182. ALDIZKARIA - 2016ko irailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LETE

Aldaketa, Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Leteko Kontzejuak, 2016ko ekainaren 26an egindako bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, uztailaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Leten, 2016ko irailaren 5ean.–Kontzejuko burua, Milagros Mezquíriz Abárzuza.

Ordenantza, herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituena

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Kontzeju mugape honetako herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako, eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, 280/1990 Foru Dekretuak onartutako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Leteko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Leteko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Leteko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Leteko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Leteko Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Leteko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Leteko Kontzejuak, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Leteko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko baimen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarri bezala.

11. artikulua. Leteko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozein tituluren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Leteko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Leteko Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, legez zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilurretako larreen aprobetxamenduak.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Leteko Kontzejuarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Leteko Kontzejuak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herrilurren batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

16. artikulua. Leteko Kontzejuko herrilarreak ustiapen unitatea dira, eta Leteko hermendiaren eskualdea deituko da. 1.948 erregu izanen ditu.

17. artikulua. Leteko Kontzejuaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez esleituz.

18. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipena.

1. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako titularrak izanen dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda alta emanda badute Leteko Kontzejuko Aziendaburuen Erregistroan.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

19. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea. Ondorio horietarako, Leteko Kontzejuak uste izanen du ez direla larreak zuzenean aprobetxatzen onuradunek haien azienda kentzen dutenean Kontzeju honetako Aziendaburuen Erregistrotik.

20. artikulua. Esleipena 8 urterako izanen da.

21. artikulua. Leteko Kontzejuaren kalkuluen arabera, Leteko hermendiaren eskualde bakarreko herrilarreek ardi aziendako 176 buru jasan ditzake.

22. artikulua. Jasan daitekeen abelburu kopurua, larreen kalitatea eta haien eskuragarritasuna kontuan hartuta, Kontzejuak kanona ezarriko du merkatuko prezioaren arabera; hura ez da larreen balio errealaren %80 baino txikiagoa izanen, ez eta %90 baino handiagoa ere.

23. artikulua. Esleipenaren prezioa lehen urtetik aurrera igoko da; horretarako, bizitza kostuaren igoera, onetsitako indize ofizialen araberakoa, gehituko zaio.

24. artikulua. Epe bakar batean ordainduko da urte bakoitzari dagokion kanonaren edo esleipenaren zenbatekoa, abenduaren 25a baino lehen.

25. artikulua. Onuradunak urteko prezioaren %10 jarri beharko du fidantza gisa, 5 eguneko epean esleipen egunetik hasita.

26. artikulua. Leteko Kontzejuak larre guztien bostena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.

Kontzejuak une egokian mugatuko du erreserba hori.

27. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta aplikatzen den gainerako araudian eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

Esleitzeko prozedura

28. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 10 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

29. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Leteko biztanleak izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez gutxienez bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak beteak izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai beste batzuetan, zehaztutaa ea lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Leteko mugapean bai beste batzuetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako aberastasunaren zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espeziea, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan.

h) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

i) Abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria

j) Ordenantza honen 27. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria.

k) Baliatu nahi diren zonen zerrenda ordenatua.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Leteko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

30. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Leteko Kontzejuko Osoko Bilkurak onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

31. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda Kontzeju honen iragarki oholean jarriko da 10 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

32. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta esleipen modalitate bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea duten bizilagunen behin betiko zerrenda onetsiko du.

30. artikulua. Kontzejuak behin-behineko esleipena eginen du, inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira zonak, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

31. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

32. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan esleituko dira 8 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez; orobat, Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

33. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Leteko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

34. artikulua. Leteko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 163. artikuluetan eta hurrengoetan xedatutakoa bete beharko da.

35. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

36. artikulua. Egurra banatzerakoan, Leteko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta, beraz, diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.

37. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu diren familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Leteko Kontzejuak irizpide objektiboen arabera jokatuko du, ordenantza honen 18. artikuluan jasotzen denari jarraituz, non ez dagoen Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 165. artikuluan aurreikusitakoaren aurka, horrexek baitu lehentasuna.

38. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Kontzejuak bere aurrekontu arruntean.

39. artikulua. Epaitzak hartutzat ematen dira:

a) Markaketa eremutik baztertuta daudenean.

b) Zatitu eta metatuta daudenean.

c) Ezin dira hondar horiek metatu bideetan, mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dira landazainek agindutako jarraibideak.

d) Loteak gehienez ere urtebetez uzten ahal dira mendian, zatituta eta metatuta.

e) Loteak ateratzean alanbre-hesiak hondatuz gero, konpondu egin beharko dira.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

40. artikulua. Esleipenaren prozedurari dagokionez, ordenantza honen 28., 29., 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

IV. KAPITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

41. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

42. artikulua. Leteko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretako harrobien ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.

Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

43. artikulua. 1. Leteko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela frogatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

44. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Oro har, arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

f) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

g) Hildako abereak bertan uztea.

h) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

46. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

Aipatu diren a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak galarazi gabe; gainera, gordailuan utzitako fidantza galduko da.

e) arau-haustea bada, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 150 euroko zehapena ezarriko da, gehienez ere.

Iragarkiaren kodea: L1610191