1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
319E/2016 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Berriobeitiko udal mugapean barneko banaketarako elementuak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Dynamobel SA da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 5eko 2004/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 2ko 130E/2015 Ebazpenaren bidez aldatua.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 104.c artikuluan eta ingurumen baimen integratuan ezarritakoarekin bat, 2015eko urriaren 8an titularrak jardueraren zati baten behin betiko amaiera jakinarazi zuen, eta memoria tekniko bat aurkeztu instalazioaren zati bat (zoru teknikoak fabrikatzeko lerroa) ixteko.
Proiektu horren garapenak instalazioaren funtzionamendu baldintzak nabarmenki aldatzen dituenez, eta aldaketa horiek instalazioaren ingurumen baimen integratuan agertu behar direnez, baimena aldatu behar da iraungi baino lehen (proiektua burutu ondoren iraungiko da baimena).
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Berriobeitiko udal mugapean barneko banaketarako elementuak fabrikatzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea, instalazioa ixteko baldintzak ezartzeko. Beraz, zoru teknikoak fabrikatzeko lerroa ixteko memoria teknikoan eta administrazio espedientearen parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, baita ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Dynamobel SA da.
Bigarrena.–Titularrak erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko du, non ziurtatuko baita zoru teknikoak fabrikatzeko lerroaren itxiera ebazpen honetan ezarritako baldintzen eta neurrien arabera egin dela. Obrako azken ziurtagiria/egiaztagiria, ixten ez den zatiaren behin betiko planoak eta egindako neurketa eta egiaztapen praktikoen emaitzak erantsiko dira.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Seigarrena.–Ebazpen hau Dynamobel SAri eta Berriobeitiko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko irailaren 23an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.
Iragarkiaren kodea: F1610913