196. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

73/2016 FORU DEKRETUA, irailaren 21ekoa, Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua, martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduak berariazko lehiaketa arautzen du 19. artikuluan lanpostua eskuratzeko modalitate gisa.

2012ko urrian, urriaren 3ko 106/2012 Foru Dekretuaren bidez, aipatu artikulua aldatu zen. Orain, Barne Zuzendaritza Nagusiak izangaien gaitasunak baloratzeko eskema berria proposatu du, bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duten berariazko proba objektiboetan oinarritua.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko irailaren 21eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua, martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzea.

Bat.–Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 19. artikulua aldatu da eta honela idatzita utzi:

“19. artikulua. Berariazko lehiaketa.

1. Bete beharreko lanpostuen izaera edo espezializazioa dela-eta, berariazko lehiaketa esleituta dutenean lanpostua betetzeko modalitate gisa, bi fase izanen ditu.

Lehen fasean, merezimenduen balorazioan, antzinatasuna, egin diren prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, ikasketa tituluak, irakaskuntza eta ikerketa, eta sariak baloratuko dira, ondoko irizpideei jarraituz; gehienez ere, 35 puntu emanen dira:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 15 puntu.

b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, irakaskuntza eta ikerketa, esparru polizialarekin ikusteko badute: gehienez ere 10 puntu.

c) Titulazio akademikoak: gehienez ere 7,5 puntu.

d) Esker-sariak eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 2,5 puntu.

Bigarren fasean, proba teoriko-praktikoak eta psikoteknikoak eginen dira, lanpostuarekiko egokitzapenari begira; gehienez ere 70 puntu emanen dira, horrela banatuak:

a) Proba teoriko-praktikoa, test motakoa, diharduen Epaimahaiak zehaztu beharrekoa, aitzinetik onetsi eta dagokion deialdian argitaratutako gaitegi baten gainean: gehienez ere 50 puntu.

Atal honetan sartzen ahalko da deialdi bakoitzean zehazten diren proba fisikoak gainditzea; haien puntuazioa ere dagokion deialdian ezarriko da, eta aitzineko paragrafoan deskribaturiko proba teoriko-praktikoan eskuratu denari gehituko zaio. Atal honetan ezin izanen da, guztira, 50 puntu baino gehiago eskuratu.

b) Proba psikoteknikoa, izangaia bete nahi duen lanpostuari egokitzen ote zaion ikusteko: gehienez ere 20 puntu.

Bi probak kalifikagarriak izanen dira, eskatutako lanpostuak betetzeko azken ordena erabakitzeari begira.

2. Izangaiak aitzineko faseetan lortutako puntuazioei gehienez 6 puntu gehituko zaie hizkuntza komunitarioak jakiteagatik, eta gehienez 11,10 puntu euskaraz jakiteagatik.

Hizkuntzak jakiteagatik eskuratzen ahal diren balorazioek gehienez ere 17,10 puntukoak izanen dira, honela banatuta:

a) Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 2na puntu gehienez ere.

b) Euskaraz jakiteagatik gehituko den puntuazioa 11,10 puntukoa izanen da, gehienez ere.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari atxikitako zerbitzu psikologikoek edo horiek izendatutako profesionalek prestatuko dituzte proba psikoteknikoak. Barne Zuzendaritza Nagusiak onetsiko ditu destino bakoitzerako behar diren eskakizunak. Zerbitzu horiengatik ematen den balorazioa lotzailea izanen da epaimahaiarentzat.

4. Puntuazio handiena eskuratzen duen izangaiarentzat izanen da esleipenaren proposamena; horretarako, bi faseetako azken emaitzak, euskaraz jakiteagatik gehitutako puntuazioa, destinoko herriarekin bat datorrena, eta frantsesez, ingelesez eta alemanez jakiteagatik lortutako puntuazioa batuko dira.

5. Sailkapen ordenan gertatzen diren berdinketak hausteko, irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Proba teoriko-praktikoetan lortutako puntuaziorik hoberena.

b) Proba psikoteknikoan lortutako puntuaziorik hoberena.

c) Antzinatasunik handiena deialdiaren xedeko enpleguan.

d) Deialdiaren xedeko enplegua zer deialditan lortu zen, hartan lortutako ordena.

Bi.–Foru dekretu honen eranskina gehitu zaio Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduari, eranskin gisa.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Euskaraz jakiteari esleitutako puntuazioak besterik gabe eguneratuko dira etorkizunean aldatzen denean ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua, horren bidez arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, bereziki urriaren 17ko 112/2012 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren 4. atala.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru dekretu honek 2016ko azaroaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko irailaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINA

Lehiaketa berariazkoaren bidez eskuratu beharreko
lanpostuetan aplikatuko den merezimendu baremoa

a) Egindako zerbitzuak: gehienez ere 15 puntu.

1. Nafarroako Polizia Kidegoetan, lanpostu finkoan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,75 puntu.

2. Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,25 puntu.

3. Edozein administrazio publikotan Polizia Kidegoetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko 0,10 puntu.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.

Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, irakaskuntza eta ikerketa, esparru polizialarekin ikusteko badute: gehienez ere 10 puntu.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,01 puntu, ikastordu bakoitzeko.

Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki hainbanatuko dira.

Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko (10 ordu) balorazioa emanen zaie.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

Alde horretatik, diharduen epaimahaiak baloratzen ahalko dituen ikastaroen katalogoa prestatuko da, zabalik utzirik katalogo horri prestakuntza ekintza berriak gehitzeko aukera, deialdi bakoitzak xedatzen dutena kontuan hartuta.

c) Titulazio eta espezialitate akademikoak: gehienez ere 7,5 puntu.

LANPOSTUA

LIZENTZIA / GRADUA

DIPLOMATURA

MASTERRA / GRADUONDOKOAK

LH II / GOI MAILAKO TEKNIKARIA

KOMISARIO NAGUSIA

3,50

-

1,80

-

KOMISARIOA

3,50

-

1,80

-

INSPEKTOREA

3,50

2,50

1,80

-

INSPEKTOREORDEA

3,50

2,50

1,80

-

KABOA

3,50

2,50

1,80

1,00

FORUZAINA

3,50

2,50

1,80

1,00

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren titulu apalagoak ez dira baloratuko.

d) Esker-sariak eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 2,5 puntu.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,50 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 1,25 puntu.

3. Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.

e) Hizkuntzak jakiteagatik erantsi puntuazioa: gehienez ere 17,10 puntu.

1. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitegatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak direnez:

Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko maila bakoitzeko eman beharreko puntuazioak honako hauek dira: A1: 0,40 puntu; A2: 0,80 puntu; B1: 1,20 puntu; B2: 1,60 puntu, eta C1: 2 puntu edo berdin baliokideak.

2. Euskaraz jakiteagatik puntuazio osagarria irizpide hauen arabera gehituko da:

a) Destinoa euskal eremuan duten lanpostuak: gehienez ere 11,10 puntu.

EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren baliokidea, 11,10 puntuko balorazioa jasoko da.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 2,22 puntu jasoko dira, A2 maila izanez gero 4,44, B1 izanez gero 6,66, eta B2 izanez gero 8,88, eta berdin baliokideak. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitza 0,92 punturekin baloratuko da.

b) Destinoa eremu mistoan duten lanpostuak: 6,66 puntu arte.

EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, 6,66 puntuko balorazioa jasoko da.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 1,33 puntu jasoko dira, A2 maila izanez gero 2,66, B1 izanez gero 3,99, eta B2 izanez gero 5,32, eta berdin baliokideak. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitza 0,55 punturekin baloratuko da.”

Iragarkiaren kodea: F1610813