19. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

56/2016 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, betetzen eta erregistratzen parte hartuko duten entitate laguntzaileak aukeratzeko deialdiaren oinarriak onesten dituena, bai eta entitate horiek eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak horretarako sinatuko duten lankidetza hitzarmenaren eredua ere.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, laguntzetarako eskabide bakarraren tramitazioan eta landa garapenaren politikarako laguntzen tramitazioan egiten duen jardueraren esparruan, laguntzen eskaerak aurkezteko prozesua antolatu gogo du. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduak, Nekazaritzako Politika Bateratuaren esparruko laguntza araubideen ondorioz nekazariei egiten zaizkien zuzeneko ordainketan aplikatzeko arauak ezarri eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena, finkatzen du laguntzetarako eskabide bakarra. Landa garapenaren politikak zenbait laguntza araubide ezartzen ditu nekazarientzat, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat. Erregelamendu horrek landa garapenerako laguntza arautu zuen Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta indarrik gabe utzi Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua.

Bestetik, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programak zenbait neurri dakartza, besteak beste aktibo fisikoetako inbertsioei buruzkoak eta nekazaritzako ustiategiak eta enpresak garatzekoak. Horien artean, bere aldetik, zenbait azpineurri daude. Horien bereizgarritasunak direla-eta eta onuradun potentzialen kopuru handia dela-eta, iritzi da komeni dela datuak atzitzeko programa baten bidez egitea tramitazioa. Hauek dira: “4.1 Nekazaritzako ustiategietako inbertsioak” eta “6.1 Nekazari gazteak beren gain hastea”.

Horretarako, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak lankidetza hitzarmen bakar baten bidez antolatu nahi du zenbait entitatek departamentuaren fitxategi informatikoetako nekazari eta abeltzainen datu pertsonaletan izan behar duten parte-hartzea eta datu horiek kontsultatzeko bidea, laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak aurkezteko prozesuan, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, laguntza horien kudeaketa eraginkorragoa izan dadin.

Hori hala, onuradunei laguntzak emateko behar diren agirien kudeaketari begira, lankidetza hitzarmena egin behar da entitate laguntzaile horien eta organo emailearen artean, bertan arautuko baitira aldeek beren gain hartzen dituzten betebeharrak eta baldintzak. Lehendabizi, laguntzaile izan nahi duten entitateek bete beharreko baldintzak ezarri behar dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz.

Bestalde, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, bermatu eta babestu egin behar dira askatasun publikoak eta pertsona fisikoen oinarrizko eskubideak, batez ere ohorea eta pertsonen nahiz familien intimitatea. Datuen tratamendua hirugarrenek egiteko arauetan, hori dela eta, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluaren aipamenak egin behar dira.

Horregatik komenigarritzat jo da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eta aukeratzen diren entitateen arteko lankidetza hitzarmenaren eredua onestea, aipamen horiek jasoz.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Deialdiaren oinarriak onestea, Laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, betetzen eta erregistratzen parte hartuko duten entitate laguntzaileak aukeratzeko.

2. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eta entitate laguntzaileek sinatu beharreko lankidetza hitzarmenaren eredua eta eranskinak onestea.

3. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 277/2015 Ebazpenaren arabera aukeratu diren entitate laguntzaileek izaera hori mantenduko dute eskabideak eta aldaketak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte, 2015eko ekitaldiko diru-laguntzen deialdi hauetan: Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan (Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 17ko 516/2015 Ebazpenaren bidez onetsia) eta Nekazari gazteak beren gain jartzea (Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abenduaren 21eko 538/2015 Ebazpenaren bidez onetsia).

4. Ebazpen hau Nekazaritza Zerbitzuari, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 15ean.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

Laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, betetzen eta erregistratzen parte hartuko duten entitate laguntzaileak aukeratzea da deialdi honen xedea.

Bigarrena.–Entitate laguntzaileen betebeharrak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, entitate laguntzaile izaten ahalko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10.3 artikuluan ezarritako pertsona juridikoak, baldin eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta hitzarmena sinatuz formalizatzen badute lankidetza, I. eranskinean ageri den ereduaren arabera.

2. Ezin izanen dira entitate laguntzaile izan aipatu foru legearen 13.2 artikuluan ageri diren inguruabarretakoren bat duten pertsona juridikoak.

Hirugarrena.–Entitate laguntzaile izateko baldintzak.

1. Entitate laguntzaile izateko, entitate eskatzaileek frogatu egin behar dute euskarri informatikoan bildu ahalko dituztela laguntzaile gisa eginen dituzten eragiketetako datuak, eta bide telematikoetatik igorri ahalko dituztela.

2. Halaber, erakunde bat daukatela frogatu behar dute, lana behar bezala burutzeko langile eta baliabideak dituena.

Laugarrena.–Eskabideak aurkeztea.

1. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztuko dira edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ageri diren tokietako edozeinetan, eta lau urteko epea izanen da (2016tik 2019ra) eskabideak aurkezteko, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita, lankidetza hitzarmenaren I.3 klausulan ezarritakoarekin bat. Telematika bidez ere aurkeztu ahalko dira eskabideak Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bitartez.

2. Eskabidea aurkezteak berarekin dakar entitate eskatzaileak deialdi honetako arauak eta baldintzak onartzea.

3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eraketa eskritura eta, halakorik bada, aldaketarena, merkataritza erregistroan behar bezala inskribatua, merkataritzako legeria aplikagarriak baldintza hori ezartzen badu. Horrela ez bada, eraketaren eskritura edo agiria aurkeztu beharko du, aldaketarena, estatutuak edo fundazio egintza, jarduera arautzen duten arauak agertuz, betiere behar den erregistro ofizialean inskribaturik.

b) Interesdunaren izenean eskabidea sinatzen duen pertsonarentzako ahalordea, eta ahalordedunaren NANa. Pertsona juridikoa denean, ahalordeak merkataritza erregistroan inskribaturik egon beharko du, merkataritzako legeria aplikagarriak hala eskatzen badu.

c) Erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako inguruabarretatik bakar bat ere ez duela frogatzeko.

d) Entitateak lana egiteko bere esku izanen dituen langileen eta baliabideen zerrenda. Banku entitateek, zerrenda horren ordez, zerbitzua eginen duten bulego guztien zerrenda eta horien helbideak jartzen ahalko dituzte.

4. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsak baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzen dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala, eta hala egiten ez badu eskaera bertan behera utzitzat joko dela ohartaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.1 eta 71. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Bosgarrena.–Entitate laguntzaileak aukeratzea.

Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebatziko du deialdia, ebazpen bidez, Nekazaritza Zerbitzuak eta Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak proposaturik. Aldez aurretik zerbitzu horiek egiaztatuko dute ea entitateak deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituen.

Seigarrena.–Lankidetza hitzarmenaren formalizazioa.

Aukeratzen diren entitateek eranskineko lankidetza hitzarmena formalizatu beharko dute 10 eguneko epean, entitate laguntzaile izateko aukeratu dituen ebazpena jakinarazten zaien egunetik hasita.

I. ERANSKINA

Laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak bete eta erregistratzeko lankidetza hitzarmena, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean

Iruñean, 2016..... (e)ko ................... aren ....................(e)an.

BILDURIK:

Alde batetik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua, egintza honetan Ignacio Gil Jordán jaunak ordezkatua. Jaun horrek badu egintza honetarako ahalmena, FEAGA Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik eta FEADER Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik finantzatutako gastuak (Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 4. eta 5. artikuluetan, hurrenez hurren, aipatzen direnak) Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundearen zuzendaria delako, eta FEAGA-FEADER laguntzen fitxategiko datuen tratamenduaren arduraduna delako. Fitxategi hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 13ko 183/2010 Foru Aginduak onetsi zuen, zeinaren bidez Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren mendeko datu pertsonalen fitxategi automatizatu batzuk aldatu eta kendu baitziren.

Eta bestetik, ...................... entitatea, ............................. jaunak/andreak ordezkatua, zerbitzua eginen duena.

Bi aldeek hitzarmen hau egiteko gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri.

ONDOKOA AZALTZEN DUTE:

I.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduan nekazaritzako politika bateratuaren esparruan laguntzaren araubideen arabera nekazariei ordainketa zuzenak egiteko aplikagarriak diren arauak ezartzen dira, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan, berriz, landa garapenerako laguntza eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzak arautzen dira Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF). Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak (aurrerantzean Departamentua) erregelamendu horietan ezarritako eskabide bakarrari buruzko tramitazioaren esparruan eta gainerako eskabideak aurkezteko prozesua, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, antolatu nahi du, onuradunei entitate laguntzaileen bitartez bete eta aurkezteko bidea emanez.

II.–Entitatea, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ...............aren ........(e)ko ..../....... Ebazpenaren bidez entitate laguntzailetzat aukeratu da laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak bete eta erregistratzeko, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean.

III.–Entitatearen xede soziala eta jarduera honako hauek dira:

IV.–Entitateak zehatz-mehatz betetzen ditu datu pertsonalen babesari buruzko arauak eta behar diren segurtasun neurriak jartzen ditu bere fitxategietan.

V.–Departamentuak eta entitateak lankidetza hitzarmen hau sinatu nahi dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, eta isilpekotasun akordioa ere bai, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren ondorioetarako, honako klausula hauen arabera.

KLAUSULAK:

I.–Baldintza orokorrak.

1. Hitzarmen honen xedea da entitatearen eta departamentuaren arteko lankidetzaren baldintza orokorrak ezartzea, laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, bete eta erregistratzeko zerbitzua (aurrerantzean zerbitzua) egiteko.

2. Laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak bete eta erregistratzea, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren ......ko .../..... Ebazpenean ezarritako oinarrien eta baldintzen arabera erregulatuko da.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarekiko lankidetza 2019an bukatuko da edozein kasutan. Hasiera hitzarmenaren sinadura izanen da, eta bukaera, berriz, eskabide bakarraren aldaketa aurkezteko azken eguna eta eskabideak eta aldaketak aurkezteko epea bukatzen den eguna, nekazaritza ustiategietako inbertsioetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzen kasuan kasuko deialdietan hurrenez hurren ezarria.

II.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren betebeharrak.

1. Hitzarmen honen II.a) eranskinean ezarritako moduan entitateak zerbitzurako izendatzen dituen langileei behar dituzten agiri teknikoak eta prestakuntza ematea.

2. Entitateari zerbitzua egiteko behar dituen aplikazio informatikoak ematea.

3. Entitateak zerbitzua egiteko izendatzen dituen pertsonei baimena ematea laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabideak, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, tramitatzeko behar diren datuak eskuratzeko.

III.–Laguntzetarako eskabidearen kudeaketan entitateak izanen dituen betebeharrak.

1. Entitatea arduratuko da eskabideekin batera dokumentazio egokia aurkez dadin, deialdian laguntza bakoitzerako eskatzen dena, eta berak egiaztatuko du dokumentazioa.

2. Eskatzaileek entitate laguntzailearen kudeatzaileari baimena emanen diote eskaera sinatzeko, beren izenean, digitalki.

3. Entitate laguntzaileak eskatzaileak sinatutako deklarazioaren kopia bat gorde beharko du, hau da, aipatu den baimen hori jasoko duena.

4. Eskabidea beterik, entitateak hura igorri eta Nafarroako Gobernuaren sistema informatikoetan erregistratuko du, horretarako ezarritako prozedura telematikoaren bidez.

5. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsak baditu, Departamentuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean hutsa zuzen dezala edo falta diren agiriak aurkez ditzala.

6. Entitateak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuaren eta Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren egiaztapen eta jarraipen jarduketak onartu beharko ditu, bere betebeharrak zehatz-mehatz betetzen dituela bermatzeko.

IV.–Datuen babesaren arloko betebehar eta konpromisoak.

1. Entitateak zerbitzua egiteko soilik erabiliko ditu datuak. Zerbitzua amaitutakoan suntsitu eginen ditu Departamentuak emandako datuak, edo, behar izanez gero, informazioa daukaten euskarriak Departamentuari itzuliko dizkio.

Datuei ezin zaie inola ere hitzarmen honetan ezarritakoaz bestelako tratamendurik eman. Akordio honetan xedatutakoa ez den edozein datu-tratamenduren erantzule bakarra entitatea izanen da, bai hirugarrenen aurrean, arau-hausterik bada, eta bai Departamentuaren aurrean ere, kalte edo galerarik eragiten badio.

2. Entitateak banaka izendatu beharko ditu datuen tratamenduaren arduradunak, hitzarmen honen II.a) eranskinean. Datuen tratamenduaren arduradunen hasierako zerrenda aldatzen badu, aldaketak Departamentuari jakinaraziko dizkio. Jakinarazpen hori hitzarmenari erantsiko zaio.

3. Eskatzaileren batek lehen aldiz tramitatzen badu laguntzetarako eskabide bakarra eta nekazaritza ustiategietako inbertsioen laguntzetarako eta nekazari gazteak bere gain hasteko laguntzetarako eskabidea, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programaren barnean, adostasun idazkia eskatu beharko zaio, eskabide bakarrari eta esleitutako eskubideei buruzko haren datuak eta haren ustiategiari buruzko datuak eskuratu ahal izateko.

4. Entitateak daturik ez lagatzeko konpromisoa hartzen du.

5. Entitateak adierazten du zehatz-mehatz betetzen dituela datu pertsonalen babesari buruz indarra duten arauak eta, bereziki, behar diren segurtasun neurriak jartzen dituela bere fitxategietan.

6. Entitateak konpromisoa hartzen du Datu Pertsonalen Babesari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren 9. artikuluan ezarritako segurtasun neurriak aplikatuko dituela, baita 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa eta arlo horretan une bakoitzean indarra duten xedapenak ere.

V.–Azpilagapenak. (Tratamenduaren arduradunak zerbitzuak azpikontratatzen baldin baditu soilik).

1. Jarduera eraginkortasunez egin ahal izateko ezinbestekotzat jotzen bada datuak hirugarren bati lagatzea, entitateak aldez aurretik baimena eskatuko dio Departamentuari, III. eranskinean ageri den ereduari jarraituz, eta Departamentuak baimena eman edo entitatearekiko hitzarmena suntsiarazi ahal izanen du.

2. Zerbitzua egiteko beharrezkoa bada datuak hirugarren bati lagatzea, entitateari baimena emanen zaio datu horiek berarekin elkartutako entitateei igortzeko, eta horiek hitzarmen honetako I., III. eta IV. klausuletan xedatutakoa bere eginen dute oso-osorik. Gainera, entitateak eta entitate lagapen-hartzaileek konpromiso hauek hartzen dituzte: (II.b eranskina).

a) Datuen tratamenduaren arduradunak banaka identifikatuko dituzte hitzarmen honen II.b) eranskinean. Datuen tratamenduaren arduradunen hasierako zerrenda aldatzen bada, entitateak eta entitate lagapen-hartzaileek aldaketak jakinaraziko dizkiote Departamentuari. Jakinarazpen hori hitzarmenari erantsiko zaio.

b) Entitate lagapen-hartzaileak, datu pertsonalen tratamenduan, Departamentuak eta entitateak sinatu duten hitzarmenean deskribatutako fitxategiaren arduradunaren jarraibideei lotuko zaizkio, eta akordio honetan xedatutakoaz bestelako datu tratamendurik eginez gero, entitate lagapen-hartzailea izanen da erantzule bakarra, bai hirugarrenen aurrean, arau-hausterik bada, eta bai Departamentuaren aurrean ere, eragiten ahal dizkion kalte edo galerengatik.

VI.–Ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Entitatea izanen da erantzule bakarra IV. klausulako 6. puntuko segurtasun neurriak betetzen ez badira. Horren ondorioz sor litezkeen kalte-galerez erantzun beharko du bai hirugarrenen aurrean eta bai Departamentuaren aurrean ere.

2. Hitzarmen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea edo Departamentuaren egiaztapen eta kontrol jarduketei uko egin nahiz trabak jartzea arau-hauste administratibotzat joko da eta zehapena ezartzen ahalko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta 43. artikuluetan ezarritako moduan. Aldez aurretik zehapen prozedura instruituko da, foru lege horren 46. artikuluan xedatzen den bezala.

Eta adostasunaren adierazgarri, aldeek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte goian adierazten diren egun-tokietan.

LANDA GARAPENEKO,
NEKAZARITZAKO ETA ABELTZAINTZAKO ZUZENDARI NAGUSIA

Entitatea

Ignacio Gil Jordán

Stua.:

II.a) ERANSKINA.Datuen tratamenduaren arduradunak.

II.b) ERANSKINA.Integratuta edo elkartuta dituen entitateak.

III. ERANSKINA.Baimen eskaera zerbitzua azpikontratatzeko.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1600914