1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko irailaren 21ean hartua, “Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko proiektua” jendaurrean jartzeko epea eta mugapean eragina jasaten duten udalei entzunaldia emateko epea luzatzen dituena. Proiektuaren sustatzailea Recuperación Ambiental SL da.
Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartutako Erabakiaren bidez (2016ko irailaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua), “Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko proiektua” jendaurrean jarri zen. Proiektuaren sustatzailea Recuperación Ambiental SL da.
Erabakian proiektua jendaurrean jartzen zen, bai Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko tramitazioaren ondorioetarako, bai ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioetarako. Horretarako 30 eguneko epea eman zen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
Jendaurreko epea luzatzeko eskaera batzuk jaso dira, alegatuz, jendaurreko epeko egunei erreparatuta, ez dela errazten interesdunen partaidetza, ez eta proiektuak zuzenean ukitzen dituen toki entitateena ere.
Ildo horretatik, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 7.1 artikuluan (herritarren parte-hartzea arautzen duena) xedatutakoa hartu behar da kontuan. Horren arabera, administrazio publikoak saiatuko dira lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko jarduera izan dadin Nafarroako Foru Komunitateko gizartearen behar eta asmoen araberakoa. Horretarako, lurraldearen nahiz hirigintzaren garapen jasangarria sustatuko dute, herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena bultzatuko dute eta partikularren eta beren interesen alde eratutako entitateen informazio eta ekimenerako eskubideak bermatuko dituzte.
Legezko arauak eskatzen duen parte-hartze zabal hori bermatzeko, herritarrek defentsarik gabekotzat hartzen ahal dituzten egoerak edo inguruabarrak saihestuz, bidezko da jendaurreko beste epe bat irekitzea aipatu proiektuarentzat. Abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45. artikuluak aurreko interpretazioa indartzen du, jendaurreko epea eta ukitutako udalei entzutea emateko epea gutxieneko epeak baitira.
Jendaurreko epeak luzatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 49. artikuluan xedatutakoa kontuan hartu behar da. Horren arabera, epeak luzatzen ahal dira, betiere baldintza hauek betetzen badira: epea agortu ez izana, hasierako epearen erdia ez gainditzea eta besteren eskubideei kalterik ez egitea. Kasu honetan, baldintzak betetzen dira.
Hasieran 30 eguneko jendaurreko epea jarri zen, eta horregatik orain 15 eguneko luzapena proposatzen da, bai Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko tramitazioaren ondorioetarako, bai ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioetarako.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. “Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko proiektua” jendaurrean jartzeko epea eta mugapean eragina jasaten duten udalei entzunaldia emateko epea 15 egunez luzatzea. Proiektuaren sustatzailea Recuperación Ambiental SL da. Hasierako epea Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartutako Erabakian jarri zen.
Espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, 3. solairua, Iruña).
Agiria, halaber, web orri honetan ikusten ahalko da: http://www.exposicionpublicaOT.navarra.es.
Epea luzatzen da bai Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko tramitazioaren ondorioetarako, bai ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioetarako.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Enagasi, Iberdrolari, Iruñerriko Mankomunitateari, Zizur Zendeako, Eguesibarko, Oltza Zendeako eta Galarko udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Herrilurren Atalari, Ondare Arkitektonikoaren Atalari eta Arkeologia Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko irailaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1610812