191. ALDIZKARIA - 2016ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

12/2016 FORU LEGEA, irailaren 19koa, 800.000 euroko kreditu berezia onesten duena, Baluarte Fundazioari mailegu bat emateko, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa bereganatzeak dakartzan funtzionamendu eta jarduera gastuei aurre egin ahal izan diezaien.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, 800.000 EUROKO KREDITU BEREZIA ONESTEN DUENA, BALUARTE FUNDAZIOARI MAILEGU BAT EMATEKO, NAFARROAKO ORKESTRA SINFONIKOA BEREGANATZEAK DAKARTZAN FUNTZIONAMENDU ETA JARDUERA GASTUEI AURRE EGIN AHAL IZAN DIEZAIEN.

HITZAURREA

Foru lege honen xedea Baluarte Fundazioari mailegu bat ematea da, Fundazio horrek Nafarroako Orkestra Sinfonikoa bereganatzeak dakartzan funtzionamendu eta jarduera gastuei aurre egin ahal izateko.

Nafarroako Gobernuak Pablo Sarasate Fundazioari azken urteotan egindako diru-ekarpena diru-laguntzak arautzen dituzten hitzarmenen bidez ezarri da, eta haren zenbatekoa kasuan kasuko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “Pablo Sarasate Fundazioarekiko Hitzarmena. Funtzionamendu gastuak” izeneko kontu-sail izendunean jasotzen da.

Pablo Sarasate Fundazioa 2016ko abuztuaren 31n deseginen da, eta haren jarduerak eta langileak Baluarte Fundazioak hartuko ditu bere gain. Prozesu hori gauzatzeko, Bideragarritasun Plan bat egin da. Plan horretan jasota dagoenez, 800.000 euroko aurrekontu gehigarria behar da Baluarte Fundazioak Nafarroako Orkestra Sinfonikoa bereganatzeak dakartzan funtzionamendu eta jarduera gastuei aurre egiteko.

Finantzaketa kreditu bereziaren bidez egin beharko da, gastua ekitaldi honetan egin behar delako, batetik, eta, bestetik, Pablo Sarasate Fundazioaren aurrekontuetan jasotako kredituetan ez zegoelako aurreikusirik Baluarte Fundazioak orkestra bereganatzea, ez eta horrek dakartzan kostuak ere.

1. artikulua.

800.000 euroko kreditu berezia ematea onesten da, Baluarte Fundazioari mailegua emateko, Fundazio horrek Nafarroako Orkestra Sinfonikoa bereganatzeak dakartzan funtzionamendu eta jarduera gastuei aurre egin ahal izan diezaien. Aipatu kredituaren zenbatekoa 2016ko Gastuen Aurrekontuko kontu-sail honi aplikatuko zaio: “Baluarte Fundazioarentzako mailegua” izeneko A20002-A2510-8219-335100 kontu-saila.

2. artikulua.

Aipatutako kreditu berezia finantzatzeko, diru-sarreren kontu-sail honetan aurreikusi diren diru-sarrera handiagoak baliatuko dira, 800.000 euro zehazki: “Moneta nazionaleko maileguak” izeneko 110001-11430-9110-000000 kontu-saila.

Azken xedapen bakarra.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2016ko irailaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1610784