190. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

79/2016 FORU DEKRETUA, irailaren 27koa, Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien erregelamendua onesten duena.

Apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legeak Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeari ekarritako aldaketaren ondorioz, legerian sartu da ordainsariei buruzko araubide zehatz-zehatza, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario publikoentzat orokorrean ezarritakora egokiturik eta hura aplikatzeko portzentajeak markaturik.

Legearen erreforma horren xede nagusia izan zen Nafarroako Foruzaingoan soldaten artean zeuden aldeak gutxitzea, polizia kidegoari atxikiriko zenbatekoaren birbanaketa eginez, soldata-masa batere handitu gabe.

Apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legeak, bere azken xedapenetako bigarrenean, aurreikusten zuen Nafarroako Gobernuak 2016ko urtarrilaren 1erako izanen zituela egokituak ordainsariak eta lanaldien araubidea; hala ere, data hori aurtengo urriaren 1era gibelatu zen, abenduaren 28ko 25/2015 Foru Legearen bitartez.

Paradaz orobat baliatu nahi izan da Nafarroako Foruzaingoaren lanaldien arauketara ekartzeko lan denboraren antolaketaren halako alderdi batzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2003ko azaroaren 4an eman 2003/88/EE Zuzentarauko aurreikuspenak, bereziki eguneko gutxieneko atsedenaldiari eta lanaldien iraupenari dagokienez, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiaren otsailaren 22ko 41/2016 Epaian ezarritakoarekin bat.

Gisa berean, bete egiten da Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarriko manua, behartzen baitzuen proba fisikoak gainditzeagatik hartu beharreko diru konpentsaziorako baldintzak erregelamendu bidez garatzera. Xedapen gehigarri horrek urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretua indarrean deklaratu zuen behin-behinekoz, orain egiten den erregelamenduzko garapena egiten ez zen bitartean. Foru dekretu hori indarrik gabe gelditu eta oraingoak ordeztu duenez, beharrezkoa da diru konpentsazio hori arautzea eta araubide iragankor bat ezartzea diru konpentsazioaren aukera baliatzeko 2017rako.

Bestalde, martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeak behartzen du lanpostu bakoitzaren eta haren berezitasunen azterketa egitera, ordainsariak egokitu ahal izateko.

Azterketa hori eginda, Foru Dekretu honek arau maila ematen die lanpostuak baloratzeko irizpideei; hemendik aitzina horiek erreferentziatako balioko dute etorkizunean egiten diren balorazio edo aldaketetarako.

Hori horrela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,Nafarroako Kontseiluaren irizpena ikusirik eta Nafarroako Gobernuak 2016ko irailaren 28ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien Erregelamenduaren onespena.

Onetsi egiten da Nafarroako Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien Erregelamendua. Testu hori foru dekretu honi erantsi zaio.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indarrik gabe geldituko dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta berariaz, honako hauek:

a) 1/2005 Foru Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko plantilla organikoko lanpostuei dagozkien ordainsari osagarrien gehikuntzak aplikatzen dituen otsailaren 12ko 11/2007 Foru Dekretuaren 4. artikulua, horrela betetzen baita Administrazioak eta sindikatuek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz 2006. eta 2007. urteetarako izenpetu zuten akordioa.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen ordainsari osagarriak egokitzen dituen martxoaren 17ko 19/2008 Foru Dekretuaren 1. artikuluaren A idatz-zatia, horrela betetzen baita Administrazioak eta sindikatuek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz 2006. eta 2007. urteetarako izenpetu zuten akordioa.

d) Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa aldatzen duen otsailaren 7ko 7/2011 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarria.

Xedapen iragankor bakarra

2017rako, Nafarroako Foruzaingoan proba fisikoen ordu konpentsazioa jasotzeko eskubidea duten kide guztiek aukera izanen dute, 2016ko urriaren 15a baino lehen, foru dekretu honen 14.4 artikuluan aurreikusten den diru konpentsazioa eskuratzeko.

Azken xedapen bakarra

Foru dekretu honek 2016ko urriaren 1ean hartuko du indarra, ezertan galarazi gabe apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legearen azken xedapenetako bigarreneko bigarren eta hirugarren idatz-zatian xedatutakoa (Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatu zuen foru lege horrek), abenduaren 28ko 25/2015 Foru Legearen idazketari jarraituz.

Iruñean, 2016ko irailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

NAFARROAKO FORUZAINGOAREN LANALDI
ETA ORDAINSARIEN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldia eta ordainsarien araubidea arautzea.

II. KAPITULUA

Lanaldia eta ordutegia

2. artikulua. Lanaldiak eta lan ordutegiak.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideen urteko lanaldiak 1.592 benetako lanordu izanen ditu.

Benetako lanorduak izanen dira ohiko lantokian zerbitzua ematen hasten den ordutik hura bukatzen den ordura bitarteko denbora. Zerbitzua destinoko herriz bestelako batean ematen bada, benetako lanorduak hasiko dira kontatzen ohiko lantokian sartzen denetik hartara itzuli eta zerbitzua bukatu arte.

2. Aitzineko idatz-zatian finkaturiko urteko kopuruaren gainean ordu konpentsazioa aplikatu ondoan, jarraian aipatzen diren txanda araubideetariko batean lan egiten badute, Nafarroako Foruzaingoko kideek ondoko lanaldia izanen dute lantokian egiaz egon beharrekoa:

a) Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txanda: 1.457 ordu urtean.

b) Gauetako txanda finkoa: 1.535 ordu urtean.

c) Goizeko eta arratsaldeko txanda, igande eta jaiegunetan lan eginda: 1.554 ordu urtean.

d) Lanaldi zatitua, igande eta jaiegunetan lan eginda: 1.569 ordu urtean.

Txanda horietariko batean benetako zerbitzua ematen ez badute, Nafarroako Foruzaingoko kideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei aplikatzen zaizkien xedapen orokorren bidez gobernatuko dira, bereziki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan egutegia urtero onesten duen foru aginduaren bidez.

3. Aitzineko idatz-zatian aurreikusitako lan txandetan, gaueko lanaldiek 8 ordu iraunen dute gehienez.

4. Orokorrean, 24 orduko aldi bakoitzari gutxienez 11 ordu jarraituko atsedenaldia dagokio egunean. Zazpi lanegun jarraituko aldi bakoitzari gutxienez 24 orduko atsedenaldi etengabea dagokio, eta horiei gehituko zaizkie aitzineko paragrafoan eguneko atsedenaldirako aipatzen diren 11 orduak.

Erakunde sindikalekin negoziatu ondoan, aitzineko idatz-zatian aurreikusitako atsedenaldien araubidea ezar daiteke, baldin eta pareko konpentsazio atsedenaldiak edo pareko babesa ematen bada eta araubide horri lotutako funtzionarioen segurtasuna eta osasuna behar bezala zaindu eta babesten badira.

5. Nafarroako Foruzaingoko kideek guardia lokalizatuetan lan egiten ahalko dute; hala izanez gero, hamabost minutu kontatuko zaizkie, betetzen duten ordu bakoitzeko. Bertaratzea eskatzen zaienetan, txanda osoa konputatuko zaie, edo, hori gainditzen denean, benetako lanorduen kopurua.

6. Lan egutegiak organo eskudunak ezarriko ditu urte bakoitza hasi baino lehen; haren barrenean,zehaztasunak sar daitezke lan txandez, guardia lokalizatuez eta jaiegunetako lanaz. Kasuan kasuko iragarki oholetan argitaratuko dira.

Salbuespenez eta presa eta babes zibileko kontuak direla eta, egutegi horiek aldatzen ahalko dira, modu arrazoituan, eta interesdunei idatziz gaztigatuz.

Foruzaingoko Burutzaren jarraibideen bidez zehaztuko dira lan txandak, guardia lokalizatuak eta jaiegunetako lana, erakunde sindikalekin negoziatu ondoan.

3. artikulua. Deia.

1. Norbaiti errekerimendua egiten zaionean zerbitzuaren beharrak direla-eta bere atxikitako antolaketa unitatean txandatik edo lanalditik kanpo aritzeko, nahitaez bete behar du errekerimendu hori, bai eta horregatik esleitzen zaizkion eginkizun guztiak burutu ere.

2. Norbaiti errekerimendua egiten zaionean zerbitzuaren beharrak direla-eta bere lan egutegian atseden hartzeko zehaztutako egun batean aritzeko, kasuan kasuko aparteko orduak sortuko ditu, salbu eta bere lanpostuak dedikazio esklusiboa edo lanaldiaren luzapena atxikirik badu, guardia lokalizatuei buruz xedatutakoa galarazi gabe.

3. Atxikitako antolaketa unitatetik kanpo zerbitzuak emateko deia salbuespenez baino ezin izanen da egin, larritasunarengatik edo ezinbesteko kasuarengatik.

4. artikulua. Asteburuak.

1. Nafarroako Foruzaingoko kide guztiek eskubidea izanen dute urteko asteburu erdietan atseden hartzeko, urteko konputuan.

2. Zerbitzuaren beharrek horretarako bide ematen badute, atseden hori lan egutegietan jasoko da, eta aldizka hartuko.

3. Urteko lan egutegietan lan egiteko 29 asteburu jaso daitezke gehienez.

4. Urtean bitan zerbitzuak hiru asteburutan ondoz ondo emateko baliabide bat ezarriko da, beharrezkoa balitz.

5. Artikulu honen ondorioetarako, larunbat eta igande osoa hartuko dira asteburutzat, edo, txandakako araubidean lan eginez gero, ostiral gaueko txandan sartzen denetik igande arratsaldeko txandatik ateratzen den bitarteko denbora.

5. artikulua. Kontrola.

Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldia eta ordutegia kontrolatzeko arduradun zuzenak kasuan kasuko antolaketa unitateetako buruak izanen dira, ezertan galarazi gabe maila goragoko agintariek eta Foruzaingoko buruak duten maila handiagoko ikuskapena.

III. KAPITULUA

Ordainsariak

6. artikulua. Ordainsarien araubidea.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideek ondoko kontzeptu hauei dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, ez besterik:

A.–Oinarrizko ordainsari pertsonalak:

a) Oinarrizko soldata, mailari dagokiona.

b) Graduari dagokion ordainsaria.

c) Antzinatasun saria.

Norberaren oinarrizko ordainsariek eskuratutako eskubidea osatzen dute, funtzionarioa izateari berez dagokiona.

B.–Ordainsari osagarriak:

a) Berariazko osagarria.

b) Lanpostu-osagarria.

c) Burutzako osagarria.

d) Txandako osagarria.

e) Lanaldiaren luzapeneko osagarria.

f) Aldi baterako osagarri pertsonala bigarren jardueran aritzeagatik.

Ordainsari horiek norberak esleituak dituen lanpostuan jarduteari dagozkio eta, beraz, lanpostua utzi orduko ez dira gehiago jasoko.

C.–Bestelako ordainsariak:

a) Zerbitzuan izandako gastuen kalte-ordaina.

b) Egindako bidaien kalte-ordaina.

c) Bizilekua aldatzea dakarren nahitaezko lekualdatzeagatik ematen den kalte-ordaina.

d) Familia laguntza, familia unitateak egindako gastuak bilduko dituena.

e) Konpentsazioa aparteko orduengatik, gauez nahiz jaiegunez, lanpostuan egin beharreko guardiengatik eta guardia lokalizatuengatik, hautapen epaimahaietan parte hartzeagatik eta prestakuntza ikastaroak irakasteagatik.

2. Norberaren oinarrizko ordainsariak eta artikulu honen lehen idatz-zatiko C letran adierazitakoak Nafarroako Administrazio Publikoen gainerako funtzionarioei oro har aplikatzekoak zaizkien arauek aginduko dituzte,Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean aurreikusitako zehaztapenekin.

7. artikulua. Berariazko osagarria.

1. Berariazko osagarria Nafarroako Foruzaingoko kide guztiei ordainduko zaie; haren zenbatekoa izanen da mailari dagokion hasierako soldataren %45, barnean sartuta bai bateraezintasun poliziala (%35) bai arrisku berezia (%10).

2. Berekin dedikazio esklusiboa dakarten lanpostuen berariazko osagarria, berriz, izanen da mailari dagokion hasierako soldataren %65, barnean sartuta arrisku berezia (%10).

3. Nafarroako Foruzaingoko kideek ezin dituzte batera jaso bateraezintasuneko osagarria eta dedikazio esklusiboko osagarria.

4. Dedikazio esklusiboko osagarria jasotzeak ekarriko du irabazizko jarduerarik egin ezin izatea, dela sektore publikoan dela pribatuan, honako hauek salbu: unibertsitateetan irakastea, norberaren edo familiaren ondarea administratzea, literatura, arte, zientzia eta teknika arloetako lanak produzitu eta sortzea, solasaldietan eta programetan parte hartzea tarteka eta lanbide arloko ikastaroetara joatea eta horietan parte hartzea tarteka, eta baimendutako beste jarduera batzuk.

5. Bateraezintasuneko osagarria jasotzeak ekarriko du norberak debekaturik izatea bere lanpostuari dagokion tituluaren lanbidean aritzea.

6. Eskatzen duten prestakuntza tekniko berezia, prestasuna eta erantzukizuna direla eta, lanpostu eta enplegu hauek izanen dute dedikazio esklusiboa: Polizia Judizialaren Dibisiokoak, Lurralde Foruzain Etxeetako Judizialaren Taldekoak, Agintariak Babesteko Dibisiokoak, komisario nagusiak, komisarioak eta inspektoreak.

Beren lanpostuak dedikazio esklusiboa atxikia badute, Nafarroako Foruzaingoko kideek ezin izanen dute aparteko ordurik sorrarazi.

Lanpostuan dedikazio esklusiboa esleiturik duten Nafarroako Foruzaingoko kideek, urteko konputuan, ez dute gaindituko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako funtzionarioentzat oro har ezarritako gehieneko lanaldia.

8. artikulua. Lanpostuko osagarria.

1. Lanpostuko osagarriaren bidez, zailtasuna maila, dedikazioa eta erantzukizuna eta eskatzen den prestakuntza tekniko berezia ordainduko dira.

Prestakuntza fisikoan emandako denbora ere ordain daiteke.

2. Lanpostuko osagarriaren kontzeptuan, Nafarroako Foruzaingoko kideek mailari dagokion hasierako soldataren gaineko portzentaje bat jasoko dute. Hona hemen horren gutxieneko zenbatekoa, enpleguen arabera xehakaturik:

a) Polizia: %6,45.

b) Kaboa: %17.

c) Inspektoreordea: %10.

d) Inspektorea: %17.

e) Komisarioa: %5.

f) Komisario nagusia: %17.

3. Lanpostuko osagarria hauen batura izanen da: batetik, aitzineko idatz-zatian ezarritako gutxieneko portzentajeak, eta bestetik lanpostuen azterketan egindako balorazioaren ondoriozko portzentajeak, Baloratzeko Eskuliburuaren irizpideen eta ondoriozko puntuazioen arabera, erregelamendu honen eranskinetan agertzen baitira.

Kontzeptu horregatik, %7ko aldea egon daiteke gehienez enplegu bereko lanpostu desberdinen artean.

9. artikulua. Burutzako osagarria.

Burutzako osagarria enpleguaren barnean aginte egoera berezia berekin dakarten lanpostuen ordainsaria da; hona hemen haren zenbatekoa, mailari dagokion hasierako soldataren aldera:

a) Alorreko Burutza: %10.

b) Foruzain Etxeko eta Dibisioko Burutza: %9.

c) Brigadako Burutza: %7.

d) Taldeko Burutza: %5.

10. artikulua. Txandako osagarria.

Txandakako laneko osagarri bat ezarri da, mailari dagokion hasierako soldataren %6 izanen dena, Nafarroako Foruzaingoko kideetan txandaka aritzen direnendako; halakotzat hartuko dira laneko ordutegia lanaldian herena baino gehiagotan aldatzen dutenak, hiruhileko osoa kontuan hartuta.

11. artikulua. Lanaldiaren luzapeneko osagarria.

Lanaldiaren luzapeneko osagarri bat ezartzen da, mailari dagokion hasierako soldataren %10ekoa, oro har ezarritakoa baino lanaldi handiagoa egitea eskatzen duten lanpostuentzat.

Lanaldiaren luzapeneko osagarria eskuratzen badute, Nafarroako Foruzaingoko kideek ez dute aparteko ordurik sorrarazten ahalko.

Lanaldiaren luzapeneko osagarria bateraezina da dedikazio esklusiboarekin.

12. artikulua. Txanda aldaketak.

1. Enplegu eta antolaketa unitate berekoak direnek baino ezin diote elkarri eskatu txanda edo zerbitzua aldatzeko.

2. Idatziz eginen dira eskaerak, ukitutako bi txandetako lehena hasi baino lehenago.

3. Txanda aldaketek ez dute eskatzaileen urteko ordu konputua ukituko, eta txanda aldaketa nahiz itzulketa urte berean egin behar dira.

4. Edozein txanda aldatzeko, eskatzaileak zer antolaketa unitateri dauden atxikita, horko buruak eman beharko du baimena. Baimen hori, edonola ere, zerbitzuaren beharren menpe egonen da.

13. artikulua. Portzentajeak eguneratzea.

Erregelamendu honek indarra hartu ondoan, aitzineko artikuluetan aurreikusitako osagarri desberdinen ondorioz lanpostu bakoitzari esleitutako portzentajeak foru agindu bidez eguneratuko ditu Barne arloan eskumena duen kontseilariak, aldez aurretik ordezkari sindikalekin negoziatuta; betiere, berak aplikatu beharko ditu I. eta II. eranskinetako balorazio irizpideak.

14. artikulua. Konpentsazioa proba fisikoak gainditzeagatik.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideei esleitutako eginkizunen izaerarengatik eta horiek behar bezala betetzeko, kideek sasoi egokian egon behar dute, eta, sasoi hori lortzeko, lan denboraren barnean eginen da prestakuntza.

2. Prestakuntza horretarako eskatzen diren ahaleginak konpentsatzeko, urtean 126 orduko konpentsazioa aplikatuko zaie proba fisikoak gainditzen dituzten Nafarroako Foruzaingoko kideei. Ordu konpentsazio horri heltzeko, 21 edo 24 ordu hartuko dira bi hilabetean behin, interesdunak eskaturik, baina zerbitzuaren beharren menpe egonen da kontzesioa.

Horretarako, urte bakoitzeko azken hiruhilekoan eginen da proba fisikoen deialdia. Bestalde, gorabeheren proba bat eginen da deialdi nagusiaren ondoko urteko martxoan, salbuespenez eta arrazoi justifikatuengatik hasiera batean ezarritako egunetan egin ezin dituztenentzat. Benetako lanordutzat hartuko da Nafarroako Foruzaingoko kideek proba fisikoak egiteko ematen duten denbora.

3. Laneko istripua, lanbide eritasuna, haurdunaldia edo amatasuna direla-eta proba fisikoak egin ezin dituztenek eskubidea sortuko dute kasuan kasuko orduak hartzeko, proba fisikoak gainditu bazituzten aurkeztu ziren azken deialdian, laneko istripuaren aurretik edo lanbide eritasunak, haurdunaldiak edo amatasunak sortutako baja hasi baino lehen.

4. Proba fisikoen diru konpentsazioa hautatzen badute, Nafarroako Foruzaingoko kideek eskuratuko dute mailari dagokion hasierako soldataren %10. Aukera hori, zer urtetan gauzatuko den, horren aurreko irailaren 1a baino lehen adierazi beharko da betiere; banakakoa izanen da, eta loteslea bi urtean.

5. Oro har, jarduneko zerbitzuan edo eszedentzia berezian dauden Nafarroako Foruzaingoko kideei baino ez zaie proba fisikoen deialdia eginen.

Zerbitzu berezietako egoeran dauden Nafarroako Foruzaingoko kideek ez dute proba fisikoak egin beharrik egoera horretan jarraitzen duten bitartean. Jarduneko zerbitzura itzuliz gero, kasuan kasuko konpentsazioa izanen dute, zerbitzu berezietako egoerara pasatu aurreko baldintza berberetan.

Aitzineko idatz-zatian aurreikusten denetik salbuetsita daude mailaz igotzeko prestakuntza ikastaro bat egiteko Nafarroako Segurtasun Eskolan zerbitzu berezietan dauden Nafarroako Foruzaingoko kideak.

Borondatezko eszedentzia baten ondoren jarduneko zerbitzura itzultzen diren Nafarroako Foruzaingoko kideek ez dute konpentsaziorik izanen proba fisikoengatik, haiek gainditzen ez dituzten bitartean parte hartzen duten hurrengo deialdian.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA

Nafarroako polizien lanpostuak baloratzeko eskuliburua.

II. ERANSKINA

Foruzaingoko lanpostuak baloratzeko eskuliburuaren aplikazio arauak. Xedapen iragankorrak.

III. ERANSKINA

Taldeen esleipena Foruzaingoan.

IV. ERANSKINA

Balorazio taula, enpleguen arabera antolatutako puntuazioen koadroa eta lanpostuko osagarria igotzeko portzentajearen esleipena Foruzaingoan (2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko irailaren 30era).

V. ERANSKINA

Balorazio taula, enpleguen arabera antolatutako puntuazioen koadroa eta lanpostuko osagarria igotzeko portzentajearen esleipena Foruzaingoan (2016ko urriaren 1etik aurrera).

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1610974