185. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1976/2016 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, indarrik gabe uzten duena Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 1ean emandako 668/2015 Ebazpena. Haren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan diru-laguntza publikoak emateko langabeak kontratatzen dituzten irabazi asmorik gabeko entitateei, enplegua sustatzeko eta jendearen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak egiteko asmoz.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 1ean eman 668/2015 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak onetsi ziren diru-laguntzak emateko langabeak kontratatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateei, enplegua sustatzeko eta jendearen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak emateko asmoz.

Deialdi hori 2015ean eta 2016ean egin da, eraginkortasun eskasarekin. 2015ean diru-laguntza 14 entitateri eman zitzaien (guztira, 101.274,44 euro). Entitate horietatik, 6k uko egin zuten urtean zehar. 2016an diru-laguntza 10 entitateri eman zitzaien (guztira, 92.919,87 euro). Horietatik, 3k uko egin dute.

Hori dela eta, deialdi horrek ez du lortu haren tramitazioarekin espero zen eraginkortasuna, ez baita gastatu urte horietan aurrekontuan zegoen kreditua. Gainera, Eskubide Sozialetako Departamentuak beste deialdi batzuk onetsi ditu irabazi asmorik gabeko entitateek langabeentzat garatzen dituzten proiektuak finantzatzeko. Batera aztertuko dira eraginkorrak izan daitezen eta aurreikusitako helburuak bete ditzaten.

Horregatik guztiagatik, proposatzen da indarrik gabe uztea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 1ean emandako 688/2015 Ebazpena, oinarri arautzaileak ezarri zituena diru-laguntzak emateko langabeak kontratatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateei, enplegua sustatzeko eta jendearen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak emateko asmoz.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Indarrik gabe uztea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 1ean emandako 688/2015 Ebazpena, oinarri arautzaileak ezarri zituena Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan diru-laguntza publikoak emateko langabeak kontratatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateei, enplegua sustatzeko eta pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak emateko asmoz.

2. Ebazpen hau Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari igortzea.

Iruñean, 2016ko irailaren 15ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1610405