187. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAIN-ARRIASGOITI

Eskolaz kanpoko jardueren ordenantza. Behin betiko onespena

Lizoain-Arriasgoitiko Udaleko Osoko Bilkurak, 2016ko ekainaren 23an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen Eskolaz kanpoko jardueren ordenantza, jendaurreko epean baietsitako alegazioek ekarritako aldaketekin.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, argitara ematen da behin betiko onetsitako ordenantza.

Lizoainen, 2016ko irailaren 5ean.–Alkatea, Amaia Ekisoain Gorriz.

Ordenantza, Eskolaz kanpoko jardueretarako diru-laguntzei buruzkoa

I. KAPITULUA

Zioen azalpena

1. artikulua. Udalerrian erroldatutako populazioari eusteko politikari jarraikiz, helburua da hamazazpi urtetik beherako seme-alabak dituzten familiei laguntza ematea, zeren, gaur egun eta Ibarraren ezaugarriak direla eta, egoera okerragoan baitaude, kontuan harturik udalerri mugakideetan bizi direnak, guk gaur ez dauzkagun instalazio eta bitarteko egokiak baitauzkate azkeneko horiek.

2. artikulua. Adingabeek behar kulturalak eta kirolekoak dituztenez, familiek, urtean zehar, joan-etorriak egin behar dituzte etengabe mugakide diren udalerrietara, eta nolabait ere egoera hori arindu nahi dugu.

II. KAPITULUA

Betebeharrak

3. artikulua. Honako familia hauek eska ditzakete laguntzak: beren tutoretzapean adingabeak dituztenek, udalerrian erroldatuak, hamazazpi (17) urtetik beherakoak. Adingabeak 17 urte betetako urtean jada ez da diru-laguntza eskatzerik izanen.

4. artikulua. Bai adingabeak bai pertsona heldu eskatzaileak urtebete baino gehiago izan behar dute erroldaturik. Urtebeteko antzinatasuna bete behar da urte horretan eskaerak egiteko azkeneko egunean (abenduaren 1a).

5. artikulua. Udalak ezarririk dituen zerga guztien ordainketa eguneraturik izan beharko dute familia eskatzaileko kideek.

Ordenantza honen ondorioetarako, familia unitatetzat hartuko dira higiezin berean bizi diren pertsonak, erroldako orri berean daudenak, alegia.

III. KAPITULUA

Laguntzen zenbatekoa

6. artikulua. Laguntzetarako zer kontu-sail espezifiko esleitu den, horrek zehaztuko du laguntzen zenbatekoa. Eskaera bakoitzeko, gehieneko diru-laguntza 200 euro izanen da. Laguntzen eskaera kopurua handiagoa bada urteko funtsa baino, laguntza bakoitzaren zenbatekoa moldatuko da, funts hori ez gainditzeko, eskatzaile bakoitzak justifikatutako gastua oinarritzat harturik.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa eta tramitazioa

7. artikulua. Laguntzak eskatzeko, beharrezkoa izanen da araudi honetan eta Udalak onetsitako deialdian ezarritako baldintzak betetzea.

Urte bateko laguntzak hartu ahal izateko, urte horretako abenduaren 1a baino lehen egin beharko dira eskaerak.

Urte bakoitzeko abenduan ordainduko dira laguntzak.

Tramitazioan akatsak atzemanez gero, zazpi egun naturaleko epea eman daiteke, akatsak jakinarazten direnetik hasita, akats horiek zuzentzeko.

8. artikulua. Eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdian aurkezten den adingabe bakoitzeko eskabide bat (ikus 1. eranskina).

b) Egindako gastuaren frogagiriak, bai bankukoak, bai jarduerak egiten diren enpresek ofizialki egindakoak. Horietan, argi geldituko da ezen aurreko abenduaren 1etik eta uneko urteko abenduaren 1era bitartean ordaindu direla, ez baitira ordainduko beste urte batzuetan egindako jarduerak, salbu aurreko urteko abenduari dagozkionak, eskabideak aurkezteko epeak direla eta.

c) Udalak egokitzat jotzen badu, laguntzen xede diren jardueretara bertaratzeari buruzko dokumentazioa eska dezake.

9. artikulua. Eskaeren indarraldia: Eskaerak urtebetekoak izanen dira.

Semea edo alaba urtebetetik beherakoa denean, jaiotzetik beretik egon behar du hemen etengabe erroldaturik, eskubide hau izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Araudi honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.

Bigarrena.–Araudi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko laguntzen eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1610291