen direnean:

a) Familia liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia eta, ikastetxeak erka ditzan, jatorrizko agiriak.

b) Txerto txartela edo zein txerto dosi hartu dituen edo zein osasun azterketa egin zaion adierazten duen beste agiri mediko bat.

c) Osasun txartelaren fotokopia.

d) Egindako osasun azterketen txostenak, ikasleak urritasunik, eritasunik edo ikastetxeak jakin beharreko beste osasun arazorik baldin badu (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar).

e) Erroldaren ziurtagiria edo bolantea aurreinskripzioaren orriarekin batera aurkeztuko da ikastetxean, horretarako ezarritako epeetan.

2.–Eskabide eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentu guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira familia liburuan agertzen direnekin.

EPE BEREZIA

1.–Herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako epe arruntean eskabidea egin ez duten ikasleek bakarrik izanen dute eskabidea epe berezian aurkezteko aukera. Ondorio horietarako ulertuko da bizileku aldaketa justifikatua dagoela posta kodea aldatu bada.

2.–Bizilekuz aldatu dela egiaztatzeko erroldatze agiri edo bolantea aurkeztu beharko da, eta bertan egiaztatu beharko da epe arrunta amaitu ondorengo datarekin eman duela alta bizileku berrian.

EPEZ KANPO ESKOLATZEA

1.–Ikaspostua eskatzen ahalko duten ikasle bakarrak izanen dira epe bereziaren ondotik bizilekuz aldatu direlako ikastetxe berria behar dutela justifikatzen dutenak. Ondorio horietarako ulertuko da bizileku aldaketa justifikatua dagoela posta kodea aldatu bada. Egoera horren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

2.–Ikastetxe guztiek eman eta jasoko dituzte eskabideak, ikaspostu hutsak izan edo ez, eta tramitatu eginen dituzte behar diren oharrekin, Hezkuntza Departamentuari ikasle horiek eskolatzen laguntzearren.

KOMUNIKAZIO BIDEAK

–Helbide elektronikoa:

preinscripcion@educacion.navarra.es

aurreinskripzioa@educacion.navarra.es

–Gurasoei eta ikasleei informazioa eta aholkua ematea: 848 42 66 17

–Tramitazio eta onarpen kontuak, ikastetxeentzat: 848 42 69 77

–Eskolatze Arloko koordinatzailea: 848 42 6557

–FAXa: 848 426987

II. ERANSKINA

2016-2017 ikasturtea haur eta lehen hezkuntzako ikasleak onartzeko prozesuaren egutegia

PROZESUA

HASIERA DATA

BUKAERA DATA

EPE ARRUNTA

Irizpide osagarriak Batzordeari igortzea

Otsailaren 8a

14:00ak arte

Ikastetxean izena emateko epea

Otsailaren 15a

Otsailaren 19a

14:00ak arte

Izena aurretik eman duten ikasleen datuak EDUCAren bidez sartzeko azken eguna

Otsailaren 23a

Onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda ikastetxean, ongi ikusteko moduko toki batean, jartzea. Onartutako ikasleen jatorrizko ikastetxeei jakitera ematea. (Educa)

Otsailaren 26a

Onartuen behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamazioak ikastetxean

Otsailaren 29a

Martxoaren 1a

14:00ak arte

Onartuen behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamazioak ebaztea, ikastetxearen aldetik

Martxoaren 3a

Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ikastetxean, ongi ikusteko moduko toki batean, jartzea

Martxoaren 4a

VII. eranskina (Aurrez ikusitako matrikula datuak) EDUCAren bidez igorri eta jakinaraztea

Martxoaren 4a

Onartuak izan ez diren ikasleak: Departamentuak ikaspostuak esleitzea

Martxoaren 7a

Martxoaren 14a

4. aukerako ikasleak: Departamentuak ikaspostuak esleitzea

Martxoaren 15a

Apirilaren 6a

Bigarren Hezkuntzako ikastetxera berari atxikitako ikasleen zerrenda igortzea

Apirilaren 6a

Apirilaren 7a

Ikasleak matrikulatzea

Ekainaren 22a

Ekainaren 28a

14:00ak arte

VII. eranskina (Matrikulatutako ikasleen datuak) EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea

Ekainaren 29a

EPE BEREZIA

Ikastetxean izena emateko epea

Irailaren 1a

Irailaren 2a

14:00ak arte

Izena aurretik eman duten ikasleen datuak EDUCAren bidez sartzeko azken eguna

Irailaren 2a

Onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda ikastetxean, ongi ikusteko moduko toki batean, jartzea. Onartutako ikasleen jatorrizko ikastetxeei jakitera ematea. (Educa)

Irailaren 2a

Onartuen behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamazioak

Irailaren 5a

Irailaren 6a

14:00ak arte

Onartuen behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamazioak ebaztea, ikastetxearen aldetik

Irailaren 6a

Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ikastetxean, ongi ikusteko moduko toki batean, jartzea

Irailaren 6a

Ikasleak matrikulatzea

Irailaren 7a

Irailaren 8a

14:00ak arte

VII. eranskina (Matrikulatutako ikasleen datuak) EDUCA bidez igorri eta jakinaraztea

Irailaren 8a

Onartuak izan ez diren ikasleak: Departamentuak ikaspostuak esleitzea

irailaren 9a

ANEXO

Haur eta lehen hezkuntzan izena emateko eskabidea. 2016-2017 Ikasturtea (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1600899