187. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2016 FORU AGINDUA, irailaren 1ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroa sortu eta arautzen duena eta dagokion datu pertsonalen fitxategia sortzen duena.

Nafarroako Laborategi Bateratuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko diagnostiko biomedikorako laborategiak kudeatzeko eredu berria dakar; entregatzeko epea dela-eta gune bakar batean bildu daitezkeen laginen produkzio eta prozesatze lan handiena bertan beteko da. Lagin hauek hartzen ditu: ospitaleko kanpo kontsultetakoak, Nafarroako Ospitaleguneko ospitalekoak (presakoak nahiz ohikoak) eta Oinarrizko Osasun Laguntzakoak. Helburua prozesuen optimizazioa eta efizientzia lortzea da.

Nafarroako Laborategi Bateratuak arlo hauek ditu:

1) Hematologia eta Hemoterapia.

2) Analisi Klinikoak.

3) Mikrobiologia eta Serologia.

4) Anatomia patologikoa.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 8. artikuluan ezartzen du osasun plangintzari eta ebaluazioari lotutako jardueren oinarrian osasun informazioari buruzko sistema antolatu bat izan behar dela. 23. artikuluan eransten du administrazioek behar diren erregistroak sortuko dituztela eta beharrezko diren informazio analisiak eginen dituztela ager daitezkeen egoerak ezagutzeko, gero osasun arloko agintariek esku hartzeko ekintzak presta ditzaten.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpe dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak. Foru dekretu hori aldarrikatu zen egunean zeuden fitxategiak datu pertsonalen tratamendu automatizatuko fitxategi gisa onetsi ziren, eta dekretuari dokumentu gisa atxikitako zerrendan agertu ziren. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta, fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.

Horren guztiaren arabera, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, bidezkoa da, orobat, Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroa izeneko datu pertsonalen fitxategia sortzea.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak igorritako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta helburua.

1.1. Foru agindu honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroa izenekoa sortzea eta arautzea. Haren eginkizuna da kalitate indizeei eustea jardueraren faseetan, eta, hala, arloen eta egituren funtzionamendua ebaluatzea ahalbidetuko da. Jarraipen hori egiteko laguntza prozesuaren kalitate indizeetan, beharrezkoa da berariazko datu base bat izatea, Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroan gauzatzen dena. Orobat, erraztu nahi da azterlan epidemiologikoak edo ikerlanak egitea.

1.2. Halaber, foru agindu honen bidez datu pertsonalen fitxategi bat sortzen da, Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroa izenekoa, eranskinean ezartzen diren ezaugarriak dituena.

2. artikulua. Erregistroaren atxikipena.

Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitzen zaio.

3. artikulua. Erregistroaren helburuak.

Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroak balio du kalitate indizeei eusteko jardueraren faseetan. Indize horiek ahalbidetzen dute arlo eta egituren funtzionamendua ebaluatzea, bai eta emaitzak ere. Horrek denak honako hau hartzen du bere baitan:

–Informazio klinikoko berariazko datu-base bat ezartzea. Informazio horrekin, pazienteen erregistro historikoak biltegira ditzake Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroak, eta historia klinikoak analizatu.

–Pazienteen datuen oinarrizko analisi estatistikoak egitea.

–Datu-baseko informazioa ateratzea, analisi estatistiko osoagoak eta konplexuagoak egiteko, berariazko programa estatistikoekin, eta ikerketa klinikoa egitea.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko irailaren 1ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA

Fitxategiaren izena: Nafarroako Laborategi Bateratuaren Erregistroa.

a) Aurreikusitako helburua eta erabilerak.

Nafarroako Laborategi Bateratuaren datu-base kliniko bat ezartzea (LUNA). Informazio horrekin, pazienteen erregistro historikoak eskura izanen dira, eta zerbitzuko historia klinikoak analizatu ahal izanen dira, bai eta azterlan epidemiologiko edo ikerketakoak egin ere.

b) Ukitutako pertsonak edo taldeak:

Laginen analisia Nafarroako Laborategi Bateratuan egin zaien gaixoak.

c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura:

Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren datu administratiboen baseetatik eta pazientearen historia klinikotik hartuko dira, bai eta pazienteak berak emandako informaziotik ere.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonalak.

1. Identifikaziorako datuak:

–CIPNA (osasun txartela).

–Izen-deiturak.

–Historia klinikoaren zenbakia.

2. Bereziki babestutako beste datu batzuk:

Osasunari dagozkion datuak, zehazki laborategietako arlo desberdinetan lortutako emaitzei dagozkienak.

e) Datu pertsonalen lagapena:

Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko informazio sistemetakoekin partekatzen ahalko dira, pazienteen jarraipena eta laguntza prozesuaren kalitatea bermatzearren. Halaber, estatistikarako edo ikerketarako beste entitate batzuei laga dakizkieke datuak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedaturikoarekin bat.

Bestetik, informazioa ematen ahalko zaie Osasun Departamentuko eta bere erakunde autonomoetako langileei (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoei eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoei), behar bezala baimendutako ikerketa proiektuak egin daitezen.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua. Osasun Departamentua. Nafarroako Gobernua.

g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Prozesu Anbulatorioen eta Diagnostikoaren Zuzendariordetza Asistentziala.

h) Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egitaratua: Automatizatua.

i) Hartzen diren segurtasun neurriak goi mailakoak dira.

Iragarkiaren kodea: F1610340