19. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Alkatetzaren ordainsariak aldatzea

Barañaingo Udalak, 2015eko abenduaren 30ean egin osoko bilkura arruntean, ondotik ematen den erabakia hartu zuen:

“Barañaingo Udalak 2015eko uztailaren 2ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, ezarri zen Oihane Indakoetxea Barberia arituko zela Alkatetzaren karguan dedikazio esklusiboaren araubidearekin, halako eran non A mailako soldataren ordainsaria jasoko baitu, Nafarroako Gobernuak urte bakoitzerako ezartzen duena, gehi esklusibitateko osagarria (%55) eta lanpostuko osagarria (%3,86), baita gainerako oinarrizko ordainsari pertsonalak ere (gradua eta antzinatasuna), Nafarroako Gobernuaren Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa zegozkionak.

Ikusita Alkatetzaren proposamena karguan aritzeagatik jaso beharreko zenbatekoa aldatzeko, Alkatetzan aritu baino lehen Nafarroako Gobernuko Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa zegokion zenbatekora egokitzeko.

Kontuan harturik espediente bat dagoela erabaki horrek sorrarazten duen gastua fiskalizatzeko, eta kontuan izanik Nafarroako Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluko xedapenak, erabaki da:

Lehenbizikoa.–Ondorioak 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera dituela, Oihane Indakoetxea Barberiak Alkatetzako karguan dedikazio esklusiboaren araubidean aritzeagatik jaso beharreko zenbatekoa aldatzea, halako eran non jasoko baitu espedientean dagoen Alkatetzaren proposamenean zehaztutako ordainsaria, hau da, Nafarroako Gobernuak urte bakoitzean A mailarako finkatzen duen soldata, lanpostuko osagarria (%33,48) eta gainerako oinarrizko ordainsari pertsonalak (gradua eta antzinatasuna, Nafarroako Gobernuko Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa dagozkionak eta eguneratuko direnak, kasua bada, Nafarroako Gobernuak unean-unean maila bakoitzeko onesten duen soldataren arabera eta antzinatasunaren eta graduaren kontzeptu pertsonalen eboluzioaren arabera. Barañaingo Udalak hartuko ditu bere gain, kasua bada, kasuan kasuko enpresa kuotak, eta ohartarazten da ezen hori jasotzea ez dela bateragarria izanen beste ordainsari batzuekin, administrazio publikoen eta haien menpeko ente, erakunde eta enpresen aurrekontuen kontura badira, ezta beste jarduera batzuekin ere, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko Legeak dioenaren ildotik.

Bigarrena.–Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 75.5 artikuluari jarraikiz, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Barañaingo Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honen berri Alkatetzari, udal taldeei, Kontu-hartzailetzari eta Langileriaren arloari ematea, eta espedientean eranstea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Barañainen, 2015eko abenduaren 31n.–Alkate udalburua, Oihane Indakoetxea Barbería.

Iragarkiaren kodea: L1517544