186. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Mankomunitatearen estatutuen behin betiko onespena

Mairagako Mankomunitateko Batzarrak, 2016ko otsailaren 11n egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mankomunitatearen estatutuen aldaketa.

Hasierako onespena hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldeko txostena eman zuen estatutuen aldaketa horri buruz.

Gero Mairagako Mankomunitateko udalen osoko bilkuretara eraman zen onesteko, eta haietatik bi herenek baino gehiagok alde bozkatu dute. Beraz, testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluko 6. puntuan xedatutakoa betez.

Tafallan, 2016ko irailaren 9an.–Mankomunitateko burua, Pedro Leralta Piñán.

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Kideak, izena eta helbidea

1. artikulua. Eraketa.

1. Estatutu hauen I. eranskinean aipatzen diren udalerriek osatzen dute gaur egun Mairagako Mankomunitatea, elkarrekin antolatzeko eta emateko beren eskumeneko zerbitzu batzuk, estatutu hauen II. kapituluan azaltzen direnak.

2. Udalerri berriren bat onartzeko edo mankomunitatetik irteteko orduan estatutu hauetako arauak bete beharko dira, eta ez da nahitaezkoa ez beharrezkoa estatutuok aldatzea. Hala ere, gertaera hori kontuan hartuko da geroztik tramitatzen den lehenbiziko estatutu-aldaketan.

3. Mankomunitatearen antolamendua eta jarduna estatutu hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, ezertan eragotzi gabe Nafarroako toki entitateei dagokien araudiaren aplikazioa.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.

1. Administrazio entitate publikoa den aldetik, mankomunitate honek bere xedeak betetzeko gaitasun juridiko osoa izanen du. Une bakoitzean mankomunitate honetan dauden toki erakundeen mugapeek osatuko dute haren lurralde eremua.

2. Mankomunitatea bere eskumeneko eremuan arituko da, bere zerbitzuekin zerikusia duten fenomenoak gertatzen diren tokietan.

3. artikulua. Izena eta helbidea.

Udalez gaindiko toki entitate honek “Mancomunidad de Mairaga-Zona Media - Erdialde-Mairagako Mankomunitatea” du izena eta Tafallan izanen du egoitza.

II. KAPITULUA

Mankomunitatearen xedea

4. artikulua. Mankomunitatearen xedea.

Mankomunitatearen xedea izanen da honako eskumen hauek erabiltzea:

1. Tokiko zerbitzu publikoen plangintza, exekuzioa eta kontrola koordinatzea eskualde osoari begira. Mankomunitateak bere kideekin sinatzen dituen hitzarmenetan ezarriko dira hori egiteko modua, ahalmenak eta mugak.

2. Toki entitateei laguntza teknikoa ematea beren eskumenak erabiltzeko eta zerbitzuak zuzenean emateko.

3. Toki entitateen eskumeneko zerbitzu hauek ematea:

a) Edateko uraren hornidura, estolderia, saneamendua, hondakin uren arazketa eta, oro har, uraren ziklo osoaren kudeaketa.

b) Hiri hondakinak bildu, tratatu eta kudeatzea.

c) Ingurumenaren babesa, a) eta b) atalekin lotura duen orotan.

d) Ekintza sozioekonomikoa eta eskualdeko garapenaren sustapena.

e) Gizarte zerbitzuak.

f) Mankomunitateko udalerrietan kirol, gazteria, gizarte eta kultura arloetako jarduerak planifikatu, sustatu, eskaini, garatu eta koordinatzea, zuzenean edo kasuan kasuko udalarekin elkarlanean, herri bakoitzeko jarduerak errespetatuz.

g) Etxebizitza eta eraikinen zaharberritzearen kudeaketa, toki entitateen eskumeneko eremuan, eta hirigintzako aholkularitza.

h) Mankomunitateko udal batek baino gehiagok erabil ditzakeen langile, bitarteko eta zerbitzuak kontratatzea.

i) Mankomunitateko langileek aholkularitza ekonomikoa eta kontu-hartze lanetarako laguntza ematea Mankomunitateko udalei, eskatuz gero.

4. Zerbitzuak ahalik eta ongien kudeatzeko eta bere eskumenak erabiltzeko, Mankomunitateak zilegi izanen du:

a) Berariazko atalak sortzea 3. puntuan aipatutako gaietako batzuetarako edo guztietarako. Haiei atxikiko zaizkie erakunde mankomunatuak.

b) Zerbitzu horiek emateko behar diren obra eta instalazio guztiak egitea.

c) Aipatutako helburuetarako zuzenean edo zeharka balio duten jarduera guztiak egitea. Legeriak toki entitateen esku uzten dituen eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

III. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak

5. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Mankomunitateak zuzendaritza organo hauek ditu:

–Batzar Orokorra.

–Lehendakaria eta lehendakariordeak.

–Batzorde Iraunkorra.

6. artikulua. Batzar Orokorra.

1. Batzar Orokorra Mankomunitateko organo gorena izanen da. Estatutu hauetan zehaztutako eskumen eta eskudantziak eta antolamendu juridikoak ematen dizkion gainerakoak izanen ditu.

2. Tafallan bilduko dira normalean, baina Mankomunitatea osatzen duten herrietako edozeinetan biltzen ahalko dira.

7. artikulua. Batzar Nagusiaren osaera.

1. Mankomunitateko Batzar Orokorrak udal mankomunatu guztiak ordezkatuko ditu. Batzar Orokorra udaletako hautetsiek osatuko dute, udalbatzen osoko bilkurek izendatuta legeria indardunaren arabera. Arau hauek aplikatuko dira batzarkideen kopurua zehazteko:

1. Udal bakoitzak ordezkari bat izanen du gutxienez.

2. 3.000 eta 5.000 biztanle bitarteko udal bakoitzak beste ordezkari bat izanen du, lehenbizikoaz gain.

3. 5.001 eta 8.000 biztanle bitarteko udal bakoitzak beste bi ordezkari izanen ditu, lehenbizikoaz gain.

4. 8.001 biztanletik gorako udal bakoitzak beste lau ordezkari izanen ditu lehenbizikoaz gain.

2. Udalak berritzeko udal hauteskundeen egunaren aurretik azkenekoz ofizialki deklaratuta dagoen biztanle kopurua hartuko da aintzat udal bakoitzari zenbat ordezkari dagozkion kalkulatzeko, eta hauteskundeen ondorioz osatutako udalaren agintaldi osoan kopuru horri eutsiko zaio.

3. Udalerri edo kontzejuren bat Mankomunitateko beste udalerri batean integratzen bada, edo Mankomunitateko udalerri bateko kontzejuren bat udalerri bilakatzen bada, ukitutako udalerrietako biztanleriaren arabera egokitu beharko dira ordezkarien kopurua eta ordezkarien boto haztatua, artikulu honen 1. puntuan azaldutako arauei jarraikiz. Halako kasuetan, estatutu hauen 1. artikuluko 2. puntuan xedatutakoari ere jarraituko zaio.

8. artikulua. Batzar Orokorreko ordezkariak izendatzea.

1. Udalbatza bakoitzak izendatuko ditu Mankomunitateko Batzar Orokorrerako bere ordezkariak, baita kargutik kendu ere. Toki hauteskunde bakoitzaren ondoren izendapenak berrituko dira.

2. Udalbatza bakoitzak titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu, estatutu hauetan xedatuarekin bat. Biek izanen dute ordezkaritza, baina bakarrak erabili ahal izanen du botoaren bitartez.

3. Titular edo ordezko bat kanpora joan, gaixotu, hiltzen bada, kargua uzten badu edo antzeko zerbait gertatzen bazaio, ukitutako Udalbatzak ordezkoa izendatuko du hilabeteko epean, aurreko titularraren edo ordezkoaren kargu-uztea edo antzeko kasua gertatzen denetik aurrera.

9. artikulua. Ordezkari izaerari uztea.

Mankomunitateko Batzar Orokorreko ordezkariek honako kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Entitate izendatzaileek kargutik kentzean.

b) Hautetsi izatetik gelditzen direnean.

c) Udalbatza berriak eratzen direnean.

Mankomunitatea osatzen duten toki entitateetako batzarkide ordezkariek, c) ataleko kasuan, beren karguetan segituko dute, jardunean, harik eta behar diren udal hauteskundeak egin ondoren Batzar eratzaile berria eratu arte. Udalbatza berriak eratu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da Batzarra eratzeko biltzarra. Bitarte horretan, kargua uzten duten zuzendaritza organoek ezin izanen dute hartu gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik.

10. artikulua. Batzar Nagusiaren eskumenak.

Mankomunitateko Batzarrari dagozkio eskudantzia hauek:

a) Bere eraketari, berritzeari eta handitzeari dagokion oro onestea, bai eta kargudun eta langileak izendatzeari eta kentzeari dagozkionak ere, estatutuei eta aplika daitezkeen lege edo erregelamenduei jarraikiz.

b) Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak ezartzeko, garatzeko eta kudeatzeko behar diren planak eta proiektuak onestea.

c) Mankomunitatearen eta haren atal berariazkoen aurrekontuak eta urteko kontuak onestea, baita horietan aldaketak egitea ere, betearazpen-oinarrietan zehaztutakoari jarraituz.

d) Mota guztietako ondasunak eskuratzea eta besterentzea, kontratuak egitea Mankomunitatearen izenean eta hura ordezkatuz, baldin eta, zenbatekoa dela-eta, une bakoitzean indarra duen araudiak ez badie horretarako ahalmenik ematen ez lehendakariari ez Batzorde Iraunkorrari.

e) Mankomunitateak beste administrazio publiko batzuekin, Mankomunitateko entitateak barne, eskumenen kudeaketa eskuordetzeko egiten dituen hitzarmenak onestea.

f) Mankomunitatean sortu behar diren atalak eratzeko erregelamenduak onestea, bai eta horiek berritzea ere.

g) Mankomunitateko entitateek berarekin sinatu beharreko koordinazio hitzarmenak onetsi edo berrestea.

h) Bere gain hartutako zerbitzu bakoitzaren finantzabide zehatzak onestea.

i) Zerbitzuak kudeatzeko moduak onestea.

j) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.

Batzarrak Batzorde Iraunkorraren esku uzten ahalko ditu indarreko legeen arabera udalbatzek eskuordetzen ahal dituzten eskudantziak.

11. artikulua. Batzar Orokorraren bilkuretarako deialdia.

1. Batzar Orokorra sei hilean behin bilduko da gutxienez; nolanahi ere, behar adina bilkura egin daitezke, lehendakariaren ekimenez, Batzorde Iraunkorrak proposatuta edo zuzenbidez Batzarreko kide direnen heren batek eskatuta.

Bilkuretan, udalen bilkuretako funtzionamendurako araudia bete beharko da.

2. Lehendakariak edo legez hura ordezten duenak eginen du bilkurarako deia. Kideei garaiz jakinaraziko zaie, bilkurako gaiak aztertzeko denbora nahikoa izan dezaten. Gutxienez 7 egun lehenago jakinarazi behar zaie.

Deialdian bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, aztergaien zerrenda emanen da eta aztergaien berri izateko behar diren agiri guztiak erantsiko dira.

12. artikulua. Batzar Orokorreko bilkurak egitea.

1. Bilkurak baliozkoak izateko quoruma honako hau izanen da: Batzar Orokorreko kide izateko eskubidea dutenen herena, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada Batzar Orokorreko kide izateko eskubidea duten hautetsien boto haztatuen %33,33 baino. Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.

2. Nolanahi ere, Batzarrerako quorum orokorra lortu gabe ere, zerbitzu jakin bati buruz eztabaidak egitea eta erabakiak hartzea zilegi izanen da baldin eta legez zerbitzu horren barnean dauden hautetsien herena biltzen bada, gutxienez, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada zerbitzu horren barnean legez dauden hautetsien boto haztatuen %33,33 baino.

3. Mankomunitateko lehendakaria eta idazkaria edo legez ordezten dituztenak agertu ezean ezin izanen da bilkurarik egin.

4. Lehen deialdian quorumik ez badago, besterik gabe deialdia egintzat joko da, bi egunen buruan ordu berean bilkura egiteko. Orduan ere quorumik lortzen ez bada, Mankomunitateko lehendakariak deialdia baliogabetuko du eta zerrendako aztergaiak hurrengo bilkurarako utziko dira.

13. artikulua. Batzar Orokorrak erabakiak hartzea.

1. Batzar Orokorreko hautetsien botoak haztatu eginen dira, kontuan harturik kide bakoitzak ordezkatzen duen udalerriko biztanleak zer portzentaje diren Mankomunitateko udalerri guztietako biztanlerian. Ordezkari bat baino gehiago duten udalerrietan, Batzar Orokorrerako hautatu dituen Udalbatzak nahi bezala banatuko du portzentajea hautetsi guztien artean.

2. Arau orokor gisa, Batzar Orokorraren erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, kontuan harturik bai bertan dauden hautetsiak bai horien ordezkaritza-portzentajeak, biak batera.

Indarra duen legerian eta estatutu hauetan berariaz zehazturik dauden gaiei buruzko erabakiak hartzeko, gehiengo kualifikatua beharko da.

Zerbitzu jakin bati buruzko bozketa egiten bada, eta udalerri mankomunaturen batek zerbitzu horri buruzko eskumena Mankomunitatearen esku utzi ez badu, udalerri horrek gobernu organoetan dituen ordezkariek ez dute bozkatuko.

3. Ondoren azaltzen diren gaiei buruzko erabakiak baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da Batzar Orokorrean bertan dauden hautetsien gehiengo soilaren aldeko botoa izatea, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada Batzar Orokorreko kide izateko eskubidea duten hautetsien boto haztatuen %50 baino.

a) Ordenantza eta tarifa orokorren onespena, zerbitzuen erabiltzeei edo Mankomunitatearen, Sozietate Kudeatzailearen nahiz gainerako atalen funtzionamendu araubideari eragiten badiote.

b) Obra eta inbertsioen urte anitzeko planen onespena.

c) Mankomunitatean kide berriak onartzea.

d) Lehendakaria hautatzea, kargutik kentzea eta kargutik bereiztea, eta haren dietak eta ordainsariak zehaztea.

e) Toki araubideko legeriaren arabera quorum hori behar den gainerako gai guztiak.

4. Ondoren azaltzen diren gaiei buruzko erabakiak baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da Batzar Orokorrean bertan dauden hautetsien gehiengo osoaren aldeko botoa izatea, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada Batzar Orokorreko kide izateko eskubidea duten hautetsien boto haztatuen %66,66 baino.

a) Mankomunitatearen estatutuak onestea eta aldatzea.

b) Sozietate kudeatzaileak edo atalak sortzea eta horien estatutu edo erregelamenduak onestea eta aldatzea.

5. Batzar Orokorrak hartzen dituen erabaki guztien berri eman behar zaie ukitutako udal mankomunatuei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren jarduketak egin ditzaten.

6. Batzar Orokorretik heldu diren administrazio egintzen araubide juridikoa, udalen osoko bilkuren egintzak zuzentzen dituen bera izanen da.

14. artikulua. Lehendakaria.

1. Lehendakariak betearaziko ditu Batzar Orokorraren eta/edo Batzorde Iraunkorraren erabakiak; horrez gainera, bi gobernu organo horien eztabaidak zuzenduko ditu eta estatutuak zehatz-mehatz bete daitezen arduratuko da.

2. Legeek alkateei emandako eskudantzia berberak izanen ditu bere eskumeneko eremuan.

15. artikulua. Lehendakariaren hautaketa.

1. Batzar Orokorrak izendatuko du lehendakaria, eratzeko bilkuran. Toki entitateetako hautetsiak berritzeko garaian berrituko da Mankomunitateko lehendakaria ere, salbu kargutik kentzen dutenean; hori gertatuz gero, ahalik azkarren hautatuko da Mankomunitateko lehendakari berria, kargua hutsik egon ez dadin.

2. Lehendakaria Mankomunitatearen ordezkaria izanen da beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin dituen harremanetan, eta horretaz gainera, estatutu hauek esleitu edo Batzar Orokorrak berak ematen dizkion eginkizunak beteko ditu.

3. Batzar Orokorreko kide bat lehendakari hautatzeko, beharrezkoa izanen da, horretarako egindako lehenbiziko bozketan, Batzar Orokorreko hautetsi eskubidedunen gehiengo osoaren aldeko botoa izatea, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada Batzar Orokorreko kide izateko eskubidea duten hautetsien boto haztatuen %50 baino.

Batzarkideetako inork ez badu lortzen goiko lerroaldean adierazitako gehiengoa, bigarren bozketa eginen da, eta hartan, lehendakaria aukeratzeko, aski izanen dira ordezkaritza-portzentaje handiena osatzen duten batzarkide eskubidedunen botoak.

Berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen toki entitatearen ordezkaria hautatuko da. Berdindutako hautagaiak toki entitate beraren ordezkariak badira, zaharrena aukeratuko da.

4. Lehendakaria edo lehendakariordea kargutik kentzeko edo hark kargua uzteko proposamen berean kargurako hautagaia proposatuko da, kargu hutsa berehala bete dadin.

16. artikulua. Batzordeburuaren eskudantziak.

1. Mankomunitateko lehendakariari eginkizun hauek dagozkio:

a) Bilkuretarako deiak egitea eta haietan buru aritzea, eta hartzen diren legezko erabakiak betearazteko agintzea.

b) Bere erantzukizunpean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta kasuak garrantzia handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

c) Kontu-hartzailearekin batera, Mankomunitatearen aurrekontuen proiektuak prestatzea eta legezko xedapenen eta aplikatu beharreko arauen arabera onetsitako aurrekontuak behar bezala gauzatzeko neurriak hartzea.

d) Aurrekontuko kontsignazioen barrenean Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea.

e) Bertako funts eta ondasunak administratzea, eta aurreko ekitaldiko kontuak agertzea urte naturalaren lehen seihilekoan.

f) Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

g) Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak sinatuz ikus-onestea.

h) Koordinazioa bermatzea Mankomunitateko organoen artean eta Mankomunitatearen eta bere udalen artean.

i) Lan publikoaren eskaintza onestea, Osoko Bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak banatzea.

j) Ondasun higigarriak eta higiezinak besterentzea eta kostu bidez eskuratzea, une bakoitzean indarra duen legeriak alkate udalburuentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan, eta urtebeteko kontratuak egitea, horien zenbatekoa aurrekontuko diru-sarrera arrunten %10etik beherakoa bada, edo urte anitzekoak, gastua gehienez ere lau ekitaldiri aplikatzen bazaie eta urte guztietako zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu.

k) Zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, toki araubideari buruzko oinarrizko legerian eskumenak banatzeko ezarritako esparruan, eta, betiere, Batzar Orokorrak, Batzorde Iraunkorrak edo Sozietate Kudeatzaileak berendako ez badituzte.

2. Lehendakariak espresuki delega ditzake indarreko legeriak delegatzea baimendutako eginkizunak.

17. artikulua. Lehendakariordetzak.

Mankomunitateak beharrezko dituen organoak dira, eta ordezkari batek edo bik osatuko dituzte.

18. artikulua. Lehendakariordeak hautatzea.

1. Batzorde Iraunkorra osatzen duten hautetsien artetik izendatuko ditu lehendakariordeak lehendakariak.

2. Lehen izendapenean eta hurrengoetan hautatutako batzarkideetako inork ez badu lehendakariorde kargua onartzen, Batzorde Iraunkorreko kide bati egokituko zaio lehendakariorde kargua, hain zuzen ere horretarako egindako bozketan ordezkaritza-portzentaje handiena osatzen duten Batzorde Iraunkorreko hautetsien aldeko botoa jasotzen duenari.

3. Lehendakariak kargua uztearekin lehendakariordeek ere automatikoki utziko dute berena, kargua uzteko beste arrazoi batzuk galarazi gabe, esaterako: uko egitea, hautetsi izaera galtzea edo toki entitatearen Mankomunitateko ordezkari izaera galtzea, edo lehendakariak bere borondatez ezeztatzea izendapenak.

Lehendakaria edo lehendakariordea kargutik kentzeko proposamen berean kargurako hautagaia proposatuko da, kargu hutsa berehala bete dadin.

19. artikulua. Lehendakariordeen eskumenak.

1. Lehendakaria kanpoan, gaixo dagoenean edo kargua hutsik gelditzen denean, edo lehendakariak botorik eman behar ez duenean, izendapen ordenaren arabera ordeztuko dute lehendakariordeek.

2. Lehendakariordeek lehendakariari lagunduko diote haren eginkizunetan, eta erabakiak hartzeko unean parte hartu eta aholku emanen diote.

20. artikulua. Batzorde Iraunkorra.

Mankomunitateko Batzorde Iraunkorraren osaera, funtzionamendua eta eskumenak estatutu hauetan ezarritakoak izanen dira; lehendakariak eta Batzar Orokorrak haren esku uzten dituzten eskumenak ere izanen ditu.

21. artikulua. Batzorde Iraunkorreko kideen osaera eta izendapena.

1. Batzorde Iraunkorrak kide hauek izanen ditu:

a) 2.500 biztanletik gorako udalek ordezkari bana izanen dute eta 7.000 biztanletik gorako udalek bina ordezkari izanen dituzte. Batzordekide guztiak Batzarreko kideak izanen dira.

Udalerriak ordezkari bat duenean Batzarrean, hura izanen da Batzorde Iraunkorreko kidea, eta Batzarrean duen ordezkaritza-portzentajea izanen du Batzorde Iraunkorrean ere.

Batzarrean bi ordezkari edo gehiago dituzten udalerriek osoko bilkuran hautatu behar dituzte Batzorde Iraunkorrerako ordezkariak, eta hartan erabakiko dute zer ordezkaritza-portzentaje duten.

b) Bi kide batzarrean, 2.500 biztanletik beherako udalerriak multzokatzen dituzten hiru eremuetako bakoitzaren ordezkari. Honako hauek dira eremuak:

–Iparraldea: Barasoain, Garinoain, Leotz, Oloritz, Orisoain, Puiu eta Untzue.

–Erdialdea: Beire, Murillo el Cuende, Pitillas, San Martin Unx eta Uxue.

–Hegoaldea: Mélida, Murillo el Fruto eta Santakara.

Batzar Orokorra eratzeko bilkura egin ondoren, eta Mankomunitateko idazkariaren aurrean, eremu bakoitza Batzar Orokorrean ordezkatzen duten kideak elkartuko dira eta izendatuko dituzte, horien artetik, Batzorde Iraunkorreko kide izanen direnak, eremu bakoitzaren ordezkari, eta erabakiko dute zer ordezkaritza-portzentaje duten hartan.

2. Mankomunitateko lehendakaria izanen da goian aipatutako kideetako bat, eta beti izanen da Batzorde Iraunkorreko kide, dagokion udalerri edo eremuaren ordezkari.

3. 2.500 biztanletik beherako udalerri berriak Mankomunitatean sartzen badira, edo Mankomunitateko oraingo udalerri batek biztanleria galdu eta 2.500 bizilagunetik behera gelditzen bada, hura dagokion eremuan sartuko da, hots, aurreko 1. puntuan azaldutako hiru eremuetatik geografikoki hurbilen duen eremuan, zehazteko zer ordezkari dituen Batzorde Iraunkorrean.

22. artikulua. Batzorde iraunkorreko ordezkari izaerari uztea.

Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko ordezkariek honako kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Mairagako Mankomunitatean ordezkari izendatu zituzten entitateek kargutik kentzean.

b) Hautetsi izatetik gelditzen direnean.

c) Udalbatza berriak eratzen direnean.

23. artikulua. Batzorde Iraunkorraren bilkurak egitea.

1. Lehendakariak edo legez hura ordezten duenak eginen du bilkurarako deia. Kideei garaiz jakinaraziko zaie, bilkurako gaiak aztertzeko denbora nahikoa izan dezaten. Oro har, bilkura egin baino 4 egun lehenago eginen da deia. Presazko arrazoiak direnean, eta behar bezala justifikatuta, epea txikiagoa izan daiteke. Deialdiaren presazko izaerari buruzko bozketa eginen da bilkuraren hasieran.

2. Bilkurak baliozkoak izateko quoruma honako hau izanen da: Batzorde Iraunkorreko kide izateko eskubidea dutenen herena, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada Batzorde Iraunkorreko kide izateko eskubidea duten hautetsien boto haztatuen %33,33 baino. Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.

Nolanahi ere, Batzorde Iraunkorrerako quorum orokorra lortu gabe ere, zerbitzu jakin bati buruz eztabaidak egitea eta erabakiak hartzea zilegi izanen da baldin eta legez zerbitzu horren barnean dauden hautetsien herena biltzen bada, gutxienez, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada zerbitzu horren barnean legez dauden hautetsien boto haztatuen %33,33 baino.

3. Mankomunitateko burua eta idazkaria edo legez ordezten dituztenak agertu ezean ezin izanen da bilkurarik egin.

4. Lehen deialdian quorumik ez badago, besterik gabe deialdia egintzat joko da, egun baten buruan ordu berean bilkura egiteko. Orduan ere quorumik lortzen ez bada, Mankomunitateko burutzak deialdia baliogabetuko du eta zerrendako aztergaiak hurrengo bilkurarako utziko dira.

5. Batzorde Iraunkorreko hautetsien botoak haztatu eginen dira, 21. artikuluaren 1. puntuan xedatuaren arabera esleiturik duten portzentajearen arabera.

24. artikulua. Batzorde Iraunkorrak erabakiak hartzea.

1. Arau orokor gisa, Batzorde Iraunkorraren erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, kontuan harturik bai bertan dauden hautetsiak bai horien ordezkaritza-portzentajeak, biak batera.

2. Indarreko legerian eta estatutu hauetan berariaz ezarritako gaietan erabakiak hartzeko, gehiengo kualifikatua beharko da, eta, horretarako, beharrezkoa izanen da Batzorde Iraunkorrean bertan dauden hautetsien gehiengo soilaren aldeko botoa izatea, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada Batzorde Iraunkorreko kide izateko eskubidea duten hautetsien boto haztatuen %50 baino.

3. Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakiak lotesleak izanen dira. Horien izaera dela-eta Batzarrak onetsi beharreko gaiak direnean, txostena eginik eta azterturik, Batzarrean aurkeztuko dira, Batzorde Iraunkorraren txostenean agertutako zentzuan.

25. artikulua. Batzorde Iraunkorraren eskudantziak.

Eskudantzia hauek dagozkio Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrari:

a) Diru-bilketa eta diruzaintza zerbitzuak antolatzea.

b) Urtebete arteko kontratuak egitea, horien zenbatekoa diru-sarrera arrunten %10 baino gehiago bada eta behar dituzten kredituak ekitaldiko aurrekontu arruntean jarritakoak baino handiagoak ez badira. Aldez aurretik espedientea egin behar da baldintza horiek guztiak egiaztatzeko.

c) Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera.

d) Ondasunak eskuratzea eta besterentzea, betiere haien zenbatekoa baliabide arrunten %10 baino handiagoa ez bada eta lehendakariaren eskumenekoak ez badira.

e) Diru kopuruak banatzea aurrekontuetako kontu-sailen kargura.

f) Mankomunitateak bere eskumeneko eremuan egin beharreko jarduketak aztertzea, haien gaineko txostenak eta proposamenak egitea eta haiek bultzatzea.

g) Langileei dagozkien gaiak ebaztea, salbu estatutu hauetan eta oinarrizko legeria aplikagarrian xedatutakoaren arabera lehendakariari eta Batzar Orokorrari dagozkienak, deusetan galarazi gabe araudi indardunaren esparruan egin daitezkeen eskuordetzeak.

IV. KAPITULUA

Zerbitzuak kudeatzea

26. artikulua. Zerbitzuak kudeatzea.

1. Mankomunitateak, zerbitzuak emateko eta bere eskumenak erabiltzeko, legeria indardunean aurreikusitako kudeaketa mota guztiak baliatzen ahal ditu, zuzenekoak nahiz zeharkakoak, eta bereziki Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluan aurreikusitakoak.

2. Berariazko kudeaketa organo bat eratu ahal izanen du, erantzukizun mugatuko merkataritza sozietate bat, hain zuzen ere, eta horren kapital sozial osoaren jabea izanen da.

Merkataritza sozietate hori eratuz gero, bertan Mankomunitateko Batzarrak eginen ditu Batzar Orokorraren lanak. Sozietateak bere estatutuetan zehazten diren eskudantziak izanen ditu eta estatutu horien bidez arautuko da. Ordezko gisa Toki Araubideari buruzko legeria eta merkataritza sozietateei buruzkoa aplikatuko zaizkio.

3. Mankomunitatea, haren kudeaketa organoa eta udal mankomunatuak, beren legezko ordezkarien bitartez, elkarlanean arituko dira zerbitzuak ahalik eta ongien egiteko, eta behar adina informazio, laguntza edo zaintza emanen diote elkarri.

V. KAPITULUA

Mankomunitatearen kudeaketa organoak

27. artikulua. Idazkaritza.

1. Mankomunitateak nomina eta plantillako idazkari bat kontratatzen ahalko du. Nahitaezko lege aholkularitza eta fede publikoa emateko eginkizunak beteko ditu. Postu hori betetzeko, Nafarroako toki entitateen funtzio publikoari aplikatu beharreko indarreko araudiari jarraikiko zaio.

Lanpostu hori sortzen ez den bitartean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 234.2 artikuluan xedatuari jarraikiz gauzatuko dira haren eginkizunak, eta Mankomunitateko udaletako idazkarietako edozein izenda daiteke horretarako, eta, behar denean, izendapena ezezta daiteke, noiznahi ere.

28. artikulua. Kontu-hartzailea eta diruzaina.

Mankomunitateak kontu-hartzaile postu berariazko bat izan beharko du, berezkoak dituen eginkizun publikoak gauzatzeko. Postu hori betetzeko, Nafarroako toki entitateen funtzio publikoari aplikatu beharreko indarreko araudiari jarraikiko zaio.

Diruzaintzako eginkizunak betetzeko modua Batzar Orokorrak zehaztuko du, gai horretan indarra duen araudia aplikatuz.

29. artikulua. Funtzio publikoetan aritzen diren langileen eskudantziak.

Mankomunitateko organoen zuzendaritzapean, Mankomunitateko idazkariaren eta kontu-hartzailearen eginkizun publikoak betetzen dituztenek, hala behar denean, egiten diren zerbitzu eta jarduera guztiak koordinatu ahal izanen dituzte, baita sozietate kudeatzaile edo atal jakin bati esleituta ez daudenak zuzendu ere.

Gainera, Batzarrak eskudantzia gehiago esleitzen ahalko dizkie, beharrezkotzat jotzen baditu elkartutako toki entitatearen funtzionamendu egokirako.

VI. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

30. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Mankomunitatearen eta haren atalen baliabide ekonomikoak ondokoak izanen dira:

a) Ondarea, hau da, Mankomunitatearen xedeak betetzeko orain eta gero beharrezkoak diren eskubide eta ondasun materialak. Ondare horrek bi osagai ditu: batetik, Mankomunitateko entitateek eta beste administrazio publiko batzuek atxikitako eskubide eta ondasun materialak, hots, beren gain edo eskuordetuta dituzten zerbitzuak ematekoak, eta bestetik, Mankomunitatearenak diren edo eskuratzen dituen gainerako ondasunak.

Toki araubideari buruzko legerian ezarritakoa izanen da Mankomunitatearen ondasunen araubide juridikoa.

b) Erakunde publikoek nahiz pribatuek eta norbanakoek ematen dizkioten diru-laguntzak, sorospenak eta emariak.

c) Ondasun edo zerbitzuen errentak, etekinak eta prezioak.

d) Kontribuzio bereziak, obrak egiteko edo Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzuak ezartzeko, handitzeko nahiz hobetzeko.

e) Bere helburuak betetzeko asmoarekin hitzartzen dituen kreditu-eragiketen eta maileguen ondoriozko baliabideak.

f) Mankomunitateko udalen ekarpenak.

g) Indarra duen araudiarekin bat, Mankomunitatean bertan ezar daitezkeen edo legez dagozkion ordainarazpenen etekina.

h) Beste entitate batzuei, mankomunitateak barne, egokitu arren, eskuordetze hitzarmenen bidez bere gain dituen ordainarazpenen etekina.

i) Beste edozein, indarra duen araudiak bidezko edo beharrezko egiten badu Mankomunitateak hura ordainaraztea.

j) Erakunde mankomunatuei estatutu hauen 4. artikuluan aipatutako eskumenen eremuan emandako zerbitzuen kontraprestazioak.

31. artikulua. Funtzionamendu gastuak.

Mankomunitatearen administrazioaren funtzionamendu gastuak ordaintzeko, aurreko artikuluan aipatutako diru-sarreretatik edozein erabiliko da.

32. artikulua. Mankomunitatearen ondasunak.

Mankomunitateak bere ondare osoaren inbentarioa egin behar du, osagai bakoitzaren balioa ezarrita; inbentarioa urtero zuzenduko da eta Batzar Orokorra berritzen den guztietan egiaztatuko da.

33. artikulua. Baliabide ekonomikoen aplikazioa.

Mankomunitateak eta haren atal berariazkoek baliabideak lortu eta aplikatzeko, besteak beste, honako irizpide hauei jarraituko diete:

a) Mankomunitateak bere zerbitzuengatik ordainarazten dituen tarifak ez dira aldatuko udalerri batetik bestera. Udalerri guztietan tarifa berak aplikatuko dira.

b) Zein zerbitzuk sortzen dituen baliabideak, harexeri aplikatuko zaizkio, edo diru-laguntza, kuota, kreditua, tarifa edo diru-sarrera lortu duenari.

c) Mankomunitateko herrien artean ez da inoiz ere mozkinik banatuko. Ekarpenak gutxiago igotzeko edo jaisteko, edo aplikazio berrietarako erreserba funtsak eratzeko erabiliko dira mozkinak.

34. artikulua. Kudeaketa ekonomikoa.

1. Mankomunitatearen eta haren atal berariazkoen aurrekontuak eta kontuak Nafarroako toki entitateei aplikatu beharreko legezko edo erregelamenduzko arauekin bat etorriko dira, bai egituraren aldetik, bai prestatu eta onesteko prozeduraren aldetik.

2. Batetik instalazio orokorren kudeaketa ekonomikoa eta bestetik, halakorik bada, tokiko zerbitzu mankomunatuena bereiziko dira, bai aurrekontuetan bai kontabilitate-kontrolean.

35. artikulua. Entitateen betebeharrak.

1. Mankomunitateko udalak, bakoitza bere biztanle kopuruaren araberako proportzioan, Mankomunitatearen edo haren atal berariazkoen betebehar eta zorren erantzule izanen dira eta beren ondasun eta baliabideekin bermatuko dituzte, Mankomunitatearenak aski ez badira.

2. Atal batek bere gain hartutako betebehar eta zorrak atal horretan sartutako toki entitateei bakarrik jasanaraziko zaizkie.

Mankomunitateko udalek Mankomunitateari egin behar dizkioten ekarpenak kalkulatzeko, udalek adierazi behar dute kudeaketa mankomunatuko zein zerbitzuri atxikiko zaizkien; horrez gainera, bidezkoa denean, gastu orokorrak finantzatzeko beharrezkoak izan daitezkeen ekarpenak ere egin beharko dituzte, zerbitzu bakoitzak sorrarazten dituen gastuen araberako proportzioan.

3. Udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, dagozkien transferentzietatik ken ditzan Mankomunitateari edo haren atal berariazkoei edozein kontzepturengatik zor dizkioten diru kopuruak, horiek Mankomunitateari ordaintzeko. Funtsak kudeatzen edo gordetzen dizkieten entitate publiko nahiz pribatuei ere, baimena ematen diete ordezko ordainketa hori egiteko.

VII. KAPITULUA

Hirigintzako kudeaketa

36. artikulua. Zerbitzuen egokitasun urbanistikoa.

Urbanizazio eta eraikuntza berriei ez zaie zerbitzu edo hornidurarik emanen, ezta isurketarik onartuko ere, baldin hirigintzan eskumena duten erakundeek aldez aurretik baimena ematen ez badiete.

VIII. KAPITULUA

Kide berriak onartzea eta kide direnak ateratzea

37. artikulua. Kide berrien onarpena.

1. Mankomunitatean udalerri bat sar dadila onartzeko, beharrezkoa izanen da Batzar Nagusian bertan dauden kideen gehiengo soila, betiere horien ordezkaritza-portzentajeen batura handiagoa baldin bada Batzar Orokorreko kide izateko eskubidea duten hautetsien boto haztatuen %50 baino.

2. Onarpen erabakia jendaurrean jarriko da hamabost egunez, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Epe berean Nafarroako Gobernuari entzutea emateko tramitea eginen da, proposaturiko onarpenari buruzko iritzia eman dezan, egokitzat jotzen badu.

3. Epe hori amaitutakoan, erreklamaziorik ez badago, onarpena behin betikoa izanen da.

38. artikulua. Kideak ateratzea.

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 52.3 artikuluan aurreikusitako prozedura erabiliko da Mankomunitateko kideak hartatik ateratzeko, eta estatutuak aldatzeko ezarritako arau berak bete beharko dira.

2. Mankomunitatean dagoen entitate bati Mankomunitatetik bereizteko eskaera onartu ahal izateko, bermatu beharko du bere esparruko zerbitzuak behar bezala ematen ahalko dituela, bereiztearekin Mankomunitatearen interes orokorrei ez diela kalterik eginen eta azken horrek zerbitzua ematen segitzeko aukera izanen duela.

3. Mankomunitateko Batzar Orokorrak kide baten bereizketari buruz hartzen duen erabakiak horren ondorioak beharko ditu, ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienez.

IX. KAPITULUA

Indarraldia eta desegitea

39. artikulua. Indarraldia.

Mankomunitateak mugagabeko indarraldia izanen du.

40. artikulua. Desegitea.

Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoiak Mankomunitateari aplikatu beharreko Toki Araubideko legerian ezarritakoak izanen dira.

Azken xedapen bakarra.–Mairagako Mankomunitatearen estatutuen aldaketa honek indarra hartuko du haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Estatuko Administrazio Orokorrak Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien aurka egiteko duten epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Mairagako Mankomunitatea osatzen duten udalerriak

Azkoien, Barasoain, Beire, Caparroso, Erriberri, Garinoain, Leotz, Mélida, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, San Martin Unx, Santakara, Tafalla, Untzue, Uxue, Zarrakaztelu.

Iragarkiaren kodea: L1610261