190. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

68/2016 FORU AGINDUA, irailaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenez betetzeko prozedura.

Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 34. artikuluan xedatutakoaren arabera (haren bidez arautzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea), lehiaketa edo oposizio-lehiaketa irekiaren bidez beteko dira osasun laguntzako zerbitzuburu edo atalburuen lanpostuak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta lanpostuak hornitzeko prozedura arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak I. kapituluko 2. sekzioko A atalean arautzen du arestian aipatutako burutzetako lanpostuak betetzeko hautapen prozedura, baita adierazi ere prozedura hori eginen dela, baldin halako lanposturen bat hutsik badago, oposizio-lehiaketa irekiaren bitartez edo, bestela ere, urriaren 20ko 11/1992 Foru Dekretuko 31. artikuluan aurreikusitako merezimenduen lehiaketa sistema bereziaren bitartez. Horietan, parte hartzen ahal izanen dute dagozkien deialdietan eskatutako baldintzak betetzen dituzten sendagileek.

Foru dekretu horretan ezarri da, baita ere, zerbitzuburutza eta atalburutza lanpostuetan sei urte bete ondoan, haien titularrek bitartekoz jarraituko dutela lanpostu horietan, aurreko artikuluak aipatzen duen ebaluazioa ebatzi arte. Era berean, 18. artikuluko 3. zenbakian adierazten da, unitatean lanpostu huts bat gelditzen denean eginen dela burutza betetzeko deialdi berria. Bitartean, plantillako sendagile espezialista bat bitarte baterako izenda daiteke burutza horretan jardun dadin.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berriki eman dituen zenbait epairen ildotik, eta publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipio konstituzionalekin bat etorriz, beharrezkotzat jo da bitarteko izendapenaren prozeduran langile guztiek baldintza berdinetan parte hartuko dutela bermatzea.

Osasuneko mahai sektorialean nahitaez negoziatu den foru agindu honen helburua da aurreko paragrafoan adierazitako lanpostuak bitarte baterako betetzeko prozedura arautzea, betiere berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipio konstituzionalei eta publikotasun printzipioari jarraituz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu edo atalburuen lanpostuak bitarte baterako izendapenak eginez hornitzeko prozedura arautzea, betiere horien deialdi publikoa egiten den arte, kasuan-kasuan erabakitzen den arauzko prozedurari jarraituz.

Osasun laguntzako zerbitzuburu edo atalburuen lanpostuak bitarte baterako betetzeko, merezimenduen lehiaketa eginen da, deialdi publiko bidez.

2. artikulua. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Deialdian parte hartu ahal izanen dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan dagokion espezialitateko lanpostua jabetzan duten sendagileek.

3. artikulua. Prozedura.

Hautapena ondoko prozedura honen arabera eginen da:

1. Publizitatea:

Deialdia argitara emanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetako iragarki oholetan eta Osasuneko web orrian (www.empleosalud.navarra.es).

2. Eskaerak aurkezteko epea eta modua:

Hilabete bateko epea izanen da deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, deialdia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde zentraletako iragarki oholetan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Parte hartu nahi dutenek jarraian adierazitako merezimenduen agiriak erantsi beharko dizkiote eskabideari:

–Bete nahi den zerbitzuaren edo atalaren kudeaketa proiektua, eta planteatutako helburuak.

–Laneko esperientzia: emandako zerbitzuak.

–Kudeaketaren alorreko prestakuntza.

3. Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, behin-behineko zerrenda argitaratuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentroetako iragarki oholetan eta Osasuneko web orrian (www.empleosalud.navarra.es), eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko. Inor baztertu ez bada, behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatzean, pertsona onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentroetako iragarki oholetan, eta Osasuneko web orrian (www.empleosalud.navarra.es).

Behin betiko zerrenda onartzean, argitara emanen da zer egunetan, zer tokitan eta zer ordutan izanen den aurkeztutako kudeaketa proiektua defendatzeko jendaurreko saioa.

5. Epaimahaia.

Honako kide hauek izanen dituen epaimahaia eratuko da: lanpostua deitzen den zentroko edo medikuntzaren alorreko zuzendaritza edo zuzendariordetza bateko kudeatzaile titularra edo Eriaren Osasun Laguntzarako Zuzendaritzako titularra; deitutako espezialitateko zerbitzuburu edo atalburu bat, eta deitutako lanbide kategoriaren mahai sektorialeko erakunde sindikalek proposatutako ordezkari bat (medikua edo BFEa).

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko du epaimahaia; eta zenbat epaimahaikide izan, hainbat ordezko izendatuko dira.

6. Lehiaketaldia:

Behar den epean eta moduan aurkeztutako dokumentazioa balioetsiko du epaimahaiak, proiektua jendaurrean defendatu aurretik betiere.

Ondoren, izangaiek jendaurrean aurkeztuko dute proiektua eta epaimahaiak egiten dizkien galderei erantzungo diete.

Alegatutako eta justifikatutako merezimenduen balioespena, foru agindu honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera eginen da.

Gehienez ere, ezin izanen dira 60 puntu baino gehiago eman. Puntu horiek, bidenabar, honela banatuko dira:

–Kudeaketa proiektuaren defentsa: 30 puntu gehienez.

–Laneko esperientzia: 20 puntu gehienez.

–Kudeaketaren alorreko prestakuntza: 10 puntu gehienez.

Izangaiek 30 puntu lortu behar dituzte, gutxienez, proposatuak izateko, eta gutxienez ere 15 puntu lortu beharko dituzte kudeaketa proiektua defendatzeagatiko balioespenean.

7. Lehiaketaldia egin ondoren, epaimahaiak prozesuaren azken emaitza eta puntuazioak argitara emanen ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetako iragarki oholetan eta Osasuneko web orrian (www.empleosalud.navarra.es).

4. artikulua. Prozedura ebaztea.

1. Prozedura amaitzean, epaimahaiak, 48 orduko epearen barruan gehienez ere, puntuaziorik handiena lortu duen pertsona proposatuko dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari edo Osasuneko kontseilariari, bietatik egoki denari, bitarte baterako izenda dezan, edo hala badagokio, lanpostua hornitzeko deialdia bete gabe utziko du.

2. Foru Agindu honetan araututako prozedura 3 hilabeteko epean ebatzi beharko da gehienez ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erakunde zentraletako iragarki oholetan eta Osasuneko web orrian argitaratzen denetik aurrera (www.empleosalud.navarra.es).

5. artikulua. Izendapena.

1. Bitarte baterako izendapenak urte bateko iraupena izanen du, eta 3 urtera arte luza daiteke, merezimenduen lehiaketaren deialdia egin bitartean. Tarte horretan, sendagile lanpostua gordeko zaio izendatuari.

Era berean, izendatua kargutik kentzea noiznahi erabaki daiteke izendapenaren gehieneko epea bete aurretik, alde biko espedientea egin ondoren.

2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6. artikulua. Lanpostua bitarte baterako betetzea.

Deialdia bete gabe geratzen bada edo ez bada hautagairik aurkezten, bete beharreko lanpostua zer zentrotan dagoen, bertako zuzendari kudeatzaileak egoki irizten dion pertsona bitarte baterako izendatzea proposatuko du, betiere urte bat edo gutxiagoz jardun dadin.

Azken xedapenetako lehena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera abiarazten diren bitarte baterako hornitze prozedurei aplikatuko zaie.

Iruñean, 2016ko irailaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

I. ERANSKINA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun laguntzako zerbitzuburu edo atalburuen lanpostuak bitarte baterako betetzeko deialdiaren merezimenduen baremoa

Gehienez ere 60 puntu emanen dira, gisa honetara banaturik:

1. atala.–Kudeaketa proiektuaren defentsa: 30 puntu gehienez.

2. atala.–Laneko esperientzia. Emandako zerbitzuak. 20 puntu gehienez.

3. atala.–Kudeaketaren alorreko prestakuntza: 10 puntu gehienez.

1. atala.–Kudeaketa proiektua eta jendaurrean azaltzea

Atal honetan, guztira, 30 puntu emanen dira gehienez. Puntuak honela banatuko dira:

a) Edukiaren balioespena: 15 puntu gehienez.

Eduki hauek balioetsiko dira:

–Antolakuntzaren eta kudeaketaren alorrean: zerbitzuaren edo atalaren organigrama, burutzaren eta hari atxikitako gainerako lanpostuen eginkizunak adierazita.

–Laguntzaren alorrean: osasun laguntzaren alorreko helburuak eta adierazleak ezartzea, eta horien jarraipena eta ebaluazioa.

–Irakaskuntzaren eta ikerketaren alorrean: zerbitzuan edo atalean irakaskuntza plana ezartzea.

b) Jendaurrean azaltzea: 15 puntu gehienez.

Proiektua jendaurrean azaltzean, argitasuna eta zehaztasuna balioetsiko dira, bai eta alderdirik garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.

2. atala.–Laneko esperientzia: Emandako zerbitzuak

Honako hauek balioetsiko dira:

1.1. Edozein administrazio publikotako zentroetan dagokion espezialitateko zerbitzuburu gisa emandako zerbitzuak. 1,5 puntu, urte bakoitzeko.

1.2. Edozein administrazio publikotako zentroetan dagokion espezialitateko atalburu gisa emandako zerbitzuak. 1,5 puntu, urte bakoitzeko.

1.3. Edozein administrazio publikotan, dagokion espezialitateko sendagile gisa emandako zerbitzuak. Puntu bat, urte bakoitzeko.

Emandako zerbitzutzat hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratuko langile finko gisa emandako zerbitzuak, baita aldi batez emandakoak ere.

Ondorio horietarako, emandako zerbitzuak zenbatestean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan emandako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

Emandako zerbitzuek egutegiko urte oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldiaren araubidea kontuan hartu gabe.

Bateraezinak dira aurreko azpiatalengatik emandako puntuazioak, aldi berekoak direnean; halakoetan, handiena bakarrik hartuko da kontuan.

Atal honetan, guztira, 20 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Kudeaketaren alorreko prestakuntza

Zentro edo erakunde publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako ikastaroetatik osasun kudeaketarekin lotura duten horietan ikasle gisa parte hartu izana balioetsiko da. Kreditu akademiko bakoitzagatik: 0,10 puntu.

Erakunde antolatzaileari buruz ezarritako baldintzak bete gabe ere, Administrazioak agindu edo homologatu dituen prestakuntza ekintzak balioetsiko dira, bai eta sindikatuek “Administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako akordioen” ondorioz antolatuak ere.

Atal honetan, guztira, 10 puntu emanen dira gehienez.

Iragarkiaren kodea: F1610702