200. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Lehiaketa, gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliei buruzko programa abian jartzeko

Iruñeko Udalak lehiaketa baterako deia egiten du, horren bitartez Iruñeko ikastetxeetan eta gazteak biltzen diren lekuetan gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliak abiarazteko.

Lehena.

Lehiaketa honen xedea da hautatzea “Gazte Korrespontsal Berriemaileen” Programan parte hartuko duten “zentro laguntzaileak”.

“Zentro laguntzaile” bakoitzeko bi gaztek bertako informazio-panela eguneratuta mantentzeko ardura hartzean datza funtsean programa, Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinaturik eta horrek gainbegiratuta.

Bigarrena.

2016-2017ko ikasturteko udal programan “zentro laguntzaile” izateko, eskaera egin behar da Gaztediaren Etxeko Gazteendako Argibide Bulegoan (Zangoza k. 30, telefonoa: 948 23 35 12), mezu elektroniko bat idatzita maria@casajuventud.com helbidera. Izena emateko azken eguna 2016ko urriaren 15a izanen da.

Hirugarrena.

Programan honakoek hartu ahalko dute parte:

A) Zehaztutako adinetako ikasleak dituzten ikastetxeak.

B) Ikastetxe nagusi eta ikasle-egoitzak, zeinetan 14 eta 30 urte bitarteko gazteak hartzen diren batez ere.

C) Gazteen aisialdirako lokalak; halakotzat joko dira Udalak edo beste administrazioren batek antolatutako eta gazteekin zerikusia duten programak garatzen dituzten zentroak.

D) Ofizialki erregistratuta dauden gazte-elkarteen lokalak.

Oro har, Iruñeko udal-mugartean egon beharko dute zentroek.

Gehienez ere 60 zentrok hartu ahalko dute parte.

Laugarrena.

Behin Udalak konfirmatuta zentroak parte hartzeko baldintzak betetzen dituela, zentroek aurrez hautatuko dituzte programa garatu dezaketen hautagaiak, eta behin betiko hautaketa egiteko zerrenda helaraziko diote Iruñeko Udalari. Udalak jakinaraziko die zentroei behin betiko hautaketaren emaitza.

Bosgarrena.

Zentro laguntzaileek honako parametro hauek erabiliko dituzte, besteak beste, korrespontsalien programan parte hartu behar duten ikasleak/parte-hartzaileak hautatzeko: korrespontsalia-proiektua, eta harremanetarako eta gizarte-bizitzarako dituzten trebetasunak.

Seigarrena.

Hautatutako korrespontsalek konpromisoa hartuko dute astero Gaztediaren Etxeko Gazteendako Argibide Bulegora joateko, gazteei informazioa helarazteko berriemaile gisara egiten ari diren lanaren jarraipen teknikoa gauzatze aldera. Programaren garapenaz arduratzen diren teknikariek emanen dizkieten prestakuntza eta aholkuak eskuratuko dituzte, eta ardura hartuko dute informazioa zenbait euskarriren bidez kudeatzeko, besteak beste, zentro laguntzaileetan kokatutako panel baten bidez, non aldez aurretik aukeratutako informazioaren berri emanen baitute.

Zazpigarrena.

Zentroek aukeratutako lantaldeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

Gazteei informazioa helarazteko korrespontsalia-proiektua abian jartzea, eta zentro bakoitzak Gaztediaren Etxean dagoen Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinatuta sortutako proiektuan proposatutakoarekin bat mantentzea.

Jarduerari eustea 2016-2017ko ikasturtean. 2016-2017ko ikasturteko lehen hiruhilekoan hasi beharko da, eta 2017ko maiatzaren 31n amaitu.

Men egitea Gaztediaren Etxeko lantalde teknikoak egin ahal dituen egiaztapen-jarduketa orori.

Zortzigarrena.

Ikasturte osoan zehar arituko diren hautatutako lantaldeek diru-sariak ezartzeke dituen deialdi publiko batean parte hartzen ahalko dute, betiere 2017. urteko udal-aurrekontuetan deialdi horretarako diru-izendapenik badago.

Bederatzigarrena.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarriok eta lehiaketaren antolatzaileek haiek interpretatu eta aplikatzeko hartu ahal dituzten erabakiak oso-osorik onartzea.

Izaera pertsonaleko datuen trataeraz bezainbatean, abenduaren 13ko Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan eta aipatu legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2016ko urriaren 4an.–Alberto Labarga Gutiérrez, Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Zinegotzi Ordezkaria.

Iragarkiaren kodea: L1611285