186. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, udaltzain izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko

Eguesibarko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko irailaren 12an erabakita onetsi zen Eguesibarko udaltzain izateko 3 lanpostu, kopurua handitzen ahal dela, oposizio bidez betetzeko deialdia.

Hautapen prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta haren ondoko aldaketak; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

Argitara ematen da behar diren ondorioak izan ditzan.

Sarrigurenen, 2016ko irailaren 12an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Eguesibarko Udaleko udaltzain izateko hiru lanpostu betetzea du xede deialdi honek, oposizio bidez, ondoko txanda hauetan banaturik:

a) Txanda irekiko lanpostuak: 2.

b) Igoera txandako lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat: 1, euskarazko B2 hizkuntz eskakizunarekin.

Igoera txandako lanpostu hutsa txanda irekikoari gehituko zaio, bete gabe gelditzen bada hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutieneko puntuazioa ez erdiesteagatik.

Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera (jakite mailako hautaprobetako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik), handienetik txikienerako hurrenkeran.

Deialdiaren xede diren lanpostuen kopurua hautapen-prozesuan handitzen ahalko da, betiere izangaiak deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza ikastaroan sartu baino lehen. Lanpostu kopuruaren handitzean aplikatzekoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikulua (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

Izendatzen diren izangaiek polizien eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea eta 35 urte, gehienez ere.

c) Batxiler-titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren titulua edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuraturiko tituluak izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izan beharko da.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea eta deialdiaren III. eranskinean agertzen diren arrazoi medikoengatik baztertzeko moduan ez egotea.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen aitorpenaren bidez adieraziko da.

h) B2 hizkuntz eskakizuna duen lanposturako: euskaraz B2 maila edo handiagoa edukitzea edo (plantilla organikoaren arabera) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailaren baliokidea den beste edozein titulu ofizial.

Gainerako bi lanpostuetarako, oinarri honetan ezarritakoari lotuko zaio, eta balioetsiko da Eguesibarko udalerrian euskara arautzen duen ordenantza betebeharrez, I. eranskinean zehaztu bezala.

Izangaiak, aipatu diren tituluak ez baditu, proba bat egiteko aukera izanen du, eta horrela zehaztuko da beharrezkoa den maila baduen hizkuntza horretan. Izangaiek, askitasun proba hori egin nahi badute, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute, horri dagokion tokian.

Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.1.f) eta 3.1.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako (deialdiko 7.3 atalean aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da, eta, bigarrenari dagokionez, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

3.2. Txanda murriztua.

Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

d) B2 maila edo handiagoa edukitzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren.

Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Eguesibarko Udaleko erregistro orokorrean, Garajonay kaleko 1ean (31621 Sarriguren), edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdiaren IV. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean eskuratuko da eskabidearen eredua; bertzenaz, Interneten, www.valledeegues.es helbidean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu behar dituzten gainerako agiriak:

Bat.–Osasun ziurtagiri ofiziala, II. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

Bi.–Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 6 euro ordaindu izanaren ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

–Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES71 2100 5323 4922 00081658 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

  • Izangaiaren izen-deiturak.
  • NANa/IFZ:
  • Kontzeptua: udaltzain izateko oposizioa (2016).

Hiru.–Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia.

Lau.–Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 ataletan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Hautaprobak non, noiz eta zer ordutan eginen diren zehaztuko da erabaki horretan.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira hala Udalaren ediktu oholean nola interneteko www.valledeegues.es web orrialdean.

6.–Epaimahaia.

6.1. Osaera.

Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Alfonso Etxeberria Goñi, Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: Helena Arruabarrena Polite, Segurtasuneko zinegotzi delegatua.

–Epaimahaikidea: Javier Moreno Gállego, Nafarroako Segurtasun Eskolako Prestakuntza Fisikoko teknikaria.

–Ordezkoa: Egoi Beperet Redín, Burlatako Udaltzaingoko burua.

–Epaimahaikidea: Ramón Duque Molina, Eguesibarko Udaltzaingoko kaboa.

–Ordezkoa: Jesús Moriones Oyaga, Eguesibarko Udaltzaingoko kaboa.

–Epaimahaikidea: Alfredo Ondarra Ramos, Nafarroako Gobernuko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

–Ordezkoa: Pablo Salvatierra Beortegui, Zizur Nagusiko Udaltzaingoko kaboa.

–Epaimahaikidea: Ordezkari bat, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatua.

–Ordezkoa: Ordezkari bat, Langileen Batzordeko ordezkariek izendatua.

Idazkaria: Jesús Marco Rincón, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Teresa Osta Peteiro, Eguesibarko Udaleko Giza Baliabideen arduraduna.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezko legezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizio aldia lehenbailehen hasiko da. Hautapenaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute.

Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

7.2. Oposizioak hautapenaldia izanen du lehenik, eta horretan probak baztergarriak izanen dira, ezagutzaren eta egoera fisikoaren ingurukoak, psikoteknikoak eta medikoak, eta oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da. Lehen aldian euskararen ezagutza balioetsiko da, baztertzailea ez bada ere, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gaindituta oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaien zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatua, eta aurrekontuan diru erabilgarririk eta plantillan lanpostu hutsik bada, deialdiko lanpostuen kopurua handitu ahalko da.

7.2.1. Balorazioa euskara jakiteagatik.

Alegatu eta frogaturiko ezagutza deialdi honen I. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko da. Ezagutza hori agirien bidez azaldu eta frogatu beharko da, gainditu dutenen zerrenda argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita ondoko hamar eguneko epean, euskarazko froga egin behar dutenen kasuan izan ezik.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko agiri bidez egiaztatu ez den euskara mailarik, eta ez du emanen mailaren atal bakoitzarentzat adierazitako puntuazioa baino handiagorik.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako agirien gainean.

7.2.2. Hautapenaldia.

Hautapenaldian proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: Test motako ariketa bat egin beharko da, I. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (150 puntu, gehienez ere).

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko probak: Proba teorikoan txanda bakoitzean kalifikazio handienak atera dituzten 30 izangaiek soilik eginen dute proba hau, eta gainerako izangaiak baztertu eginen dira. 30. postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasako dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak oposiziotik baztertuko dira.

Bigarren proban deialdiaren II. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba honetako ariketak (40 puntu, gehienez ere).

c) Euskararen ezagutza maila frogatzeko proba.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Praktika debekatuak atzeman edo egiaztatzeko analisiak dagokion organo espezializatuak eginen ditu. Horrenbestez, debeku dira Kiroletako Kontseilu Gorenak 2007ko abenduaren 28an eman Ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2008ko 5. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ean, argitaratua) eta, bestalde, indarra duten Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debeku diren metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako Ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatuaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

d) Hirugarrena: proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesionalaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako (50 puntu, gehienez ere).

Hautapenaldiko proba bakoitza zuzendu ondoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren iragarki oholean, gainditu duten eta baztertu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

e) Proba medikoak: a) b) c) eta d) ataletan aurreikusitako probak egindakoan, epaimahaiak Udalaren ediktuen oholean emanen du argitara oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartu diren izangaien zerrenda, txanden eta azken puntuazioen hurrenkeraren arabera (jakite mailako probako eta proba psikoteknikoetako puntuazioak baturik, handienetik txikienera).

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak onartuko dituzte, deialdi honetako 3. ataleko d) letran ezarritako moduan.

Proba hori Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak eginen du edo, hala behar bada, behar bezalako kreditazioa duen kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

7.2.3. Dokumentazioa.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Eguesibarko Udaleko ediktuen oholean jendaurrean jarri eta handik hamabost egun naturalean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 3. ataleko f) eta g) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen aitzinaldeko eta gibelaldeko aldeen fotokopia konpultsatua.

–Erantzukizuneko aitorpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Eguesibarko Udaleko Giza Baliabideen Alorrak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo haiek deuseztu direla frogatzen duen agiria eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

–Zin egin edo hitzematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizuneko aitorpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak, hautapen prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntzako ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki oholean edo www.valledeegues.es webgunean.

7.2.4. Plaza kopurua handitzea.

Eguesibarko Udalak deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitu ahalko du, deialdia onetsi ondoren plantilla organikoko aldaketen ondorioz sortzen diren premiengatik, hurrengo oinarrian aurreikusitako oinarrizko ikastaroa egin aurretik.

Lanpostu hutsen kopurua handitzen bada, kopurua handitzen duen ebazpena Eguesibarko Udaleko iragarki oholean, haren web orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Halaber, ukitutako izangaiei jakinaraziko zaie.

7.3. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 29.3 eta 43.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, egin badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliozkotasuna frogatzen dituena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago emanak direnean, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez du eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik ematen.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Baja hori epaimahaiak udalari jakinaraziko dio.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako azterketa medikoaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 3.1 d) oinarrian aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela frogatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

8.–Proben eta prestakuntza ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehenengo probak 150 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Probak test motako ariketa bat izanen du; lau erantzun eskainiko dira baina bat bakarra izanen da zuzena.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak puntu erdiko balorazio negatiboa izanen du.

Ariketa bakoitza gainditu eta baloratu ahal izateko, 75 puntu edo hortik goitiko puntuazioa atera beharko da, eta baztertu eginen dira lehen proba honetan 75 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.2. Gaitasun fisikoko ariketetan, II. eranskinean dauden taulen arabera kalifikatuko dira izangaiak ariketa bakoitzean. Ariketaren batean “ez gai” kalifikatzen den izangaia baztertua geldituko da.

8.3. Proba psikoteknikoa 0tik 50 puntura kalifikatuko da.

8.4. Osasun azterketetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.5. Euskaraz jakiteagatik gehitutako puntuazioa 6 puntukoa izanen da gehienez ere, Eguesibarko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza bete beharrez.

EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, 6 puntuko balorazioa jasoko da.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 1,20 puntu jasoko dira, A2 maila izanez gero 2,40, B1 izanez gero 3,60 eta B2 izanez gero 4,80. Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitza 0,50 punturekin baloratuko da.

8.6. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkion izangaien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

8.7. Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira.

9.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, udaleko organo eskudunak oposizioa gainditzen duen izangaia Udaleko funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana bada; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal du edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.3. Bizilekuaren betebeharra.

Izendatutako izangaiak ez du destinoa duen herrian bertan bizi behar, nahitaez.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

11. –Udaltzain laguntzailerako izangaien zerrenda.

11.1. Izangaien zerrenda bat eginen da udaltzain laguntzaile gisa kontratatuak izateko, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluan, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamenduan, Nafarroako segurtasun publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian eta gainerako aplikazio arauetan ezarritakori jarraituz, baita oinarri hauetako prozedurari ere.

11.2. Udaltzain laguntzaileek Kidego horretako funtzionarioei laguntzeko lanak eginen dituzte haien aginduei jarraituz. Eginkizun hauek beteko dituzte: ondasun, zerbitzu eta instalazio eta bulego ofizialak zaintzea, errepideko trafikoa antolatzea zirkulazio arauei jarraituz, herritarrei laguntzeko lanetan eta babes zibilekoetan parte hartzea, baita arau administratiboak bete daitezen arduratzea ere. Horretarako, agintaritzaren agentetzat hartuko dira.

11.3. Dagokien harreman juridiko-administratiboaren indarrez, Eguesibarko Udaleko udaltzain laguntzaileek, lanean daudela, agintaritzaren agenteak izanen dira.

I. ERANSKINA

Balorazioa euskara jakiteagatik

1. EGA titulua edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, izateak, deialdi honetan euskaraz jakiteari emandako gehieneko balorazioa jasoko du.

2. Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da, A2 maila izanez gero, 2/5, B1 izanez gero, 3/5 eta B2 izanez gero, 4/5. Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzarengatik gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 lortuko da.

3. Euskara maila frogatzeko, horretarako espresuki antolatuko diren azterketak egiten ahalko dira; bost zailtasun maila izanen dira, eta adierazitako gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai zerrenda

1.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

2.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

3.–15/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Nafarroako Poliziari buruzkoa. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea eta ondotik egindako aldaketak.

4.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

5.–Eguesibarko Udalaren udal ordenantzak.

6.–Eguesibarko berdintasunerako plana.

7.–Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa. II. eta III. tituluak.

8.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. VII. titulua. Polizia arreta eta babes eraginkorra.

9.–Eguesibarko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri ingurunea, nekazaritza herrilurrak, geografia, hidrologia eta hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneak; Eguesibarko tradizioak eta usadio-ohiturak.

10.–Eguesibarko Udala; funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.

III. ERANSKINA

Proba fisikoari dagozkion ariketak

1. Bankako press-a, edo pisua jasotzeko proba, 40 kg gizonentzat eta 22 kg emakumezkoentzat.

Deskribapena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 40 edo 22 kiloko pisua goratu behar du, 60 segunduan, ahal duen aldi guztietan. Bi eskuekin goratuko du pisua, eta barra hartuko du sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari ahurraz heldu eta behatzak itxirik). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrela mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetuko da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

Errepikapenak eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

25 baino gutxiago

25 - 30 artean

31 - 35 artean

36 - 40 artean

41 - 50 artean

50 - 59 artean

60 edo gehiago

EMAKUMEAK

25 baino gutxiago

25 - 28 artean

29 - 33 artean

34 - 39 artean

40 - 44 artean

45 - 49 artean

50 edo gehiago

2. Ur inguruneko trebetasun probak (50 metro estilo librean).

Deskribapena: 25 metroko igerileku batean estilo librean igeri egitea, joan eta etorri.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 41 segundo gizasemeentzat eta 46 segundo emakumezkoentzat.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ezta urpean ibiltzeko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak nahiz ertza euskarri moduan edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoa ukitu edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: ondoko eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

Denbora eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK

DENBORAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

42” edo gehiago

41” - 41”9 artean

40” - 40”9 artean

39” - 39”9 artean

38” - 38”9 artean

35” - 37”9 artean

35” baino gutxiago

EMAKUMEAK

47” edo gehiago

46” - 46”9 artean

45” - 45”9 artean

44” - 44”9 artean

43” - 43”9 artean

40” - 42”9 artean

40” baino gutxiago

3. Zalutasun proba. (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

L1610371_0.pdf

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bertzera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzak bi saio izanen ditu ibilbide bakoitzean, saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Ondokoak dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako gehienez aurreikusitako denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. Puntuazioa ondoko eskala honen araberakoa izanen da (segundoetan emandako denbora, ehunenak kontatu gabe).

Denbora eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK

DENBORAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

25”8 baino gehiago

25”4 - 25”7 artean

25”0 - 25”3 artean

24”7 - 24”9 artean

24”4 - 24”6 artean

23”9 - 24”3 artean

23”8 edo gutxiago

EMAKUMEAK

27”8 baino gehiago

27”4 - 27”7 artean

27”0 - 27”3 artean

26”6 - 26”9 artean

26”2 - 26”5 artean

25”8 - 26”1 artean

25”7 edo gutxiago

4. Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Testaren helburua da markatutako erritmoari jarraitzea eskatutako tarteak bete arte.

Ondoren azaltzen diren kasuetan, proba bukatu eta ordura arte pasatako denbora kontatuko da:

–Izangaia gelditzea.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra ez zapaltzea.

–Izangaiak hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. –Izangaia marjinaren barrenean ez egotea seinalea entzuten denean, behin bakarrik.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

Tarteak eta puntuazioak:

PUNTUAZIOAK

TARTEAK

EZ GAI

5 PUNTU

6 PUNTU

7 PUNTU

8 PUNTU

9 PUNTU

10 PUNTU

GIZONAK

10 baino gutxiago

10 - 11 artean

11,5

12

12,5

13

13 baino gehiagokoak

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

8 - 9 artean

9,5

10

10,5

11

11 baino gehiagokoak

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko begi zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 onenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da plano horizontalean 120º-tik beherakoa izan, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikuseremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500dik 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan belarriren batean 45 dB-ko edo gehiagoko galera.

–Orekari loturiko alterazioak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta diglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazten dutenak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eginkizunetarako duen eraginaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20º baino handiagoak.

–Zifosiak, 30º baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eginkizunetarako duen eraginaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eginkizunetarako duten eraginaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Sabelaldeko paretako etena, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Kakari eutsi ezina.

6.–Bihotz-hodietako sistema.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazio sindromea eta bihotzaren erritmoaren edo kondukzioaren alterazio mota guztiak, salbu eta arritmia sinusala, BGE edo BE solteak, 1. mailako blokeo AB, Eskuineko Adarraren Blokeo Osoa eta Ezkerreko Adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Arterietako hipertentsioa (TAS > 140 eta TAD > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TAS < 90 eta TAD < 45).

–Zainen eta baso linfatikoen gutxiegitasuna.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (Bronkitis kronikoa, BBEK, Enfisema, Bronkiektasiak).

–Pleurako isuri berrituak.

–Berezko pneumotorax berrituak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hipererreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizanteak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen alterazioak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako alterazio estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Perlesia periferikoak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren eritasunak, funtzioetan duten eraginaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste alterazio motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren alterazioak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Alterazio psikiatrikoak.

–Buruko alterazio organikoak, prozesu automugatuak eta itzulgarriak kenduta.

–Buruaren eta jokabidearen alterazioak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bertzelako alterazio psikotikoak.

–Gogo-aldartearen alterazioak (alterazio bipolarrak, alterazio depresibo errepikariak, depresioaldi larria, alterazio distimikoak).

–Antsietate-alterazioak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Barne-bultzaden kontrolaren eta izaeraren alterazioak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna, bilakaera eta pronostikoaren arabera.

–Gernuari eutsi ezina.

–Giltzurruneko polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

Ardatz hipotalamo-hipofisarioaren alterazioak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrunen gaineko guruinen bestelako alterazioak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Mellitus diabetesa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, funtzioetan izan dezaketen eragina eta kokapena ikusirik, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

Muineko aplasia, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemia anemiadunak.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitza eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren bestelako alterazioak.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bertzelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, funtzioetan duten ondorioen arabera eta polizia lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Funtzioetan eragina duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, balorazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

IV. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1610371