203. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

HEGO NAFARROA KIROL MANKOMUNITATEA

Estatutuetako aldaketa.
Behin betiko onespena

Hego Nafarroa Kirol Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2015eko abenduaren 9ko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen bere Estatutuak aldatzeko proiektua.

Proiektua jendaurrean egon da hilabetean Mankomunitatea osatzen duten udalen idazkaritzetan, eta ez da alegaziorik aurkeztu epe horretan.

Ondotik, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak emandako aldeko txostena izan du proiektuak, eta gero Mankomunitatea eratzen duten entitateen bi heren egiten duten udalen osoko bilkuretan onetsi da.

Horiek horrela, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50.1 artikuluaren 6. arauan xedatutakoari jarraituz, argitara ematen da testu osoa:

1. artikulua. Ablitas, Buñuel, Cabanillas, Cortes, Fitero, Fustiñana, Murchante eta Ribaforadako udalek borondatezko Mankomunitatea osatzen dute, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz, Estatutu hauen II. kapituluan jasotzen diren beraien eskumeneko zerbitzuak elkarrekin antolatu eta emateko.

Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoari ere.

–4. artikuluari erantsi zaio:

h) Mankomunitatea osatzen duten herrietako udal igerilekuetan sorospen zerbitzua ematea.

9. artikulua. Lehendakaria bozketa pertsonal, libre, zuzeneko eta isilpekoaren bidez hautatuko dute batzarkideek beren artean, legezko kopuruaren erabateko gehiengoarekin.

Izangaien artean berdinketarik gertatuz gero, gehiengo soilaz. Oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez.

Halaber, Lehendakariordea hautatuko da batzarkideen artean, Lehendakaria ordezkatzeko hura kanpoan edo eri dagoenean, baita berriz ere hautatu behar izateagatik postua hutsik dagoenean ere.

Kargu horiek Batzarra eratzeko bilkuran hautatuko dira. Haren deialdia, jarduneko Lehendakariak egin behar du, eta berdin eginen da handik aitzina berritzen denean.

Ordezkaritza karguek legegintzaldi bakoitzak dirauena iraunen dute.

27. artikulua. Mankomunitatea desegiteko arrazoiak izanen dira toki araubideari buruzko legedian ezarritakoetatik aplikatzen ahal zaizkionak.

Mankomunitatea desegingo da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Deseginez gero, Batzarrak likidazio batzorde bat izendatuko du, eta haren ardura izanen da Mankomunitatearen eskubide eta betebehar guztiak kitatzea eta, soberakinik bada, hura udal kideen artean banatzea, haien ekarpenen heinean.

Ablitasen, 2016ko urriaren 11n.–Lehendakaria, Saul Huguet Nuño.

Iragarkiaren kodea: L1611502