186. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30E/2016 FORU AGINDUA, irailaren 9koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2016. urtean ingurune ahuletan gizarte eta bizitegi arloko ekintzak eta bizikidetza hobetzekoak garatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsia), gizarteratze arloan bermatu gabeko prestazioen artean, gizarte-bazterketaren arloan jarduten duten gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak agertzen dira.

Bestalde, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduerak eta jardueren hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.

Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako diru-laguntzen deialdia, talde ahulenen gizarte sustapenaren eta gizarteratzearen arloko proiektuetarako, onesten duen Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 7ko 10E/2016 Foru Aginduaren bidez, eta adingabeen babesaren esparruan aritzen diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzako diru-laguntzen deialdia onesten duen Eskubide Sozialetako kontseilariaren apirilaren 7ko 185/2016 Foru Aginduaren bidez, irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak eman zitzaizkien Tributuen %0,7ren esleipena arautzen duen ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen 3. artikuluan ezarritako 1. taldeko jardueretarako. Bi deialdi horietan, guztira, 38.052,88 euro ez dira aplikatu.

7/2009 Foru Legearen 7. artikuluaren 2. paragrafoak ezartzen du haren 3. artikuluan zehaztutako talde bakoitzeko kreditua agortu arte behar diren deialdi guztiak egin beharko direla.

Halaber, deialdi hau PFEZaren %0,7ko Funtsetik ateratako funtsez hornitutako kontu-sail baten bidez finantzatuta dagoenez, Gizarte Ongizateko Kontseiluak, 2016ko irailaren 1eko bilkuran, egokitzat eman du, aho batez, funts hori goiburuan aipatutako deialdian erabiltzea, ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak ezarritakoarekin bat.

Arau horietako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.

Deialdi honen xedea da diru-laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak ezartzea, irabazi-asmorik gabeko entitateek gizarteratzeko jarduketak egin ditzaten, ingurune ahuletan gizarte eta bizitegi arloko ekintzak eta bizikidetza hobetzekoak garatzeko.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten, eta, era berean, bermatzen du diru-laguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Espedienteko txosten teknikoak eta juridikoak adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.

Horrenbestez, departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2016. urtean ingurune ahuletan gizarte eta bizitegi arloko ekintzak eta bizikidetza hobetzekoak garatzeko diru-laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Oinarriak foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 38.052,88 euroko kreditua baimentzen da 2016ko gastuen aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko funtsa. Diru-laguntzak bazterketa sozialaren eta gutxiengo etnikoak sustatzearen arloetako entitateentzat” izeneko 900003 91600 4819 231504 kontu-sailaren kargura.

3. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari, Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren Kontabilitate Zentroari eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea, baita Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko irailaren 9an.–Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Gizarteratze proiektuetarako diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2016. urtean ingurune ahuletan gizarte eta bizitegi arloko ekintzak eta bizikidetza hobetzekoak garatzeko

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak diru-laguntzen deialdia egin du 2016. urtean irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateek egiten dituzten gizarteratze proiektuak finantzatzeko, ingurune ahuletan gizarte eta bizitegi arloko ekintzak eta bizikidetza hobetzekoak garatzeko.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako bideratuko den zenbatekoa 38.052,88 eurokoa izanen da, 2016. urteko aurrekontuaren “PFEZaren %0,7ko funtsa. Diru-laguntzak bazterketa sozialaren eta gutxiengo etnikoak sustatzearen arloetako entitateentzat” izeneko 900003 91600 4819 231504 kontu-sailaren kargura.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuraduna izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoak izatea, beren izaera juridikoaren arabera, eta, eskabideak aurkezteko epea bukatzean, erregelamenduz dagokien administrazio erregistroan inskribatuta egotea.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Bere estatutuetan jasota izatea, berariazko helburuen artean, esku-hartze sozialeko lana egitea deialdiaren xedeari lotutako eremuan.

d) Lantegia edo ordezkaritza iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean.

e) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

f) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku egoeretan ez egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira aipatu baldintza guztiak, eta, orobat, diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

Laugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuetarako eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluko printzipioetarako egokiak izatea.

b) Esku-hartze sozialerako ekintzak egitea Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietako eremu edo auzo behartsuetan, bizikidetza arazoen detekzio eta analisiaren bidez eta/edo arazo horien gaineko esku-hartzearen bidez, bizitegi arloko banantze eta baztertze prozesuak gelditzeko/moteltzeko.

c) Proiektuak ingurune ahuletan egin behar dira, hau da, gizarteratzeko zailtasun handiak dituzten pertsona asko biltzen dituzten bizitegietan.

d) Proiektuek gizarte eta bizitegi arloko ekintzak bildu behar dituzte, bizi kalitatea, auzo kontzientzia eta kohesio soziala hobetzen laguntzeko.

e) Jarduerak 2016an egitea. Ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz, betiere deialdiaren urte naturalaren barnean.

f) 6. oinarrian aipatzen diren zeharkako kostuak, diru-laguntzaren kargura aplikatu eta aurrekontuan sartzen direnak, ezin izanen dira haren %10etik gorakoak izan.

Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastutzat jotzen dira laguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izan beharko dute eta deialdiaren epean eginak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Gastu horiek 2016ko abenduaren 31ra arte egindako ondasun-emateenak edo zerbitzu-prestazioenak izanen dira, eta 2017ko otsailaren 10erako ordainduak egon beharko dira.

3. Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dituzte diru-laguntzak:

A) Proiektuko jarduerak egiteko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak:

a.1) Higiezinen alokairuak eta haiek erabiltzeak ekartzen dituen gastu arruntak. Entitatearen egoitzan egiten diren jardueren kasuan, hura alokatuta badago, entitatearen jarduera guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Aipatutako gastu arruntak zuzeneko gastu gisa diruz lagundu ahal izateko, jarduera egin beharko da bakar-bakarrik horretarako erabiltzen den lokal batean.

a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

a.3) Langileria gastuak; haien barnean daude soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa.

Langile gastuentzako diru-laguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat ezarritakoa izanen da, gehienez; koordinazio lanetarako langileen kasuan, haien profila ez da izanen gizarte-langileei dagokiena baino handiagoa.

a.4) Bidaiak eta dietak. Langileen mugikortasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesional baten kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko kontratatzen den kasuetan.

a.6) Finantza gastuak. Sail honetan sartuko dira entitateak izanen lituzkeen gastuak, baldin eta bere jarduera ez eteteagatik hirugarrenei kalte egin eta bankuari mailegu bat edo kreditu lerro bat eskatzea beharrezkoa balitz. Kontzeptu horren barrenean egozten ahalko dira, bakar-bakarrik, diru-laguntzaren aurrerakina pagatu arte sortzen diren interesak eta, orobat, mailegua ireki eta ixteko gastuak. Banku kontuetako interes zordunak salbuetsita daude (kontu korronteetako zorpekoak).

Kreditu lerroa edo mailegua eskatu beharko da deialdi honetan aurkezten den proiekturako, zalantzarik gabe; horretarako, 2.000 euroko diru-laguntza emanen da gehienez. Entitateak diru-laguntzaren aurrerakinik eskatzen ez badu, finantza gastuak ez dira aintzat hartuko.

Diru-laguntzari dagozkion finantza gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da banku entitateari eskatutako mailegua edo kreditua ez izatea proiektuaren guztirako kostuaren %70etik gorakoa. Bestela, ehuneko hori arteko hainbanaketa eginen da.

B) Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako kostu horiek entitate onuradunaren funtzionamendu gastu arruntak izanen dira, alegia: bestelako langile gastuak, lokalenak, bulegoko materialenak eta bestelako gastu arruntak. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Ez dira inola ere diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko ekipamendu eta ondasun inbentariagarriak, ez eta eraikuntzako materialak, protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.) eta amortizazioak ere.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate eskatzaile bakoitzak diruz laguntzeko eskaera bakarra aurkez dezake.

2. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietan. Gainera, eskaera ez bada Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroan aurkezten, entitate interesdunak egun berean komunikatu beharko dio Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari, telefaxaren bidez (948240108), eskaera igorri duela. Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera (agiri horiek jatorrizkoak edo notarioaren edo administrazioaren bidez kautotutako fotokopiak izan beharko dira):

A) Entitate eskatzailearen agiriak:

a.1) Entitatearen estatutuak.

a.2) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duten ziurtagiriak edo beste frogagiri bat. Entitateak helbide soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.3) Identifikazio fiskaleko txartela.

a.4) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, haren administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusita daude.

a.5) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurretik hilabeteko epean egina, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkion eginbeharrak egunean dituela.

a.6) Nafarroako Gobernuak eta/edo Espainiako Zerga Agentziak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurretik hilabeteko epean egina, frogatzen duena tributu arloko betebeharrak egunean dituela.

a.7) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

a.8) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

a.9) Hala behar izanez gero, eta 14. oinarrian xedatutakoari dagokionez, diru-laguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena.

a.10) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskabidearekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Baloraziorako dokumentazioa:

b.1) Proiektuaren memoria inprimaki ofizialean, paperezko euskarrian eta informatikoan. Eredua Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko bulego nagusietan (González Tablas kalea, 7) eta erakunde beraren webgunean (www.cfnavarra.es/Laguntzak eta bekak) eskuratzen ahalko da.

b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

2. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden datuak badira, ez da beharrezkoa izanen a.1), a.2), a.3), a.7) eta a.8) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskatzaileak zilegi izanen du agiri horiek ez aurkeztea, baina idatziz adierazi beharko du noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira espediente hura amaitu zenetik. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori azaltzeko.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, entitateek frogatzen duten antzinatasuna errespetatuko da, baldin eta pertsonifikatzeko formula juridikoa baizik aldatu ez badute, eta, betiere, alderdi hori entitatearen estatutuetan frogatzen bada.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak edo hutsak izatea.

c) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, zehaztasunik eza, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehazkabe horiei aurre egiteko.

d) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein kasu.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagozkion guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 50 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 35, gutxienez, II. eranskineko ‘B” atalean.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da.

4. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako aurreikusita dagoen kreditua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera diru-laguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuan eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko dagoen zenbatekoa, diru-laguntza ematea proposatuko da haren kontzesioa eraginkorra bada, eta horretarako 11. oinarriko 2. atalean aurreikusitako tramiteari jarraituko zaio.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzutea emateko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den diru-laguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Prozedura instruiturik eta aurkeztutako eskaerak ebazteko proposamena egin ondoren, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: diru-laguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, hau da, ordainketa bakar batean ebazpenarekin batera, irabazi-asmorik gabeko entitateek edo horien federazio, konfederazio edo taldeek aski baliabiderik ez dutenean diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko, eta, betiere, hori behar bezala frogatzen badute.

Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen izenean dauden banku kontuak agertzen dituena, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

2. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa ez den kasuetan, jarduera egin dela justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza, 15. oinarrian adierazitakoari jarraikiz. Ordainketa partzialak egiten badira, ordainketa proportzionalak izanen dira, behin gastuak eta kofinantzaketa –horrelakorik bada– justifikatu ondoren.

Hamabosgarrena.–Justifikazioa.

1. Entitate onuradunek diruz lagundutako proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (partziala edo azkenekoa, zer dagokion), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuan eskura daiteke, edo Nafarroako Atarian (www.cfnavarra.es).

2. Azken txostenak edo txosten partzialak justifikazio-kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu:

a) Tarteko ordainketak egiteko txosten partzialak:

a.1) Proiektuaren bilakaerari buruzko tarteko txosten laburra, ezarritako ereduaren araberakoa, kronograma batean diruz lagundutako jardueren exekuzioa adieraziz, finkatutako helburuen (orduak, prezioa, parte-hartzaile kopurua, etab.) eta gastatutako diru kopuruaren arabera. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatutakoan.

Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du, ekitaldiko edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena.

a.2) Diru-laguntzaren xedeko proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Egiaztagiri gisa, banku-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, maiatzaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, hartutako diru-laguntza justifikatzeko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusian aurkeztu izanaren adierazgarri.

a.3) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzaturiko ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurretik hilabeteko epean egina, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkion eginbeharrak egunean dituela.

a.4) Diru-laguntzaren bidez finantzaturiko langileen lan-kontratuak eta dagokien ikasketa tituluak, aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuak ez baditu.

b) Azken txostena, eredu ofizialaren araberakoa, proiektua bukatu ondoan:

b.1) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren arabera prestatua, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan bildutakoarekin bat: lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dira, eta horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.

b.2) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen balantzea, kontzeptuen arabera sailkaturik.

b.3) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, ordainketak egiteko oinarri honen 2.a) atalean ezarri diren baldintza beretan.

b.4) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, desbideratu dena adierazita.

b.5) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, non frogatuko baita jarduera garatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.

b.6) Urteko 190 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jardueraren atxikipenak eta sarienak), eta urteko 180 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak).

b.7) Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera horren bidez entitateak adieraziko du itzuli duen zenbatekoari uko egiten diola.

Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da diru-sarrera.

b.8) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Jarduerak, diru-laguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan –edo justifikazio partzialetan, hala balegokio– diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Hala ez bada, ordaindutako zati proportzionala itzuli beharko da.

4. Diru-laguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala aurkezteko mugaeguna 2016ko abenduaren 31 izanen da.

5. Azken txostena, beranduenez, 2017ko otsailaren 10ean aurkeztu beharko da, egun hori barne.

Hamaseigarrena.–Hornitzaileak hautatzea eta azpikontratatzea.

1. Entitate onuradunak hirugarrenekin kontratatzen ahalko du diru-laguntzaren xede den jardueraren betetze partziala; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %50 erabiltzen ahalko du gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Entitate onuradunak berez diru-laguntzaren xede den jarduera egiteko pagatu behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

2. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehien batean desgaitasuna duten langileek edo bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, betiere entitate horiek egin ditzaketen prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita. Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, arrazoibidez justifikatu beharko du diru-laguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, diruz lagundutako gastuak laguntzako edo aholkularitzako enpresek zerbitzuak egiteko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, hura eman zuen organoaren aurrean frogatu behar dute hornitzailea eragimenaren eta ekonomiaren irizpideak erabiliz hautatu dela. Horretarako, xede hori betetzeko gaitasuna duten hiru enpresari galdetu eta haiekin negoziatu beharko dituzte kontratuaren baldintzak, eta hura sinatu beharko dute eskaintzarik onuragarriena egiten duenarekin. Kontsulta-tramiteak eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

4. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz laguntzen ahal diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Proiektu jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horrek, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatu eta gidatzea hartzen du bere baitan, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari jakinaraztea proiektuari esleitutako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak hilabeteko epean ordeztu beharko dira, diru-laguntza ematean aintzat hartutako langile gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.

d) Proiektuen zabalkundea eta publizitatea egitean, diruz lagundutako entitateek diru-laguntza nork eman dien adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Gainera, foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1.b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

e) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.

i) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

j) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

k) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako eginbeharrak.

l) Eskubide Sozialetako Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, proiektua gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina izan beharko du, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, diru-laguntza jaso dezakeen gastu bakoitzaren %5eko desbideratze ekonomikoa gertatu beharko da. Proiektua aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak onartu ala ez, diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari justifikazioko txosten partzialean edo azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Eskabidearekin batera borondatez aurkeztu ez bada, informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita, argitaratuz gero.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Proiektua burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.

–Txostenak epetik kanpo aurkezten direnean, zenbat egun iragan diren.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari. Itzulketa eskatzeko prozedura 12 hilabeteko epean ebatziko da, hasten denetik kontatuta.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

II. ERANSKINA

Proiektuak baloratzeko irizpideak

A.–Erakundearen bidezkotasuna (%20) (20 puntu).

a.1. Oinarri soziala eta ezarpena Nafarroan (3 puntu arte).

a.1.1. Jarduera urteak, erregistroko inskripzioaren arabera (puntu bat arte). (0,10 puntu, urteko).

a.1.2. Bazkide kopurua, eskala honen arabera (puntu bat arte).

  • > 300 1,00 punto.
  • ≥50 eta ≤300: 0,50 puntu.
  • <50: 0 puntu
  • Fundazioen kasuan: 0,50 puntu.

a.1.3. Entitateko zuzendaritza edo ardura karguetan dagoen emakume kopurua, honako eskala honen arabera (puntu bat arte).

  • >%50: puntu bat.
  • ≥%20 eta <%50: 0,50 puntu.
  • <%20: 0 puntu.

a.2. Gaitasun finantzarioa (7 puntu arte):

a.2.1. Aurreko urteko emaitza ekonomikoen analisia (diru-sarreren eta gastuen arteko aldea) (3 puntu arte).

  • Superabita (S > G): 3 puntu.
  • Oreka (S = G): 2 puntu.
  • Defizita %10etik beherakoa bada [(S - G)/G < -%10]: puntu bat.
  • Defizita %10etik gorakoa bada: 0 puntu.

a.2.2. Finantzabideen analisia (4 puntu arte).

–Finantzabide pribatuak izateagatik, honako eskala honen arabera (2 puntu arte).

  • >%30: 2 puntu.
  • >%15: puntu bat.
  • Gainerakoek: 0 puntu.

–Finantzabideak dibertsifikatzeagatik, honako eskala honen arabera (2 puntu arte).

  • > 4 finantzabide: 2 puntu.
  • > 2 finantzabide: puntu bat.
  • Gainerakoek: 0 puntu.

a.3. Gaitasun operatiboa eta esperientzia gizarteratze-lanaren arloan (10 puntu arte).

a.3.1. Azkeneko 4 urteotan gizarteratzearen arloan egindako jarduera-proiektuen kopurua (0,5 puntu proiektu bakoitzeko; 0 puntu proiekturik ez bada) (2 puntu arte).

a.3.2. Esperientzia gizarte eta bizitegiko proiektuetan (puntu bat proiektu bakoitzeko; 0 puntu proiekturik ez bada) (2 puntu arte).

a.3.3. Entitateak kontratatzen dituen pertsonengatik (0,5 puntu lanaldi osoko kontratu bakoitzeko; lanaldia laburragoa bada, proportzioan dagokiona) (2 puntu arte).

a.3.4. Prestakuntza praktiketan dauden pertsonak: (0,5 puntu bakoitzeko) (2 puntu arte).

a.3.5. “Auditoretza soziala” egiten dute, edo kalitate sistema homologatu bat dute (puntu bat arte).

a.3.6. Genero berdintasunerako plan bat ezarria dute (puntu bat arte).

B.–Proiektuaren kalitate teknikoa (%80) (80 puntu arte).

b.1. Proiektuaren koherentziari buruzko analisia (40 puntu arte).

b.1.1. Proiektuaren oinarriak eta jarduketa eremuaren deskribapena (10 puntu arte).

  • Erabat koherentea: 10 puntu.
  • Bi alderdietako batean bakarrik dago koherentzia: 5 puntu.
  • Inkoherentea da, edo oso gutxi zehaztuta dago: 0 puntu.

b.1.2. Helburuak. (5 puntu arte).

  • Guztiz koherenteak dira, eta ongi zehaztuta daude: 5 puntu.
  • Inkoherenteak dira, edo oso gutxi zehaztuta daude: 3 puntu.
  • Ez daude zehaztuta: 0 puntu.

b.1.3. Jardueren deskribapena. (5 puntu arte)

  • Ongi zehaztuta daude: 5 puntu.
  • Hala-hola. Ez daude ongi zehaztuta: 3 puntu.
  • Ez daude ongi zehaztuta (bakarrik zenbatuta daude): 0 puntu.

b.1.4. Espero ziren emaitzak. (5 puntu arte)

  • Ongi zehaztuta daude: 5 puntu.
  • Hala-hola. Ez daude ongi zehaztuta: 3 puntu.
  • Ez daude zehaztuta: 0 puntu.

b.1.5. Jardueren egutegia. (5 puntu arte)

  • Ongi zehaztuta dago: 5 puntu.
  • Hala-hola. Ez dago ongi zehaztuta: 2,50 puntu.
  • Ez dago zehaztuta: 0 puntu.

b.1.6. Helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentziaren analisia; hau da, helburuen, jardueren eta emaitzen arteko koherentziarik ote den aztertzen da. Jarduerak burututa emaitzak lortzen badira, eta emaitzak lortuta helburuak iristen, helburu eta jardueren diseinua dakarren oinarria eta ingurunea kontuan hartuta: 0tik 10 puntura arteko eskala kuantitatibo batean neurtzen da hurrengo sailkapenaren arabera (10 puntu arte).

  • Erabateko koherentzia dago helburuen, emaitzen eta jardueren artean: 10 puntu.
  • Jardueren eta emaitzen artean bakarrik dago koherentzia: 7,50 puntu.
  • Jardueren eta helburuen artean bakarrik dago koherentzia: 5 puntu.
  • Koherentzia dago helburuen eta emaitzen artean: 2,50 puntu.
  • Inkoherentea da: 0 puntu.

b.2. Ebaluazioaren analisia (adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua) (8 puntu arte).

b.2.1. Adierazleak (3 puntu arte).

  • Egokia: 3 puntu.
  • Hala-holakoa: 1,50 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

b.2.2. Egiaztapen iturriak (3 puntu arte).

  • Egokia: 3 puntu.
  • Hala-holakoa: 1,50 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

b.2.3. Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea (2 puntu arte).

  • Egokia: 2 puntu.
  • Hala-holakoa: puntu bat.
  • Desegokia: 0 puntu.

b.3. Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen analisia (12 puntu arte).

b.3.1. Giza baliabideen egokitasuna (profil teknikoen definizioa eta esleitutako eginkizunak baloratuko dira) (3 puntu arte).

  • Oso egokia: 3 puntu.
  • Egokia: 2 puntu.
  • Hala-holakoa: puntu bat.
  • Desegokia: 0 puntu.

b.3.2. Boluntariorik ba ote den, eta esleitu zaizkien eginkizunen azterketa (2 puntu arte).

  • Oso egokia: 2 puntu.
  • Egokia: puntu bat.
  • Hala-holakoa: 0,50 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

b.3.3. Baliabide teknikoen egokitasuna (materialak, egoitzak,...) (2 puntu arte).

  • Oso egokia: 2 puntu.
  • Egokia: puntu bat.
  • Hala-holakoa: 0,50 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

b.3.4. Aurrekontuaren behar bezalako banantzea (3 puntu arte).

  • Oso egokia: 3 puntu.
  • Egokia: 2 puntu.
  • Hala-holakoa: puntu bat.
  • Desegokia: 0 puntu.

b.3.5. Kofinantzaketa izatea, eskala honen arabera: (2 puntu arte).

  • NGtik kanpoko ekarpena >%10: 2 puntu.
  • NGtik kanpoko ekarpena >%0 eta ≤10: puntu bat.
  • Ez dago NGtik kanpoko ekarpenik: 0 puntu.

b.4. Aurkeztutako proiektuak beste entitate eta baliabide sozial batzuekin duen bateragarritasunaren eta koordinazioaren analisia (10 puntu arte):

b.4.1. Lehen Laguntzako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta/edo auzo unitateekin aldian aldiko koordinazio-egitura planteatzen du (4 puntu arte).

  • Egokia: 4 puntu.
  • Hala-holakoa: 2 puntu.
  • Desegokia, edo ez dago: 0 puntu.

b.4.2. Dagokion toki entitatearen berariazko aitorpena, aurkeztutako proiektua bere herrialdean interes soziala duela adierazten duena (idatzizko aitorpena aurkeztu behar da) (4 puntu).

b.4.3. Aldian aldiko koordinazio-egitura planteatzen du udalerrian esku hartzen duten entitateekin (2 puntu arte).

  • Egokia: 2 puntu.
  • Hala-holakoa: puntu bat.
  • Desegokia, edo ez dago: 0 puntu.

b.5. Pertsona onuradunen parte-hartzearen azterketa (10 puntu arte).

b.5.1. Profilaren analisia eta zenbatespen kuantitatiboa (4 puntu arte).

  • Egokia: 4 puntu.
  • Hala-holakoa: 2 puntu.
  • Desegokia: 0 puntu.

b.5.2. Pertsonen sarbiderako erabilitako prozedura (3 puntu arte).

  • Batez ere Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Auzo Unitateen bidez: 3 puntu.
  • Batez ere Gizarte Ekimeneko Entitateen bidez: 1,50 puntu.
  • Ez dago: 0 puntu.

b.5.3. Proiektuaren onuradun diren pertsonek parte hartzeko bideak izatea (akordio idatziak, gogobetetasun inkestak) (3 puntu arte).

Baditu (adierazi zeintzuk, eta dokumentatu): 3 puntu.

Ez du: 0 puntu.

Iragarkiaren kodea: F1610357