1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
242/2015 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak emana, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak eskuordetuta, ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional eta nekazaritzako profesional izatea edo ez onesten duena, bai eta lehentasunezko ustiategien kalifikazioa ere, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako titular, bazkide eta nekazaritzako ustiategi guztientzat.
Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen du Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa zerbitzu administratibo bat dela, laguntza publikoen hartzaileak zehazteko erabiltzen den nekazaritzako ustiategien informazioa bertan jasotzen dela eta nekazaritzako ustiategiak katalogatzea duela helburu, zein diren lehentasunezkoak eta zein ez.
Ogibide nagusiz nekazaria denaren definizioa ere uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan dago jasota. Bestetik, Nekazaritzako Ustiategiak Modernizatzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 2. artikuluan definitzen da nekazari profesionalaren figura, eta Landa-ingurunearen Garapen Jasangarriari buruzko abenduaren 13ko 45/2007 Legearen 16. artikuluan jasotzen da nekazaritzako profesionalaren definizioa.
Katalogazio horiek beharrezkoak dira Nafarroako Foru Gobernuaren eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren NBEF eta LGENF funtsen bidez finantzatutako laguntzak eskuratzeko.
Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategiak kalifikatzeko irizpideak ezarri ziren Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 11ko 34/2014 Foru Aginduaren bidez. Foru agindu horren 6. artikuluak ezartzen du urtero kalifikatuko direla ustiategien titularrak edo batasunen ustiategietako bazkideak ogibide nagusia nekazaritza duten nekazari gisa, edo nekazari profesional gisa, edo nekazaritzako profesional gisa, eta ustiategiak lehentasunezko gisa, oinarritzat harturik Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan urriaren 1ean dauden datuak. Azaroaren 1a baino lehen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebatziko ditu katalogazioak, eta onesten direnetik hurrengo urtekoak onetsi arte izanen dira baliozkoak, betiere ez bada egiaztatzen jadanik ez direla betetzen onetsitako katalogazioa ekarri zuten baldintzak.
Bidezko da, hortaz, ustiategien titular eta bazkideen kalifikazioa onestea ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional edo nekazaritzako profesional gisa, eta, orobat, ustiategiak lehentasunezko gisa katalogatzea eta informazio honen balioa onestea. Hori dena, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan 2015eko urriaren 1ean dauden datuetatik abiatuta, horiek lortu eta eguneratu baitira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 11ko 34/2014 Foru Aginduaren 4. eta 5. artikuluen arabera. Foru agindu horren bidez Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza ustiategiak kalifikatzeko irizpideak ezarri ziren.
Datu hauek erabili dira: 2015eko laguntzetarako eskabide bakarreko lurzatien deklarazioa, 2014-2015 kanpaina bukaeran mahastigintzako erregistroan inskribatutako lurzatiak, titularrek eskatuta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako lurzatiak, 2015eko irailaren 22an Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan nekazaritzako jarduera duten ustiategietan inskribatutako abelburuak, 2014ko ekitaldiko PFEZren aitorpena, 2014 erreferentziako errenta (AAA/2186/2013 Agindua) eta 2015eko hirugarren hiruhilekoari dagokion gizarte segurantzako afiliazioa.
Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 175/2015 Ebazpenaren bidez, Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten da araudiak nekazaritza arloan Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari ematen dizkion eskumen administratiboen erabilera.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuarekin eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Ogibide nagusiz nekazari, nekazari profesional eta nekazaritzako profesional izatea edo ez izatea onestea, bai eta ustiategien lehentasunezko kalifikazioa ere, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien titular, bazkide eta nekazaritzako ustiategi guztientzat, ebazpen honen 1. eranskinaren arabera.
2. Ebazpen hau sinatzen denetik 2016koa onesten den arte izanen dute balioa katalogazio horiek, martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduarekin bat; betiere, katalogazioa onestea ekarri zuten baldintzak (nekazaritzako diru-sarrerak, marjina garbiak, Gizarte Segurantza, sozietatearen estatutuak) aldatzen ez badira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Interesdunek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web orriaren bidez kontsultatzen ahalko dute beren katalogazioa, Nekazaritza eta Abeltzaintza eremuan, ziurtagiri digitala edo NANa-PINa erabiliz, edo Departamentuaren eskualdeko eta eremuko bulegoetan.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2015eko abenduaren 15ean.–Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, Ignacio Guembe Cervera.
Iragarkiaren kodea: F1600763