189. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERBINTZANA

Ordenantza, Zeremonia zibilak eta zerbitzu hori emateko
tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Berbintzanako Udalak, 2016ko otsailaren 18an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea eta gero erregelamenduaren arabera tramitatzea Zeremonia zibilak eta zerbitzu hori emateko tasak arautzen dituen ordenantzaren espedientea.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2016ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 7an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka –xedapen administratibo bat baita– ez dela administrazio bidean errekurtsorik paratzen ahal eta, hortaz, aurkatzeko ondoko bideren bat erabiltzen ahalko dela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Berbintzanan, 2016ko irailaren 5ean.–Alkatea, José H. Chocarro Martín.

ORDENANTZA, ZEREMONIA ZIBILAK ETA ZERBITZU HORI EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Ordenantza honek helburu du Berbintzanako Udalak ekitaldi zibilak arau bakar batean erregulatzea, baita zerbitzu hori emateko kasuan kasuko tasak ezartzea ere.

Alkateek edo horretarako eskuordetutako zinegotziek ezkontza zibilak egiteari buruz abenduaren 23ko 35/1994 Legean eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren 1995eko urtarrilaren 26ko jarraibidean ezarritakoarekin bat, ordenantza honek Berbintzanako Udalean ezkontza zibilak egitea arautzen du.

Halaber, Berbintzanako Udalak ezin ditu ahaztu hil berrien aldeko agur zibilak, eta gure betebeharra da, Udal gisa, herritarrek gero eta gehiago eskatzen dituzten behar sozial horiei heltzea.

I. TITULUA

Ezkontza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

Non eta noiz egin

1. artikulua. Berbintzanako udaletxeko bilkura aretoan eginen dira ezkontza zibilak. 5 pertsona baino gehiago biltzen ez badira, Alkatetzaren bulegoaz balia daiteke ezkontza zibilak egiteko, eskaera egin ondoan.

2. artikulua. Ezkontza zibilak astelehenetik ostiralera eginen dira, ahal dela 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 19:30era, larunbatetan 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 19:30era, eta igandeetan 12:00etatik 13:30era, baina Alkatetzak zenbait egun bazter uzten ahal ditu agenda dela-eta edo zailtasunak direla-eta edo batera diren gertaera bereziak direla-eta.

Zeremonia bakoitzak 30 minutu iraunen du gehienez.

Espedienteak tramitatzea

3. artikulua. Ezkontideek aurkezten dituzten eskaerak ikusirik, orduak eta egunak banatuko dira, interesdunen adostasunarekin, ahal dela, eta, batera nahi izanez gero, espedientea jasotzen deneko dataren arabera ezarriko da lehentasuna.

4. artikulua. Udalak, Erregistro Zibilean tramitatutako espedientea jasorik, ezkontideei jakinaraziko die eskura dagoen eguna, ezkontideek lehenago Udalean eskatutakoa. Halaber, Udalak berretsiko die ezkontideei jaso duela Erregistro Zibilaren espedientea.

5. artikulua. Alkatetzak ez du ospakizuneko daten konpromisorik onartuko 12 hilabetetik gorako eperako, eskaera bakoitza jasotzen denetik aurrera.

Ezkontza egiteko baimendunak

6. artikulua. Alkatetzak egin edo baimenduko ditu ezkontzak, baina zinegotzi baten esku uzten ahal du egun zehatz baterako, epe baterako edo txandaka, galarazi gabe, ahal dela, kasu zehatz batzuetarako eskaera bereziei heltzeko aukera.

Eskubideak eta betebeharrak

7. artikulua. Aretoen egoera behar bezalakoa izan dadin, ekitaldian parte hartzen dutenek ez dute barrenean gela-aretoak kaltetu ditzakeen deus eginen. Ez da bidezkotzat joko arroza, konfetia, petaloak edo beste edozer aretoaren barrenean botatzea. Ezkontideek, familiartekoek edo adiskideek aretoa bereziki apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira horregatik sortzen diren gastuak.

II. KAPITULUA

Xedapen fiskalak

Oinarria

8. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta bere 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

9. artikulua. Zergapeko egintza ezkontza zibilak egiteko zerbitzu publikoa ematea da, Kode Zibilaren aldaketari buruzko abenduaren 23ko 35/1994 Legearen babesean.

Ordaindu beharra

10. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten hasten denean, hau da, interesdunak ezkontzaren eguna eta ordua zehazteko eskabidea aurkezten dutenean.

Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.

Subjektu pasiboak

11. artikulua. Tasa ordaindu behar dute, zergadunak diren aldetik, ordenantza honen xede den zerbitzua eskatzen duten edo haren onuradunak diren pertsonek.

Tributuaren kudeaketa

12. artikulua. Udaleko langileek egiaztatuko dute tasa ordaindu dela.

Tarifak

13. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da arau hauen arabera:

–Bi ezkontideak Berbintzanan erroldaturik daudenean: 60 euro.

–Ezkontide bat Berbintzanan erroldaturik dagoenean eta bestea ez: 70 euro.

–Ezkontideetako bat ez dagoenean Berbintzanan erroldaturik: 100 euro.

14. artikulua. Arrazoi sozial edo ongintzakorik badago, alkateak tasa horren %50eko beherapena egin dezake tasa horretan, betiere subjektu pasiboek eskatu ondoren eta Udaleko gizarte zerbitzuek proposaturik.

II. TITULUA

Agur zibilak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

Non eta noiz egin

15. artikulua. Berbintzanako Udaleko gizarte etxean eginen dira agur zibilak. Bilkura aretoa egokitu daiteke 20 pertsona baino gutxiagoko agurretarako.

16. artikulua. Agur zibilak astelehenetik larunbatera ospatzen ahalko dira, eta beharrezkoak diren udal baliabideak erabiltzen ahalko dira. Agur zibilak astelehenetik ostiralera eginen dira, ahal dela 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 19:30era, larunbatetan 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 19:30era, eta igandeetan 12:00etatik 13:30era. Ospakizunak gehienez ere hirurogei minutu iraunen du, horretarako dauden eraikin edo egoitzetatik edozeinetan egiten dela ere. Alkatetzak egun horietako bat bazter uzten ahal du zailtasunak direla eta edo batera diren gertaera bereziak direla eta.

Eskabidea

17. artikulua. Alkateak emanen du agur zibilak egiteko tokiak erabiltzeko baimena eta zeremonia eginen, betiere Berbintzanako Udalaren Erregistroan eskabidea zuzentzen duen ahaideak edo pertsonak bidali beharko dituen agiriak jaso ondoren. Edonola ere, alkateak zinegotzi bat edo ahaide bat eskuordetzen ahal du, kasu zehatzetan eskuordetzeko eskaera bereziei heltzea galarazi gabe.

18. artikulua. Agur zibilak egiteko eskaerak alkatetzari zuzenduko zaizkio eta Berbintzanako Udalean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak onartzen dituen moduetako edozein erabilita.

Agur zibilak egiteko eskaerak laster batean tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Horretarako, ebazpena emateko eskua duen pertsonari igorriko zaizkio.

19. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Zeremonia egiteko baimena eskatzen duenaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.

b) Zenduaren izen-abizenak.

c) Heriotzaren ziurtagiria.

d) Eskatzailearen sinadura edo, bestela, edozein bide erabili beharko da haren gogoa benetakoa dela frogatzeko.

e) Ekitaldiaren laburpena eta erabili gogo den eta Udalak, kasua bada, bere eskura jar dezakeen materialarena.

f) Agur zibila egiteko lehenetsitako eguna eta ordua.

g) Administrazioa, ahal duen heinean, eskatzaileek nahiago dituzten egun eta orduak errespetatzen saiatuko da, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira betiere. Kasu berezietan hurrenkera hori aldatzen ahalko da, aldaketa hori behar bezala arrazoitzen bada.

20. artikulua. Eskabidean 19. artikuluan zehazturiko baldintza guztiak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoren.

Instrukzioa

21. artikulua. Alkateak finkatuko du agur zibila zer egunetan eta zer ordutan eginen den, kudeaketaren ardura duen arloko langileek behar den espedientea instruitu ondoren, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari begira, eta kontuan hartuz, ahal den heinean, eskatzaile bakoitzak nahiago dituen egun eta orduak. Gerta daiteke eskabideen hurrenkerari ez jarraitzea, baina betiere halako kasu objektiboak suertatzen direnean, beren berezitasun edo premia larriarengatik, behar bezala arrazoituak badira; dena den, beti entzutea emanen zaie beren eskubidea urratu dela uste dutenei.

22. artikulua. Eskabidea ikusita, alkateak agur zibila Udalaren zein aretotan eginen den erabakiko du. Udaleko gizarte etxea erabiliko da, oro har. Bertaratzen direnen kopurua lokalaren edukiera baino handiagoa bada, egoera hori espresuki aipatuko da, eta baimena eskatuko da zeremonia Udalaren beste lokal batean egiteko.

Eskubideak eta betebeharrak

23. artikulua. Aretoen egoera behar bezalakoa izan dadin, ekitaldian parte hartzen dutenek ez dute barrenean gela-aretoak kalte ditzakeen deus eginen.

24. artikulua. Ekitaldiaren hotsanditasunak eskatzen duen modukoa izanen da aretoa. Hala ere, familiartekoek edo adiskideek aretoa apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira apainketa eta egokitze gastu guztiak. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez.

25. artikulua. Ekitaldia ez da iraingarria izanen eta ez da besteen ideia eta printzipoen aurka joanen.

26. artikulua. Debeku da agur zibilik egitea gorputza bertan dela. Bada baimena, ordea, errauts kutxa bertan egoteko.

27. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

II. KAPITULUA

Xedapen fiskalak

Oinarria

28. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta bere 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

29. artikulua. Zergapeko egintza da agur zibilen zerbitzu publikoa ematea.

Ordaindu beharra

30. artikulua. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da zerbitzua egiten hasten denean, hau da, interesdunek agur zibilaren eguna eta ordua zehazteko eskabidea aurkezten dutenean.

Subjektu pasiboari egotzitako arrazoiengatik ordenantza honetan aurreikusitako zerbitzu publikoa ematen ez bada, ordaindutako dirua ez da itzuliko.

Subjektu pasiboak

31. artikulua. Tasa ordaindu behar dute, zergadunak diren aldetik, ordenantza honen xede den zerbitzua eskatzen duten pertsonek.

Tributuaren kudeaketa

32. artikulua. Berbintzanako Udaleko langileek egiaztatuko dute tasa ordaindu dela.

Tarifak

33. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da arau hauen arabera:

–Hildakoa Berbintzanan erroldaturik bazegoen zendu zen unean: salbuetsita.

–Hildakoa Berbintzanan erroldaturik ez bazegoen zendu zen unean: 50 euro.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Alkatetzari baimena ematen zaio honako ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1610377