203. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

69/2016 FORU AGINDUA, urriaren 5ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 1997. urtean jaioak diren Nafarroako kirol federazioetako kirolarientzako diru-laguntzen deialdia onesten duena, 2016an osasun azterketak egiteko.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak 73. artikuluan ezartzen du Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren eginkizuna izanen dela programak planifikatu, koordinatu eta, zein den kasua, gauzatzea, kirol jarduera osasungarritasun eta segurtasun baldintza egokietan egin dadin.

Lehiaketan dabiltzan kirolari gazteak gizartean ditugun kide osasuntsuenak dira. Hala ere, oso gutxitan, lehiaketan dabiltzan kirolari gazteak bat-batean hiltzen ahal dira ariketan berean edo hura bukatu eta ordubetean. Heriotza horietako asko bihotzaren egiturazko eritasunen ondorio dira.

Lehiaketan dabilen kirolari gaztea bat-batean hiltzeko arriskua oso txikia izanagatik, arriskua duten gazte horien identifikazio eta tratamendu egokiak izugarri gutxitu dezake bat-bateko heriotza gertatzeko arriskua. Gaur egun eztabaida zabala dago nazioarteko ospea duten sozietate zientifikoen artean (Bihotz-hodietako Prebentzio eta Errehabilitaziorako Europako Sozietatea, Bihotzaren Amerikako Sozietatea, Kirol Medikuntzako Amerikako Elkargoa) gazteei osasun azterketa egitearen komenentziari buruz lehiaketazko kirolean hasi aurretik, egin beharreko osasun azterketa edo balorazio motari buruz, horren kostuaren eta onuraren arteko erlazioari buruz, gezurrezko positiboak diagnostikatzeak dakartzan ondorioei buruz, bat-bateko heriotzak lehiaketan dabiltzan kirolari gazteengan duen eraginari buruz, edo lehentasuna eman behar ote zaion baliabide publikoak horrelako osasun azterketetan erabiltzeari.

Bihotz-hodietako Prebentzio eta Errehabilitaziorako Europako Sozietatea da sozietate zientifiko interbentzionistena gai honetan. Sozietate horrek, orain urte batzuk Italian egindako azterlan batean oinarrituta, 35 urtez azpiko lehiaketazko kirolariei osasun azterketa egitea gomendatzen du; alegia, galdeketa bat historia familiar eta pertsonalari buruz bihotz-hodietako eritasunaren inguruan, azterketa fisikoa eta geldiuneko elektrokardiograma. Italian, agian munduko herrialde interbentzionistena arlo honetan, erakunde publikoek lehiaketan dabiltzan kirolari adoleszenteen osasun azterketa bakarrik finantzatzen dute.

Aurretik adierazitakoa eta aurrekontuko mugak kontuan izanda, uste da komenigarri dela diru-laguntza ematea gazte nafar federatuei osasun azterketa egiteko nerabezaro bukaeran. Nafarroako Kirol Federazioetako lehiaketazko kirolari gazteei, deialdiaren urtean 19 urte betetzen dutenean, osasun azterketa egitea du xede deialdi honek; batez ere, ariketan ari direla, bat-bateko heriotza prebenitzeko. Adin hori aukeratu da uste baita egokia dela bat-bateko heriotzari lotutako bihotzeko eritasunak edo haien aurrerapena atzemateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeek pediatrian eskaintzen dieten azken azterketa, 14 urte egiten duten urtean, egiteko izaten duten azken aukeratik.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Orobat, foru lege horren 17.1 artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du diru-laguntzak emateko. Araubide horretan araudiak edo oinarriek eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntza ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Aurrekoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2016ko ekainaren 1ean hartutako Erabakiaren bidez (3281 erabakia), baimena eman zitzaion Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari 1997an jaioak diren Nafarroako kirolari federatuentzako diru-laguntzen deialdia onesteko, banakako ebaluazio araubidean, 2016an osasun azterketa egin dakion kirolari bakoitzari.

Deialdi honetako laguntzak gauzazkoak dira, hau da, zerbitzu batzuk ematen dira, ezaugarri jakin batzuetako osasun azterketak direnak profesional mediko eta sozietate batzuen kargura, osasun laguntza xede izanik. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskuratzen ditu, kirolariei emateko, beste helbururik gabe, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren bosgarren xedapen gehigarrian eta azaroaren 17ko 38/2003 Legea garatzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Beraz, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak esparru-akordioa tramitatuko du, osasun laguntzako kontratuen esleipen-hartzaile izaten ahal diren profesional medikoak eta sozietateak hautatu eta gaitzeko, osasun laguntzak baitira eginen diren osasun azterketak.

Beharrezko txosten tekniko eta juridikoak egin eta erantsi zaizkio espedienteari, eta haietan agerian gelditzen dira deialdi honen onespenaren egokitasuna eta interes publikoa, bai eta deialdiaren legezkotasuna eta haren oinarri arautzaileena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1997. urtean jaioak diren Nafarroako kirol federazioetako kirolarientzako diru-laguntzen deialdia onestea, 2016an osasun azterketak egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak, onestea, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. 28.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko “Osasun azterketetarako diru-laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809336103 kontu-sailaren kargura.

Diru-laguntzen banaketa, betiere, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko urriaren 5ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

1997an jaioak diren Nafarroako kirolari federatuei banakako ebaluazioaren araubidean diru-laguntza emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, kirolari bakoitzari osasun azterketa bat egiteko 2016an

1.–Xedea.

Gauzazko laguntzak, hau da, 1997. urtean jaioak diren Nafarroako kirol federazioetako kirolariei 2016an osasun azterketak egiteko araubidea ezartzea dute xede oinarri hauek.

2.–Helburua.

Kirolari gazteen bat-bateko heriotza prebenitzen saiatzea du helburu deialdi honek, osasun azterketa eginez. Lehiaketan dabiltzan kirolari gazteak gizartean ditugun kide osasuntsuenak dira. Haien heriotzetako batzuk galarazten ahal dira gaian adituak diren sozietate zientifiko nagusien gomendioei jarraituz gero.

3.–Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Deialdi honetarako onetsitako gastua 28.000 eurokoa da, eta 2016ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretako “Osasun azterketetarako diru-laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336103 kontu-sailari egotziko zaio.

Diru-laguntzen banaketa, betiere, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

Laguntzaren zenbatekoa 28 eurokoa da osasun azterketa bakoitzeko.

4.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1997. urtean jaio eta 2016an Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (CEIMD) jarraipen medikorik izan ez duten Nafarroako Kirol Federazioetako kirolariak izaten ahal dira laguntza hauen onuradun.

Laguntzen onuradun izateko, kirolariek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Federazioaren lizentzia, Nafarroako edozein kirol federaziok emana, indarrean izatea.

b) Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebeharrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izatea.

c) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

5.–Diruz lagundu beharreko jarduerak.

1997. urtean jaioak diren Nafarroako kirol federazioetako kirolariei 2016an osasun azterketak egiteko gastuak gauzazko laguntzen bidez finantzatzeko helburua du deialdi honek. Kirolari bakoitzak osasun azterketa bakar baterako eskubidea izanen du.

Osasun azterketari dagozkion gastuak dira finantzatuko direnak. Osasun azterketa horren edukia eta ezaugarriak deialdi honen III. eranskinean deskribatzen dira.

6.–Eskaerak noiz arte eta non aurkeztu.

Eskaerak, dokumentazio osagarriarekin batera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25; 310002 Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aipatzen diren baliabideen bitartez.

Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2016ko azaroaren 10era arte.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, diru-laguntza kudeatzen duen organoari iragarri behar dio telefax, telex edo telegrama bidez proposamena igorri duela. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, betiere eskaera aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada. Halaber, epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

7.–Eskaerak eta dokumentazioa.

7.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaizkio, deialdi honen II. eranskinean datorren eredu normalizatuaren arabera.

7.2. Eskaerak behar bezala beteta egonen dira, dokumentazio hau erantsita dutela:

a) Federazioak emandako lizentzia indardunaren kopia.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

c) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

d) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa dokumentazio hori aurkeztea NGKIari baimena emanez gero egiaztapen horiek zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

7.3. Laguntza ordezkari edo ahaldun baten bidez eskatuz gero, ordezkaritza hori frogatzen duen dokumentua, ordezkatuak emana, aurkeztu beharko da.

7.4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari galdeginen zaio, jaso izana egiaztatzen duen agiri baten bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 19.3. artikuluak dioen bezala.

Errekerimendua modu elektronikoan egiten ahalko da, mezu elektroniko bat bidaliz eskatzaileak eskaeran jarritako helbidera. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak eskaeraren inprimaki orokorreko aitorpena sinatzean hala adierazi baldin badu berariaz.

8.–Banakako ebaluazioa.

Diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, eskaerak Erregistroan aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontu kreditu nahikoa dagoen bitartean.

9.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpenaren hurrenkeraren arabera, Kirolaren zuzendariordeak proposatuta.

9.2. Ebazpenak eman eta jakinarazteko epea 30 egunekoa izanen da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpenak jakinarazi ez badira, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskatzaile bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, diru-laguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

9.3. Deialdi honen babesean diru-laguntza bat eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldietan diru-laguntzak jasotzeko eskubidea eskuratzen denik.

10.–Osasun azterketak egiteko epea. Medikuaren aukeraketa librea.

Osasun azterketak, diruz lagundutako jarduerak direnez gero, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik 2016ko azaroaren 25 arteko epean egin beharko dira.

Laguntzen onuradunak diren kirolariek libreki jotzen ahalko dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak aukeratutako edozein enpresa edo profesional medikorengana. Hori dela eta, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak behar bezala eta garaiz argitaratuko du aukeratzen duen enpresa eta profesional medikoen zerrenda, ukitutako kirolariek ezagut dezaten.

Medikuak kontsulta egin ohi duen lokalean burutuko dira azterketak edo hark adierazten duen tokian.

11.–Datu pertsonalen erabilera.

Laguntzen onura jasotzen duten kirolariek, deialdi honen IV. eranskina bete eta aurkeztu beharko dute aukeratutako enpresa edo profesional medikoarengana jotzen dutenean. Horrela, beren borondatez baimendu eta onartuko dute tratamendua egiten duen medikuak erabil ditzala osasun azterketaren datuak. Datu horien lagapena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari egiten ahalko zaio, helburuak bete daitezen. Hori guztia Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan xedatutakoari jarraituz.

12.–Ordainketa.

Gauzazko laguntzak direnez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak kontratazio prozedura tramitatuko du osasun azterketak egiten ahalko dituzten medikuak eta entitateak aukeratu eta gaitzeko, eta beharrezko kontratuak esleituko ditu.

Horrela, laguntzen onuradunek ez dute dirurik jasoko, osasun azterketa bera baita gauzazko laguntza.

Horren ondorioz, behin laguntza emanda, onuradunak hura baliatzen ahalko du (osasun azterketa onuradunak aukeratzen duen profesionalarekin, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emandako zerrendaren barrenean). Eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eginen dio ordainketa enpresa edo profesional esleipen-hartzaileari, zerbitzua onuradunari eman zaiola egiaztatu ondoren, deialdi honetan ezarritako baldintzetan.

13.–Bateraezintasuna.

Oinarri arautzaile hauen arabera emandako diru-laguntzak bateraezinak dira herri administrazio berak edo beste batek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, helburu berbererako emandako beste laguntza batzuekin.

14.–Ikuskapena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirol Zuzendariordetzaren eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (CEIMD) bidez, eskubidea du aurkezten den dokumentazioa benetakoa dela egiaztatzeko, bai eta beharrezko ikuskapen eta kontrolak egiteko ere, emandako laguntza behar bezala aplikatzen dela egiaztatzearren.

15.–Ez-betetzea.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu eta jasotako dirua itzuli beharko da.

Gauzazko laguntza hauen itzulketa baloratzeari dagokionez, 28 eurokoa da osasun azterketa bakoitzaren balorazioa, dagokion berandutze-interesa galarazi gabe.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

17.–Errekurtsoak.

17.1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

17.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

18.–Arau osagarriak.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Laguntza eskatzeko inprimakia (PDFa).

III. ERANSKINA

Diru-laguntzaren xedeko osasun azterketa

1.–Osasun azterketaren deskripzioa.

Osasun azterketa hasi aurretik, azterketa horren helburuak eta arriskuak azalduko zaizkio kirolariari, bere onarpen idatzia eskatuko zaio (baimen informatua), eta idatzita eskatuko zaio baimena datu pertsonalak erabiltzeko.

2.–Azterketak egiteko beharrezko materiala.

Hauxe da azterketa egiteko behar den material medikoa:

Fonendoskopioa, esfingomanometroa, otoskopioa, linterna, erreflexuen mailua, podoskopioa, balantza, tallimetroa eta larruazaleko tolesturen konpasa, elektrokardiografoa eta berpizte larrialdietako materiala (desfibriladorea barne).

3.–Azterketaren edukia.

Honela osatuko da osasun azterketa: historia familiarra, historia pertsonala, azterketa fisikoa eta geldiuneko elektrokardiograma.

3.1. Historia familiarra.

3.2. Historia pertsonala.

Bereziki, bihotz-hodietako arriskuen seinaleak edo sintomak ageri ote diren baloratuko da.

3.3. Azterketa fisikoa.

–Bihotz-hodietako balorazioa.

–Biometria.

  • Garaiera, pisua eta gorputz-masaren indizea (GMI).
  • Gorputz konposizioaren determinazioa.

–Abdomenaren azterketa.

–Ikusmen zolitasunaren azterketa.

–Otoskopia.

–Lokomozio-aparatuaren azterketa.

–Ahoaren eta faringearen azterketa, sudur iragazkortasuna, lepoa eta tiroidea.

3.4. Geldiuneko elektrokardiograma (ECG), 12 deribaziotan.

4.–Banakako txostena.

Aurreko atalen emaitzak azalduko dira. Txostenaren kopia emanen zaio aztertu den kirolari bakoitzari, osasun azterketa egin eta 15 egun baino lehen.

5.–Ziurtagiria.

Jarduera fisikoa baimentzen duen ziurtagiria.

IV. ERANSKINA

Datu pertsonalak erabiltzeko baimena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1611312