191. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

969/2016 EBAZPENA, irailaren 20koa, neguko zerealen laborantzan prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioen erabilera arautzen duena.

Produktu fitosanitarioen erabilera kontrolatzeko plan nazionalak produktu fitosanitarioen erabilera egokia egiaztatzeko aukera ematen du, produktu horiek ingurumenean eta kontsumitzailearen nahiz erabiltzailearen beraren segurtasunean izan dezaketen eragina murrizteko edo arintzeko. 2015-2016 kanpainako programazioa gauzatzean, prosulfocarb materia aktiboa atzeman da olibatan, nahiz eta hura erabiltzea baimenduta ez egon labore horretan. Egiaztatu da materia aktibo horren erabilera oso zabaldua dagoela zerealak hazten diren Nafarroako zonetan, eta zona horietan olibadiak eta zereal laboreak izan ohi dira elkarren ondoan.

Bada beste eragozpen erantsi bat, izan ere, hizpide dugun materia aktiboa zereal laboreetan aplikatzeko epearen zati handi bat olibak bildu aurreko garairekin batera edo olibak biltzeko kanpaina bete betean dela gertatzen baita, oliba motaren edota baldintza klimatikoen arabera.

Landa eremuan produktu fitosanitarioak aplikatzeko orduan kontuan izan beharreko zenbait gai zehaztuta daude nekazaritzako jardunbide egokian, produktuak aplikatzeko meteorologiarik egokien, ekipamendu eta laboreetarako distantziari dagokionez. Nolanahi ere, zereal laboreak eta olibadiak tartekaturik dauden zonetan, hizpide dugun produktua atzeman denez eta tartekatze hori paisaiaren berariazko parte denez, eta kontuan harturik oso zaila dela zona horietan zereal laboreetarako produktuak eraginkortasunez aplikatzea oliba laboreak kutsatu gabe, egoki diren ikerketak eta azterlanak egin behar dira, materia aktiboaren jokamoldea zehazteko, zerealak hazten dituzten nekazariek modu seguruan eta eraginkortasunez erabil dezaten. Hori gertatu bitartean, beharrezkotzat jo da osagaien artean prosulfocarb materia aktiboa duten prestakinen erabilera arautzea.

Alde horretatik, Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 30.2 artikuluak agintzen du produktu fitosanitario baten edo defentsa fitosanitariorako beste baliabide baten erabilera gizakien edo abereen osasunerako edo ingurumenerako arriskugarria dela egiaztatu edo arrazoibidez susmatzen bada, hura aldi baterako bertan behera utzi edo haren erabilera arautzen ahalko dela.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Debekatzea 2016. urtean prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen aplikazioa olibak bildu ez diren olibadietatik 100 metro baino gutxiagora. Haizea baldin badabil olibak bildu ez diren olibadi baterako noranzkoan, 200 metroko distantzia gorde beharko da.

2. Onestea ebazpen honetako I. eranskineko gomendioak, produktua jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihesteko.

3. Onestea zerealak hazteko 2016-2017 kanpainan prosulfocarb materia aktiboaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa, ebazpen honetako II. eranskinean zehaztutakoa.

4. Baldin ebazpen honetako 1. atalean xedatutakoa betetzen ez bada, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV. tituluko I. eta II. kapituluetan arau hausteei eta zehapenei buruz xedatutakoari jarraituko zaio. Horrek, alabaina, ez du ezertan galaraziko eska litekeen erantzukizun zibila edo, egoki izanez gero, beste era batekoa, ordenamendu juridikoak ezarritako baldintzetan betiere.

5. INTIAri eskatzea indar ditzala nekazariei aholkuak emateko jarduerak olibadiak dauden udalerrietan, I. eranskinean xedatutakoa nabarmenduz, eta aurrera egin dezala arriskuari aurrea hartzeko ikerkuntzan. Hiru hilean behin, gauzatutako prestakuntza eta ikerkuntza jarduerei buruzko txostenak emanen dizkiote Nekazaritza Zerbitzuari.

6. Proposatzea, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari, berrazter ditzala prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak baimentzeko baldintzak.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko irailaren 20an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Olibondoen inguruan prosulfocarb duten produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko
arriskua saihesteko gomendioak

–Prosufocarben ordez beste herbizida batzuk erabiltzen saiatzea.

–Olibadiekin muga egiten duten lurzatietan kokatzea greening-eko interes ekologikoko azalerak.

–Ahal den neurrian, zerealak berandu ereitea eta olibak biltzeko zain egotea zereal laboreak tratatzeko.

–Ustiatze lurzatiekin muga egiten duten edo horietatik gertu dauden olibadien zerrenda bat izatea, tratamenduak haizearen noranzkoaren eta beste faktore batzuen arabera planifikatu ahal izateko.

–Prestakuntza jardueretara joatea, produktua jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskuak murriztearekin lotura dutenak, saldak dosifikatzearekin, makineriaren erregulazioarekin, eta abar.

–Iragarpen meteorologikoak kontsultatzea, eta baldintzarik egokienetan tratatzea olibondoetatik gertu dauden lurzatiak.

  • Kalte har dezakeen eremuaren kontrako noranzkoan jotzea haizeak.
  • Haizearen abiadura < 2,5 m/s.
  • Tenperatura leuna (< 25ºC).
  • Hezetasuna (> %50).

–Produktua jitoan ez ibiltzeko pitak erabiltzea, tanta finen kopurua murrizteko. Tantak zenbat eta txikiagoak izan, orduan eta handiagoa da produktua jitoan ibiltzeko arriskua. 20 mikrako diametroko tantak 125 metrora zabal daitezke 3 m/s haizea baldin badabil.

–Barraren altuera behar bezala egokitzea, jomugatik 50 cm-ra mantenduz. Kontuan izan barra 75 cm-ko altueran badago %50 handiagoa dela produktua jitoan ibiltzeko arriskua, 50 cm-ko altueran dagoenean baino.

–Lur gorabeheratsuetan, barrak egonkortzeko sistemak dituzten zipriztingailuak erabiltzea gomendatzen da.

–Kalte har dezaketen zonetatik gertu zipriztintzean, 8 km/h abiaduran baino azkarragoa ez joatea. Kontuan izan behar da zenbat eta azkarrago joan orduan eta denbora luzeagoz izan daitezkeela jitoan tantarik finenak.

–Haizez lagundutako zipriztingailuak erabiltzeko aukera aztertzea, haize bortitza dabilenean aplikatu behar izaten badira maiz produktu fitosanitarioak.

–Aplikazio ekipamendua kalibratzea eta pitak behar bezala daudela egiaztatzea kanpaina bakoitza hasi aurretik.

II. ERANSKINA

Zerealak hazteko 2016-2017 kanpainan prosulfocarben
erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa

Nekazaritza Zerbitzuko kontrol zerbitzu ofizialek gauzatuko duten planaren baitan, kontrol dokumentalak eta ikuskapenak eginen dira tokian bertan.

Ekintza hauek gauzatuko dira:

–Prosulfocarb duten produktu fitosanitarioen salmenta kontrolatuko da, eta gisa horretako produktuak erosi dituzten pertsona guztien erregistroa eginen da.

–Olibadietatik gertu dauden zereal lurzatiak begiz ikuskatuko dira, haizea dabilen egunetan bereziki.

–Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko haren erabilera mugatua duten zereal laboreetako lurzatietan.

–Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko, inguruan zereal laboreak dituzten olibondo lurzatietan.

–Egiaztatuko da, azaroaren 26tik aurrera, prosulfocarb materia duten tratamenduetan erabilitako ekipamenduek ITEAF ikuskapena gainditu dutela.

–Ustiatze koadernoak kontrolatuko dira arrisku zonetan.

Iragarkiaren kodea: F1610759