187. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

426/2016 EBAZPENA, irailaren 14koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren esku uzten dituena beharrezko administrazio jarduketa guztiak diru-laguntzen deialdia egiteko eta horiek eman eta ordaintzeko NELS sareko toki entitateei, Tokiko Agenda 21eko proiektuak 2016an gauzatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 26ko 265/2016 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, eta, bestetik, 85.556,93 euro jartzen dituena zuzendaritza nagusi horren eskura, finantza daitezen esleipen horren ondoriozko gastuak.

Tokiko Agenda 21 udalerri baten edo udalerri multzo baten plangintza estrategikoko prozesu bat da, eta xede du garapena bideratzea iraunkortasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekora. Helburuak udal agintarien eta tokiko herritarren arteko adostasunaren bidez definitzen dira.

Nafarroako Gobernuak 1998an pentsatu zuen iraunkortasun irizpideak barne hartuko lituzketen tokiko garapenerako helburu berritzaileak finkatzeko baldintzak betetzen zirela eta, horrela, Tokiko Agenda 21 prozesuak sustatu zituen, osoko bilkuran Aalborgeko gutuna eta konpromisoak onetsi zituzten toki entitateen iraunkortasunaren auditoretza eta ekintza planen ezarpen eta jarraipen faseak finantzatuz.

2002an Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sarea eratu zen (NELS sarea) irailaren 19ko 1422/2002 Foru Aginduaren bidez, ordura arte Foru Komunitateko Tokiko Agenda 21 programan parte hartzen zuten 24 toki entitate eta mankomunitateak barne hartuz. 2005ean, NELS sarea elkarte gisa eratu zen eta lankidetza hitzarmena sinatu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioaren artean. Gaur egun, NELS sarea 168 udalerrik osatzen dute, 38 Tokiko Agenda 21etan banatuta. Nafarroako biztanleriaren %78,86 osatzen dute.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste du beharrezkoa dela Tokiko Agenda 21 prozesuak sustatzea tokiko entitateei NELS sareko ingurumen proiektuetarako emandako diru-laguntzen bidez. Xede horrekin, 2016ko Gastuen Aurrekontuan, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren bi kontu-sail ezarri dira, bata gastu arrunten transferentziendako, 40.000 eurorekin, eta beste bat inbertsioetarako transferentziendako, 60.000 euroko hasierako kredituarekin.

Abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, 56. artikuluan adierazten du zein den Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalaren eskumenen esparrua. Eskumenen artean dago Tokiko Agenda 21eko tokiko ekintza planen garapenean laguntza ematea eta Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sarean (NELS sarea) idazkaritza lana egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1. artikuluak dioenez, Foru Komunitateko organoek ahalmena izanen dute beren eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak beste organo batzuei esleitzeko, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Antzeko moduan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko lan material edo teknikoak edo zerbitzuak administrazio bereko edo beste bateko organo batzuei esleitzen ahalko zaizkie, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Gaur egun, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, NELS sareko ingurumen proiektuetarako toki entitateak diruz laguntzera bideraturiko aurrekontuko kontu-sailen titular denak, ez du ez langile ez baliabide beharrezkorik deialdia eta diru-laguntza hauen emakida aurrera eramateko. Hori horrela, kudeaketa administratiboko arrazoiek nahitaezko egiten dute Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren arteko lankidetza antolatzea, kudeaketa esleitzeko teknikaren bidez.

Horri begira, kudeaketaren esleipenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu bereko bi zuzendaritza nagusi ukitzen dituenez, dagokion kontseilariaren baimena behar da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluko 2. atalak eskatzen duen moduan. Bestalde, artikulu bereko 5. idatz-zatiak xedatzen du kudeaketa esleitzeko araubidea, eraginkorra izateko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dela.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 26ko 265/2016 Foru Aginduaren bidez, baimena eman zitzaion Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren esku uzteko diru-laguntzen deialdiaren eta NELS sareko toki entitateentzako emakidaren kudeaketa, Tokiko Agenda 21eko proiektuak gauza ditzaten.

Kudeaketarako hartutako ardurak hiru urteko indarraldia izanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, eta urtez urte luzatzen ahalko da, isilbidez, berariaz adierazi ezean.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39 artikuluaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea beharrezko administrazio jarduketa guztiak diru-laguntzen deialdia egiteko eta horiek eman eta ordaintzeko NELS sareko toki entitateei, Tokiko Agenda 21eko proiektuak 2016an gauzatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 26ko 265/2016 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat.

2. 85.556,93 euro jartzea Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren eskura, esleipen horren ondoriozko beharrei heltzeko. Horietatik, 45.556,93 euro 780001 78300 7609 456200 kontu-sailaren kargura izanen dira («Toki entitateendako diru-laguntzak, ingurumen proiektuetarako: NELS sarea»), eta 40.000,00 euro, berriz, 780001 78300 4609 456200 kontu-sailaren kargura («Toki entitateendako diru-laguntzak, ingurumen proiektuetarako: NELS sarea»). Biak 2016ko gastuen aurrekontuko kontu-sailak dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

Iruñean, 2016ko irailaren 14an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1610415