200. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Udalaren eraikinak, lokalak eta instalazioak aldi baterako edo aldian behin erabiltzeko erregelamendua. Behin betiko onespena

Erregelamenduaren testua hasiera baten onetsi zen 2106ko uztailaren 18an, eta iragarkia 2016ko 161. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 22an. 2016ko abuztuaren 23tik 2016ko irailaren 29ra bitarteko jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da testua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan zehazten den moduan.

Barasoainen, 2016ko urriaren 5ean.–Alkatea, Rita Roldán Murillo.

UDALAREN ERAIKINAK, LOKALAK ETA INSTALAZIOAK ALDI BATERAKO EDO ALDIAN BEHIN ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Legezko oinarria eta xedea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

3. artikulua. Eskatzaileen beharkizunak.

II. TITULUA.–Udalaren eraikin eta lokalak erabiltzeko arauak.

4. artikulua. Eskaerak.

–Prozedura.

–Egutegiaren prestaketa eta jarduerak.

–Denbora.

5. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

6. artikulua. Debekuak.

7. artikulua. Erabiltzeko baimena.

8. artikulua. Baimenaren zehaztapenak.

III. TITULUA.–Erantzukizunak.

9. artikulua. Erantzukizunak.

10. artikulua. Arau-hausteak.

11. artikulua. Zehapenak.

ATARIKOA

Barasoaingo Udalaren lokalak erabil daitezke kolektiboek antolatutako jarduera guztientzat, Barasoaingo bizilagunen ongizatea, gizarte, kultura eta osasun arloetakoa, sustatu, faboratu eta laguntzeko.

Hori dela eta, gurasoen elkarteari, eta antolatutako taldeei, kolektiboei eta elkarteei emanen zaie erabiltzeko lehentasuna.

Jarduera bat antolatzen duten gizabanakoek kontuan hartu beharko dute gurasoen elkarteak, elkarteek, kolektiboek eta taldeek aurreikusitako jardueren egutegia, ordutegiak eta jarduerak proposatzen dituztenean.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Legezko oinarria eta xedea.

Erregelamendu honen legezko funtsa da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84. artikuluan aitortutako ahalmena. Haren bidez, toki entitateek zilegi dute herritarren jardueretan esku hartzea ordenantzen eta bandoen bidez.

Hori bete beharrez eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 49. artikuluko prozedurari jarraituz, erabaki da erregelamendu hau ezartzea, partikularrek, enpresek eta elkarteek Udalaren eraikin, lokal eta instalazio publikoak aldi baterako edo aldian behin erabiltzeko.

Halaber, Espainiako Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluek eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 106. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, eta Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 5eko 7/1985 Legegintzako Errege Dekretuaren 15.etik 27.rainoko artikuluetan xedatuari jarraikiz, udal honek ezartzen du Udalaren lokal publikoak aldi baterako edo aldian behin era pribatiboan erabiltzeko tasa, 2/2004 Errege Dekretuaren 57. artikuluan xedatutakoarekin bat prestatutako ordenantza honetan arautuko dena.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Partikularrek, elkarteek, kolektiboek eta taldeek erabil ditzaketen udal eraikin, lokal eta instalazio publiko guztiei aplikatuko zaizkie erregelamendu honen arauak, betiere xede bereko erregelamendu berariazkoa ez baldin badute, edo udal eraikin, lokal eta instalazioaren erabilera kontratu berariazko baten bidez arautua ez badago.

Orobat, erregelamendu honetatik kanpo geldituko da udal eraikin, lokal eta instalazioaren erabilera, hura lege batek arautzen duenean.

3. artikulua. Eskatzaileen beharkizunak.

Gurasoen elkartea, elkarteak, kolektiboak eta taldeak.

Banaka.

Betekizun hauek dituzte:

–Gurasoen elkartearen, elkarteen, kolektiboen eta taldeen ordezkariak izatea.

–Adinez nagusia izatea.

–Behar adinako gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

–Monitoreak arduratzea instalazioen zaintzaz eta erabileraz.

II. TITULUA

Udalaren eraikin eta lokalen erabilerari buruzko arauak

4. artikulua. Eskaerak.

Eraikinak eta lokalak erabiltzeko interesa dutenek Udalaren baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Udalak lehentasuna izanen du (puntualki) haiek erabiltzeko orduan, nahiz eta toki horien erabilera lagata dagoen aldi baterako. Onuradunari abisua eman behar zaio behar bezain goiz. Udalak erabilera puntuala eginen du.

Eskabidean honako hau jasoko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen arabera nahitaezkoak diren datuez gainera:

–Gurasoen elkartearen, elkarteen, kolektiboen eta taldeen eta haien ordezkarien datuak.

–Jarduera bakoitzaren monitorea.

–Erabileraren iraupena (egunak/orduak).

–Egin beharreko jardueren zerrenda.

–Joanen direnen kopurua.

–Eskaeraren arrazoia.

Baimena eman aurretik, Udalak komenigarri iruditzen zaizkion agiri, txosten eta argigarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

–Prozedura:

Eskaera guztiak bildu ondoren, eskaera egin duten talde, ordutegi eta jarduera guztien zerrenda eginen da, jardueren egutegia prestatzeko.

Udalaren intereserako da proposatzen diren jarduera guztiak egitea. Horretarako, ahaleginak eginen dira ordutegiak eta jarduerak egokitzeko, ahal delarik.

Eraginkortasuna eta gastuaren kontrola direla eta, ordutegi desberdinak dituen jarduera batek gutxienez 5 erabiltzaile izan behar ditu saio bakoitzean, eta taldeko monitoreak eta elkarteko edo kolektiboko arduradunak ezinbestean berrantolatu behar dute egutegia erabiltzaileen kopurua txikiagoa denean.

–Jardueren egutegia prestatzea:

Udala da egutegia prestatzearen arduraduna. Lehenbizi, zirriborro bat eginen da, eta aretoak erabiltzeko eskaera egin duten guztiei jakinaraziko zaie.

Zailtasunik bada, Udaleko arduraduna taldeen ordezkariekin eta monitoreekin bilduko da, ordutegiak eta jarduerak egokitzeko biderik onena zein den aztertzeko.

–Denbora:

Jardueren egutegia egiteko eskaerak iraileko lehenbiziko 20 egunean egin behar dira, jardueren hasiera urriaren lehenbiziko egunetan antolatzeko.

Irailen egiten diren jarduera guztien kasuan, ordutegi guztiak behin-behinekoak izanen dira.

5. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileek behar dute:

–Lokalak eta altzariak zaintzea behar bezalako prestasunez eta gizalegez.

–Erabiltzaile batek akats edo narriaduraren bat ikusiz gero, Udalari eman beharko dio haren berri. Komunak erabiltzean arreta berezia jarri behar da (aise trabatzen dira, kontuz ibili behar da haur txikiekin); lan hori jardueraren monitoreari dagokio.

–Baimenaren titularrak erantzun beharko du erabilitako lokaletan eta elementuetan egiten diren kalteengatik, eta Udalak haien konponketa eska diezaioke.

–Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dituzte haien garbitasuna eta antolamendua. Jarduera bakoitza bukatu ondoren, hurrengoa eragotzi edo atzeratu dezaketen elementuak bilduko dira.

–Edozein obra, aldaketa edo instalazio egiteko, idatziz eskatu behar zaio baimena Udalari.

6. artikulua. Debekuak.

Jarduketa hauek debekaturik daude Udalaren lokalak edo instalazioak erabiltzen direnean:

–Lokalak baimendu den jarduketaz beste deusetarako erabiltzea.

–Lokalak erabiltzea legea urratzen duen jarduera bat egiteko.

–Lokalak erabiltzea indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta beste edozein bereizkeria klase sustatzen dituzten jarduerak egiteko, edo gizakien duintasunaren kontra egiten dutenak.

–Erretzea, jatea eta edari alkoholdunak eta estupefazienteak kontsumitzea.

7. artikulua. Erabiltzeko baimena.

Jardueraren arduradunari dagozkion giltzak utziko zaizkio eraikina ireki eta ixteko.

Monitoreak arduratuko dira haiek zaindu eta itzultzeaz jarduera bukatutakoan. Jarduera bukatuta, Udalean itzuliko dira.

Debeku da giltzen kopia egitea.

Uztailean eta abuztuan ezin da epe luzerako programatutako jarduerarik egin. Jarduera horiek puntualak izanen dira, eta Udalaren baimena izanen dute. Izan ere, hilabete horietan mantentze-lanak eta hobekuntzak egiten dira eraikinean, eta herriko festetarako ere erabiltzen da.

8. artikulua. Baimenaren zehaztapena.

Besteak beste, irizpide hauen arabera emanen da baimena:

–Gurasoen elkartea, elkarteak, kolektiboak eta taldeak.

–Jarduera mota.

–Eskatu diren lokalen edo instalazioen eskuragarritasuna.

–Erabiltzaileen kopurua.

–Jardueraren iraupena.

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak erabiltzeko, Udalaren zerbitzu publikoek eta jarduerek ohi bezala funtzionatu behar dute.

Ebazpenak baldintza partikularrak ezar ditzake edukierari dagokionez, adingabeen sarrera murriztu, edo mugak jarri ikuskizun publikoen eta josteta jardueren arloetan indarra duen araudiaren ondorioz.

Ondasunak erabiltzea baimentzen duen ebazpenak eskatzen ahalko du fidantza jar dadin, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantzaren bidez bermatuko da Udalaren eraikina behar bezala erabiltzen dela eta lagapenaren aurreko egoeran itzuliko dela.

9. artikulua. Udalak erabilera egokia egiaztatzea.

Erabiltzeko epea bukatuta, horren berri emanen da. Udalak nahi adina ikuskapen egin dezake, erabiltzaileek agiri honetan eta indarra duen gainerako legerian ezarritako beharkizunak bete ote dituzten frogatzeko.

Egiaztatuta erabiltzaileek bete dituztela ezarritako beharkizunak, kalte-galerarik ez dela eta ez dela bidezko zehapenik paratzea, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu. Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu.

10. artikulua. Lokalen erabilera publikotik kanpoko gastuak.

Eskatzailearen kargura izanen dira jarduerari lotutako gastuak, Udalaren lokalaren, eraikinaren edo instalazioaren lagapenari erantsitakoak. Honako hauek zehazki:

–Megafonia, publizitatea, proiekzioak, hizlarien ordainketak, apaindurak eta antzekoak.

–Erantsitako beste edozein gastu.

–Udalaren lokalak, instalazioak edo eraikinak ohiz kanpo garbitzearen gastuak.

III. TITULUA

Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Erantzukizunak.

Eskaera egiten duten arduradunak beren maltzurkeriagatik edo axolagabekeriagatik bertan eragiten diren kalte-galeren erantzuleak izanen dira. Erabiltzaileak bat baino gehiago badira, denek elkarrekin eta solidarioki ordainduko dituzte sortzen diren kalteak, eta ezar daitezkeen zehapenen erantzuleak izanen dira.

12. artikulua. Lokalen erabileraren arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko dira:

–Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

–Erabileraren baimenean baimenduta ez dauden jarduerak egitea.

–Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

–Eraikinetara edo aretoetara sartzeko giltzen kopiak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

–Erabileraren xedeko eraikin eta aretoetara sartzeko giltzak ez itzultzea eraikina utzitakoan edo jarduera bukatutakoan (oporraldian edo udan).

Halaber, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak dira.

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:

–Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

–Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

–Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

–Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

Gainerako arau-hausteak larritzat eta arintzat joko dira, irizpide hauen arabera:

–Zenbatekoak izan diren lasaitasunaren kontrako nahasmendua edo beste pertsona nahiz jarduera batzuen eskubideak erabiltzeko trabak.

–Zenbatekoa izan den osasungarritasun edo apaindura publikoari eragindako nahasmendua.

–Zenbateko eragozpenak sortu zaizkien zerbitzu edo eremu publikoren bat erabiltzeko eskubidea duten pertsonei.

–Zenbateko eragozpenak sortu diren zerbitzu publikoren baten ohiko funtzionamenduan.

–Kalterik egin zaien ekipamendu, azpiegitura eta instalazioei eta zerbitzu publikoetako elementuei.

13. artikulua. Zehapenak.

Aipatu arau-hausteak eginez gero, honako zehapen hauek ezarriko dira:

–Arau-hauste oso larriak: 3.000 euro bitarte.

–Arau-hauste larriak: 1.500 euro bitarte.

–Arau-hauste arinak: 750 euro bitarte.

Zehapena ezartzeaz gainera kalte-galeren ordaina eskatuko da, bidezkoa denean.

14. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.

Iragarkiaren kodea: L1611303