187. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEOTZ

Udal ordenantza, Udalaren karparen erabilera lagatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Leozko Udalak, 2016ko uztailaren 21ean egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Leozko Udalaren titulartasunekoa den karparen erabilera lagatzea arautzen duen udal ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2016ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 4an, bai eta Leozko Udalaren ediktuen oholean paratu ere, eta espedientea jendaurrean egon da.

Aipatutako jendaurreko epea iraganik eta tramite horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, eta aipatutako Foru Legearen 325.1.c) bukaeran eta 326. artikuluan jasotako aginduak betez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da eta haren testu osoa argitara ematen, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan. Ohartarazten da erabaki hori administrazio xedapena denez haren kontra ez dela administrazio bideko errekurtsorik paratzen ahal, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 107.3 artikuluaren arabera, eta hortaz, behin betiko onespen honi kontra egiteko bideak honakoak direla:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Iratxetan (Leotz), 2016ko irailaren 12an.–Alkatea, Arrate Febrero Vadillo.

UDAL ORDENANTZA, LEOZKO UDALAREN TITULARTASUNEKO KARPAREN ERABILERA LAGATZEA ARAUTZEN DUENA

Atarikoa

I.–Leozko Udala karpa baten jabea da, udal titulartasuneko ondareko ondasuna dena. Karpa hori jarduera, jai eta ekitaldietan erabiltzen da, bai Leozko udalerria osatzen duten herrietako festetan antolatzen direnetan bai udalez gaindiko entitateek edo elkarteek antolatzen dituztenetan, betiere horiek Orbaibarko eremu geografikoan jarduten badute eta Leozko Udala haien partaide bada. Zentzu horretan herriko festatzat jotzen da herriak sortu edo herriarena dena, edozein motatakoa izanda ere, izaera kolektiboa eta parte-hartzailea badu.

Leozko Udala 12 herriz osatua dago. Herri horiek barreiaturik daude oso, biztanle gutxikoak dira, komunikabide txarrak dituzte eta hirugarren zerbitzurik eta aisialdikorik ez dute. Hortaz, bereziki garrantzitsuak dira udalerritik antolatzen eta sustatzen diren jarduerak, auzotarren bizitza sustatzeko eta bizikidetza eta batasun soziala indartzeko.

Orobat, ukaezina da inguruabar sozial horretan oso garrantzitsuak direla herritarren partaidetza, elkarte sarea eta herritarren ekimen guztiak, erabilera publikoa edo interes soziala xede dituzten jarduerak sustatzeko.

Kontestu horretan aritzen da Leozko Udala, bizitza soziala eta auzotarra sustatzen, xede horiek dituzten ekimen publiko zein pribatuek dituzten azpiegitura eta bitartekoen gabeziak gutxitzen saiatuz. Zentzu horretan, erabilera publikoko eta interes sozialeko jarduerak, ekitaldiak eta ospakizunak sustatu nahi ditu.

II.–Ondareko ondasuna denez, udal honi dagokio udal karpa nola erabiliko den arautzea, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak eratzen duten lege esparruaren baitan.

Adierazitakoarekin bat, araudi honen xedea da udal karparen lagapena arautzea eta administrazio publiko eta entitate publiko zein pribatuen eskura uztea, erabilera publikoko eta interes sozialeko jarduerak egitea errazten duen ondasuna eta tresna izan dadin, betiere Leozko Udala osatzen duten auzoen eta herrien mesedetan.

Udal titulartasuneko ondasuna denez, Leozko Udalaren eskumena da hura lagatzeko baldintzak eta onuradunak zein izanen diren erabaki eta arautzea, betiere Nafarroako Toki Administraziori buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan ezarritako araubideari jarraituz.

I. TITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da udal titulartasuneko karparen erabilera lagatzeko irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea, bai Leozko Udaleko herriei lagatzeko bai eta udalez gaindiko entitateei edo elkarteei ere, horiek Orbaibarko eremu geografikoan jarduten badute eta Leozko Udala partaide badute.

2. Udal titulartasuneko ondareko ondasun doako baten erabileraren lagapena da, beste administrazio batzuen alde edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuen alde egiten dena, betiere erabilera publikoa edo interes soziala xede duelarik, auzoen mesedetan, eta inoiz ere ezin izanen da pentsatu eskubide ekonomikorik edo errentamendukorik sortzen duenik inolako alderdirendako.

2. artikulua. Lagako den ondasuna.

Leozko Udalak 150 m²-ko karpa baten lagapena erabakiko du: 10m-ko zabalera eta 15m-ko luzera ditu eta 5x5 metroko hiru modulu bateragarrik osatzen dute.

3. artikulua. Erabileraren lagapenari heltzen ahal dioten entitateak.

1. Udal karparen erabileraren lagapena eskatu ahalko dute Leozko udalerriko herriek, herriko festak ospatzeko, horretarako antolatuko diren irabazi asmorik gabeko festetako batzordeen bitartez.

2. Orobat, lagatzeko eskaera egin ahalko dute Leozko udalerria partaide duten elkarteek eta udalez gaindiko entitateek, baldin eta Orbaibarko eremu geografikoan jarduten badute eta irabazi asmorik ez badute.

3. Entitate eskatzaileak irabazi asmorik ez duela ulertuko da inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo izatekotan jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan edo sortzeko arauetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

II. TITULUA

Erabilera lagatzeko prozedura

4. artikulua. Eskaerak.

1. Ordenantza honen 3. artikuluan aipatutako entitateek karpa lagatzeko eskabidea aurkeztuko dute idatziz, eskabide orokorra aurkeztuz Leozko Udalaren erregistro orokorrean edo www.leoz.es helbidea erabiliz, dagokion urteko maiatzaren 1a baino lehen eta/edo erabili asmo den data baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

5. artikulua. Ebazpena.

1. Udaleko festetako zinegotzigoak eskabide bakoitza aztertuko du eta eskuragarritasunaren arabera haren erabilera lagatzeko proposamena eginen du, lagapenaren baldintzak adierazita. Proposamen hori Udaleko Alkatetzari igorriko dio eta honek jardungo du, Udalbatzako Osoko Bilkurak, organo eskuduna baita, horretarako eskuordetuta.

2. Leozko Udaleko Alkatetzak erabakia hartuko du, udal karparen erabileraren lagapena baimentzeko entitate eskatzaileari.

Erabilera lagatzeko erabakian zehatz adieraziko da zertarako erabiliko den ondasuna eta egokitzat jotzen diren baldintza, muga eta berme guztiak ezarriko dira. Entitate onuradunak horietakoren bat hausten badu erabileraren lagapena berrikusi eginen da.

6. artikulua. Lagatzeko baldintzak.

1. Arau orokor gisa, herriko festetan karpa erabiltzeko izanen den denbora baldintzatuko du haren eskuragarritasunak, beste herri edo entitate onuradunek dituzten erabilera beharren araberakoa izanen baita.

Udalerriko herrietan erabiliko den karparen garraioa eta muntaketa udal langileek eginen dute. Garraiatu, muntatu eta instalatzeko egunak ezarriko dira udal zerbitzuek dituzten bitartekoen eta haien antolakuntzaren arabera.

2. Lagapenaren onuradun den entitatea Leozko Udala partaide duen udalez gaindiko entitate bat edo elkarte bat bada, eta Orbaibarko eremu geografikoan jarduten badu, karparen garraioa, instalazioa eta muntaketa udal langileen eta entitate eskatzaileek horretarako bidaliko dituzten langileen artean eginen da. Kasu horretan, udalerriek bidalitako langileek bete beharko dituzte lan horiek egiteko Leozko Udalaren langileek emandako agindu eta jarraibideak.

Karpa garraiatzeko kostuak entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Onuradun batek baino gehiagok lagapen eskaera egin eta karpa erabiltzeko datek bat egiten badute, lehentasuna izanen du urte horretan festetan karpa lehen aldiz erabiliko duenak.

Entitate onuradun berberak urte berean bigarrenez edo gehiagotan eskatzen badu, 600 euro ordaindu beharko ditu alokera eta muntaketagatik.

7. artikulua. Betebeharrak.

Erabileraren lagapenaren onuradunak diren entitateek bete beharko dituzte ordenantza honetan ezarritako aginduak eta baita Leozko Udaleko Osoko Bilkurak lagapen erabakian jasotakoak ere.

III. TITULUA

Erabiltzeko arau orokorrak

8. artikulua. Erabilerak.

Lagatako ondasuna bakarrik herriko festak ospatzeko erabili ahalko du entitate onuradunak. Lagapen erabakian gai hori zehatzago arautu ahal izanen da, hala behar duten puntuetan.

Entitate bakarrari laga ahalko zaio karpa edo zenbaiti, elkarrekin erabil dezaten.

9. artikulua. Mantentze-lanak.

Entitate onuradunak behartuta daude lagatako ondasuna behar bezala zaintzera eta hortaz, hura erabiltzerakoan axolagabekeriaz egindako egite nahiz ez-egiteen ondorioz eragindako kalte eta hondamenen erantzule izanen dira. Salbuespena izanen dira erabiltze hutsez eta iruzur edo erru larririk gabe eta ezinbesteko kasuetan gertatutako kalteak.

10. artikulua. Erantzukizun zibila eta fidantza.

Entitate onuradunak zuzenean erantzun beharko du bere kideek eta lagatako ondasunaren erabiltzaileek hirugarrenei eragindako kalte eta hondamenengatik, eta Leozko Udala ere hirugarrena izanen da.

Karpa erabiltzen duten entitate onuradunek 150 euro utziko dituzte fidantza gisa, lagapenaren erabakia hartu ondotik eta karpa biltegitik erabiliko den herrira garraiatu aurretik. Ondasuna dagokion biltegira itzuli ondotik eta haren egoera egiaztatuta, fidantza itzuli eginen da.

Zentzu horretan, ondasuna behar bezala erabiltzeko eta lagapenaren aurretik zegoen horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzuteko izanen da fidantza. Konpontzeko eta garraiatzeko (azken hori beharrezkoa balitz) zenbatekoak guztira fidantzaren zenbatekoa gainditzen badu, ondasunaren konponketak eragindako gainerako zenbatekoa ordaindu beharko da.

Orobat, ordenantza hau aplikatuz zehapenik paratu behar baldin bada, horien ordainketari erantzuteko ere izanen da.

Fidantza modu hauetako edozeinetan eratu ahalko da:

–Eskudirutan.

–Transferentzia bidez, Leozko Udalak horretarako zehaztuko duen kontu zenbakira.

IV. TITULUA

Entitate onuradunen betebeharrak. Betetzearen kontrola

11. artikulua. Entitate onuradunen betebeharrak.

Lagapenaren onuradun diren pertsona eta entitate guztiek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Lagapenaren erabakian ezarritako erabilera baldintzak errespetatzea.

b) Entitate eskatzaileak erabilera eskabidean ezarritako xede edo jardueretarako erabiltzea lagatako ondasuna.

c) Karparen erabilera errespetatzea, beste entitateekin batera erabiltzerakoan, haien jardueretan trabarik egin gabe.

d) Erabiltzeko lagatako ondasuna egoera onean edukitzea.

e) Gertatzen den edozein hondaketa edo kalteren, nahiz gorabehera edo arazoren berri berehalakoan ematea Leozko Udalari.

f) Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen uztea, begiratu ahal izateko ea betetzen diren ordenantza hau, indarra duten arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia, eta eskatzen duen informazioa eta agiriak ematea.

12. artikulua. Arau-hausteak.

Lagapenaren entitate onuradunen arau-haustetzat joko dira honako hauek:

a) Lagatako ondasuna erabiltzeko egoera onean ez edukitzea eta ez zaintzea.

b) Lagapen erabakian ezarritako erabilera baldintzak ez errespetatzea.

c) Lagatako ondasunean kalteak eragitea, iruzur, zabarkeria edo erru larria dela eta.

d) Ondasunaren erabilera lagatzea hirugarrenei, diru kontraprestazioa jaso ala ez.

e) Lagatako espazioan sua piztea edo elementu piroteknikoak erabiltzea, edonolakoak direla ere, eta halako karpa batean berezkoak ez diren jarduketak egitea.

f) Karpari edo haren egiturari kanpo elementuak lotzea.

13. artikulua. Arau-hausteen mailakatzea.

Aurreko artikuluan jasotako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

–Arau-hauste arinak izanen dira 12. artikuluko a) letran ezarritakoak.

–Arau-hauste larriak izanen dira 12. artikuluko b) eta c) letretan ezarritakoak.

–Arau-hauste oso larriak izanen dira 12. artikuluko d), e) eta f) letretan ezarritakoak.

14. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinengatik, 100 eurotik 300 eurora bitarteko isuna.

b) Larriengatik, 301 eurotik 600 eurora bitarteko isuna eta lagatako ondasuna erabili ahal izateko eskubidea urtebetez galtzea.

c) Oso larriengatik, 601 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna eta lagatako ondasuna erabili ahal izateko eskubidea bi urtez galtzea.

Zehapen horietan ez da sartzen ondasuna laga aitzineko egoerara itzultzeko egin beharreko berritze eta lehengoratze lanen ordaina, hondamenik edo kalterik eragin zaion kasuetan.

Zehapen horiek ezartzeko organo eskuduna Leozko Udaleko Alkatetza izanen da, dagokion zehapen prozedura tramitatu ondotik.

Zehapen horiek, nork bere borondatez ordaindu ezean, utzitako fidantza erabiliz gauzatuko dira eta, bestela, premiamendu bidez.

Iragarkiaren kodea: L1610322