200. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

473/2016 EBAZPENA, urriaren 6koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, “Uraren goi hornidura: Lesaka-Bera soluzio bateratua. Baterako jarduketak. 1. fasea” izeneko proiektua behin betiko onesten duena, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak uztailaren 14an emandako 318/2016 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Epe hori iraganik, alegazio bat aurkeztu denez, proiektua erredaktatu duen ingeniariak txosten bat eman du erantzuteko, espedientean sartu dena eta hauxe adierazten duena, laburrean:

1.–Transbidasoa S.A.k honako hau alegatu zuen:

Lesakako 3. poligonoko 460. eta 461. lurzatien jabea dela, eta adierazten du ez zitzaiela eman proiektuaren xehetasunik, eta eskainitako diru-konpentsazioarekin ez dagoela ados. Era berean, eskatzen du trazadura ez pasatzeko bere jabetzako gasolindegitik, eta, alternatiba gisa, proposatzen du trazadura katastroko 151. lurzatitik 154. eta 682. lurzatietara eramatea, eta hortik NA-4000 errepidea gurutzatzea. Jatorrizko trazadura mantenduz gero, 154. lurzatitik ahal den hurbilen pasatzeko eskatzen du, bertan dagoen gas-hodiaren eta Bereau Hotelaren lurzatiaren artean joateko, bere jabetzako 573. lurzatiari eragiten badio ere. Horrekin batera, NA-4000 errepidea perpendikularrean gurutzatzeko eskatzen dute, ez zeharka. Eskaera hori onartzen ez bada, berriz eskatzen dute trazadura gas-hodiaren eta hotelaren artean eramateko.

Alegazioari erantzunez esan behar da lehenengo alternatiba ezin dela onartu, proposatzen den alternatiba horrekin Onin erreka gurutzatu beharko litzatekeelako, eta, beraz, ingurumenaren gaineko ukipen handiagoak eta zailtasunak kondukziorako sortuko liratekeela; gainera, hirugarren jabeen lurzati berriei eraginen lieke, hasierako ondasun eta eskubideen zerrendan sarturik ez dauden batzuei. Halaber, ez da bidezkoa NA-4000 errepidea perpendikularrean gurutzatzea, hartutako konponbidearen helburua izan delako, hain zuzen, zerbitzuak errepidean biltzea, eta uraren hodia bertan dagoen gas hodiaren ondoan eta paraleloan paratzea. Halere, trazadura aldatu eginen da, 461. lurzatian barna iragan ez dadin, bertan baitago gasolindegia. Trazadura hori alegatzailearen jabetzako 573. lurzatian barna pasatuko da.

Horrenbestez, aldatutako finken gaineko ukipenak hauek lirateke: 3. poligonoko 460. lurzatian, Transbidasoaren jabetzakoan: Zortasuna, 13,3 ml; Zortasuna 19,97 m²; Aldi baterako okupazioa 165,94 m². LE.DP.08 izeneko bidea: Zortasuna 10,93 ml. 3. poligonoko 573. lurzatian, Transbidasoaren jabetzakoan (hasieran proiektuak ez zuen ukitzen): Zortasuna 57,17 ml; Zortasuna 83,22 m²; Aldi baterako okupazioa 171,51 m² eta hustubideko kutxeta bat, m² 1ekoa.

Lesakako 3. poligonoko 592. eta 461. lurzatiak desafektatzen dira.

Bukatzeko, ukitutako ondasun eta eskubideen balorazioari dagokionez, indarreko legediarekin bat egin beharko da. Gainera, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52.7 artikuluarekin bat, finka okupatu ondotik, desjabetze espedientea tramitatuko da, prezio justuaren eta ordainketaren faseetan.

Horiek horrela, alegazioa zati batean baiesten da.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Uraren goi hornidura: Lesaka-Bera konponbide bateratua. Baterako jarduketak. 1. fasea” izeneko proiektua behin betiko onestea, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta aurkeztutako alegazioa ebazpen honen azalpen zatian adierazten den moduan ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berako eta Lesakako herriko etxeetako iragarki oholetan argitaratzea. Orobat, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko egunkari batean.

3. Ebazpen hau Lesakako eta Berako udalei, alegatzaileari eta titularrei jakinaraztea, aldaketekin, ukitutako finka berriarekin eta desafektazioekin. Horrekin batera, adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko urriaren 6an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1611376