197. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

313E/2016 EBAZPENA, irailaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Etxalarko Gilleneko Borda izeneko baserriko sarbidea irekitzeko proiektuari, Etxalarko udal mugapean. Sustatzailea Mikel Ihidoi Olaitzola da.

2016ko abuztuaren 3an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D) epigrafean dago sartuta (100 metro linealetik gorako bide berriak eta pista iraunkorrak ireki eta aldatzeko lanak, eta 10 kilometrotik beherako errepide tarteak zabaldu eta hobetzeko lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketaren bidez ibilgailuentzako sarbidea ezarriko da Gilleneko Bordara batez ere, bai eta Bagaratera ere, higiezina birgaitu ahal izateko, ohiko etxebizitza eta nezakaritza eta abeltzaintzako ustiategia izan dadin.

Trazadura hori hautatu aurretik hainbat aukera aztertu dira, Etxalarko Udalarekin adosturik. Hartu den soluzioak ibilbide laburragoa du, bistarako eragin txikiagoa eta bi jaberentzako sarbidea da; horregatik jo du Etxalarko Udalak alternatiba horren alde.

Proiektatu den eraikuntza lanaren bidez, lehendik dagoen pista hobetuko da (270 m luze) eta trazadura berria irekiko (720 m luze, 4,5 m zabal batez beste eta %6 eta %22 arteko maldak). Zabor-legarra botako da trazaduraren zati batean, kareharrizko balastoz estalita tarte batean eta hormigoiz beste batean. Urarentzako bideak eta azaleko drainadurak ezarriko dira, eta itxiturak kenduko.

Irasailean barrena doan 280 m-ko pista tartea da bistarako eragin handiena duen trazaduraren zatia. Tarte horretan hegiak %50eko malda du batez beste eta bide berria urratzeak 2H:3V profileko eta 2 metrotik gorako altuerako ezpondak sortuko ditu. Denborak eta azkar haziko den landarediak eragina gutxituko dutela espero da.

Gainerako trazadurak ez du bistarako eragin handirik ekarriko, nahiz ezponda handiagoak edo plataforma zabalagoak sortuko dituen, arboladiak ezkutatuko baitu eta Bagarateko Harriaren iparraldean egonen baita; izan ere, hegi hori ez da oso agerian gelditzen eta begirale gutxi izaten ditu.

Ukitutako alde gehiena arbolez gabetutako lurra da; irasailak eta belardiak daude. Bertako harizti txiki bat ere ukituko du; lepatuak daude gehienak, baina badaude gereziondoak, gaztainondoak, lizarrak eta beste zuhaixka batzuk. Zortzi aleko multzo bat kenduko da. Arboladi hori konpentsatzeko neurri gisa, Bagarateko Harriaren iparraldeko hegian 0,68 ha landatzea proposatu du sustatzaileak, bertako haritzak, gereziondoak eta urkiak sartuz.

Bada espedientean Etxalarko Udalak proiektuaren alde hartuko erabakia, 2016ko uztailaren 26koa, proposatutako trazadura onesten duena. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2016ko abuztuaren 26an egindako txostenean zehazten da “Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera baimendutako jardueratzat har daitekeela eta ez duela lurzoru urbanizaezinean baimendu beharreko jardueraren baimenik behar, foru lege horren 117. artikuluan ezarritakoa.”

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Etxalarko Gilleneko Borda izeneko baserriko sarbidea irekitzeko proiektuari, Etxalarko udal mugapean. Sustatzailea Mikel Ihidoi Olaitzola da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Ahal bada, Harriko Arrietako hegian irekita dagoen bidearen trazadura erabiliko da, 455 -460 arteko kotetan.

–Lan egiteko kalea, materiala pilatzeko aldeak eta makinak sartzeko bideak mugatu eta balizatuko dira.

–Bota beharreko arbolak markatuko dira eta inguruan direnak babestuko, eraginik jasan ez dezaten.

–Hondeaketatik sobratzen den materiala ezpondak betetzeko erabiliko da. Hala ere, lur soberakinik bada, gai geldoen zabortegi baimendu batera eramanen da.

–Kendutako arbolak konpentsatzeko neurri gisa, 0,68 ha landatuko dira Bagarateko Harriko iparraldeko hegian.

–Lur-erauzketetan edo lubetetan 2 m luze baino gehiagoko ezpondak sortuz gero, eskuz ereinen dira.

–Obren ondorioz sortzen diren hondar eta material guztiak bilduko dira. Lanak bukatutakoan, garbiketa orokorra eginen da inguruan.

–Garaiz emanen zaio lanen hasieraren berri Bidasoa aldeko Basozaintzari (ogfobida@cfnavarra.es edo 608 24 58 12).

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Etxalarko Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko irailaren 20an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1610839