2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LESAKA
Ordenantza, Lesakan beheko solairuetan etxebizitzak eta bizitegietarako erabilerak ezartzeko. Behin betiko onespena
Udal honek, 2015eko abenduaren 30ean egin osoko bilkuran, honako erabaki hauek hartu zituen, besteak beste:
1.–Behin betiko onestea Lesakan beheko solairuetan etxebizitzak eta bizitegietarako erabilerak ezartzeko ordenantza.
2.–Ordenantza hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lesakan, 2016ko urtarrilaren 18an.–Alkatea, José Luis Echegaray Andueza.
ORDENANTZA, LESAKAN BEHEKO SOLAIRUETAN ETXEBIZITZAK ETA BIZITEGIETARAKO ERABILERAK EZARTZEKO
ZIOEN AZALPENA
1. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Legearen zioen azalpenean ezartzen denez “foru lege honen helburuetako bat da, dudarik gabe, laguntza ematea, ordenamendu juridikotik, Nafarroako herritarrek behar duten etxebizitza duina era errazean lor dezaten, bideko oztopoak kenduz eta bultza eginez, erreminta juridikoen bidez, herritarrak etxebizitza erosteko unean egoera hobean egon daitezen”. Egoera honen aurrean, beharrezkoa da neurriak hartzea, pertsona orok etxebizitza duina izateko eskubidea errealitate bihur dadin.
Lesakako udalerrian, zenbait bizitegi eremu finkatuetan, eraikinen beheko solairuetan hirugarren sektoreko ondare eraiki bat bada, egungo joeren ondorioz jarduerarik gabe dagoena. Beraz, aprobetxatzen ez diren aktibo eraikigarriak dira eta, gainera, kasu gehienetan, herriko paisaiaren irudi narriatua erakusten dute.
Hortaz, uste da zenbait lokalek, prozedura arautu eta kontrolatu baten bitartez, haien egoera alda dezaketela bizitegietarako erabilera hartuz. Zentzu horretan, kontuan hartu behar dira azken aldian zenbait partikularrek Udalean egin dituzten kontsultak, gaiaren inguruko informazioa jasotzeko.
Lesakako Plan Orokorrak, 1999ko apirilaren 12tik indarrean denak (44. Nafarroako Aldizkari Ofiziala), bizitegietarako erabilera duten eremu bakoitzerako (Bizitegietarako 1. unitatea, Bizitegietarako 2. unitatea) erabileren araubide orokorra ezartzen du eta bertan, bizitegietarako erabilera ahalbidetzen da, bizitegietarako eremuetan kokatutako higiezinen beheko solairuetan. Dena den, badira aldagaiak, arauketa jakin bat behar dutenak, beheko solairuetan bizitegietarako erabilerak ezartzeko baldintzak betetzen dituzten eraikinak zeintzuk diren zehazteko, ahalik eta zehaztasun gradu handienarekin.
2. Azken urteetan Lesakako hirigintzako eta eraikuntzako garapena gehien baldintzatu duen aldagaietako bat izan da udalerria zeharkatzen duten erreken uholde arriskuaren afekzioa. Izan ere, Kantauriko Ur Konfederazioak beheko solairuetako bizitegietarako erabilera modu orokorrean mugatu du, ibilguaren polizia-eremuan kokatutako eraikinetan (Onin ibaiaren ibilgutik hasita 100 metroko zerrendaren barnean), azken urteetan egindako uholde arriskuari buruzko azterlanek afekzio handia ondorioztatzen baitute Lesakako ondare eraikian eta lurzoru urbanizagarrian. 2010. urtean, Kantauriko Ur Konfederazioa Onin ibaia ubideratzeko plana prestatzen hasi zen. Plan hori 2013ko martxoaren 2an onetsi zuen Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak. Bertan jasotako egungo eta etorkizuneko (obrak egin ondoko) egoeraren azterlan hidraulikoan, agerikoa da herrigunearengan duen afekzio hori. Zentzu berean doaz, ñabardurekin baina (oso antzeko ondorioekin), Kantauriko Ur Konfederazioaren eta Nafarroako Gobernuaren Arriskuen Ebaluaziorako Planetan jasotako azken aldiko azterlanak.
Bere aldetik, Ekialdeko Kantauriko Ur Mugaketarako Plan Hidrologikoa onesten duen ekainaren 7ko 400/2013 Errege Dekretuaren 53. artikuluan, lurzoru urbanizatuan uholde arriskua duen polizia-eremuan erabileren mugaketa arautzen baitu, bizitegietarako erabilerak baimentzen dira 500 urteko birgertatze-aldiko uholdeak har dezakeen kotatik behera dauden eraikinen beheko solairuetan. Lesakari dagokionez, ohiko ubidearen eremuan, teknikoki ezinezkoa da kota horretara iristea, 100 urteko sakonera metro 1 baino handiagoa baita eta 500 urtekoa hori baino dezente handiagoa izanen baita.
Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, Lurraldearen Antolamendu Planen baitan babes araubide bat jaso du, uholde arriskuko hiru mailatan oinarritua (txikia, ertaina eta handia). LAP2ko PN5 eranskinean zehaztutako babes araubide horrek bizitegietarako erabilerak debekatzen ditu arrisku handiko eremuetako lurzoruan eta, aldiz, baimendu egiten ditu arrisku ertain eta txikiko eremuetan, 100 urteko birgertatze-aldiko uholdeak har dezakeen kotatik behera.
Aurrekoa kontuan hartuz, ordenantza honek zehazten ditu beheko solairuetan bizitegietarako erabilerak izan ditzaketen eremuak, Onin ibaiaren uholde arriskurik ez dutelako. Horretarako eranskin bat jasoko da, planoekin, eta haietan zehaztuko dira bai Ohiko Ubidearen Eremuaren lerroa eta Kantauriko Ur Konfederazioak zehaztutako 500 urteko birgertatze-aldiko uholdea, bai Nafarroako Gobernuak mugatutako uholde arriskuko eremuak.
3. Ordenantza honen aplikazioa ezin da kontrolik gabe hedatu bizitegietarako hiri lurzoruko beste edozein eremutara. Izan ere, helburua da udalerriko erdiguneko puntuak herritarren arteko harremanetarako eremu gisa mantentzea eta, beraz, lortu nahi den herri eredu horrek gomendatzen du hirugarren sektoreko erabilerak mantentzea, erakargune horietako beheko solairuetan. Arazoa zehazki ezagutzeko, tradizioz merkataritza eremu izan direnak zehaztu dira.
4. Urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuak, martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua aldatzen baitu, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen ditu, eta baldintza horien menpe egon behar dute beheko solairuko etxebizitzek ere. Beste baldintzen artean, ezartzen du bizitegietarako oinplano berriko eraikinetan irisgarritasuna bermatuko dela, irigarritasunari buruz indarrean den araudiko irizpideei jarraituz, Eraikuntzaren Kode Teknikoan arautzen baita, bai eta Nafarroako legedia betez, irisgarritasunari eta oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzkoa.
Etxebizitza horien segurtasun baldintzak sendotzeko, arestian aipatutako bizigarritasunari buruzko baldintzez gain, beste baldintza gehigarri batzuk ezarri dira, batez ere etxebizitzetako sarbideei buruzkoak, eremu komunetatik sartzeko bideak egokitzeko betebeharra ezarriz.
ARTIKULUAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza hau prestatu da Lesakako Udalaren eskariz, ordenantza honetako 2. artikuluan aipatzen diren beheko solairuko lokaletan bizitegietarako erabilerak arautzeko.
Ordenantza NASUVINSAko Baztan Bidasoa eskualdeko bulegoko hirigintza arloko aholkularitza bulegoak prestatu du, Doneztebeko Mercaderes kaleko 6 zenbakian baitago.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza hau aplikatuko da Lesakako Udal Planean bizitegietarako hiri lurzoru gisa sailkatu eta kalifikatutako lurzoruan diren eraikinen beheko solairuko lokaletan, haietan bizitegietarako erabilerak ezarri nahi badira, etxebizitza berriak sortu edo ez, eta baldintza hauek betetzen badituzte:
–Eraikina ez badago antolamendutik kanpoko araubidean eta Udal Planak finkatua bada.
–Beheko solairuaren definizioarekin bat badatoz, Lesakako Udal Planeko eraikuntzari buruzko ordenantzen II. kapituluko 12. artikuluan jasotakoaren arabera:
12. artikulua. Beheko solairua.
Beheko solairua da eraikinaren kota apalenean inguruko lurzorutik hurbilen dagoen solairua.
–Dokumentu honen I. eranskinean jasotako planoen arabera ohiko ubidearen eremutik kanpo badago, Kantauriko Ur Konfederazioak prestatutako Arrisku Mapei jarraituz. (A-1.1etik A-1.3ra).
–Dokumentu honen I. eranskinean jasotako planoen arabera arrisku handiko eremutik kanpo badago, Nafarroako Gobernuak prestatutako uholde arriskuaren mapei jarraituz. (I-1.4tik 1.6ra).
–Dokumentu honen II. eranskinean jasotako “Merkataritza eremuetatik” kanpo badago.
–Lokalak ez badira garaje gisa edo aparkatzeko erabiltzen.
3. artikulua. Bizigarritasun baldintzak.
Etxebizitza berriek urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuan bizigarritasunari buruz ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Foru Dekretu horrek martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua aldatu zuen eta bertan ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak. Orobat, bete beharko dituzte Lesakako Udal Planeko eraikuntzari buruzko ordenantzetan, 33. artikuluan, “Bizigarritasun baldintzak, irisgarritasuna eta gutxieneko programa”, ezarritakoa. Baldintza guztien artetik nabarmendu behar da etxebizitzaren gutxieneko azalera 30m²-koa izan beharko dela eta gutxienez egongela, logela, komuna eta sukaldea izan beharko dituela.
Orobat, erabileraren aldaketa eskatzerakoan etxebizitza berriaren ondoko lokaletan dagoen jardueraren ezaugarrien arabera, bizitegietarako erabilerara egokitzeko proiektuan teknikoki bermatu beharko da eta justifikatu, etxebizitza berri horren hotsgabetzea.
4. artikulua. Segurtasun baldintzak.
Hutsarteak babesteko hesiak edo antzeko elementuak ezartzeko baimena izanen da, betiere Udal Plan honetan jasotako Intereseko Eraikinen Katalogoarekin bateragarriak badira.
5. artikulua. Baldintza estetikoak.
Etxebizitzek Eraikuntzari buruzko ordenantzetako VI. kapituluan jasotako baldintza estetikoak bete beharko dituzte eta, kasua bada, Intereseko Eraikinen Katalogoan ezarritako determinazioak.
6. artikulua. Irisgarritasun baldintzak.
Etxebizitza berrietako sarbidea egin beharko da dagokion eraikinaren barnealdeko zirkulazio elementu komunetan barna. Sarbide hori ez bada posible, salbuespen gisa aurrealdeko espazio eraiki gabetik zuzenean egiteko baimena eman ahalko da.
Sarbidea eraikinaren kanpoaldetik egiten den kasuetan, bermatu beharko da betetzen direla Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarritako arauak eta hiri ingurune, espazio publiko eta eraikuntzen, eta informazio eta komunikazio sistemen irisgarritasunaren inguruan indarrean den legedia.
Baldintza horiek betetzetik salbuetsi ahalko da horrek xedeetatik nabarmen aldentzea badakar. Alderdi hori Udaleko Zerbitzu Teknikoek espresuki aztertu eta arrazoitu beharko dute, kasu bakoitzean.
7. artikulua. Erabilera aldatzeko, obretarako eta lehen aldiz erabiltzeko lizentziak eskuratzeko prozedura. Aurkeztu beharreko agiriak. Epeak.
7.1. Erabilera aldatzeko baimena edo lizentzia.
Lokala kokatzen den eraikinaren kokalekua egiaztatu ondotik I eta II. eranskinetan, prozedura abiatuko da eskabidea aurkezten denean, dokumentazio honekin batera:
–Erabilera berriaren justifikazio memoria zehaztua, lokalaren azalera eta irisgarritasunaren arazoa konpontzeko proposamena adierazita.
–Kokalekuaren planoa, 1:500 eskalan egina, argi adierazten dituelarik finkaren kokalekua eta dagokion etxesail edo bloke osoarekin muga egiten duten bide publiko eta partikularrak. Plano horretan adieraziko da etxesailaren erdiko patioaren perimetroa, halakorik bada, orientazioa, lerrokadurak eta sestra ofizialak; orobat, adieraziko da dagoen eraikina lerrokadura eta sestra horietara egokitzen den ala ez.
Oinaren eta fatxaden planoa, 1/100 eskalan, behar diren sekzioekin, hura osorik ulertzeko.
Udalaren Zerbitzu Teknikoek, txosten tekniko baten bitartez, lokala etxebizitza izateko egokia den baloratuko dute, ordenantza honetako 2. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz. Txosten hori eskabidea aurkeztu eta bi hilabeteko epean luzatu beharko da nahitaez.
Eraikina baldin badago Ur Konfederazioak zehaztutako 500 urteko birgertatze-aldiko uholdeak hartzen duen eremuaren barnean edo Nafarroako Gobernuaren uholde arriskuari buruzko azterlanek zehaztutako arrisku ertain eta txikiko eremuen barnean, dagokien entitateei txostena eskatuko zaie beheko solairuaren kota, uholde arriskuarekin bateragarria dena, zein den jakiteko.
Lokalak eskatutako baldintza guztiak betetzen baditu eta aldeko txosten teknikoak baditu, udal organo eskudunak erabilera aldatzeko lizentzia ematea erabakiko du.
Erabilera aldatzeko hirigintzako lizentzia emateko organo eskuduna Udalbatzako alkate-udalburua izanen da.
Hori guztia eginen da hirugarrenen eskubideak urratu gabe eta jabetza horizontalaren tituluan jarduketak eska ditzakeen aldaketak deusetan ukatu gabe.
Erabilera aldatzeko eskubidea izanen da erabilera aldatzeko lizentzia ematen den unean.
7.2. Obra lizentziak.
Etxebizitza berria egokitzeko obra-lizentzia eskuratzeko, interesdunak, eskabidearekin batera, proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, teknikari eskudunak sinatua eta dagokion profesionalen elkargoak ikus-onetsia. Horretarako bi hilabeteko epea izanen du, baimena ematen zaionetik hasita.
Lizentzien baldintzei eta exekuzio epeei dagokienez, Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorraren 66. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.
Lizentzia hori bizigarritasunari buruzko aldez aurretiko txostenaren menpe egonen da. Txosten hori Nafarroako Gobernuko etxebizitza arloko entitate eskudunak luzatuko du, 35/2002 Foru Legearen 191. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Obra-lizentziaren titularrak lizentzia eskualdatu ahalko du eta horrela egin duela jakinaraziko dio Udalari, honek dagokion erabakia har dezan. Eskualdaketa horretan, erabilera aldatzeko lizentziarekin eskuratutako eskubideak ere eskualdatzen dira. Jakinarazpen hori sinatuko dute bai eskualdatzaileak bai eskuratzaileak.
7.3. Lehen aldiz erabiltzeko lizentzia.
Obra burututakoan, lehen aldiz erabiltzeko lizentzia eskatu beharko da eta horretarako ezinbestekoa izanen da etxebizitza berria herriko zerbitzu sareetara lotua egotea: Ur hornidura, saneamendua, argindarraren hornidura eta, kasua bada, gas hornidura.
Erabilera aldaketa gauzatu delako behin betiko ziurtagiria luzatuko da lehen aldiz erabiltzeko lizentzia eman ondotik eta egiaztatuta benetan bertan bizi direla aurreko artikuluan ezarritako epearen barnean.
8. artikulua. Etxebizitza bilakatutako lokalen erregistroa.
Udalak erregistro bat sortuko du, hirugarren sektoreko erabilera izatetik bizitegietarako erabilera izatera pasatzeko baimena eman dien lokal guztiak bertan inskribatzeko.
9. artikulua. Ziurtagirien jaulkipena.
Orobat, Udalak interesdunek eskatzen duten behar beste ziurtagiri emanen ditu, gertatutako aldaketa egiaztatzeko.
10. artikulua. Katastroari jakinaraztea.
Jatorrian hirugarren sektorerako erabilera zuen lokalean etxebizitzarako erabilera baimendu ondotik, Udalak horren berri emanen dio Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
AZKEN XEDAPENa
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun geroago hartuko du indarra.
Ordenantza honen indarraldia 3 urtekoa izanen da. Une horretan, Udalak berriz aztertuko ditu udalerriko etxebizitzen arazoarekin lotutako inguruabarrak eta, lokalen erabilera aldaketaren esperientzia baloratu ondotik, erabakiko du ordenantza honek indarrean jarraitzen duen ala ez.
Halaber, I. eta II. eranskinetan eremu berriak sartu ahalko ditu, aldez aurretik aginduzko azterlana eginda.
I. ERANSKINA
Uholde arriskuko orbanak
Uholde arriskuaren mapak
Kantauriko Ur Konfederazioa (ARPSI).
–A-1.1. mapa.
–A-1.2. mapa.
–A-1.3. mapa.
Uholde arriskuaren mapak
Nafarroako Gobernua.
–A-1.4. mapa.
–A-1.5. mapa.
II. ERANSKINA
Merkataritzako interesa duten eremuak
–A-2.1. mapa.
Deskargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: L1600603