197. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1120E/2016 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, “G10X Nafarroan” izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea onesten duena; haize-sorgailuaren modelo aldaketari eta haietako baten kokaera aldaketari buruzkoa da eta Gamesa Energía SAU (GESA) da sustatzailea.

Haize-sorgailuaren modeloa aldatzea (4,5 MW-eko G128tik 3,3 MW-eko G132ra) du xede aldaketa honek “G10X Nafarroan” izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialeko Valdenavarro eta El Valle parke eolikoetan eta, proiektuaren zuinketa topografikoaren ondorioz, doikuntza txiki batzuk egitea 14 haize-sorgailuetatik 10en kokaeran.

Baimendutako haize-sorgailuaren modeloa aldatzeko, sustatzaileak bi arrazoi ematen ditu: parkeetako errendimendu ekonomikoan eta energiaren produkzioan ekarriko dituen aldaketak eta gaur egun katalogotik kanpo egotea.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren otsailaren 19ko 109E/2016 Ebazpenaren bidez, aipatu aldaketaren tramitazioa hasi zen. Ebazpen hori 2016ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 9an, eta hilabetez jarri zen jendaurrean eta entzutea emateko tramitea egin zen.

Aipatu jendaurreko epean ez da alegazio idazkirik aurkeztu, nahiz Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena jaso den. Txosten horretan adierazten da jarduketa honen esparruak ez duela eraginik aireportuko zerbitzugune bakar batean, ez eta zortasun aeronautikoa duten eremuetan ere. Halaber, gogora ekartzen du Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziari (AESA) txostena eskatzeko betebeharra dagoela garatzen diren exekuzio proiektuei buruz, 584/72 Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, haize-sorgailuek lurzorutik 100 m-tik gorako altuera hartzen dutelako.

Bestetik, aldeko txostenak daude espedientean, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak emanak.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Behin betiko onestea “G10X Nafarroan” izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala aldatzeko espedientea, haize-sorgailuaren modeloa eta haietako batzuen kokaera aldatzeari buruzkoa; Gamesa Energía SAU (GESA) da sustatzailea.

2. Sustatzaileak espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa beteko du.

3. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Alde horretatik, gogorarazten da sustatzaileak aldeko txostena lortu beharko duela Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren eskutik.

4. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta sustatzaileari jakinaraztea, jakinaren gainean izan daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko irailaren 23an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1610934