182. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Aldaketa Laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen ordenantzan. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2016ko martxoaren 31ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Caparrosoko laborantzako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantza.

Iragarkia 2016ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, apirilaren 28an, ireki den jendaurreko aldian, alegazio idazki bat aurkeztu zen.

Udal honek 2016ko abuztuaren 18ko osoko bilkuran erabakita, aurkeztutako alegazioak ebatzi ziren, eta ordenantzako aldaketa behin betiko onetsi zen.

Ordenantzaren testu bategina argitara ematen da. Bertan, onetsitako aldaketak bilduko dira, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2016ko abuztuaren 18an.–Alkatea, Aquilino Jiménez Pascual.

ALDAKETA CAPARROSOKO LABORANTZAKO HERRILURREN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN

Zioen azalpena

Ordenantzako aldaketa honen helburu nagusia da indarreko araudira egokitzea oraingo ordenantzan harekin bat ez datozen puntuak, hala nola kanona eguneratzeko indizea, zehapen arloko xedapenak, arau-hausteak ez baitituzte arintzat, larritzat edo oso larritzat jotzen, edo iraungita dagoen gizarte segurantzaren nekazaritzako araubide bereziari buruzko aipamenak, besteak beste.

Aurreko banaketa orokorrean, 2010ean eta 2011n 8 urteko eperako egin eta orain indarra duten loteen esleipenei dagokienez, errespetatu beharko dira haien baldintza ekonomikoak eta azaleraren arlokoak, esleipenak bukatu arte. Horretarako, xedapen iragankor bat erantsi da.

Ordenantzan egindako gainerako aldaketak, berriz, aplikatu eginen zaie indarrean dauden esleipen horiei, ez baitute horien funtsezko araubidea aldatzen. Izan ere, araudira nahitaez egokitzekoak dira, edo, araudian dauden alderdiak hobeki zehaztekoak eta xehatzekoak.

Aldaketa horretan, halaber, sartuta daude osoko bilkuretan aurreko banaketa orokorrean aplikatzeko hartutako baldintzak, hala nola loteen prezioak edo herrilurretako ureztalurren instalazioetan mantentze-lanak egiteko betebeharrak. Hori dela eta, ez dira aldatu esleipen haiek arautzen dituzten baldintzak.

Eta azkenik, aldaketa honen funtsezko xedea da araudi eguneratu bat ezartzea hurrengo banaketa orokorrean aplikatzeko, oraingo esleipenak bukatu ondoren, 2017ko abenduaren 31tik aurrera.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Caparrosoko Udalaren herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.

2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Administrazio Zuzenbidea, ordenantza hauek eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatua, ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalak xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Caparrosoko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Caparrosoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Caparrosoko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, lehentasuneko aukerak izan arren.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Caparrosoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri ondasun gisa.

Desafektazioa egiteko prozedura izanen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduaren (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) 143.ean eta hurrengoetan ezarritakoa.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Caparrosoko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Caparrosoko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Caparrosoko Udalak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Caparrosoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Caparrosoko Udalak administrazio bidea erabiliko du; betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Caparrosoko Udalak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Caparrosoko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da; betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Caparrosoko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea sei urteko antzinatasunez.

c) Caparroson urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Caparrosoko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Baldintza horiek guztiak bete beharko dira aprobetxamenduen esleipena hartzeko, eta betetzen jarraitu beharko dira esleipenak irauten duen bitartean.

Haietako edozein betetzen ez bada, espedientea tramitatu ondoren, herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkio gelditzen den esleipen aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren: betiere, haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Esleipenek irauten duten bitartean, familia unitateko kideen artean eskualdatzen ahal dira herritarren artean esleitzen diren loteak, baldin eta titular berriak artikulu honetako baldintza guztiak betetzen baditu eta Udalak aldez aurretik baimentzen badu esku-aldaketa.

4. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Caparrosoko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herrilurren batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

15. artikulua. Caparrosoko laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan esleituko dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Caparrosoko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Caparrosoko Udalak laborantzarako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. atala.

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

16. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek Ondasunen Erregelamenduko 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzarako edo industriarako lurrak edukitzea, hirilurraren gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita gisako izaera duen beste edozein datu ere.

17. artikulua. 1. Lote bakoitzaren azalera eta nolakotasuna honako hauek dira:

–1. lotea, lehorreko lurra: 200 erregu inguru.

–2. lotea, lehorreko lurra: 200 erregu inguru.

–3. lotea, ohiko ureztalurrak: 30 erregu inguru.

–4. lotea, aspertsiozko ureztalurra (Sarda, Balsilla Marín eta Sotillo): 50 erregu inguru.

–5. lotea, aspertsiozko ureztalurrak (Saso Nuevo): 80 erregu inguru.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei eman beharreko loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea; hots, lote bat.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hau da, 2 lote.

c) Zazpi kidetik bederatzi kidera bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea; hots, 3 lote.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea; hots, 5 lote.

18. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Caparrosoko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 16 eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da. (epeak kontatzeko, urte naturala).

20. artikulua. 28. artikuluan zehaztutako zenbatekoen %50ekoa izanen da aprobetxamendu mota honetako lurzatien onuradunek ordainduko duten kanona.

21. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herrilurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. artikulua. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Caparrrosoko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Caparrosoko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Caparrosoko Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Caparrosoko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte; orobat, azpierrentamenduan, apartzerian edo lagapenean parte hartzen dutenei, edo esleipen hartzaileak zuzenean eta pertsonalki parte hartu gabe laborantzan dabiltzanei.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Udalaren Diruzaintzan.

24. artikulua. Caparrosoko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztatze lanak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki burutzen dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:

–Landazaintzaren edo herrilurren batzordearen edo herrilurren udal lan taldearen ustetan, esleitu herrilurretako lurzatiak ordenantza honetako 21., 22. eta 23. artikuluetan xedatu bezala lantzen ez direnean.

–Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkeztea eskatu ondoan, Caparrosoko Udalak agindu epean aurkezten ez dituztenean.

–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

–Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

–Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematen badituzte.

–Lurzatiak bere familia unitatez kanpoko pertsona baten NPBren aitorpenean aitortuta dituzten esleipen-hartzaileak. Hori egiaztatzeko asmoz, esleipen-hartzaile guztiek aurkeztu beharra dute udaletxe honetan, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago, NPBren aitorpenaren kopia bat, edo aitorpen hori egin ez izanaren idazki bat.

–Esleipenean hartutako lehorreko lotearen %100 lantzen ez dutenak, baldin eta horrek bi orriak baditu (urtekoa eta txandakatua).

–Esleipenean hartutako lehorreko lotearen %80 gutxienez lantzen ez dutenak, bakarrik lehorreko orria badute.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, baita onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

26. artikulua. Udalak erabakiko du zein den herritarren artean esleitzeko loteen azalera, lehentasuna dutenen arteko esleipena egin ondotik, zenbateko nekazaritzako azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan; esleipen hartzaileak nekazariak badira, haien ustiategien tamainaren alderantzizko proportzioan. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 16.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

27. artikulua. Esleipen epea 19. artikuluan adierazitako bera izanen da.

28. artikulua. Aprobetxamendu modu horren bidez herrilurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

a) Ureztalurretako lotea:

Baratzea herriaren parean (Soto)

36,00.

euroak/erregua

Ohiko ureztalurra (Soto)

36,00.

euroak/erregua

Ura Udalaren kontura

Aspertsiozko ureztalurra, Sarda, B. Marín (aurreko lurzatietako bi)

30,00.

euroak/erregua

Ura esleipen-hartzailearen kontura

Aspertsiozko ureztalurra (Sotillo)

30,00.

euroak/erregua

Ura esleipen-hartzailearen kontura

Aspertsiozko ureztalurra (Saso Nuevo, 80 erregu inguru)

45,00.

euroak/erregua

Ura esleipen-hartzailearen kontura

b) Lehorreko loteak: 200 erregu inguru orri bakoitzeko (bi orri lote bakoitzeko, hau da, 400 erregu inguru lote bakoitzeko), Caparroson urtekoa eta txandakatua deitzen den ereintza sistemaren arabera (urte batean orri batean eraiten da, eta beste orria lurgorri uzten, eta hurrengo urtean alderantziz egiten da):

Lehen mailako lehorreko lurra

3,00

euroak/erregua

Bigarren mailako lehorreko lurra

2,00

euroak/erregua

Hirugarren mailako lehorreko lurra

1,20.

euroak/erregua

Untxiek kaltetutako lurrak

2016rako proposatu zen kanonari dagokio zenbateko hori, eta urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearen arabera.

28. bis artikulua. Ureztalurraren gastuez gain, honako hauek ere hartu behar dituzte beren gain esleipen hartzaileek: ur kontsumoaren kontzeptua, ur kostuaren igoera arrazoia edozein dela ere, mantentze-lanen gastuak eta barneko instalazioen matxuren konponketenak, ureztatzaileen elkarteek Caparrosoko herrilurrari ezar diezazkioketen zehapenak ura gaizki erabiltzeagatik edo herrilurretako esleipen-hartzaileek egiten dituzten ordenantzetako edo erregelamenduko arau-hausteengatik.

Ureztalurren instalazioetako mantentze-lanen gastuak eta erabilera okerrarenak esleipen-hartzaileek ordaindu beharra herrilurraren ureztalur osoan aplikatuko da (Corralizas de Cascajos/Balsilla Marin, Pozo Agudo/Sarda eta Saso eta Sotillo). Ur-hargunetik lurzatiaren barrenera, esleipen-hartzailearen kargura izanen da, irizpide hauei jarraikiz:

a) Ur-ahoei eginiko kalteetan, haiek eragin dituztenak izanen dira erantzule. Kaltearen kausa ezin denean argitu eta ezin direnean eragile bat edo batzuk seinalatu, ureztazaileak bere gain hartuko du erantzukizuna.

Ureztatzaileen kontura izanen dira ur-harguneetatik abiatzen diren instalazioen mantentze-lanak: herri lurzatiko ureztaketa sarea, barneko balbulak, iragazkiak, aspertsoreak, programadoreak, bateriak, kutxetak eta kutxeten estalkiak eta abar.

Ureztatzaileek, ureztaketa bukatuta eta neguko hotzak ureztatzeko instalazioak kaltetu ez ditzan, bateriak kendu eta desmuntatu beharko dituzte, baita lurzatietako hodiak hustu eta garbitu, eta programatzaileen estalkiak itxi ere.

Ezingo dira bide ondoko aspertsoreen xaflak tolestu edo aldatu uraren irteera aldatzeko.

b) Lehengoratzen den materialak aurrekoaren ezaugarri eta balio berak izan behar ditu.

c) Caparrosoko Udalaren kontura izanen dira sare orokorraren mantentze-lanen gastuak.

29. artikulua. Esleipen hartzaileak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 21, 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Caparrosoko Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren %5 gainditzen ez duen eremu bat gordetzen ahal du onuradun berriei esleitzeko. Udalak herrilur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez esleitu ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati laga beharrez, baina horrela bada esleipenaren baldintzetan espresuki adierazi beharko da.

31. artikulua. Zainzurietarako lehorreko lurretako nahiz ureztalurretako ereduko loteen esleipen hartzaile bihurtuz gero, ezin izanen da laborantzako herrilurretan beste inongo aprobetxamendurik hartu.

32. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, halako diru-sarrera batzuetatik gorakoak dituzten familia unitateen titularrenak kenduko dira. Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 16.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

33. artikulua. Caparrosoko Udalak erregu bateko familia baratzeak esleitzen ahal dizkie familia unitateen titularrei; betiere, hori eskatu badute eta erreparatu gabe herrilurretako beste aprobetxamenduen onuradun diren edo ez, halako baldintzei jarraikiz:

a) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Esleipenak zortzi urtetarako epea izanen du, luzatzeko aukerarekin, eta gehienez ere hamasei urte bitartekoa; betiere, eskaera egin ondotik.

Caparrosoko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

c) Urteko azken hiru hilean esleituko zaizkie baratzeak eskatzaile berriei, Udalak osoko bilkuran ezartzen duen egunean, eskaerak onartu ondoren. Hura zehazten duen ediktua udaletxeko iragarki oholean paratuko da, ordenantza honen 48. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat.

d) Baratze lurzati bat baino gehiago dituztenei bat kenduko zaie lurzatiak behar direnean eskatzaile berriei esleitzeko. Horrek ondorioak izanen ditu baratzea esleitzeko eskaera egiten den urteko abenduaren 31tik aurrera.

3. ATALA

Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Caparrosoko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa urte hartan herritarrendako esleipen zuzenerako ezarritako kanonarea izanen da, eta urteroko igoera berberak izanen ditu.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Caparrosoko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleitzeko prozedura

35. artikulua. Caparrosoko Udalaren osoko bilkurak erabakita, hamabost egun balioduneko epea zabalduko da, behar bezala aditzera emanen baita, eskubide dutela uste duten guztiek herrilurretako lurzatiak esleitzeko idatziz eska dezaten, argi eta gabi adierazita zer lote duten gogokoen.

36. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiri baliogarria, honako hauen gainean:

a) Caparrosoko bizilaguna izatea, gutxienez ere sei urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Caparrosoko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Caparrosoko mugape honetakoak bai bestelakoak.

e) Aurreko ekitaldi ekonomikoko Errenta Aitorpenaren kopia edo familia unitateko kide bakoitzak lortzen dituen diru-sarrerak egiaztatzeko edozein agiri.

f) Ordenantza honen lehen xedapen gehigarrian ezarritako lehentasun hurrenkera aplikatzeko asmoz, eskatzaileek ondoko puntuetako ziurtagiriak aurkeztuko dituzte Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Nafarroako ubideko eremu ureztagarri gisa definitutakoak ureztalur bilakatzeko onetsitako proiektuetan zehaztutako jarduketa perimetroetan sartzen diren lurren kasuan: Lehenbizikoa: nekazari gazte batek zuzentzea nekazaritzako ustiategia, edo halako bat izatea. Bigarrena: nagusiki nekazari denak edo direnek osatuta egotea ustiategia.

g) Familia unitateko kideren bat beste udalerri batean erroldatua badago, ziurtagiria aurkeztu beharko du, beste udalerri horretan herritar gisa edo haren herrilurretan eskubiderik ez duela erakusteko.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Caparrosoko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 16.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Erregelamenduko 14, 16 eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Udalak, osoko bilkuran, erregelamenduko 15 B) eta C) artikuluan ezarritako esleipen moduen artean banatuko ditu herrilurren aprobetxamenduak.

38. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean jarriko da 15 egun balioduneko epean, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten edo, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegazioak edo zuzendu beharreko akatsak aurkeztuz gero, Osoko Bilkurak herrilurretako batzordearen txostena jaso ondoren, haiei buruzko ebazpena emanen du, beharrezko arrazoiak azalduta, eta esleipen modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

40. artikulua. Esleipena zozketaz eginen da, lehentasuneko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarren arteko esleipen zuzenekoetarako, era honetan:

1. Modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.

2. Herrilurretako lurzatiei, bai lehorrekoei bai ureztalurrei, zenbakiak emanen zaizkie.

3. Ondoren eta betiko moduan, boltsatik aterako da zenbaki bat, herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena,

4. Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren iragarki oholean argitara emanen da esleipen-hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herrilurretan.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan zozketa eginda ikusten bada ez dagoela nahi adina lurzati zuzeneko esleipenaren bidezko eskatzaileei esleitzeko, ordenantza honen 31. artikuluak zehaztu bezala eginen da, hau da, diru-sarrera handienak dituzten familia unitateetako titularrak aparte geldituko dira.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

Kapitulu hau ezabatu egin da; izan ere, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean bildutakoaren hitzez hitzezko kopia hutsa da.

42. artikulua. 1. Caparrosoko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

d) Udalerrian lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituzten proiektuak.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidean hala egokitzen bazaie.

43. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

44. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herrilurrak laborantzarako luberritzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. 1. Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauei jarraikiko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. eta 178. artikuluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. titulua eta aplikatzekoa den araudia.

2. Alkateari dagokio zehapen ahalmena erabiltzeko eskumena. Zehapen prozedura tramitatzeko, bete beharko da Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa.

3. Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

–Arau-hauste arintzat hartzen dira honako hauek:

a) Plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelatsukoak ez biltzea edo erretiratzea esleitutako lurzati, sarbide edota altxonbideetatik.

b) Erregelamendu honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatu ez dena.

–Arau-hauste larritzat hartzen dira honako hauek:

a) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

b) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

c) Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

d) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

e) Beste lurzati batzuetatik bereizteko ezpondak lantzea, Udalaren berariazko baimena eduki gabe.

f) Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea horretarako.

g) Lurzatietako ureztaketa ez zaintzea eta ez kontrolatzea, eta horren ondorioz bideak eta aldameneko lurzatiak ureztatzea.

h) Lurzatiak ureztatzea horretarako txanda izan gabe.

i) Esleipena eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

j) Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten egitate guztiak, fede txarrez eginez gero, lurzatien esleipenetik onura atera nahirik edo laborantza egiaztatzeko egiten diren frogapenetan datuak ezkutatu edo faltsutu nahirik.

–Arau-hauste oso larritzat hartzen dira honako hauek:

a) Norberak zuzenean eta pertsonalki ez lantzea esleitutako lurzatiak.

b) Laborea beste batzuei apartzerian edo errentan ematea edo lagatzea.

c) Ezarritako epeetan ez ordaintzea lur-sariak, zaintza, ureztatzeko kostuak edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasen zenbatekoak.

d) Esleipena iraungitzea ekartzen du 14.1 artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeak, honako hauek alegia: b) Caparrosoko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, c) Caparroson urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea, d) Caparrosoko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Bideak edo altxonbideak lantzea, edo txaradia (erromeroa, milazka etab.) luberritzea.

46. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–Arau-hauste arinak:

  • 60,00 eta 300,00 euro bitarteko isuna.

–Arau-hauste larriak:

  • 301,00 eta 600,00 euro bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso larriak:

  • a), b) eta c), esleipena iraungitzea eta 601,00 eta 1.200,00 euro bitarteko isuna.
  • d) Herrilurretako lurzatiak kentzea gelditzen den esleipen aldi osorako; lurrak, dauden bezala, Udalaren esku geldituko dira, kalte-ordainik edo erreklamaziorik egiteko eskubiderik gabe.
  • e) 601,00 eta 1.200,00 euro bitarteko isuna.

Hori guztia, ondasun publiko edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte behar diren zenbatekoak.

Bertzelako xedapen orokorrak:

47. artikulua. Herrilurretako lurzatien esleipen berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste esleipen batzuk eginen dira urtero; izan ere, esleitu gabeko lurzatiak horietarako izanen dira. Eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, eskatzaileak baztertzeko zozketa eginen da, eta baztertuek lehentasuna izanen dute hurrengo urteko esleipenera arte.

48. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen esleipenak direla-eta, herrilurretako lurzatiak esleitzeko urteroko zozketa azken hiru hilabeteetan eginen da, Udalak osoko bilkuran finkatuko duen egunean, eskaerak onartu ondoren, eta Udaletxeko iragarki oholean ikusgai jarriko den ediktuaren edukiarekin bat, hori guztia ordenantza honen 4. tituluko 2. kapituluko 4. atalean, 37. artikuluan, ezarritako prozedurari jarraikiz.

49. artikulua. a) Herrilurretako edozein lurzati esleitzean, hura landuta badago, esleipen hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondoren.

b) Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko esleipen hartzailearena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du.

c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herrilurretako lurzatien edo loteen esleipen hartzaileak, zortzi urteko epea urratuz, herrilurra edo lotea erein edo lantzen badu (Erregelamendu honetako 4912 artikulua); izan ere, Udalak hala egin duela egiaztatutakoan, zehatua izanen baita Erregelamendu honetako 50. artikuluari jarraikiz.

50. artikulua. Egokitu zaion herrilurretako lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19 eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Hala ere, Udalaren Osoko Bilkuraren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste esleipen baterako aukera izanen du.

51. artikulua. Herrilurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izatetik gelditzeagatik, herrian urtean 9 hilabetez ez bizitzeagatik, edo Caparrosoko Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik, ordenantzaren 14. artikuluak agintzen duen moduan.

52. artikulua. Ureztatzeko herri lurzatien esleipen hartzaileek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatu moduan. Herriko Ureztaketa Batzordeko sindikatuak dermioko ureztaketa orokorrari buruz ezarritako guztiari ere lotuko zaizkio. Nolanahi ere, egindako arau-hausteei dagozkien zehapenak 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira.

53. artikulua. Abeltzainak edo herri lurzatien eta ureztatzeko loteen belar eta larreen onuradunak belarrak eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen esleipen hartzaileak 10 egun gabe erein nahi baldin badu abeltzainari esan beharko dio, belarrak balia ditzan.

54. artikulua. Esleipenaren azken urtean, zortzigarrenean, alegia, ureztatzeko lurzatietan ezin izanen dira bi landaketa batera egin, bakarra egin beharko da edo gehienez ere elkarri lotutako bi, eta edozein kasutan, lurzatia hutsik geldituko da abenduaren 31rako.

55. artikulua. Erregelamendu hau edo hura aplikatzeari buruzko udal egintza nahiz erabakiak ulertzerakoan sortzen diren afera guztiak errekurtso hauen bidez ebatziko dira:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

–Berraztertzeko errekurtsoa, aukeran eta aurrekoa baino lehen, Udalari zuzendua, hilabeteko epean.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.

Lehenbiziko xedapen gehigarri honen behin betiko onespena 2009ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 9an. Hona hemen, hitzez hitz:

Atarikoa

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak nahitaezko zenbait baldintza ezartzen dizkie ureztalur bilakatuko diren lurren jabeei. Lurren eraldaketa horrekin ukitutako titularretako bat Caparrosoko Udala da, bertako herrilurretan egin nahi baita.

Aipatutako konpromiso horietako batzuek herrilurren aprobetxamenduaren araubidea ukitzen dute eta beraz, komenigarria da aprobetxamendu hori arautzen duen ordenantza aldatzea. Aldaketa horrek ez dituenez herrilur guztiak ukitzen, ez da beharrezkoa indarrean den ordenantzaren testu artikuluduna aldatzea, baizik eta araubide berezia gehitzea ordenantzari, hain zuzen ere Nafarroako ubidearen eremu ureztagarrien sektore horiei aplikatuko zaiena. Horregatik, araubide hori ezarri da indarrean den testu artikuludunari xedapen gehigarri bat erantsiz.

Artikulu bakarra.–Caparrosoko Udalaren laborantzako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren Lehen Xedapen Gehigarria onetsi da. Hona hemen:

Aplikazio eremua

Xedapen gehigarri honetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ureztalur bilakatzeko onetsitako proiektuetan zehaztutako jarduketa perimetroetan sartzen diren lurrei, hain zuzen ere Nafarroako ubideko eremu ureztagarri gisa definitutako horietan, Caparrosoko udal mugapean, daudenei.

Xedea

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikeriengatiko zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; esleituriko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari hamabost urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek esleitzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

Xedapen hauetan ez da legeek aldez aurretik aitortu edo emandako inolako eskubiderik eman edo kentzen.

Ur kontsumoak finkatzea.

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan taldeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaritzak Riegos de Navarra sozietate publikoaren edo hura ordezkatzen duen erakundearen bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan taldeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina horretarako.

Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak

Alkatetzak, dagokion lan taldeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturatzeko orduan, kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa da ureztatzaileak ordaindu beharreko oinarri finkoa edo I. multzokoa, lan taldeak proposatu eta Alkatetzak kalkulatua. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaileen kontsumoak, haientzat finkatutako metro kubikoen adinakoak edo gutxiago badira, edo %10 gehiago, gehienez ere.

Berriz, ureztatzailearen kontsumoa II. multzoan sartuko da baldin harentzat ezarritakoa %10etik %20ra bitarte gainditzen badu, eta zehatu eginen da; kopuru horri I. multzoko metro kubikoarentzat ezarritako prezioa %300 igota, hain zuzen.

Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aitzinetik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.

Alkatetzak, dagokion lan taldeak proposaturik, kontsumitutako metro kubiko ur bakoitzaren prezioa, I. multzoari dagokiona, ezarriko du kanpaina bakoitzean.

Erantzukizunak

Zein ureztatzailek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen dituen, hark izanen du erantzukina, hala nola alderdi baterako eta ohiko laboreetarako ezarritako ur kopurua baino gehiago erabiltzean sortzen dena.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

Ureztatzaileen betebeharrak.

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek eskualdean sartutako laboreen edo sartu gogo direnen gaineko datu aipagarrienak emanen dizkiete Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari edo haren enpresa publikoei, horiek hala eskatuta. Bertzenaz, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera.

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.

Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak esleitzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

a) Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

b) Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nagusiki nekazariak direnek osatuak.

c) Hirugarrenik, Udalak berak zuzenean ustiatzekoak. Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez esleitzen ahal dira; hori guztia aipatu 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2010ean eta 2011n 8 urteko eperako egindako banaketa orokorrari baitagozkio eta 2017ko abenduaren 31tik aurrera bukatuko baitira, egun indarra duten herrilurren loteen esleipenek errespetatu beharko dituzte baldintza ekonomikoak eta azaleraren arlokoak, garai hartan haietarako erabaki zirenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

Caparroson, 2016ko abuztuaren 18an.–Alkatea, Aquilino Jiménez Pascual.

Iragarkiaren kodea: L1610266