2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OIBAR
Etxeko hondakinak obra-hondakinen gune garbira botatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Oibarko Udalak, 2015eko urriaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea etxeko hondakinak obra-hondakinen gune garbira botatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Hura 2015eko 232. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 19an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Oibarren, 2015eko abenduaren 31n.–Alkatea, Pedro Lanas Arbeloa.
ETXEKO HONDAKINAK OBRA-HONDAKINEN GUNE GARBIRA BOTATZEKO TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza da hondakinak edo obra-hondakinak zuzenean botatzea Oibarko obra-hondakinen gune garbira.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Tasa ordaindu beharra sortzen da etxeko hondakinak botatzean Oibarko obra-hondakinen gune garbira.
Subjektu pasiboak
4. artikulua. Halakoak botatzeko baimena eskatzen duten pertsonak edo entitateak dira Oibarko obra-hondakinen gune garbira obra-hondakinak eta etxeko hondakinak botatzeagatik tasa ordaintzeko betebeharra dutenak.
Tarifak
5. artikulua. Oibarko obra-hondakinen gune garbira obra-hondakinak eta etxeko hondakinak botatzeagatik aplikatu beharreko tarifak ordenantza honetako eranskinean daude ezarrita.
Kudeatzeko arauak
6. artikulua. Oibarko Udalaren bidez kudeatuko dira obra-hondakinak botatzeagatiko tarifak.
Halakoak botatzeko baimena ematen den unean likidatuko dira tarifak, obra-lizentzia ematearekin batera edo geroago.
7. artikulua. Erabiltzaileek esparru horretan ikusgai jarrita dauden funtzionamendu, portaera eta erabilpen arauak begiratu behar dituzte betiere.
Arau-hausteak eta zehapenak
8. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusirik ez dagoen orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean aurreikusitakoa aplikatuko da.
Bigarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan hartuko du indarra.
ERANSKINA
Tarifak
–Gutxieneko zenbatekoa, 2 Tn bitarte: 20 euro.
–Zenbatekoa, 2 Tn-tik 4 Tn-ra bitarte: 40 euro.
Iragarkiaren kodea: L1600140