19. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Galar Zendeako Udalaren eta kontzejuen arteko Hitzarmen administratiboa. Onespena

Galar Zendeako Udalak, 2015eko urriaren 8an egindako bilkuran, Galar Zendeako Udalaren eta kontzejuen arteko Hitzarmen administratiboa onetsi zuen, eta alderdi guztiek sinatu zuten 2015eko abenduaren 18an.

Eta argitaratzen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 8.2 artikuluarekin bat, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 30. artikuluarekin bat.

Galarren, 2015eko abenduaren 28an.–Alkatea, Cecilio Lusarreta Echarri.

GALAR ZENDEAKO UDALAREN ETA KONTZEJUEN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, 2015-2019RAKO

Galar Zendeako Udaletxeko ekitaldi aretoan, 2015eko abenduaren 18ko 13:00ak izanik.

Bildu dira:

Cecilio Lusarreta Echarri, Udalbatzako idazkari Mercedes Arnedo Lanak lagundurik, egintzaren fede ematen baitu.

Josu Otano Gaona, Arlegiko kontzejuburua, Sergio Delgado Bermejo, Cordovillako kontzejuburua, Ramón Lakuntza Astitz, Espartzako kontzejuburua, Jesús Huarte Remiro, Ezkirozko kontzejuburua, Rosa Barbería Ardanaz, Galarko kontzejuburua, Angel Aranguren Pastor, Olazko kontzejuburua, Marina Aranguren Pastor, Getze Galarko kontzejuburua, Ismael Amatriain Goyeneche, Subitzako kontzejuburua.

Parte hartzaileak:

Cecilio Lusarreta Echarri, Galar Zendeako Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, 2015eko abenduaren 18ko erabakiarekin bat.

Josu Otano Gaona, Sergio Delgado Bermejo, Ramón Lakuntza Astitz, Jesús Huarte Remiro, Rosa Barbería Ardanaz, Angel Aranguren Pastor, Marina Aranguren Pastor, Ismael Amatriain Goyeneche, kontzejuen izenean eta haiek ordezkatuz.

Bi aldeek honako hau sinatzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri.

GALAR ZENDEAKO UDALAREN ETA KONTZEJUEN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA

HITZAURREA

Lehenbizikoa.–Galar Zendeako Udalak osaera konplexua du, zortzi kontzeju baititu (Arlegi, Cordovilla, Espartza, Ezkirotz, Galar, Getze, Olatz, eta Subitza), gehi Barbatain herria, Galar Zendeako Udalak administratzen duena zuzenean.

Bigarrena.–Aski ezaguna da toki entitateek baliabide ekonomiko eskasak dituztela, bete beharreko hainbat beharri erantzuteko.

Gabezia hori bereziki handia da kontzejuetan. Eskumen sorta zabal samarra izanik, indarreko legeriak egozten dizkien baliabide ekonomikoek ez diete ahalbidetzen eskumen horiek behar den gutxieneko kaudimenez betetzea.

Hirugarrena.–Ematen ditugun zerbitzuen beharrezko bulkadak, eta bete behar dugun gaur egungo “eskubidea-betebeharra” kontzeptuak –gure administratu eta herritarren eskaera berriei erantzuteko–, gehi hartutako erabaki berriek, beharrezko bihurtzen dute osagai eta irizpen tekniko-juridikoak izatea, eta horrek berarekin dakar zuzenean giza baliabideak eta aurrekontu-baliabideak franko handitzea, eta, hortaz, Zendean jarduten duten toki administrazioak behartzen ditu koordinazio eta eraginkortasun handiagoa lortzera.

Laugarrena.–Inguruabar horiek joan den legegintzaldietan ekarri zuten lankidetza hitzarmena berrestea, Galar Zendeako Udalaren eta kontzejuen artekoa. Denborak eta esperientziak erakutsi dute eraginkorrak izan direla, eta arintasun handiagoa erdietsi dela herritarrei arreta ematean, eta baliabide franko aurreztu direla, bai giza baliabideak bai ekonomikoak.

UDALAREN ETA KONTZEJUEN ARTEKO KONPROMISOA

Elkarrenganako konfiantzan oinarritu behar da konpromisoa. Bi entitateek ezagutuko dute uneoro bakoitzaren egoera, ekonomiari eta ondareei dagokienez, baita epe motzeko eta luzeko aurreikuspenak ere.

Hitzarmen honek honako atal hauek ditu:

A) Kontzejuetarako diru-laguntza.

B) Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana.

C) Kontzejuaren eskumenak Udalaren esku uztea.

D) Udal langileen lankidetza.

E) Kontzejuen konpromisoa.

F) Kontzejuen Batzarra.

G) Hitzarmenaren indarraldia.

A) Kontzejuetarako diru-laguntza.

1. Galar Udalerriko egitura administratiboaren oinarrizko osagai dira oraindik ere kontzejuak, eta Udala beharturik dago, beharrezkoa balitz, Udal aurrekontuaren bidez bermatzera kontzejuen ohiko jardueren gauzatze arrunta.

2. Galar Zendeako Udalari dagozkion baliabide ekonomikoek kontzejuen ogasunen osagarri izaten segitzen dute, eta 185.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa ezarri da urteko eta kontzejuko. Honela lortu da zenbateko hori: kontzeju bakoitzaren mugapean bildutako EIOZaren (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) %40 erantsita zirkulazioko udal-zergaren %80ri.

B) Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana.

“Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana” deitzen zaie kontzejuetan egin beharreko obrei, Udalaren finantzaketa osoa edo partziala baldin badute.

Udalaren/kontzejuen baliabideei errentagarritasun handiagoa ateratzeko, Foru Komunitatearen Administrazioan kudeatuko da era guztietako laguntzak erdiesteko aukera. Behin ezaguturik laguntzarik baden edo ez den, edo horiei ukoa eman zaien, haiei hasiera emateko egoeran egonen gara, diru-laguntzarekin edo gabe. Adibidez: kale bat zolatzea, argiteria publikoa berritzea, hilerria handitzea, kontzeju etxea hobetzea, edo beste edozein, baloratuko da, eta aurreikuspena eginen, beste edozein obra bezala, baina saiakera eginen da Toki Azpiegituren Planaren bidez diru-laguntza lortzen, orobat basoberritzeko urteroko proiektuekin, etab. Hau da, Udalak aurreikuspena eginen du kasurik okerrenerako, hots, inolako diru-laguntzarik gabeko kasurako.

Diru-laguntzarik bada, bi entitateek lortuko dute onura, izan ere egindako aurreikuspenari eutsiko zaio; hau da, Udalak aurreikusi bazuen, esaterako, kontzeju etxe baterako %70eko diru-laguntza ematea, eta obra horrek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza badu, Udalaren diru-laguntza ehuneko horretan mantenduko da, Nafarroako Gobernuak diruz lagundu ez duen zenbatekoa kontuan hartuta.

Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plan honetan sartzen diren obrak honela katalogatuko dira:

Udalerri osoaren interes berezikoak: zoldadurak, sareak berritzea, argiteria (energia auditoria), tokiko bideak, ingurumeneko neurriak, zuntz optikoa, etab.

–Baldintzak:

Zerbitzua hobetzeko eta erabilera publikorako izanen dira.

Kontzejuaren eta Udalbatzaren adostasuna beharko dute.

Beharrezkoa izanez gero, eskumenen eskuordetzeak/onarpenak eginen dira.

Aurrekontuko diru-izendapen nahikoa beharko da.

–Finantzaketa:

Behin “udalerrirako interes berezia” deklaratzen denean, Udalak finantzatuko du %70-%90 tartean.

–Kontratazioa eta lizitazioa:

Udalak aginduko ditu proiektuak, eta berak lizitatuko ditu obrak. Kontzejuek, hitzarmen honen bidez, Udalaren esku utziko dituzte lizitazioa eta agindua, bai proiektuarena bai obrena, eta kontzejuak esleipena eginen du, Udalak hamar eguneko epean ematen duen txostenarekin bat. Epe hori igarota, kontratua esleitua dagoela ulertuko da. Egoki den entitateak onartuko ditu obrak edo lanak, eta uneoro jakinen du zein den horien bilakaera eta gauzatzea.

Beharrezkoa izanez gero, eskumenen eskuordetzeak/onarpenak eginen dira bi entitateen artean.

Udalerri osoaren interesekoak: kontzeju etxeak, osasun kontsultategiak, frontoiak, elizak, ermitak, linea elektrikoak kentzea, basoberritzeak, lorategiak egokitzea edo hobetzea, aparkalekuak, iturriak, ikuztegiak, zoladura eta argiteria, sarbideak hobetzea, seinaleak, haur parkeak, bestelako instalazioak.

–Baldintzak:

Zerbitzua hobetzeko eta erabilera publikorako izanen dira.

Udalaren eta kontzejuaren arteko hitzarmen bat sinatuko da.

Kontzejuaren eta Udalbatzaren adostasuna beharko dute.

Aurrekontuko diru-izendapen nahikoa beharko da.

–Finantzaketa:

Behin deklaraturik “udalerri osoaren intereseko obra” dela, hitzarmen bat sinatuko da kontzejuarekin, eta, hartan, agertuko da zer finantzaketa formula lortu den, eraikinak edo instalazioak erabiltzeko konpromisoak, etab., eta Udalak finantzatuko du, %30-%60 tartean.

Obren diru-laguntzaren likidazioak ezin izanen du gainditu, inola ere, %10eko handitzea, kontuan izanik Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana prestatzeko 2. atalean azaldutako aurreikuspena.

–Kontratazioa eta lizitazioa:

Aldez aurretik egoki den hitzarmena sinatu behar da Udalaren eta kontzejuaren artean.

Kontzejuak, Artzapezpikutzak edo ondasunaren titulartasuna duenak aginduko ditu proiektuak, eta berak lizitatuko eta onartuko ditu obrak. Udalak –obren kofinantzatzaile den aldetik– azalpenak eska ditzake izandako kontratazio prozedurez, obrez, obren jarraipenaz, etab., baina inola ere ez fiskalizatzeko.

Kontzejuetarako interes berezikoa: elkarteak, erabilera anitzetako gelak, dauden instalazioak zaharberritzea, kontzeju etxeetarako eta kontsultategietarako altzariak, haur parkeak berritzea, etab.

–Baldintzak:

Zerbitzua hobetzeko eta erabilera publikorako izanen dira.

Udalaren eta kontzejuaren arteko hitzarmen bat sinatuko da.

Kontzejuaren eta Udalbatzaren adostasuna beharko dute.

Aurrekontuko diru-izendapen nahikoa beharko da.

–Finantzaketa:

Behin deklaraturik “kontzejuetarako interes bereziko obra” dela, hitzarmen bat sinatuko da kontzejuarekin, eta, hartan, agertuko da zer finantzaketa formula lortu den, eraikinak edo instalazioak erabiltzeko konpromisoak, etab., eta Udalak finantzatuko du, %30 gehienez ere.

Obren diru-laguntzaren likidazioak ezin izanen du gainditu, inola ere, %10eko handitzea, kontuan izanik Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana prestatzeko 2. atalean azaldutako aurreikuspena.

–Kontratazioa eta lizitazioa:

Aldez aurretik egoki den hitzarmena sinatu behar da Udalaren eta kontzejuaren artean.

Kontzejuak aginduko ditu proiektuak, eta berak lizitatuko eta onartuko ditu obrak. Udalak –obren kofinantzatzaile den aldetik– uneoro jakinen du zer prozedura erabili diren, bai proiektuak eta obrak esleitzeko, bai horien jarraipena egiteko.

Salbuespenez, eska daiteke “Udalerri osoaren interesekoak” eta “kontzejuetarako interes berezikoak” diren obrak sar daitezela Azpiegituren eta antzekoen planetan, Udalak lizitatutakoetan, baldin formula horrekin aukera gehiago badaude Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza lortzeko, eta hitzartutako gainerako baldintzak bere horretan mantenduko dira.

Kontzejuei kapitala eskualdatzeko plana egitea.

1. Urriaren 30a baino lehen, kontzejuek Udalari proposatu beharko dizkiote legegintzaldi honetan egitea aurreikusten dituzten obrak, hitzarmen honen babesean egin ere, eta honako hauek zehaztu beharko dituzte: horietako bakoitzaren lehentasuna, zer urtetan gauzatuko den, aurrekontua eta finantzaketa proposamena.

2. 2015eko abenduaren 10eko Udalbatzak obren aurreikuspen bat onetsiko du, legegintzalditik gelditzen den denborarako, eta aurrekontu-ekitaldi bakoitzera eramanen da, eta kontzejuekin sinatu beharreko hitzarmenen oinarrizko baldintzak ezarriko ditu.

3. Udalak/kontzejuak, aurreko atalean adierazitako epean, Obretarako proiektu/memoria baloratua idatziko du, hitzarmena sina dadila proposatuko, eta Udalbatzaren mende utziko du, berrets dezan.

4. Udalbatzak erabakiko du proiektua onestea eta finantzatzea –oinarrizko baldintzak betez gero–, Proiektuarena/Kapital eskualdatzeena eta hitzarmenarena.

5. Aldi berean edo ondoren, Udalak/kontzejuak behar den dokumentazioa bidaliko die Nafarroako Gobernuari, Artzapezpikutzari edo egoki den entitate edo organismoari, izan daitezkeen laguntzak lortzeko.

6. Eskaeren emaitza jakinik, hasiera emanen zaio obren kontratazio-espedienteari, edo kontzejuari emanen zaio horren berri, hark eman diezaion hasiera.

7. Diru-laguntza kobratzeko, kontzejuek ziurtagiri bat aurkeztuko dute, honako hauek agertzen dituena: lizitatzeko eta esleitzeko aurrekontua, esleipen-hartzailea, obren ziurtagiriak eta faktura. Obren diru-laguntza likidatzeko, gainera, honako hauen kopiak aurkeztu beharko dira: obra bukaerako ziurtagiriarena, obren onarpenarena, obren behin betiko planoena, entitate publiko eta pribatuen ekarpenak eta beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak.

C) Eskumenak Udalaren esku uztea.

Obren lizentzien, lorategietako mantentze-lanen, argiteriaren, garbiketen eta abarren eremuan herritarrek eskatzen dizkiguten zerbitzuak arinago eta modu zentzuzkoagoan emateko, komeni da gauzak argitzea, desberdintasunak sor daitezela saihesteko.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 6, 7., 22-2 eta 27. artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 30-2 eta 70. artikuluetan oinarritzen da eskuordetze hau, eta honako eskuordetze hauek ditu:

Eskuordetzeak.

Aurreko legegintzaldiko eskuordetzeen araubide berarekin segituko da.

–Lehena: Kontzeju sinatzaileek Galar Zendeako Udalaren esku uzten dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 39. artikuluan zehaztutako eskumenak:

Udal planeamenduaren araberako hirigintza lizentziak ematea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 39.1.c) artikuluan.

Bideen garbiketa. 39.1 d) artikulua.

Argiteria publikoa (fakturazioari eta mantentze-lanei dagokienez), 39. e) artikulua.

Tokiko bideen mantentze-lana.

Herritarrendako zerbitzua hobetzeko kontzejuak edo Udalak interesekotzat jo ditzakeen beste batzuk.

Aseguruen itunak kudeatzea.

–Bigarrena: Galar Zendeako Udalak, kontzejuek jakin gabe, ezin izanen du beste entitate batzuen esku utzi hitzarmen honen bidez eskuordetzen diren eskumenak.

–Hirugarrena: Kontzejuek noiznahi eska dezakete egokitzat jotzen duten edozein informazio, honen bidez eskuordetzen diren eskumenak Udalak erabiltzeari buruz, eta dagozkion eskumenak bereganatzen ahalko ditu egokitzat jotzen duenean.

Kontzeju batek dagozkion eskumenak bereganatzen dituenean, hitzarmen hau indarrik gabe geldituko da horri dagokionez, eta agiri honen bidez hartutako konpromisoetatik aske geldituko dira bi alderdiak.

–Laugarrena: Galar Zendeako Udalak, eskuordetutako eskumenak erabiliz, egiten edo hartzen dituen ekintza, erabaki eta ebazpenen berri emanen zaie kontzejuei Kontzejuen Batzarraren bidez.

Ekintza, erabaki, ebazpen eta xedapen horien kontra egoki diren errekurtsoak jar daitezke, udal eskumenak erabiliz emanen balira bezala.

–Bosgarrena.–Egindako eskuordetzeen irismena:

5.a) Hirigintzako lizentziak.–Eskumena osorik eskuordetua ulertzen da.

5.b) Bide garbiketa.–Udalak konpromisoa hartzen du kontzeju bakoitzean urtean bi garbiketa mekaniko egiteko, eta kontzejuari dagozkio egokitzat jotzen diren eskuzko garbiketa eta/edo garbiketa mekaniko apartekoak.

5.c) Argiteria publikoa.–Udalaren jarraibideei segituz eta haren onespena izanik gauzatu diren argiteria publikoko sareen mantentze-lana eta fakturazioa Udalaren esku uzten dira. Udalaren kontroletik kanpo eta berak ontzat eman gabe egin diren sareen ardura ez du inola ere hartuko Udalak.

5.d) Tokiko bideen mantentze-lanak.–Bideen mantentze-lan hutsetarako zereginak eskuordetzen dira. Halakotzat jotzen dira arekak urtean behin garbitzea eta bideko zulo txikiak konpontzea.

5.e) Aseguruak ituntzea.–Galarko Udala erosketen zentral gisa arituko da, kontzejuek itundurik dituzten aseguruak elkarrekin kontratatzeko, halako moduz non, nahiz eta denak batera lizitatuko diren prezio hobea lortzeko, kontzeju bakoitza izanen den aseguru-hartzailea, eta bere kargura hartuko du kostua.

D) Udal langileen lankidetza.

1.–Udala, zerbitzu anitzetako lantaldeko langileen bidez, udal titulartasuneko toki eta zerbitzu publikoez arduratuko da funtsean, baita obren edo jarduerez ere, baldin, Kontzejuendako eskualdatze planean egonik, administrazioak gauza ditzakeela uste bada, Udalak berak gauzatu ere. Arauketaren xede izanen dira, kontzejuaren eta Udalaren arteko hitzarmen banakakoaren bidez.

2.–Salbuespenez, eta kontzeju batek uste badu udal lantalde baten laguntza behar duela obra bat egiteko edo kontzejuaren eremuko zerbitzu bat emateko, kontzejuburuak eskaera aurkeztu beharko du, obretako zinegotzi delegatuari zuzendua. Hartan honako hauek adieraziko dira: eskatzen den esku-hartze mota, lanen iraupenaren aurreikuspena, beharrezkotzat jotzen diren giza baliabideak eta bitartekoak, eta aurreikusitako kostuak.

Eskaera behar den denboraz aurkeztuko da, baloratzeko ea bidezkoa den Udaleko langileek gauzatzea, eta, behar denean, lanak planifikatzeko eta behar diren materialen eskaera egiteko.

Kasu horietan, gastu guztiak (eskulana izan ezik) kontzejuaren kontura izanen dira (materialen, landareen, alokatu beharreko makinen... kostua).

3.–Kontzejuetarako lanak egiteak inola ere ez du ekarriko kalterik Udalaren titulartasuneko toki eta zerbitzu publikoetan. Hala, aurreko atalean aipatutako lanen gauzatzea eten dezake aldi baterako edo behin betiko Udalak, egokitzat jotzen badu.

E) Kontzejuen konpromisoa.

Kontzejuek konpromiso hau hartzen dute Udalaren aurrean:

Lizentziarik gabe egiten ari diren obra, erabilera eta jardueren berri ematea.

Isurketen, biltegien, garbiketen, erreketen eta, oro har, ingurumenaren kontrako jardueren berri ematea.

Toki publikoen mantentze-lanetan eta garbiketan laguntzea.

Beren egoera ekonomikoaren berri ematea uneoro, udal funtsak egoki kudeatzeko.

Gure herritarren bizi kalitatea hobetzeko proposamenak egitea.

F) Kontzejuen Batzarra.

Eskudantzien erabilera ahal den neurrian harmonizatzeko, eta diru-sarrerak, bitartekoak eta giza baliabideak ahal bezainbeste baliatzeko, beharrezkotzat jotzen da kontzejuak gehiago txerta daitezela Udalerriaren kudeaketan, eta, horretarako, lankidetza zuzeneko organoak ezartzea, honako irizpide hauekin bat:

1.a Bermatzeko ezen hitzarmen honen konpromisoak beteko direla eta eskuordetutako eskumenak zehazki erabiliko direla, eta koordinazio eta lankidetza tresna izateko, adosten da organo bat sortzea, atal honetan agertzen diren eginkizunak eta funtzionamendu arauak izanen dituena.

2.a Aipatutako organoak “Kontzejuen Batzarra” izanen du izena.

Honelako osaera izanen du: kontzeju bakoitzeko burua (edo eskuordetutako pertsona), Barbataingo bat, eta Galar Zendeako Udaleko zinegotzi guztiak. Kontzejuen Batzarreko buru izanen da Galar Zendeako Udaleko alkate udalburua, eta Udaleko idazkaria arituko da idazkari.

3.a Kontzejuen Batzarraren eginkizunak honako hauek dira:

a) Oro har, udal organoak informatzea, aholkatzea eta haiei proposamenak egitea, kontzejuen interesekin erlazio zuzena edo zeharkakoa duten gaiez.

b) Bereziki:

–Udalari egokitzat jotzen diren proposamenak egitea, udal aurrekontuan sartu beharreko gastuez eta inbertsioez, edo kontuan hartu beharrekoez.

–Udalari proposamena egitea kontzeju bakoitzean zerbitzuak eta jarduerak ezartzeko, zabaltzeko edo hobetzeko.

–Udalari laguntzea, udalerri osoan jarduerak gauzatzen eta zerbitzuak ematen.

–Hitzarmen honen xedapenak bete daitezela begiratzea.

4.a Batzarreko buruak eginen du Kontzejuen Batzarrerako deialdia, egokitzat jotzen duen aldiro. Orobat, Batzarreko buruak deialdia egin beharko du baldin lau kontzejuk behintzat eskatzen badute.

5.a Kontzejuen Batzarreko kideen gogoeten emaitzak horretarako egiten den aktan jasoko dira.

Udalak akta liburu bat beteko du, osoko bilkuren akta libururako legeak ezartzen dituen formalitate eta betebehar berberekin.

6.a Galar Zendeako Udalak Kontzejuen Batzarreko eskudantziak eta funtzionamendua arautuko ditu bere erregelamendu organikoan, hitzarmen honetan ezarritakoari dagokionez.

Toki korporazioen osoko bilkuren funtzionamendua arautzen duten xedapenek arautuko dute Kontzejuen Batzarraren funtzionamendua, aplikatzekoak diren orotan.

G) Hitzarmen honen indarraldia.

Legegintzaldia bukatu eta sei hilabete igaro arte egonen da indarrean hitzarmen hau, eta aurreko atalak ukitzen dituzten erabakiak oro indarrik gabe gelditzen dira.

Adostasunaren adierazgarri, esku hartzen duten alderdiek sinatzen dute, idazkariarekin batera, egintzaren fede ematen baitu, idazpuruan agertzen diren tokian eta egunean.

Stua. Cecilio Lusarreta Echarri, Galarko Udaleko alkatea, Josu Otano Gaona, Arlegiko kontzejuburua, Sergio Delgado Bermejo, Cordovillako kontzejuburua, Ramón Lakuntza Astitz, Espartzako kontzejuburua, Jesús Huarte Remiro, Ezkirozko kontzejuburua, Rosa Barbería Ardanaz, Galarko kontzejuburua, Angel Aranguren Pastor, Olatz-Subitzako kontzejuburua, Marina Aranguren Lacunza, Getze Galarko kontzejuburua, Ismael Amatriain Goyeneche, Subitzako kontzejuburua.

Iragarkiaren kodea: L1517359