1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
539/2016 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Kazetarien Elkargoa eratzeko espedientea jendaurrean jartzen duena.
Ikusirik Nafarroako Kazetarien Elkargoa sortzeko eskaera eta txosten juridikoa, non azaltzen baita aurkezturiko dokumentazioa Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren 6. artikuluan eskatutakoa dela.
Foru dekretu horretako 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz, adierazten da elkargo horretako kide izateko eduki behar den titulazio ofiziala Informazio Zientzien unibertsitate titulua dela, Kazetaritzaren edota Ikus-entzunezko Komunikazioaren adarrekoa. Elkargo horretako kide izan daitezke, baita ere, bere garaian Kazetarien Erregistro Ofizialak baimendu eta hartan erregistratutako pertsonetatik Erregistroa Administrazioaren mende zegoenean, hau da, 1982ko uztailaren 1a baino lehen hartan inskribatutako horiek (Prentsa eta Inprentari buruzko 1966ko Legeak agindutakoa betez inskribaturik egon beharra zegoen erregistro horretan).
Nafarroako Fakultateko kudeatzailearen bi egiaztagiriren bidez egiaztatu da, alde batetik, Kazetaritzako graduak honako lanbide profil hauetarako prestatzen duela: kazetaritzaren alorreko informazioaren erredaktore, edozer eratako euskarritan; erakunde komunikazioko edo prentsako erredaktore edo arduradun; komunikazioko aholkulari eta irakasle ikerlari, eta atarien kudeatzaile eta edukien editore. Bestetik, egiaztatzen da Ikus-entzunezko Komunikazioaren graduak lanbide profil hauetarako prestatzen duela: gidoilari; zuzendari errealizadore; ikus-entzunezko fikziozko edukien, denbora-pasakoen eta dokumentalen produktore eta kudeatzaile; telebista eta plataforma berrietako programatzaile edo edukien kudeatzaile; zinemako eta telebistako kritikari eta historialari, eta postprodukzio digitalaren arduradun.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak baliatuz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Kazetarien Elkargoa eratzeko espedientea jendaurrean jartzea hilabete batez, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Horretarako, espedientea Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Elkarteen, Fundazioen eta Lanbide Elkargoen Erregistroan (Karlos III.aren etorbidea 2, behea, Iruña) egonen da ikusgai, epe horren barrenean jendeak egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkeztu ahal izateko, idatziz.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzura igortzea.
Iruñean, 2016ko irailaren 21ean.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Edurne Eginoa Antxo.
Iragarkiaren kodea: F1610831