19. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

636/2015 EBAZPENA, abenduaren 24koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko deialdia onesten duena, abereen gaixotasunak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, 2016. urterako.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 5ean emandako 230/2015 Foru Aginduaren bidez, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko arauak onetsi ziren, abereen gaixotasunak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela adierazi, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.41575 (2015/XA) laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, organo eskudunak aldez aurretik diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31rainokoa dela, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko deialdia onetsi nahi du 2016rako. Aipatutako erregelamenduaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko deialdia onestea, 2016. urterako, abereen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. 67.500 euroko gastua baimentzea, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoetarako, 2015era luzatutako 2012ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Zenbait espezieren osasun defentsarako elkarteen sustapena” izeneko 710004 71320 4819 412200 kontu-sailaren baliokide gisa 2016ko gastuen aurrekontuan ezartzen denaren kargura, betiere hartarako kreditu nahikoa eta egokia badago.

4. Deialdi honetan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ekainaren 5ean emaniko 230/2015 Foru Aginduan aurrekusitako arauak aplikatuko dira; alegia, abelburuen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko arauak onetsi, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zuen foru agindukoak.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitalpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko abenduaren 24an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F1600071