189. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Zaraitzuko Ibaxa Zahar Etxearen Patronatuaren Estatutuak. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2016ko maiatzaren 31n egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Otsagabiko “Zaraitzuko Ibaxa” Zahar Etxea eta Eguneko Zentroaren zerbitzuaren zuzeneko kudeaketa, “Zaraitzuko Ibaxa” Zahar Etxearen Patronatua izeneko tokiko erakunde autonomoa sortuz. Orobat, erakunde autonomoaren Estatutuak ere onetsi zituen.

Iragarkia 2016ko 113. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 13an, baita iragarki oholean ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazioa, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Otsagabiko Udalak, 2016ko abuztuaren 17an egin osoko bilkura arruntean, behin betiko onetsi zituen zahar etxearen zerbitzuaren kudeaketa zuzena eta Otsagabiko “Zaraitzuko Ibaxa” Zahar Etxearen Patronatua izeneko tokiko erakunde autonomoaren sorrera, baita erakundea erregulatuko duten Estatutuak ere. Bidezkoa da horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85.bis.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Otsagabian, 2016ko irailaren 12an.–Alkate udalburua, Juan Manuel Tohane Contín.

OTSAGABIKO “ZARAITZUKO IBAXA” ZAHAR ETXEAREN PATRONATUAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Helburua, izaera eta xedeak

1. artikulua. Patronatuaren izaera

1. Patronatua erakunde autonomoa da, administrazio izaerakoa, Otsagabiko Udalaren mendekoa, berezko nortasun juridikoa duena estatutu hauetan zehazten diren egitekoak garatzeko, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85. artikuluari jarraikiz, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak eman zion idazketa berrian, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 192. eta 196. artikuluei ere.

2. Ulertzen da Udalak zerbitzu publikoa egiteko duen eskumenak eta erakunde autonomoaren eraketak ez dietela kalterik egiten Udalak Otsagabiko “Zaraitzuko Ibaxa” Zahar Etxearen funtzionamenduan parte har dezaten bertze administrazio, pertsona edo entitateekin, izan publikoak ala pribatuak, sinatzen dituen lankidetza hitzarmenei.

3. Bere autonomiagatik ere, Udalaren babespean arituko da, horrek baititu zuzendaritzako, eta fiskalizazioko eginkizunak, baita jardueren eraginkortasuna kontrolatzekoa ere.

2. artikulua. Patronatuaren xedeak eta helburuak.

Patronatuaren helburua da Otsagabiko “Zaraitzuko Ibaxa” Zahar Etxea eta Eguneko Zentroaren kudeaketa integrala egitea. Honako hauek zehazki:

Eguneko zentro gisa: zaharrei mantentze eta errehabilitazio zaintza ematea, eta, kasua bada, mantenuaren zerbitzua eskaintzea eta biltzeko eta laguntzeko gunea izatea hirugarren adineko pertsonentzat, beren ingurune familiarrean eta sozialean jarrai dezaten.

Bere kasa baliatzen diren zaharren etxe misto gisa: bere kasa baliatzen den zaharrari eta, kasua bada, hirugarrenen laguntza behar dutenei arreta iraunkorra eta laguntza integrala eskaintzea ostatu eta mantenu zerbitzuen bitartez, baita arreta mediko-geriatrikoaren, errehabilitazio txikiaren, terapia okupazionalaren eta kultura eta jolas arloko beste zerbitzu batzuen bidez ere.

3. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

Bere jarduera atxikitako helburuetara egokitzeko, Patronatuak, estatutu hauetan arautzen denari jarraikiz, halakoak egin ahalko ditu:

a) Edonolako ondasunak erosi eta eduki, eta horiek besterendu eta kargatu, baliabide arrunten %30eraino.

b) Bere ondarea administratu, baita bestelako pertsona fisiko edo juridikoek lagatako ondasunak ere.

c) Tasak edo prezio publikoak hartu.

d) Jaraunspenak, legatuak eta doan emateak onartu, diru-laguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskuratu edozein erakunde publiko nahiz pribatuetatik, are pertsona fisikoengandik ere.

e) Kontratu mota guztiak, hitzarmenak eta lankidetza itunak sinatu.

f) Zerbitzua emateko behar diren langileak kontratatu, indarreko araudiaren eta Otsagabiko Udalaren erabakien arabera.

g) Aurrekontua eta urteko kontuak prestatu eta onetsi, Udalak, osoko bilkuran, behin betiko onetsiko dituenak.

h) Ekintza judizial eta administratiboak erabili.

i) Erregelamendu ahalmena, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez, Udalak ezartzen duen oinarrizko erregulazioan ezarri bezala.

j) Esleiturik dituen zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko ahalmena.

4. artikulua. Helbidea.

Patronatuaren helbidea Otsagabiko Udaletxean egonen da (Labaria auzoa, 1 zenbakia).

5. artikulua. Iraupena.

Patronatua denbora mugagaberako eratu da, eta desegiten ahalko eta iraungirik gelditu estatutu hauetan aurreikusten den moduan.

II. TITULUA

Gobernu eta administrazio organoak

6. artikulua. Gobernu organoak.

1. Patronatuak gobernu organo hauek ditu:

a) Zuzendaritza Batzordea.

b) Patronatuko lehendakaria.

c) Lehendakariordea.

d) Zuzendaria.

2. Zuzendaritza Batzordearen menpe eta kontrolpean, komenigarri ikusten diren adina lan batzorde eratzen ahalko dira. Haien lana izanen da gaiak aztertzea eta Batzordeari txostenak eta erabakiak hartzeko proposamenak igortzea. Batzorde horietan bai Zuzendaritza Batzordeko kideek bai horretarako egokiak juzgatzen diren pertsonek parte hartzen ahalko dute.

3. “Zaraitzuko Ibaxa” Zahar Etxeak, gizarte zerbitzuen arloan indarra duen araudiarekin bat, Jarraipen Batzorde bat eta Parte-hartze Kontseilu bat izanen ditu.

I. KAPITULUA

Patronatuko lehendakaria

7. artikulua. Patronatuko lehendakaria Otsagabiko Udaleko alkate udalburua izanen da, edo hark eskuordetzen duena; honako eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Zahar Etxearen Patronatuaren eta haren gobernu organoen ordezkari izatea ekitaldi eta kontratu guztietan, edozein agintari edo erakunderen aurrean, ezertan ukatu gabe ahalak eman edo eskuordetzak egiteko aukera.

b) Presazko kasuetan, Batzordeari esleitutako eskumenak baliatzea, eta hari kontu ematea berrespen ondorioetarako.

c) Batzordearen bilkuren deia egitea, horietan buru izatea eta eztabaidak zuzentzea, eta berdinketa izanez gero, erabakitzea bere kalitatezko botoarekin.

d) Patronatuaren gobernua eta administrazioa zuzentzea.

e) Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenaren mugen barrenean, kontu ematea, kreditu-eragiketak hitzartzea, betiere, aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten duten zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten %10 baino handiagoa, berari dagozkion diruzaintzako kreditu-eragiketak izan ezik, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada ekitaldian agertzen diren diru-sarrera arrunten %15 baino handiagoa, betiere Otsagabiko Udalak osoko bilkuran baimena eman ondoren.

f) Lan publikoaren eskaintza Udalaren osoko bilkuran onetsitako aurrekontuaren eta plantillaren arabera onestea eta langileak hautatzeko proben oinarriak onestea.

g) Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta Patronatua defenditzea bere eskumeneko gaietan; eta presakoa denean, Zuzendaritza Kontseiluaren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan horri eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.

h) Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean.

i) Zerbitzu eta obra proiektuak onestea, kontratazioa bere eskumena bada, eta aurrekontuetan aurreikusirik badaude.

j) Ondasunak eta eskubideak erostea, baita haien besterentzea ere, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, eta besterentzea, aipatutako portzentajean.

k) Patronatuaren erabakiak argitaratzeko eta betetzeko agintzea eta betearaztea.

l) Patronatuaren aurrekontua prestatzea.

m) Patronatuaren zerbitzuko langileen burutza.

n) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.

II. KAPITULUA

Patronatuko lehendakariordea

8. artikulua. Gizarte Zerbitzuen Informazio Batzordean buru den Otsagabiko Udaleko zinegotzi delegatua izanen da Patronatuko lehendakariordea.

Lehendakariordearen eginkizunak. Zahar Etxearen Patronatuko lehendakariordeari eginkizun hauek dagozkio:

a) Patronatuko lehendakaria ordeztea, izendapen hurrenkeraren arabera, hura falta denean edo kanpoan, eri edo ezinean dagoenean.

b) Lehendakariak esleitzen dizkion eginkizunak eta eskumenak.

III. KAPITULUA

Zuzendaritza Batzordea

9. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen osaera eta izendapena.

1. Zuzendaritza Batzordea Patronatuaren gobernu organo gorena da. Batzorde honek haren gobernua eta kudeaketa gorena izanen ditu bere gain, eta kide hauek osatuko dute:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Udaleko ordezkariak.

d) Zuzendaritza Batzordeko idazkaria, Batzordeak bere kideen artean izendatua, hizpidea eta botoa izanen dituena.

e) Zahar Etxeko zuzendaria, hizpidea duena baina botorik ez.

2. Udalaren ordezkariak Udalak osoko bilkuran izendatuko ditu eta haien agintaldia udal legegintzaldikoa izanen da. Hiru hilabeteko epean berrituko dira hauteskundeak egiten direnetik aurrera. Lau eta zortzi kide bitarte izanen dira, gehienez ere, Otsagabiko Udaleko talde politikoen kopuruaren arabera.

10. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.

Batzordeak, Patronatuaren gobernu organo gorena den aldetik, haren helburuak betetzen direla zainduko du eta, horretarako, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzea.

b) Udal zergak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamena egitea eta horiek arautzen dituzten ordenantza fiskalak onestea, deusetan ukatu gabe Osoko Bilkurari igortzea hark behin betiko onesteko.

c) Lanpostuen zerrenda onestea.

d) Hasiera batean proposatzea kreditu bereziak egiteko espedientea, deusetan galarazi gabe Osoko Bilkurari igortzea, bidezkoa denean.

e) Kreditu transferentziak onestea funtzio talde ezberdinekoen artean.

f) Beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen eskuordetza onartzea.

g) Ekintza judizial eta administratiboak erabili eta Patronatua defendatzea, Zuzendaritza Kontseiluaren eskumeneko gaietan.

h) Patronatuaren egintzen gaineko kaltegarritasunari buruzko deklarazioa.

i) Kreditu-eragiketak egitea, Otsagabiko Udalak baimendu ondoren.

j) Bere xedeak betetzeko, gastu eta diru-sarreren urteroko aurrekontua eta langileen plantilla organikoa onestea eta Udalari igortzea, horrek onets ditzan.

k) Urtean egindako gastuak ikuskatzea, behar diren txosten, kontu eta balantzeak idazteko. Hura Kontu-hartzailetzaren gainbegiradapean eginen da eta Udalari igorriko zaio, behin betikoz onets dezan.

l) Erakunde publikoetan, bilatzen den xederako egokiak diren diru-laguntzak kudeatzea.

m) Mota guztietako ondasunak salerostea, kredituak hartzea eta doan emateak, legatuak eta jaraunspenak onartzea, betiere baliabide arrunten %30 gainditzen ez badute .

n) Gastuak baimendu eta xedatzea, ekitaldi bakoitzeko aurrekontua betearazteko oinarrietan erabakitzen denaren arabera.

o) Patronatuak jaso beharreko tasa eta prezio publikoen proposamena egitea, baita urteko diru-sarrerak banatzeko arauena ere. Horiek Udalari igorriko zaizkio, behin betikoz onets ditzan.

p) Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko orotan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko.

q) Erregelamendu ahalmena, kudeatzen dituen zerbitzu publikoei dagokienez.

r) Azken batean, Patronatuaren helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak eta barne araubideko erregelamenduan aurreikusten direnak betetzea, baita Patronatuko lehendakariaren eskumenekoak ez direnak ere.

IV. KAPITULUA

Zuzendaria

Izendapena. Zuzendaria, Zahar Etxearen Patronatuko kide bakarreko organo betearazlea, Patronatuko Batzordeak izendatu eta kargutik kenduko du.

Zuzendariaren eginkizunak. Hona hemen zuzendariaren eginkizunak:

a) Batzordearen erabakiak eta Lehendakariaren aginduak eta dekretuak aplikatu eta betearaztea.

b) Zerbitzuak zuzendu eta ikuskatzea eta langileen eguneroko zuzendaritza bere gain hartzea.

c) Egoiliarren eta senideen erreklamazioak bildu eta entzutea.

d) Bitarteko izatea egoiliarren arteko gatazketan eta egoiliarren eta langileen artekoetan.

e) Batzordearen bilkuretara joatea, hizpidea duela baina botorik ez.

f) Batzordeak eman edo Lehendakariak eskuordetzen dizkion guztiak.

V. KAPITULUA

Funtzionamenduaren araubidea

11. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Zuzendaritza Batzordeak aurrez finkatutako egunetan eginen ditu bilkura arruntak eta, gutxienez, hiru hilabetetik behin.

2. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak bilkura bereziak egiten ahalko ditu, Lehendakariak horrela erabakitzen duenean berez nahiz batzordekideen heren batek hala eskatuta.

3. Bilkuretarako deia eginen da astebete lehenagotik bederen, non ez duen gaiaren presak besterik eskatzen, orduan 48 ordu lehenagotik egin bailiteke. Halakoetan, gai zerrendaren lehen puntuan bileraren presa onetsi beharko da gehiengoz.

4. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, batzordekideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago eginen da, hala behar bada, eta horretarako aski izanen da batzordekideen herenak agertzea.

5. Bilkurak ez dira ez hasten ahal ez egiten ahal, bertan ez badira Lehendakaria eta Idazkaria, edo legez haien ordezko direnak. Lehendakaria ez bada, Udalaren ordezkari den beste batzordekide baten esku utziko du bileran buru egitea.

6. Gai zerrendan sartu gabeko kontuak presako deklaratu direnean baizik ez dira erabiliko. Deklarazio horrek bertan direnen gehiengoa beharko du.

7. Toki araubidearen legeriak Udalaren osoko bilkuretarako eskatzen duenetan nahitaezkoak izanen dira Udaleko Idazkaritzaren eta Kontu-hartzailetzaren txostenak.

8. Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengoaz hartzen badira. Batzordeko lehendakariak kalitatezko botoa izanen du berdinketarik izanez gero.

9. Zuzendaritza Batzordearen bozketak arruntak, izendunak edo isilpekoak izan daitezke, edozein kidek eskatuta.

10. Batzordekideek ezin izanen dute parte hartu eztabaida edo erabakietan, interes zuzena baldin badute gaietan edo, halaberean, beren ahaideei eragiten badiete, hirugarren gradukoak barne. Halakoetan, interesdunak lekutu beharko du, gaia eztabaidatu eta bozketatzen den bitartean.

11. Lehendakariak gai zerrendako puntu zehatzen batera deitzen dituenak etortzen ahalko dira Batzordearen bilkuretara, hizpidea dutela baina botorik gabe, Patronatuaren zerbitzuko langileak izan ala ez.

12. Otsagabiko Udalaren Osoko Bilkurak zer arau dituen, horiexek zuzenduko dute bilkuren funtzionamendua.

12. artikulua. Saioen akta.

1. Akten liburua eramanen da eta hartan Zuzendaritza Batzordearen erabakiak jasoko dira. Honako hauek paratuko dira: bilkuren tokia, eguna eta ordua, Lehendakariaren eta bertan diren batzordekideen izen-deiturak, eztabaidagai izan diren kontuak, emandako iritzien laburpena eta hartu diren erabakiak.

2. Zuzendaritza Batzordeko lehendakariaren eta idazkariaren sinadurek baimenduko dituzte aktak.

13. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko idazkariaren eginkizunak.

Patronatuko Batzordeko idazkariak behar bezala deitzen diren batzorde edo bilkuretan parte hartuko du eta horien akta eginen du, hartzen diren erabakien tramitazioa zainduko du eta artxibo administratiboak berezko dituen espediente eta agiriak begiratuko ditu. Halaber, Batzordeak hartutako egintza eta erabakiei eta/edo Lehendakariaren ebazpenei buruzko ziurtagiriak luzatuko ditu, horiek beharrezkoak baldin badira.

III. TITULUA

Ondasunak, baliabide ekonomikoak, aurrekontuak eta kontuak

14. artikulua. Patronatuaren ondarea.

1. Honako hauek osatuko dute Patronatuaren ondarea:

a) Udalak atxikitzen dizkion ondasunak, jatorrizko kalifikazio juridikoa gordeko badute ere.

Erakunde autonomoaren sorrerarekin, Otsagabiko “Zaraitzuko Ibaxa” Zahar Etxearen eraikina eta altzariak atxikitzen dira (Otsagabiko Ibaialdea kalea, z.g., 1. poligonoko 383. lurzatia).

b) Patronatuak beste edozein titulu bidezko erabiliz erosten dituenak.

2. Horretarako, Patronatuak ondare hori osatzen duten ondasunen zerrenda eginen du bere inbentarioan.

15. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Hona hemen Patronatuaren baliabideak:

a) Udalak urtero bere aurrekontuetan atxikitzen dion diru ekarpena.

b) Bere ondarearen produktu, aprobetxamendu, fruitu eta errendimenduak.

c) Edozein entitate publiko nahiz pribaturen diru-laguntza eta laguntzak, eta partikularrenak.

d) Zahar Etxearen erabiltzaileen bidez sortzen diren diru-sarrerak (tasak, prezio publikoak).

e) Beren ardurapean duten erakundeetako kide edo lankideen kuotak.

f) Bere jarduera berariazkoek edo zerbitzuak emateak ekartzen ahal dizkioten diru-sarrerak.

16. artikulua. Patronatuaren aurrekontua.

Aurrekontuaren proiektua Patronatuko lehendakariak prestatuko du eta Zuzendaritza Batzordeak onetsi ondoan Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin, urte bakoitzeko urriaren lehena baino lehen. Aurrekontua prestatuko da, toki entitateen aurrekontuen egiturari egokitua, Udalaren aurrekontu orokorrari eranskin gisa gehituko zaiona.

17. artikulua. Patronatuaren kontuak.

Patronatuaren kontuak Udalaren kontuei gehituko zaizkie, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

18. artikulua. Kontratazioa.

1. Kontratu publikoei buruzko foru legeetan ezartzen dena izanen da Patronatuaren kontratazio araubidea.

2. Kontratatzeko eskumena ondoko organoei dagokie:

a) Lehendakariari:

–Urteko kontratazioak, haien zenbatekoak gainditzen ez badu aurrekontuko diru-sarrera arrunten %10.

–Urte anitzetarako kontratazioak, baldin eta gastua aplikatzen den ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada, eta urte guztietako zenbatekoak, baturik, arestian aipatu portzentajea gainditzen ez badu.

b) Zuzendaritza Batzordeari, gainerako kasu guztietan, betiere baliabide arrunten %30eko muga duela. Zenbateko hori gainditzen badu Otsagabiko Udalak baimendu beharko du beti.

IV. TITULUA

Langileak

19. artikulua. Patronatuko langileak.

1. Patronatuak bere xedeak betetzeko behar adina langile izanen ditu, eta haien kopuru, kategoria eta eginkizunak Batzordeak onesten duen plantillan zehaztuko dira. Plantilla hori, dagokion lan eskaintzarekin batean, urtero prestatuko da aurrekontuekin batean, eta Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.

2. Patronatuko langileak lan-kontratudunak izanen dira eta sektoreko langileei aplikatzekoa zaien hitzarmen kolektiboa aplikatuko zaie, eta, kasua bada, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileak arautzen dituen foru araudia aplikatu ahalko zaie. Langileen ordainsarien baldintzak zehaztu eta aldatzeko, bete beharko dira osoko bilkuran hartarako onesten diren arauak, betiere bat etorriz aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboarekin, eta, kasua bada, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriari buruzko araudiarekin.

20. artikulua. Langileen burutza.

Patronatuko langileak Patronatuko lehendakariaren langileen burutzaren menpe geldituko dira.

V. TITULUA

Otsagabiko Udalaren esku-hartze eta fiskalizaziorako ahalmenak

21. artikulua. Udalaren esku hartzea.

Otsagabiko Udalak, Patronatuari dagokionez, ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aurrekontua behin betiko onestea.

b) Urteko kontuak behin betiko onestea.

c) Plantilla organikoa eta lan eskaintza publikoa behin betikoz onestea.

d) Erabiltzaileek ordaindu beharreko tasak eta prezio publikoak onestea.

e) Ondasun higiezinak erosi, besterendu edo kargatzeko aldez aurreko baimena, baliabide arrunten %30etik gorakoa bada.

f) Aldez aurreko baimena, kredituak eta maileguak hartzeko.

g) Pertsona fisiko edo juridikoekiko hitzarmenak onestea, kasuan kasuko Udalbatzaren agintaldia baino denbora luzeagoan izan behar badute indarra.

22. artikulua. Estatutuen aldaketa.

Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eginen du estatutu hauen aldaketa. Horiek prestatzeko zer bide erabili zen, horrexeri segituko zaio.

23. artikulua. Patronatuaren desegitea.

1. Otsagabiko Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta erabaki dezake Patronatua desegitea, betiere Udalbatza osatzen dutenen legezko kopuruaren gehiengo osoa alde badago.

2. Patronatua deseginda, hari atxikitako ondasunek beren lotespena galduko dute, eta Otsagabiko Udalak eskuragarritasun osoa izanen du haien gain. Orobat, Patronatuarenak baizik ez diren ondasunak Otsagabiko Udalaren jabetza bilakatuko dira.

VI. TITULUA

Araubide juridikoa

24. artikulua. Patronatuaren araubide juridikoa.

1. Patronatuko Zuzendaritza Batzordearen eta Lehendakariaren egintzek amaiera ematen diote administrazio bideari.

2. Patronatuko organoen ebazpenen kontra paratzen ahalko dira Nafarroako toki entitateen egintzen kontra une bakoitzean bidezko diren errekurtsoak.

25. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Estatutu hauetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako lege xedapenei jarraikiko zaie.

Iragarkiaren kodea: L1610400